antzezpen kritikak
< Utopia taberna | Hitzez maiteminduta >
Ortzi, Odin eta Afrodita
Agus Perez
Berria, 2011-11-20
“Jon Mirande”

Lekua. Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoa. Eguna. Azaroak 17.

      Ortzi, Odin eta Afrodita aldarrikatzen ditu jainkotzat Jon Mirandek bere gutun-bilduma aberatseko txatal batean, eta beharbada beraiek izan litezke bere pentsamendu sakoneko hiru paradigmak. Fran Lasuenek eta Kandido Urangak esandako pasarte hori eta beste asko hautatu dituzte egilearen eskutitz eta olerkien artean, Miranderen gaineko ikuspegia apaltasun handiko emanaldi batean osatzeko.

      Ikuskizunaren jatorria orain urte pare bat Euskaltzaindiak hiru olerkariren inguruan antolatu zuen zikloan bilatu behar dugu, horrek azaltzen baititu muntaiaren izaera literarioa eta haren biluztasun eszenikoa. Izan ere, ikusleekiko hurbiltasuna eskatzen du proposamenak —Miranderen estiloak bezainbeste, bide batez esanda—, eta erabateko soiltasunez agertu dira interprete biak, bata soinu-mahai txiker baten atzean eta biolinarekin hornitua eta bestea atrilea eta mikrofonoa zituela lagun.

      Haietariko bakoitzak jokatutako lan eszenikoari begira, Lasuenen biolina, bere soinu eraldatuak eta haren ahots grabe eta sakona izan dira Urangaren lanaren kontrapuntua eta osagarriak. Urangak berak ere ofizio handiz ekin dio Miranderen testuak esateari, olerkiek sortutako emozioak gorputz-lengoaiarekin bideratuz eta haren gutunetatik jariotako informazioa atrilearen atzetik eta era askoz akademikoagoan emanez.

      Bide horretatik, euskal letretako enfant terrible-aren handitasuna ezagutu eta haren lirismo biziaren eragina jaso dugu, Zuberoarekiko herrimin sakonean jausi eta Parisko Pigalle auzoko klubetako giroan murgildu gara eta Mirandek Hegoaldeko nahiz Bretainiako iheslari batzuei emandako babesaren berri izan dugu, besteak beste. Gainera, ezinbestekoa zenez, Haur besoetakoa liburuaren sortze-prozesu mingarriaz jabetzearekin batera, idazleak hierarkia katolikoaz eta euskal ideologia atzerakoiaz pentsatzen zuena jakin dugu.

      Ez da gutxi gero, gure kulturako figura nabarmenetariko bat estimatzen ikasteko.