Zuzendaria eta aktorea
Agus Perez
Berria, 2016-08-23
“Bi izarren kalenturak”

Egilea: Victor Haīm. Zuzendaritza: Begoņa Bilbao. Eszenografia: Asier Sancho. Argien diseinua: Julen Zaballa. Antzezleak: Ane Gabarain, Iņake Irastorza. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abuztuak 19.

      Abuztu honetako euskarazko antzezlan bakarra izanik, ez dut dudarik egin Bi izarren kalenturak ikustera joaterakoan: Txalo ekoizpen etxearen ohiko komedia kutsua dario esku-programako argazkiari, eta Ane Gabarainek dohain bereziak ditu arlo horretan. Bestetik, Iņake Irastorza ez dut aspaldian ikusi taula gainean, eta hori ere amu ona izan da nire gogo udatiar alfertua lozorrotik ateratzeko.

      Victor Haīm frantziar egileak erroak ditu Grezian zein Turkian eta seguruenik jatorri aniztun horrek nolabaiteko eragina dauka bere testuetan. Baina, jatorri kontuak aparte utzita, arlo askotan jardun du, eta dramaturgo izateaz gain, idazle, gidoilari, taula-zuzendari eta zinema, telebista zein antzerki aktore ere ibili da. Sari asko jasotakoa da eta lan honetatik —Jeux de scčne jatorrizko izenburuan— Moliere saria jaso zuen 2003an, egile frankofonoaren kategorian.

      Bitxia da gero euskaraz jarri dioten izenburua, horrelako zozokeriarekin ikusleak hobeto erakarriko dituztelakoan, baina onartu beharra dago jatorrizko izenburuan egilea ez zela fin-fin ibili eta, bestetik, Hegoaldean inor gutxi joango zela Eszena jokoak izeneko emanaldi batera abuztuko arratsalde batean. Bide horretatik, nago aretoa betetzen zuten ikusleetariko batzuk behintzat arratsalde-pasa etorriak zirela, batere arazorik planteatuko zien komedia ultra-arin horietako bat ikustera eta barre errazak botatzera bi izarren kalenturen kontura. Haien usteak erdia ustel, ordea, Haīmen obrak planteatu diguna nahiko mamitsua izan delako, komedia tonuan betiere, baina bi pertsonaiak gaurko ezaugarriekin hornituz eta haietariko bakoitzari dentsitate pertsonal nabarmena emanez.

      Egileak antzerkiaren barruko antzerkia ekarri du agertokira, eta haren bidez bi emakumeren nortasun kontrajarriak agerian utzi ditu. Argumentuak planteatzen duen zuzendariaren pertsonaiak ideologikoki zurruna eta estetikoki aurreratua dirudi eta beste pertsonaia —aktorea— edozertara moldatzeko gai da, baina ezin du eraman zuzendariaren muturreko intelektualismo gogorra. Bestalde, biek ala biek daramate beren inguru pertsonalaren zama, baina nik uste dut atzealde emozional hori ez dela era emankorrean garatu Victor Haīmen edo Begoņa Bilbaoren intentzio faltaren ondorioz, eta pena da, zeren eta horrek asko aberastuko zukeen emanaldia, eta komedia arinaren atzaparretatik are gehiago urrunduko.

      Eremu eszeniko erdi naturalista erdi eskematiko batek lagunduta, efikazia handiz ekin dio bakoitzak bere rolari, Gabarainek bere sen komiko itzelean eroso eta Irastorza tenkatuago, hasiera batean behintzat, emanaldiak aurrera egin ahala txukunago ibili den arren, bestearen parekidea izan arte bikote eszenikoaren osaketan. Karakterizazioei dagokienez, polita iruditu zait zuzendari inkonformistaren janzkera, baina aktore konformistarenaz bakarrik esan dezaket askoz hobeto egon zitekeela hamaikagarren eskuko beste edozein soineko antigoalekorekin. Argiztapenarekin, berriz, gauza bera: zer dela-eta izan da hain zapala eta sormenik gabea testuak berak argiei protagonismo berezia emanez gero?