Bihar estreinatuko dute “Hobe ixilik!” antzezlana, Hondarribian
Iraia Vieira Gil
Berria, 2023-01-12

      Bikote eztabaidak ditu ardatz komediak. Ramon Agirrek euskaratu eta egokitu du jatorrizko frantsesezko antzezlana, eta Itziar Ituñorekin batera taularatuko du.

      Salome Lelouch bere maitasun harremanean oinarritu zen Fallait pas le dire! antzezlana idazteko. Eta obra horren euskarazko bertsioa taularatuko dute bihar Ramon Agirre eta Itziar Ituño aktoreek, Hobe ixilik! izenburupean eta Txalo Produkzioak konpainiaren bultzadarekin. Gizon baten eta emakume baten arteko bikote eztabaidak ditu ardatz istorioak, izan eguneroko kontuei lotuak, izan bestelako gaiei buruzkoak. “Garrantzirik gabeko edozein gauza izan daiteke haien arteko eztabaidagai, gazta tarta bat, esaterako, baina gai potoloagoak ere bai”, azaldu du Agirrek. Hala, umoretik abiatuta eta komedia formatuan, amatasun subrogatuaz, klima aldaketaz, Me Too mugimenduaz eta musulmanen buruko zapiaz ariko da bikotea. Gaia edozein dela ere, batak zerbait esaten badu, kontrakoa erantzungo dio besteak. “Bakoitzak pentsatzen duena esaten du, astakeriak badira ere”, gehitu du Agirrek. Bihar estreinatuko dute antzezlana, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean, 19:00etan.

      Agirre bera izan da obra euskaratzeaz eta moldatzeaz arduratu dena, eta jatorrizkoa “lan originala” dela uste du. “Oso ondo josita dagoen komedia bat da, bereziki ausarta, eta gai delikatuak taburik gabe lantzen dituena”. Frantzian, esaterako, antzerki arloko hainbat sari jaso ditu. Euskarazko bertsioan, zenbait aldaketa egin dizkiote: “Euskal Herrira ekarri dugu istorioa”. Bere burua ezkertiartzat jotzen duen Parisko bikote burges bat da obra originalean protagonista; baina, kontakizuna sinesgarriagoa egiteko, bilbotarrak bihurtu dituzte biak.

 

      Bikote xelebre bat

      Begoña Bilbaok zuzendu du Hobe ixilik!, eta ez du uste kokalekuak hainbesteko garrantzia duenik antzezlanean; pertsonaiei egin dizkieten aldaketak azpimarratu ditu hark. “Lanbideak aldatu dizkiegu biei. Gizona aktore langabetua zen Lelouchen obran, eta gurean unibertsitate irakaslea da, adibidez”. Emakumeari ere buelta eman diote: “Militante feminista bat zen lehen; taxilaria da orain”. Agirrek egiten du irakaslearena, eta Ituñok taxilariarena.

      Nabari da adin aldea ez ezik izaera desberdina ere badutela bikotekideek. “Arrazionala” da gizona, eta naturaltasuna gailentzen zaio andreari. Hala deskribatu du azken hori Agirrek: “Nortasun handiko emakumea da, gizonen munduan ondo konpontzen da, eta badaki bere burua errespetarazten”. Haren pertsonaiak ez bezala, Ituñorenak burura etortzen zaizkion gauzak esaten ditu beti. “Gizonak isilik egoteko eskatzen dio orduan, gauzak edonon, edonola eta edonori ezin zaizkiolako esan”.

      Gidoian ere berrikuntzak gehitu dizkiote jatorrizko obrari. “Elkarrekin dantzatu, eta koreografia txikiak egiten dituzte, dantza klaseetara joaten direlako”, kontatu du Bilbaok. Tangoa, lindy-hopa, saltsa... Nahiago dituzte bikoteka dantzatzen diren erritmoak, eta ez da kasualitatea. “Dantzan hasten direnean bukatzen dira eztabaidak”, azaldu du Agirrek. “Itziarrek ikusten duenean ni berotzen ari naizela, dantza egitea proposatzen dit, eta ez dago eztabaida gehiagorik”.

 

      Eszenografia minimalista

      Hamahiru eszena ditu obrak, denak “laburrak”, Bilbaoren hitzetan. Mugimenduen eta argiztapenaren bidez adierazten da bikotea non ari den eztabaidan. “Dekoratua oso minimalista da, bi bloketan banatua: leiho moduko bat eta sofa bat”. Hezurdura horrek hainbat gune sortzeko aukera eman die: taberna, taxia, etxea...

      Asier Sancho eszenografo madrildarrak sortu du diseinua, eta Bilbao oso pozik dago haren lanarekin. “Aurrez ere lan egin dugu harekin, eta oso ona da”. Izan ere, eszenografia minimalista horrek erraztasunak ematen dizkie aktoreei eszenen arteko trantsizio azkarrak egiteko.

      Bihar estreinatuko dute obra, nahiz eta entseguak egiteko asti handirik ez duten izan. “Aktoreen agendak galarazi digu entseguetan lehenago hastea”, azaldu du Bilbaok. Agirrek, berriz, uste du obra prest dagoela martxan jartzeko. “Antzeztean ikusiko dugu zer aldatu behar dugun, zer azpimarratu, eta zer kendu”. Oraingoz, obra ikustera joateko deia egin die ikusleei, eta oso ondo pasatuko dutela ziurtatu.