Antzerki zaleak mugimenduan
Oier Guillan
Argia, 2010-10-10

      Ekainean eman zen ezagutzera Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea. Kultura krisiek zipriztindurik ageri zaigun garaiotan euskal antzerkiaren ondoeza aspalditik datorrela ekarri digu gogora EHAZEk, bere sorrerarekin. Oraingoz indarrak batzen dabil, pausoei tamaina hartzen, zaleei ezagutzera ematen, funtsean hori baita elkartearen xedea: zalea den orori ahotsa eta lanerako tresnak ematea.

      Elkartea sortu eta Josu Camara lehendakari izendatu zutenetik ugariak izan dira erantzun beharreko galderak, bai komunikabideetan eta bai kalean ere. Camarak dioenez lehen hilabete hauetan sumatu du nola edo halako interesa. “Jendeak jakin nahi du euskaraz egiten den antzerkiaren egoera zein den. Orain arte nahiko ikusezina izan da, kultur arlo gisa agian pixka bat ahaztuta egon da. Beste kontu bat da gero jende horrek guztiak nola erantzuten duen euskal antzerkiaren agerpenak daudenean”.

      Idoia Gereñu koordinazio lanetan dabil eta bere ustez sakoneko lana egiteke dago oraindik. “Joan den kurtsoko helburua bete genuen, elkartea publiko egitea eta martxan jartzea. Aurtengoa ume jaio berri baten lehenengo urtearekin pareka dezakegu, orain hazi egin behar du lehenengo pausoak ematera iritsi arte”. Teatroan bezala mugimendua ez da hutsetik sortzen, inprobisazioa beti egiten da zer edo zeren gainean, gorputzak euskal teatroak bizi duen egoeraren gainean gogoeta egitea eskatu dio EHAZEri.

 

      Nola dago euskal teatroa?

      EHAZEren hazia orain hiru urte erein zen, Hik Hasi topaketen testuinguruan teatroaren hainbat arlotako jendea bildu zenean. Camarak dioenez talde anitza zen hura: irakaskuntzako jendea, aktore profesionalak, amateurrak… “Bilera horretan denak zeuden kezkatuta, ezkor, arazoak ikusten zituztelako euskal antzerkian”. Problema larrienen artean zegoen, hain zuzen ere, guztien sakabanaketa. “Bakoitza bere mikro-unibertsotik saiatzen zen berea konpontzen, arazo orokorrari erantzun bateraturik eman gabe”. Bilera haren ostean pausoak ematen hasi ziren, kontaktuak eta sareak gauzatzen, aurtengo ekainera iritsi arte. Hasieratik argi izan dute zalearen inguruan egituratutako proiektua izan behar dela, Camararen esanetan euskal antzerkiaren alde zerbait egiteko gaitasuna edo gogoa daukan norberak neurtu beharrekoa da. “Zaleen elkartea izanda azpimarratu nahi da ez duela profesionalen elkartea izateko bokaziorik. Maila profesionalean normalean egiten diren harremanak nahiko komertzialak izaten direnez, ikusletik urrun egoten gara”. Elkartetik dinamika hori hautsi nahi dute: “Hemen daukagun programazio eskeman ikuslea agente pasiboa da, kontsumitzaile hutsa. EHAZEren bidez lortu nahiko genukeena da agente aktiboa izatea, berak ere gaitasuna izan dezala eskatzeko zer nahi duen”.

      Zalearen kontzeptua gogoan hartuta saihestezina dirudi bertsogintzaren arrakastak izandako eragina aipatzea. Camararen esanetan hasieran oso presente zegoen, baina azkenaldian gutxiago. “Bertsolaritza oso bertokoa da, indar handiarekin piztu den kultur arloa. Haren inguruan zenbat jende, zenbat zale mugitzen den ikusteak bilakatzen du erreferentzia. Harreman oso ona dugu Bertsozale Elkartearekin, ziur aski badira haien esperientziatik har daitezkeen ideiak, baina guk ikusten dugu beste arazo bati aurre egiteko sortu garela: momentu honetan, adibidez, ez dago erdarazko bertsolaritzarik”.

      Euskal Herrian inoiz baino kultur azpiegitura gehiago dagoen arren euskaraz hustuak daude neurri handi batean. Camarak dioenez aspalditik datorren kontua da: “Sentitzen dugun arazoa da, antzerkia, izatez, nahiko erdalduna dela. Iparraldean bizirik irauten duten fenomenoak kenduta, 1960ko hamarkadatik helduentzat sortu diren manifestazio gehienak erdaraz sortu dira. Gerora programazioak finkatu direnean, Iparraldean zein Hegoaldean, kanpotik zetozen ikuskizunekin eta bereziki gaztelaniaz edo frantsesez egindakoekin osatu dira. Euskarazko antzerkia programazioaren %18 omen da. Horren barruan umeentzako antzerkia dago, euskaraz egiten den guztiaren %80. Eta 80 hori ez doa gorantz; sortzen ari dira kasuak, umeentzat ere gaztelaniaz programatzea eskatzen dutenak”.

      Euskal antzerkigintzaren diagnosia egitea da EHAZEren lehen asmoetako bat. “Datuak biltzen ari gara euskal antzerkia nola dagoen aztertzeko. Zenbat talde dauden euskaraz lanean, zenbat antzezlan dauden eskaintzeko moduan, zeintzuk diren amateurrak, profesionalak; zein helduentzat, zein haurrentzat… Zenbaitetan entzun izan dugu programatzeko borondatea badagoela baina ez programazio bat mantentzeko lan nahikorik. Ezjakintasuna da hori? Edo alferkeria, ez dutelako ahalegin handirik egin bilatzeko? Izan ere, lanak egon, badaude”.

 

      Testugintza garatuz

      Zaletasuna zabaltzeko xedearekin batera EHAZEk badu teatrogintzan dabilen jendeak sentitu izan dituen hutsuneak osatzeko proiektu ugari ere. Sortu diren lan taldeen artean dago dokumentazioaz arduratzen dena, euskarazko antzerkigintzak sortzen duen ondarea gizarteratzea baita helburu inportanteenetariko bat. Lan talde horretan dabil Pablo Barrio. “Arnas luzeko ekimena da, beste motako agenteekin elkarlanean egin beharrekoa, halako Dokumentazio Zentro batean gauzatu beharko litzatekeena”.

      Ugariak dira xede horrekin aurreikusi diren lan esparruak: euskarazko antzerkiaren historia eta hari buruzko ikerketak jaso; dagoeneko sortuak diren testuak bildu eta testu berrien sorkuntza bultzatu; saiakerak eta ikerketa teorikoak, material pedagogikoak, gida praktikoak eta abar jaso; arlo teknikoei edo taularatzeari loturiko lanak —dramaturgia, eszenografia…— lortu; ikus-entzunezko artxiboak bildu. Barriok azaldu duenez, haien artean premiazkoena testu falta asetzea da: “Talde batek zerbait prestatu nahi badu lehenengo kezka testua da. Apenas argitaratzen da ezer, gero eta gutxiago esango nuke, gainera. Bestalde, bada testu asko hor nonbait: idatzi, lehiaketa batera aurkeztu eta tiraderan gordeta geratzen direnak, edota talderen batek antzeztu eta gero ahanzturan galtzen direnak, adibidez. Horiek bildu, orraztu, sailkatu eta guztion esku jartzea da geure buruari ezarri diogun lehenengo lana”. Webgunea jarriko dute martxan testuekin, haien ezaugarriak laburtuko dituen fitxa banarekin. “Auzolanean egin beharreko lana da, neurri handi batean”.

      Testugintzaren inguruan sortzen diren sentipenak egoera orokorraren adierazgarri ere izan litezke. Barriok luze gogoetatu du gaia: “Arazo asko ditu euskarazko antzerkigintzak eta horien artean testuena ez da txikienetakoa. Egia da testua prozesu bateko osagarri baino ez dela, askotan ez inportanteena gainera, eta, zentzu horretan, ez da gehiegi dramatizatu behar; baina aldi berean egia da testugintzarik gabe ez dagoela euskarazko antzerkigintza osasuntsua lortzerik”. Teatro testuen arazoa literaturaren edo are kulturaren testuinguruan uler liteke. “Esan izan da antzerkia, literatur genero moduan, desagertzeko bidean dagoela. Gure kasuan, norberaren gustua ez bada arrazoi gutxi dago antzerki testurik sortzeko, eta arrazoi ekonomikorik bat ere ez. Gauzak horrela, kalitatezko zerbait sortuko da noiz edo noiz, baina antzerkigintza sanoa nahi badugu, kalitatea kantitatetik sortu beharko da. Ez du ematen, ordea, arazo hori inori inporta zaionik, ezta antzerki munduko jendeari ere, zoritxarrez”.

      Barrioren ustez EHAZE teatroaren arlo ezberdinetan lanean dabilen jendearentzat elkargune izan daitekeen heinean, testugileen eta taldeen arteko elkar ezagutza bidera lezake. “Antzerkizale Elkartearen benetako erronka eta ekarpena da antzerkiaren inguruan mugitzen diren sektore guztiak biltzea. Benetan asmatzen badugu EHAZEri bizia ematen elkartea bera bilgune bilakatuko da, modu naturalean, elkarren arteko ezagutzak irekiko ditu ateak, urrun zeudenak hurbilduko ditu”.