Profamateurrak agertokira
Oier Guillan
Argia, 2010-11-07

      Amateurra/profesionala eskema ezbaian jartzen dute egungo antzerkigile, aktore eta antzerki zale askok. Zeren arabera jarri ohi dira etiketa horiek? Nola eragiten dute zaleok egungo euskal teatroaren inguruan dugun ezagutzan?

      Antton Lukuk Euskal kultura? liburuan dio “amateur” hitza frantsesa izatea ez dela kasualitatea. Haren aipu bi hartuta: “Amateur izateak bere abantaila duke, eskuzabaltasuna eta musu truk aritzeak egiatasuna suposatzen baitu”, eta hala ere, “Amateur/profesionala ezberdintasun hau ez da gurea”. Amateurtasuna profesionaltasunari kontrajartzeko erabili izan da, zentzu peioratiboan. Lukuk dio halaber, euskarazko lanak automatikoki sartzen dituztela sarri amateurraren multzoan. Merkatutik erbesteraturik bizi direlako, agian? Gipuzkoan estreinatutako hainbat lan hartu dugu aintzat erreportaje honetan, eta egoera ez da oso ezberdina.

      Merkatuaren arabera erabaki ohi da zer den “profesionala”, funtsean talde edo konpainia batek enpresa gisa baldintza jakin batzuk bete eta era orotako antolatzaileekin (ez soilik programatzaileekin) hartutako konpromisoak betetzeko gaitasuna duenean. “Amateur” hitza zaku bat da, merkatuaren logikan sartzen ez den ororen meta. Programazioetako dirua kudeatzeko orduan bertsio ofizialak dio euskarak ez dituela aretoak betetzen, baina horrek ez du kalitatearekin zerikusirik, eta hala ere: bada erdarekin egiten denaren pareko apusturik? Bada publikoaren aldetik, militantziatik at, euskarazko eskaintzetara joateko borondaterik?

 

      Munstroaren ahotsa

      Urki Muguruza zarauztarrak Munstroa antzezlana estreinatu berri du, balea baten inguruan jazotako pasadizoan oinarritua. Poetika propio baten bilaketaren isla da Bina-bina talde izenarekin plazaratu duena. Mikel Erguin aktorearekin batera dabil oholtzan, Muguruzak berak idatzi du testua eta gidatu du dramaturgia. “Prozesu bati aurre egiteko arazoen artean dago lanak muntatzeko eta entseatzeko azpiegitura falta. Horrek bakardadea eragin dezake, eta sortzailea atzera botatzea. Horregatik dira garrantzitsuak diziplina ezberdinen arteko elkarlanerako sareak”.

      Estreinako emanaldiak eskaini ostean Muguruzak ez du baztertzen leku mota bakar bat ere, baina arlo hori bere kontroletik kanpo dagoela aitortzen du. “Ahal ditudan ate guztiak joko ditut, fundamentuzko lana dela iruditzen zaidalako”. Profesional eta amateurren artean egin ohi den dikotomiaz galdetuta, zaila egiten zaio bere burua kokatzea. “Bien tartean beste lerro bat ireki behar litzateke eta beste izen bat eman”. Nolanahi, sailkapen horri baino gehiago beste gauza batzuei begiratzen die berak, muntatzeko orduan egileek duten exijentzia maila baita haren ustez antzerki mota bereizten duena.

 

      Herri antzerkiaren bidetik

      Herri antzerkia da amateurraren zakuan sartzen den beste arlo bat. Alex Tellok esperientzia handia du maila horretan, Usurbilgo Txerriki taldean eta Topa Eszenikaren antolakuntzan egindako lanaren ildotik, besteak beste. Azkenaldian Ion Martinez Txikik Aldatzen Laguntzen talde izenarekin plazaratu duen Oteitza =/= gizartea bakarrizketa zuzendu du. Emanaldiak antzerkilarien arteko harreman sareen bidetik lotu dituzte orain arte: “Amateurtasuna aktore-formazioaren mailan jarriko bagenu gure lan hau amateurra litzateke ziur aski. Aktore profesionalari maila jakin bat eskatuko zaio; amateurtasunaren kasuan ez da espero, baina ematen badu hobeto”.

      Telloren ametsa antzerkia bizimodu izatea da: “Profesionala antzerki jardueratik bizitzen ahaleginduko da. Amateurrak antzerkiarekin bizi nahi du antzerkiaz bizi baino, ahaleginduko da gauzak ahalik eta ondoen egiten baina bere diru iturriak ez ditu jarduera horretan kokatzen”. Telloren ustez badira amateurraren barruan sailkatu ohi diren erreferentzia esanguratsuak, Eta Karmele? haien artean. “Kalitate handikoa da. Obra profesionala. Profesional asko baino askoz hobea, eta izaera amateurra du, ez delako egin merkatuari begira”.

 

      Izan ala ez izan

      Samara Veltek idatzitako Eta Karmele? antzezlanean dabil Ainhoa Alberdi aktorea Iraia Eliasekin batera. Alberdik antzerkia du bizibide eta etengabe uztartzen ditu konpainia profesionalekin egindako lanak eta amateurtasunean kokatu ohi diren proiektu pertsonalagoak. Ez du batzuen eta besteen artean bereizketarik egiten. “Antzerkia norbaitek zerbait komunikatu nahi duenean sortzen da, eta mila modu daude hori egiteko. Askotan amateurra deitzen zaion horretan askoz ere libreagoa zara espresatzeko”. Laguntzak jasotzea xede duten taldeak dira lotuta daudenak: “Diruaren menpe egiten dute lan, horrek sistemaren preso egiten zaitu. Egiten gaitu, ni ere hor mugitzen bainaiz, bizitzeko dirua behar dudalako”.

      Baina… zer da profesionala izatea? Alberdik ere ez du batere argi. “Hortik bizitzea baldin bada, ni profesionala nintzateke, baina beti. Lan bera doan egiten dugunean ez da profesionala eta dirua irabazten dugunean bada profesionala? Banaketa hori soberan dago, eta bakarrik balio du nolabaiteko aktore batzuen egoak puzteko. Profesionalak kontsideratuak dauden hainbat lan baino hobeak edo behintzat parekoak direnak ikusten ditut etengabe”.

      Eta Karmele? amateurra izango litzateke. Batzuetan profesionalek bezala kobratzen dute, “baina afari baten truke ere egin izan dugu. Nahiago dut egin, ez egin baino; dirua ez dadila izan oztopo”. Obra antolatu nahi duenari daukan aurrekontuaren arabera zintzo jokatzeko eskatzen diote: “Hiru pertsona gabiltza lanean, eta lan ona da. Ez diot harrokeriaz, nik sinistu egiten dut lan honetan, ez dauka inbidiarik profesionaletan egiten den beste hainbatekin”. Alberdik Kukubiltxorekin eta Aristides Vargasekin konpartitu berri du sormen prozesu bat, eta askotan azaleratu da aipatu dikotomia. “Vargas maisu handia da, eta behin eta berriz aipatu digu banaketa hori ezabatu egingo lukeela”.

 

      Txirene antzerkia

      Edurne Agirrezabalak Txirene antzerki taldea sortu zuen Oiartzunen Begoña Amonarrizekin batera. Lezoko Orratx taldean ere badabiltza. Antzezlanak biek sortzen dituzte, eta Agirrezabalak antzeztu. Hiru obra dituzte martxan: Ogiyik karri etzun semia, Gezurrezko printzea eta Sarean zintzilikatua, hirugarrena estreinatu berria. Ogiyik…-ekin 100 emanalditik gora eskaini dute, euskarazko antzezlan “profesional” gutxik gainditutako marka.

      Agirrezabalak dio maila teknikoan sentitzen direla nolabait amateurrak, taldeak ez baitu azpiegitura handirik. “Askotan antzerkira joan eta eszenografia polit batekin erdia egina dagoela ikusten duzu. Gu beti ibili behar gara eskura daukagunarekin”. Amorrua pizten zaio programatzaileei informazioa bidali eta irakurri baino lehen galdetzen diotenean: profesionala ala amateurra zara? Agirrezabalak aspalditik dauka borroka hori: “Zer da profesionala izatea? Hortaz bizi dena? Ni hortaz ere bizi naiz. Niri ziurtatzen badit norbaitek jateko edukiko dudala horretara bakarrik dedikatuko naiz, baina hemen oso mugatuta gaude”. Zenbait lekutan antzezlan bera hirugarren aldiz egitera doaz: “Non ematen dute profesionalaren karneta? Aurreiritziak programatzaileenak dira publikoarenak baino gehiago, baina egun jendearen harrera onarekin ez duzu ezer demostratzen”.

 

      Laborategiaren bidetik

      Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo dira Dejabu panpin laborategiaren sortzaileak, eta proiektuaren arabera elkarlanak ere bultzatu izan dituzte. Azkenaldian txotxongiloak eta hezur-haragizko aktoreen arteko harremanean ikertu dute Gizona ez da txoria lanarekin (sariak jaso ditu Bilboko, Serbiako eta Pragako antzerki jaialdietan), haurrentzako Azken portu antzezlana estreinatu zuten iaz objektuen antzerkian oinarrituta eta berriki Artedrama eta Le Petit Théâtre de Pain-ekin ibili dira buru belarri Errautsaken sorkuntza lanetan. Helduentzako lan berri bat aurkeztuko dute udaberri aldera.

      “Hegoaldean profesionalizatzeak hainbat baldintza dakartza, bizirauteko diru laguntzak eskatzea eta kosta ahala kosta emanaldiak saltzea, horien artean. Sorkuntza prozesuak baldintzatzen ditu horrek”. Dejabuk taldean egiten du lan, irrika pizten dieten gai, irudi edo testuetatik abiatuta. “Gure lana konpromisoan oinarritzen da, taldeak lanarekiko duen sinesmenean”. Lanaren produkziorako ez dute laguntzarik izaten eta, beraz, zailtasun handiena baliabideak lortzea da: lanerako espazioa, behar teknikoak, eszenografia elementuak eta denbora, taldekideok beste lanetan ere jarduten baitute. “Abantaila handiena askatasuna da. Ez dugu merkatuari begira lan egiten eta beraz, guk ezartzen ditugu arauak, programatzaileei gustatzen ote zaien kezkatu gabe”. Lana zabaltzeko zailtasunak izaten dituzte: “Ez da erraza antzokietara ailegatzea. Bitartekari asko dago. Antzokien kudeaketa udalaren edo enpresa baten eskuetan egoten da gehienetan eta nahiko buruhaustea izaten da”.

      Dejabuk ez du merkatuak profesionaltzat joko lukeen enpresa-azpiegiturarik, baina hala da funtzionatzeko moduan eta emaitzetan. Gurrutxagaren ustez “amateur/profesional” sailkapena zaharkitua gelditu da, eta ados daude Antton Lukuk esan izan dituenekin. “Sailkatzekotan sailka dezagun antzerkia komunikatzen eta komunikatzen ez duenaren artean, edo sakona eta azalekoaren artean”. Gainera uste du kultur egiturak birformulatzeko garaian gaudela: “Egungo errealitateak egiteko modu ezberdinak asma ditzagun eskatzen du. Zeren eta, errealitate ezberdinekin bada ere, bai talde amateurrek bai profesionalek, egoera estua bizi baitute. Orain arteko formulek ez dute balio. Bide berriak asmatzeko garaia da”.