Oroimenaren korapiloan
Agus Perez
Berria, 2013-10-06
“Tempus, -i”

Konpainia: Anakrusa. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Urriak, 4.

      Oroimenaren korapiloan galduta agertzen da aktorea, aurrean duen paperezko metatxoan arakatzen, zerbaiten bila balebil bezala. Zaku bat darama esku artean, oroitzapenen zakua agian, eta hantxe dabil bilaka, Oier Guillanen poema luze, handi, eder eta sakonaren lehen hitzak esanez: “Haizeak udazkeneko azken hostoak eraman zituen...”. Esku bat atera da paperezko metatik, eta gero beste bat, hanka bat, eta oroitzapenen eremutik gizona eta emakumea irten dira, arropa zuri soilekin edertuak eta elkarren osagarri, hasierako agerpenean argi geratu den bezala.

      Aktorea, bitartean, ikasmahai zahar baten aurrean jesarri eta idazmakina handi batean hasi da tekleatzen, poltsikoko erloju baten zaintzapean eta idazteko papera ikusleenganaino luzatuta. Teklen kolpetxoak haizearen hotsarekin nahastu dira, eta beste soinu elemental batzuekin batera —piano nota esanguratsuak, zarata mekanikoak...— soinu-banda inguratzailea eratu dute. Horrek guztiak, gehi eremu eszenikoaren diseinu soilak, giro oniriko nabarmena sortu du, eta horrekin bat eginez ibili dira dantzari biak —Noemi Viana eta Eneko Gil— eta antzezlea —Iņigo Ortega—, denak emanda eta batere protagonismorik bilatu gabe, osotasun baten zerbitzura, halako moldez non istorio surrealistako pertsonaiak ikusi ditugun, antzezle eta ezagunak zirela ahaztuta.

      Dramaturgia garaikidearen paradigmatzat jo ahal dugun pieza eredugarri honetan dena dator bat poesia eszenikoaren zerbitzura, Ander Fernandezen argi-diseinuaren gidaritzapean, eta esaldi kateatuen korapiloa lotzen eta deslotzen doa antzezlearen deklamazio bikainean, ahoskera perfektuan eta prosodia esanguratsuan. Dantzariek, anartean, dentsitate psikologiko handiko irudiak konposatzen dituzte, protagonistaren barne-bilaketa beste plano batera eramanez eta beren mugimendu-kalitatean zehatzak, suabeak, kementsuak eta definitzaileak izanez.

      Oroitzapenen eremura egindako bidaia honetan ugariak eta sormentsuak izan dira paralelismoak —dantzarien eta euren itzalen artekoak, dantzari gizonaren eta aktorearen artekoa...—, eta une batzuetan edertasun handiko pasarteak ikusi ditugu. Esate baterako, Noemi Vianak solo jostagarri bat eman duenekoa, musika in crescendo zihoala eta Iņigo Ortega ametsetan zegoela. Edota azken akabukoa, Viana eta Gil besarkada batean paperezko bola zimurtuak sakabanatzen zituztela, udazkeneko orbelaren gainean dantzatuko balute bezala.