antzezpen kritikak
< Metro erdiko zakila | Geltokiz geltoki >
Jolas maltzurrak
Agus Perez
Berria, 2010-01-19
“Arrastoa”

Konpainia:Txalo. b>Egilea:Anthony Shaffer. b>Zuzendaria:Begoņa Bilbao. b>Antzezleak:Juan Garai, Ramon Agirre, Asier Hormaza. b>Lekua:Antzoki Zaharra (Donostia). b>Eguna:Urtarrilak 16./p>

      Hordago handia bota berri du Txalo ekoizpen etxeak Arrastoa-ren estreinaldiarekin, eta nago lan honekin kartarik onenak dituela esku artean. Baina, beste ezer baino lehen, hasi gaitezen hasieratik: Arrastoa-ri arrastoa jarraituz gero, Mankiewiczen Sleuth film zoragarria aurkituko dugu. Xehetasun hori neure kabuz jakin dut, pelikula gutxienez hiru aldiz ikusi dudalako, baina ahaztua nuen, eta justu nire alboko besaulkian jesarri den Jabier Muguruzak freskatu dit oroimena -mila esker, bide batez-, orduan gogoratu baitut gaztelaniaz banatu zen kopia La huella (Aztarna) deitu zela eta jolas maltzurretan murgildutako protagonistak Laurence Olivier eta Michael Caine izan zirela.

      Haritik tiraka, ordea, argi zegoen pelikula oso teatrala zela -zuzeneko emankizun baten filmaketa zirudien ia-ia-, bere jatorrian Anthony Shaffer-en antzezlana zegoelako. Horraino, beraz, oraingo estreinaldiaren oinarri ezin sendoagoak.

      Gurea bezalako kultura minorizatu batean, aldiz, garrantzi handikoa da hizkuntzak ikusleengana heltzeko duen gaitasuna. Eta hortxe dauka Txalok bere bigarren kartarik onena, emanaldiaren lehen minutuetatik konturatzen baikara euskara guztiz normalizatuan esaten direla esaldi guztiak, eta pasarte korapilatsuak argumentuan bertan, eta ez itzulpenaren estiloan, aurkituko ditugula. Horretan, zalantzarik gabe, funtsezkoa izan da Ramon Agirre bera izatea itzulpenaren eta egokitzapenaren arduraduna, seguruenik oso presente izan baitu itzultzen zuena berak ere ahoskatu beharko zuela.

      Baina munduko testurik onena ezerezean gera daiteke deklamazio onik ezean. Alde horretatik, ordea, komedia kutsuko euskal antzerkian aspaldiko partez gertatzen ez zen mirakulua gertatu da oraingoan, aktoreek behar zen beste denbora eman dietelako esaldiei, ikusleok geure denbora izan genezan beren esanahi guztia barneratzeko eta testuaren ironia ugarirekin gozatzeko.

      Argi dago erritmo lasai horren atzetik Begoņa Bilbao zuzendariaren eskua egon dela eta denek fedea izan dutela jatorrizko testuaren indarrean eta antzerkiaren ahalmen izugarrian. Gauzak horrela, eta luxuzko dekorazioa eta argiztapena lagun, emanaldia erloju baten modura ibili da eta aktoreek beren ahalmen osoa erakutsi dute, pertsonaiak sinesgarri eginez eta antzezpenei dentsitatea emanez.