Zertarako idatzi
Agus Perez
Berria, 2013-10-31
“Gabrielen lekua”

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 29.

      Bilboko Arriaga antzokia ondo beteta zegoela estreinatu da Gabrielen lekua sentikaria. Sentikaria, zentzumenei zuzendutako lana delako, eta zentzumenei baino gehiago enteleguari —ez hainbeste bihotzari— zuzendua delako.

      Testuak, antzezpena, musika, bertsolaritza eta irudi proiektatuak izan dira emanaldiaren osagaiak, baina elementuok bereizteko nolabaiteko ahalegina egin behar dugu, elkarlan sakonean aritu direlako haiek guztiak Gabriel Arestiren pentsamendua eta ondarea bere garaitik gaurko gizarteraino ekartzeko. Lerro hauek idazten ditudan bitartean konturatzen naiz orduko orainaren bidez aldarrikatu zuela Arestik Euskal Herriaren geroa, eta hurbilean zuen inguru beltz hura bihurtu zela bere unibertsaltasunaren oinarria. Sentikariaren sortzaileek ere horrela ulertu dute Arestiren mezu profetikoa eta —bakoitza bere esparrutik eta erabateko zintzotasunetik— denak ahalegindu dira poetak gaurko jendeari esateko duena agerrarazten.

      Bide horretatik, bederatzi lezio jarri dizkio Eme liburuzain helduak olerkari izan nahi duen Lur neska gazteari, eta ene uste apalean horretan datza emanaldiaren mezurik sakonena: Eme desenkantuan bizi da hainbat borrokatan ibili ostean, eta Lur gazteak idaztearen zertarakoa deskubrituko du Emeren lezioei esker. Bide horretan, ezinbesteko baldintzak izango dira barneko sua sentitzea, minaren akuilua, ahots propioaren bilaketa eta, batez ere, mandatua, herriaren, patuaren, kontzientziaren mandatua.

      Agertokiaren albo banatan Oier Guillan eta Andoni Egaņa egon dira, lehena jesarrita eta liburu bat esku artean zuela —Harri eta herri seguruenik, azaleko mailuagatik—, handik irakurketa esanguratsuak eginez, eta bestea zutik, bertsolari gisa Aresti berrinterpretatzen eta batzuetan Rafa Ruedaren musikarekin abesten, betiere bertsolari kadentzia markatuarekin. Egaņaren parte-hartzean berezia izan da esplizitu egitea bertsoak sortzeko duen buru-prozesua, eta Ruedaren musikaz bere ahotsaren kemen neurtua nabarmendu behar dugu, eta baita ere abestien musikatze ia sinfonikoa, harmoniaren balioa beste ezeren gainetik jarri duena.

      Bi antzezleen eta musikarien atzetik Alain Urrutiaren irudi leunak proiektatu dira noizean behin, nolabaiteko loturak proposatuz Arestiren munduarekiko. Hura bezala, ia oharkabean igaro dira irudiak, baina, oharkabean izanda ere, funtsezko egitateak ezarri dituzte poetaren errealitatea interpretatzeko eta Gabrielen lekua gure baitan berreraikitzeko.