Hitzez maiteminduta
Agus Perez
Berria, 2011-10-22
“Ipar haizearen kontra”

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: urriak 20.

      Mezu elektronikoen bidez maitemintzen den bikote baten istorioa aukeratu du Tanttaka konpainiak bere azken estreinaldirako, eta Bilboko ikusle euskaldunek harrera beroa egin diote Arriaga antzokian.

      Konpainiaren aspaldiko ildoari jarraiki, eleberri sendo batean oinarritu da antzezkizuna, eta haren inguruko alde guztiek ere koherentzia handiz eutsi diote narrazioari. Daniel Glattauer austriarrak izen bereko liburuarekin eskuratu zuen bere arrakastarik sonatuena, eta berak ere egin du antzerkirako egokitzapena, Ulrike Zemme-rekin batera. Antzezlanaren testua, beraz, ondo baino hobeto josita dago, lehen aitzakia argumentaletik bertatik sinesgarria izan da —asko da gero garaiotan!— eta dentsitate ikaragarria irabazten joan da, apurka-apurka eta presarik gabe baina xede argi baterantz dabilenaren determinazioarekin. Bestetik, Arantxa Iturberen euskaratzeak hizkuntzaren erregistro neutroa eta batua estandarra hautatu ditu, unibertsitate mailako edo posizio sozial oneko protagonistei dagokienez.

      Lehen esan bezala, alderdi denak etorri dira bat testuaren ahalmenarekin, eta horretan eskertzeko modukoak izan dira dramaturgia adimenduna, eremu eszenikoaren diseinu garbia eta, beste ezeren gainetik, irudi proiektatuen erabilera. Izan ere, tentazio eutsiezinak jasaten dituzte irudimenik gabeko eszenografo eta zuzendariek beren buru-pobrezia errekurtso erraz horrekin estaltzeko, baina kasu honetan kontrakoa gertatu da eta irudi proiektatuen fineziak, dramaturgia arinaren ezinbesteko laguntzailea izateaz gain, edertasunaren eremura eraman gaitu bikote protagonistak bizi izandako sentimenduen eskutik.

      Azkenik, antzezleek merezimendu osoz jaso dute ikusleen txalo zaparrada. Joseba Apaolazak ñabardurez beteriko pertsonaia sakona ondu du Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta bikote eszeniko indartsua sortu du Itziar Atienzaren ezinbesteko konplizitatearekin. Biak ala biak animalia eszeniko handien pare ibili dira eta Kike Diaz de Radak azken uneko kontrapuntua ekarri du, baina zalantzarik gabe, lehenengo bien esku egon da antzezpenaren bikaintasuna.