Anbiguoa eta ihesbidez betea
Josu Lartategi
Deia, 2006-03-21

Liburua: Desio izeneko tranbia

Egilea: Tennesse Williams

Euskaratzailea: Xabier Paya

Argitaletxea: Alberdania / Elkar

Urtea: 2005

      Literatura Unibertsaleko 114. ale honetan dugun obra gogoangarria da oso, sakona fondoz baina arina formaz, kitzikagarria, amaitu arte begirik kendu gabe irakurtzen den horietakoa. Tennesse Williams iparramerikarraren lan agian ezagunena dugu honakoa, antzezlanagatik zein filmagatik. Zentzu horretan, nire iritzia da Marlon Brando eta Vivien Leigh mitoengatik izan ez balitz A Streetcar Named Desire antzezlana ez zela den bezain sonatua izango. Filmak dio sona eman, nik uste. Neuk behintzat Brando ikusten, bisualizatzen dut, Stanley Kowalski bortitz eta zuzenaren agerpen guztietan; eta berdin jazotzen zait Blanche DuBois misteriotsuarekin, Leigh dakusadala ezinbestean.

      Bat nator Xabier Payá itzultzaileari irakurri diodan aburu batekin, alegia, harrigarria iruditzen zaiola lehenagotik lan hau itzulia ez izana, den ezagunarekin eta interesgarriarekin. Egia, eta irakurterraza izanda, gaineratuko nuke nik, eta ematen duen jokoa emanda, nondik-tira ugari dituelako.

      Tennesse Williamsen lan honen bertuteak, hein berean, bere defektuak ere badira. Izan ere, Stanley eta Blanche pertsonaiak interesgarriak dira, argilun ugarikoak, baina gainontzeko pertsonaiak estaltzen dituzte. Argiaren eta ilunaren jokoa kitzikagarria da, batik bat ongiarekin eta gaizkiarekin zerikusirik ez duelako, baina nabarmenegia, hausnartuegia. Berdin New Orleans hiri errealaren eta Belle Reve etxalde ametsezkoaren artekoa, plantazioen munduko iragana eta askotariko jendearen oraina. Berdin sexualitatearen presentziarekin, edo ausentziarekin, dena delako azalazpikoa, dena delako desio sexual zapuztua.

      Defektuak defektu, Tennesse (edo Thomas Lanier) Williamsen lan honen zein beste gehienen zale amorratua naiz. Gogokoa dut piano tristearen presentzia hori, baita tronpeta soinua. Biak entzuten direla esaten zaigu, misteriotsuki, New Orleansen giroan baleude bezala, hormak eta kaleak eta teilatuak bezain berezko balitu bezala. Gogokoak ditut Stella eta Blanche, akabura heldu den munduaren azken hondarrak direlako ahizpa biak; eta Stanley Kowalski poloniarra, berriz, mundu berriaren oldarra, oldar geldiezina.

      Maite dut liburu hau bizitza anbiguotasun eta ihesbidez betea dagoelako. Blancheri bezala, neuri ere gogor pintatzen duten artistak gustatzen zaizkit, kolore deigarri eta osoekin, neuri ere sekula ez zaizkidalako arrosak eta pastelak gustatu, sasi-kolorezko pertsonak.

      Bide batez, Payáren itzulpenari buruzko kontu bat: ona da, hobe esanda egokia; hain egokia non itzulpenik ez dagoela ematen duen, hain lortua non lorpen horretan behin ere pentsatzen ez dugun. Itzultzaile bati egin dakiokeen kritikarik goxoena, beraz.