antzezpen kritikak
< Berben zurrunbiloan | Lintxamendua >
Epikoa eta komikoa
Jaime Valverde
Gara, 2017-05-13
“Miss Karaoke”

Antzoki Zaharra (Donostia), 2017-05-13. Testua: Oier Guillan. Aktoreak: Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Iņaki Ziarrusta. Dramaturgia: Metrokoadroka eta aktoreak.

      Interes antropologiko itzela duen entretenimendu bat izateaz gain, Karaokea genero epikoa eta komikoa oso ondo uztartzen dituen ikuskizuna dugu: epikoa, emozioz beterik abesten duenarentzat; komikoa, distantziatik ikusten duenarentzat. Edozelan ere, plaza ateratzeko modu bat ere bada karaokea, plazarik gabe geratzen ari den garai honetan.

      Miss Karaoke edozein da: aktoreak, idazlea, zu, ni; existentziaren plazara identitate batean haragiztaturik ateratzen den oro, bere izatearen mugez inoiz galdetu duen oro. Hain zuzen ere, galderak dira Guillanen testu eder honek, “Antzerkigintza berriak” deialdian aukeratuak, proposatzen dituena: Zerk definitzen zaitu? Zure hautuek? Hautatu ezin izan duzunak? Komunikatzeko darabilzun hizkuntzak? Karaokean aukeratu duzun abestiak?

      Bakarrizketa xelebreak, umore absurdoa, aho-korapilo kontzeptualak: obra paregabe honetan, Metrokoadroka eta Pez Limbo kolektiboek L’Alakran antzeztalde apartaren eskola berreskuratzen dute. Alegia, klown izpiritua hizkuntza performatiboan txertaturik, gai sakonak, existentzialak askotan, komikotasun bihurri eta absurdo batekin jorratzeko.

      Istorioaren beharra gainditu eta eszenen arteko lotura lineala desegiten da. Esketx bakoitzean gai nagusiaren orbitan dabiltzan aspektuei tonu eta formatu desberdinekin heltzen zaie. Guillanen lanetan ohikoa den bezala, testu poetikoaren eta teatralaren arteko muga urtzen da. Genero-hertsadurak kolokan jartzen dira eta nabarmentzekoa da gorputzak hartzen duen protagonismoa, hala gogoetan nola taularatzean.

      Aktoreen lan bikainean bermatuta, une epiko zein komiko handiak eskaintzen ditu obrak. Pozgarria da ikustea Metrokoadrokak pauso irmoez jarraitzen duela euskal teatroan bide berriak garatzen eta, gainera, Pez Limboren moduko bidaia-lagunak topatu dituela.