Ilusioa da bide bakarra
Agus Perez
Berria, 2017-06-15
“Han-hemenka”

Konpainia: Jaso ikastolako antzerki musikal taldea. Zuzendariak: Imanol Janices, Edu Serna, Irantzu Zabalza, Nere Martinez. Lekua: Iruņeko Baluarte auditorioa. Eguna: Ekainaren 13.

      Hara non maiatzaren erdian Mantangorri gehigarriko erdiko orrietan irakurri nuen Iruņeko Jaso ikastolak Baraņaingo auditorioan estreinatu zuela Han-hemenka musikala, DBHko berrogeita hamar bat ikasle taula gainean zeudela. Erreportajea irakurri, argazkiak ikusi ez dut dudarik egin: eskola-antzerkiaren arloan jaiotako ikuskizuna da, baina kalitate handikoa eta konpainia handien parametroekin egina. Hasieran, pena hartu nuen, jabetu nintzenerako igaroa baitzen estreinaldia, baina zorionez beste hiru emanaldi zituzten hitzartuta, eta Ireņo Baluartekoa harrapatu dut. Beste biak, momentuz, Tuteran eta Baionan izango dira.

      Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago aurreikuspen onak erabat bete direla hasieratik bertatik. Soinu eta argi mahaietan ikasle teknikariak zeuden dena hasi baino askoz lehenago, dena kontrolpean, eta aretoko argiak amatatu ostean argi-erakustaldi eder batek baieztatu digu han inor ez zela txikikerietan ibiliko.

      Ane eta Iker ikerlariek denboraren makina bat asmatu dute, baina lehen emaitzak ez ziren espero zuten bezain finak: etorkizunera joan beharrean iraganera bidaiatu du Anek eta Far-Westen lurreratu. Hortik aurrerako abenturetan denetarik gertatu da, Erdi Aroko Euskal Herria bisitatu eta gure izaki mitologikoak ezagutu, Ilargian agertu eta estralurtarrekin ibili, noizean behin koadrila osoa ikerlarien etxetik igaro... Ikusten denez, oso argumentu aberats baten aurrean gaude, eta oinarri horren gainean eraiki den dramaturgian pasarte abestuak, dantzak eta solasaldiak tartekatu dira, oso era bariatuan, kontakizunaren ildoari une oro eutsiz eta tempoaren kudeaketa bikainarekin, halako moldez non emanaldiaren ordubete eta hiru laurdenak di-da baten pasatu zaizkigun.

      Zaila da emanaldia atalez atal aztertzea, osagai guztiak elkarren zerbitzura eta harmonia onean ibili direlako, baina atalka ibilita hobeto konprenituko dugu arlo bakoitzari emandako trataera fina. Muntaiaren handitasunaren berri emateko bakarrik esango dugu Baluarteko eszenatoki handia neurrikoa izan zaiela, eta han estetika egokiko dekoratu bertikalak baliatu dituztela, argi-efektu ikusgarriek lagunduta eta antzezleek arropa benetan politak janzten zituztela. Esku-programan ere eskertzen dute ama jostunen lana.

      Ongi landutako koreografiekin batera, abesti askoren moldaketa politak entzun ditugu eta haietariko batzuetan nabaria izan da ikusleen emozioa txaloetan. Gainera, egikera txukuneko akrobazia-ekitaldi ausartak izan dira han-hemenka, askotan denboraren ate biribilarekin eginak eta —ohe elastikoetan— kanpo-espazioko biztanleen izaera jostagarria irudikatzeko. Bide batez esanda, itxura ederra hartu dute Plutongo izakien argizko jantziek kaxa beltzaren teknika baliatuta. Nik uste dut Ane, Iker eta enparauen bidaiak ez duela inolaz ere huts egin: etorkizunerantz ari dira joaten haiek guztiak ahaleginaren, ilusioaren eta elkarlanaren bidetik.