antzezpen kritikak
< Sinfonia garaikidea | Zetar bidaiaria >
Herri antzerkija
Agus Perez
Berria, 2005-06-28
“Lauaxeta, herri antzerkija”

Zuzendaritza eta dramaturgia: Carlos Panera. Eszenografia: Gorka Minguez. Musika: Rafa Rueda, Etxahun Iruri, Antton Valverde... Argiztapena: Javi Ulla. Ikus-entzunezkoak: Eneko Lorente. Jantziak eta atrezzoa: Yolanda Iriondo. Antzezleak: Mungiako herritarrak. Korua: J. M. Arregi abesbatza. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: ekainak 26.

      Mungiako estreinaldia galdu ostean, Arriaga antzokian izan dut Lauaxeta, herri antzerkija ikusteko aukera, baina segur aski Bilboko antzokian ikusteak aukera eman dit produkzioa bere handitasunean hobeto neurtzeko.

      Lehenengo eta behin esan beharra dago Arriagako agertokia txiki geratu dela zenbait momentutan, eta ez da harritzekoa, Mungiako zein inguruko herrietako 150 bat herritar konprometitu direlako bere garaiarekin konprometitu zen gizon, olerkari, kazetari eta abertzalearen figura gogoratzeko. Haien artean bereziki aipatuko ditugu bederatzi musikarik osatutako orkestra txikia eta J. M. Arregi abesbatza, musikak benetako protagonismoa duelako Carlos Panerak diseinatutako dramaturgian, bai Lauaxetaren izaera eta poemak musikaren bidez ezagutarazteko bai eszena aldaketak modu atsegin eta elegantean gauzatu ahal izateko.Zuzendariak berak esan du lan honen aurkezpenetan Zuberoako pastoraletako antzekotasun batzuk dituela herri antzerki honek, baina argi dago guztiz era librean erabili dituelako lan mota haien izpiritua eta elementuak, askoz garaikideagoa den produktu bat egiteko. Kontua, dena den, ez da berria: oraindik gogoratzen dugu Bergarako jendeak zutunik jarri zuen Miserableak gogoangarri hura, Usurbilgo herritarrek Sarrailako giltza plazaratu dute egunotan eta orain lau urte Mungia, Elizatea eta Uria antzeztu zuten Arriagan bertan mungiarrek Paneraren zuzendaritzapean.Nahiz eta egia den eszenako albo biak erabiltzen direla ongiaren eta gaizkiaren indarren sartu-irtenetarako, nik uste dut pastoraletako osagai orokorragoak daudela lan honen azpian. Bata herriaren inplikazio nabaria da eta bestea Euskal Herrirako garrantzikoa den pertsonaia erdi ahaztu baten berreskurapena dugu. Oinarri horien gainean hainbat koadrotan banatutako ikuskizuna eratu dute Panerak eta bere kolaboratzaileek, eta beldur barik esan ahal dugu bikaina izan dela emaitza. Ildo horretatik, jantzien eta karakterizazioetan egindako ahalegina nabarmentzen da batez ere.Hala talde osoak nola rol nagusietan dauden pertsonaia historikoek ederto eman dute eurengandik espero zena, eta horrek sinesgarritasuna eta dentsitatea eman dizkio lanari, atzeko pantailan noizean behin proiektatzen ziren irudi filmatuen laguntzaz. Irudi haien artean bereziki hunkigarriak dira Bilboko Areatzan hartutakoak Ðjendea korrika babes bilaÐ, Gernikako bonbardaketarenak eta, zelan ez, atzerrira bidalitako umeen aurpegi tristeak eta amen negarrak elkarri agur esatean.