Albokoaren onarpena
Xole Aramendi
Gara, 2023-01-05

      “Ez naiz inoiz Dublinen egon” antzezlanak bihar ikusiko du argia Donostiako Antzoki Zaharrean. “Komedia garratza” da Tentazioa konpainiak labetik atera duen lan berria. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean —aktore lanak ere egingo ditu—, Iñigo Aranburu, Aitziber Garmendia eta Iñigo Azpitarte igoko dira agertokira.

      Amesti familia Gabon gaua ospatzeko elkartu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea —sekulako eztabaida izan zuten alaba beste emakume batekin aurkitu zutelako—, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik: Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin.

      Agertoki gainean, airean, galdera bat: nork bere errealitate propioa eraikitzen du, baina noraino gara gai besteenak onartzeko?

      Antzerkigintza Berriak izeneko egitasmoaren emaitza da gidoia. 2016an jarri zuten martxan antzerkirako testuak sortzeko laborategia. Zortzi kide izan ziren iaz eta Patxo Telleria eta Mireia Gabilondoren gidaritzapean egin zen. “Partaide bakoitzak testu bat idazten du. Proiektua aurkeztu eta haietako bat muntatu egiten dugu urtero. Iaz Markos Goikolea izan zen kideetako bat. Prozesu guztia gertutik jarraitu nuen; oso erakargarria egin zitzaidan hasieratik bere testua eta taularatzeko erabakia hartu genuen Tentazioa konpainian”, gogorarazi du Gabilondok, antzezlanaren zuzendari eta aktoreak.

      Bihar eta etzi euskaraz eta igandean gaztelaniaz eskainiko dute “Ez naiz inoiz Dublinen egon”. Ondoren, Bilboko Arriaga Antzokian izango da ikusgai; urtarrilaren 10ean euskaraz eta urtarrilaren 11n gaztelaniaz. Otsailaren 11n Galdakaon izango dira.

      Bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu. Ez da inor libratuko. Familiako beste kideek ere badituzte sekretuak gordeta eta pixkanaka, gaua aurrera joan ahala, mahai gainean jarriko dira. “Azkenean katarsi txiki baten modukoa gertatuko da. Denok hankaz gora jarriko gara, ia elkarren onarpena lortzen dugun, azkenean hori bilatzen dugulako besteengandik. Harremanak hauskorrak izaten dira eta hauskortasun horretan batzuetan erraza izaten da harremanak hobera egitea eta beste batzuetan ez”, jarraitu du.

      Antzezlana familia giroan zentratzen da, baina lagunen, lankideen, bizilagunen... artean ere gauza bera gertatzen da. “Bestea den bezalakoa onartu behar dugu; ez dago besterik. Hortik abiatuta, denok hobera egiten dugu harremanetan. Nork berea onartzen du —nahiz eta batzuetan kosta egin—, baina besteena onartzea kosta egiten zaigu. Besteen akatsak garbiago ikusten ditugu kanpotik. Gauza serio hauez hitz egiten da komediaren bitartez”, dio.

 

      Aktore taldea

      Mireia Gabilondo (ama), Iñigo Aranburu (aita), Aitziber Garmendia (alaba) eta Iñigo Azpitarte (semea) dira antzezleak. “Oso erraza izan da eurekin lan egitea. Aitziber askotan zuzendu dut. Oso aktore maitea dut, ikaragarri disfrutatzen dut berarekin. Oso ausarta da aktore lanetan eta eskatzen diozun guztia egiten du: ez dago gauza hoberik zuzendari batentzat! Euskal Herrian gaur egun daukagun aktore onenenetarikoa da. Lan zaila zeukan obra honetan eta oso ondo egin du. Beste aktore batzuekin lehen aldia izan da, baina guztiekin antzeratsu gertatu zait. Iñigo Aranburu komedian sekula ikusi gabea nuen eta oso ona iruditu zait. Iñigo Azpitarterekin “Sisiforen paperak” lanean aritu nintzen aktore moduan. Oso pertsonala da eta eszenara ekartzen ditu bere kolore horiek. Oso gustura eta pozik aritu gara denok elkarrekin”, kontatu du.

      Batez ere komedian dauka jarrita begia Tentazioa konpainiak. “Klikowski”, “Martin”, “Kutsidazu bidea Ixabel”, eta “Erlauntza” ikus-entzunezkoak sortu dituzte, besteak beste. Interprete bezala aspaldi komedia egin gabea zen Gabilondo. Eskertu egin du. “Komedia egiten ondo sentitzen zara eta bizitzako hainbat gertaera ulertzen laguntzen dizu”, esan du.

      Aktore bakarrik ez, zuzendari lanak ere egin ditu oraingoan. “Erabaki ezinda ibili nintzen zuzendari eta aktore lanak, biak, egin ala ez. Kanpoan eta barruan ibili naiz lehen aldiz neure bizitzan. Asko gozatu dut. Sara Cozar izan dut zuzendari laguntzaile eta kanpoko begirada behar izan dudanean bera igotzen zen eszenara mugimenduak, erritmoa, tonua... lantzeko. Aktore moduan barruan ere banengoen, eta horrek erraztu egin dit zuzentzea”, adierazi du Mireia Gabilondok.