antzezpen kritikak
< Herri antzerkija | Metaforaren metafora >
Zetar bidaiaria
Agus Perez
Berria, 2005-06-04
“Zeta”

Liburuaren egilea: Alessandro Baricco. Moldaketa: Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe. Zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga. Eszenografia: Jon Berrondo. Musika: Jabier Muguruza, Maite Aseginolaza. Argiztapena: Xabier Lozano. Jantziak: Gabriela Salaberri. Antzezleak: Itziar Ituņo, Victor Criado, Kandido Uranga, Lierni Fresnedo, Arantxa Iglesias, Mikel Tello, Patxi Lopez, Marina Aparicio. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Ekainaren 2a.

      “...akaso zure begien gainean jarriko dut. Edo zure sexuaren gainean pausatuko dut. Edo akaso zure bihotzera inguratuko naiz zuzen-zuzenean eta zetazko laztanen artean inork ezin ezabatuko duen unea biziko dugu... zetazkoa”.

      Zeta antzezlanaren esku-programatik ostutako esaldi eder horiek ondo baino hobeto adierazten dute lan honetako testuaren poetikotasuna, hitzen maila jasoan, gertaeren segidan eta pertsonaien arteko harreman mamitsuetan islatzen dena. Alessandro Bariccoren eleberria antzerkirako egokitu du Hika taldeak, eta moldaketa horren bitartez ezagutzen dugu Helene eta Herveren arteko maitasun gozoa eta, aldi berean, gorabeheratsua, XIX. mendeko amodio ezinezkoei dagokien moduan.Narrazioan zenbait metafora eder aurkitu daitezke, argumentua bera barne-bidaiaren parabola sakona izanik, eta haien artean zetarraren irudiarekin geratuko nintzateke ni, haren moduan Herve protagonista ere zetazko mundu batean bizi delako, eta tximeleten antzera beranduegi delako askatzen denerako.

      Ikusten denez, literatur material bikainarekin ekin diote lanari eta erronka ausart batean murgildu da taldea, argumentuak Frantziako herri nekazari baten giro xaloa, Ekialde Urruneko exotismoa eta tarteko bidaiak irudikatzea eskatzen baitu. Horren guztiaren aurrean, zirt edo zart egin behar du zuzendariak eta esandako guztia fisikoki gauzatzen tematu ala, osterantzean, eszenatokia ia erabat biluztera jo, aktoreen antzezpenen esku utziz lanaren lirikotasun guztia.

      Nik uste dut Jon Berrondoren eszenografia erdi kontzeptual erdi abstraktuari gauza bera gertatu zaiola, hau da, ezin izan duela lortu esandako giro guztiak irudikatzea, eta ez argiek ez bideo-proiekzioek ez dutela sortu antzezlanak eskatutako giro erromantikoa. Antzezle guztien interpretazioak txukunak izan dira, baina hor ere pentsatzen dut hobeagoak izan zitezkeela, dramaturgia arloan edo beharbada testu moldaketan hobekuntzak eginez gero, egoeren arteko jauziak suabeagoak edo atseginagoak izateko, betiere poetikotasunaren izenean.

      Baina esandakoa kenduta, muntaiak baditu beste elementu estimagarri batzuk, hala nola Jabier Muguruzak eta Maite Aseginolazak sortutako soinu-banda deskriptiboa, biola, biolina, txeloa, tronpeta, akordeoia eta pianoa batzen dituena. Era berean, aipatzekoa da Agurtzane Intxaurragak diseinatu duen koreografia laburra, Herve eta bere maitaleen arteko amodio uneak beste plano batean irudikatzeko.