antzezpen kritikak
< Bokazioan harrapatuta | Epikoa eta komikoa >
Berben zurrunbiloan
Jaime Valverde
Gara, 2017-06-04
“Mr. Seņora”

Baratza aretoa (Gasteiz), 2017-06-04. Testua: Oier Guillan. Antzezpena: Metrokoadroka Kolektiboa.

      “Zurrunbiloa” izenarekin, Gasteizko Baratza aretoak lau eguneko jaialdia antolatu du euskal arte eszenikoak ardatza hartuta. Aukeratutako emanaldiak ikusita, nabarmentzen da, batetik, diziplina artekotasuna, eta bestetik, proposamen artistiko ausarten aldeko apustua. Espazio txikia, atsegina eta erakargarria dugu Baratza aretoa, izaera “burujabe” bati esker bide ibiliegiez aldentzen diren sorkuntzak sustatu nahi dituena.

      Egungo panorama eszeniko euskaldunean, non areto publikoko programatzaileek ez duten batere arriskatzen, Baratza bezalako ekimenak hil ala bizikoak suertatzen dira ia. Arriskua hartzea eta bide berrietatik ibiltzea ezinbestekoa da edozein sistema artistikoan. Eta ikusleen zenbakiak koadratzea beste helbururik ez duten ohiko antzokiek endogamia estetikora garamatza; antzutasunera alegia. Borobil zoroa da: antzokietan ohiko formatuak baino ez dira programatzen, publiko handiak hori bakarrik ikusi eta horretara ohitu, eta antzoki horietara heldu nahi duten sorkuntzak ezin dira asko urrundu publiko handiaren ohituretatik.

      Eskerrak beraz, Baratzako Zurrunbiloaren moduko tarteak irekitzen diren, bestelako sorkuntzak ere ikusleengana ailegatu ahal izateko. Horietako bat dugu, hain zuzen, “Mr. Seņora” errezitaldi performatiboa, Oier Guillanen titulu bereko liburuaren bertsio eszenikoa dena. Bertan, jada aski finkatua duen estiloarekin, Guillanek norberaren konplexuez eta mugez askatzearen aldeko “anti-manifestua” eskaintzen digu, edo bere hitzetan: “desarmairugabetze” proposamen bat. Guillanen hizkuntza poetiko-teatralak era ludiko batez barneratzen da hitzen dimentsio semantiko zein fonetikoan, hizkuntzaren tolesduretan sentimenduak adierazteko formula iradokorrak kausituz. Metrokoadrokak errezitaldi performatiboetan duten eskarmentuari esker, zinez atsegina eta koloretsua suertatzen da ikuskizuna. Nabaria da laukotea gozatzen duela taula gainean, eta modu berean gozarazten du ikuslea, konplizitatea suabe-suabe lortuta tonu samur eta inspiratzaile batean.