antzezpen kritikak
< M eta K hizkiak | Jolas maltzurrak >
Metro erdiko zakila
Agus Perez
Berria, 2010-02-09
“Xabineitor”

Konpainia:Gorringo. b>Zuzendaria:Anartz Zuazua. b>Lekua:San Agustin aretoa (Durango). b>Eguna:Otsailak 7/p>

      Metro erdiko zakila dauka Xabineitor super-heroiak, eta agerian darama, beti tente eta gogor, bere galtzontzilo bereziei esker. Super-heroiaren gizontasun fisikoa, beraz, dudatik kanpo dago, eta lehendabiziko inpresioa gainditu ostean, maitagarria eta guzti egiten zaigu bere xalotasunean, barregarriak direlako haren indar neurrigabea eta nesken pololoekin duen obsesioa.

      Orain dela urte batzuk eszenaratu zuen Gorringo taldeak Kutsidazu bidea, Ixabel-en gaineko bertsioa, eta Xabineitor-en ere mantendu dira orduko komikotasun freskoa eta ideiak eszenaratzeko gaitasuna. Oraingo muntaiaren argumentua komiki batean oinarritzen da -Patxi Gallego da egilea-, baina hori ez da arazo izan, eta lehen esandako ezaugarriak primerakoak izan dira komikien estiloa, erritmoa eta egoerak efikazia handiz eszenaratzeko.

      Hainbat eszenatan dago zatikatuta argumentua, eta haietariko bakoitza komikotasun handikoa da. Batzuetan barre egiten dugu egoeren absurdoagatik eta beste batzuetan pertsonaien diseinuarengatik, baina horren guztiaren atzetik ugariak dira eszena bakoitzean atrezzoarekin sortutako txantxa eszenikoak eta soinu-efektu irudimentsuak. Nik esango nuke dekoratu eta atrezzoaren erabilera berezi horrek ezin hobeto eusten diola komiki izaerari eta ezinbestekoa izan dela antzezlanaren dramaturgia bizkorra eta sendoa josteko.

      Komikien estilo arina ere ondo egokitu zaio aktore-lanari, eta pertsonaien artean bikote benetan xelebrea osatu dute Anjel Alkainek (komisarioaren rolean) eta Asier Sotak (ertzain euskaldun berri-berria). Emanaldi osoan nabaria izan da aktoreen helburu nagusia, publikoa ez ezik, beraiek ere ondo pasatzea zela, eta bide horretatik natural-natural ibili dira guztiak, antzezpenen sakontasunari uko eginez, baina denen arteko koordinazioari eta lagunarteko euskarari etekina atereaz. Aretoa bete duten ikusle gazteek ere horrela hartu dute proposamena, eta nik uste dut haietariko askok deskubritu egin dutela polita eta gozagarria izan daitekeela euskarazko antzezlan bat ikustearen esperientzia.