Editoreari kritika
Felipe Juaristi
El Diario Vasco, 2006-05-12

Liburua: Editorea

Egilea: Aitor Arana

Argitaletxea: Kutxa

Urtea: 2006

      Berritu egin dute Donostia Hiriko Kutxa Literatur Sarien irabazleen lanak argitaratzeko formatua. Oraingo liburuak ederragoak dira, erosoagoak, liburuagoak, azaletik begiraturik, bederen. Pozgarria da ikustea noiz edo noiz zerbait aldatzen dela gure literaturaren txokotxo txokolateroan, itxuraz bada ere. Pozgarria da jakitea oraindik badela gure artean antzerkiari eusten dionik, ez itxuraz soilik. Aitor Aranaren lan honek irabazi du Donostia Hiria Saria, antzerki sailean, eta hori ere pozgarria da, berarentzat batez ere.

      Idazle batek Espainia mailako sari garrantzitsu bat irabazi du eta kazetari ezagun bat etorri zaio elkarrizketa egitera. Kazetariak ez du ohiko elkarrizketarik nahi eta, zerbait berezia egite aldera, idazleak bere hurrengo liburuaren berri ematen dio. Liburuaren izena “Editorea” da. Kazetariak zirikatuta, idazleak editore jakin batekin izandako esperientzia negargarria kontatzen du. Lana polita da, Aitor Aranak aspaldi idatzitako politenetakoa. Elkarrizketa bainoago, monologoa dirudi askotan, baina halakoxeak izaten dira kazetariaren eta idazlearen arteko “elkarrizketa”k, gehienetan. Testuak indarra du, sekulako indarra, eta ahozko kontaerak ohi duen eraginkortasuna ere bai, zertarako uka. Interesgarria dela esatea ere ez dago sobera. Dena dela, lan honen balio literarioak alde bat utzita, liburua zirraragarria egiten da.

      Editoreen kritika dago liburuan, nabarmen eta agerikoa. Eta pozgarria da euskal literaturan kritikaren bidea ireki izana. Bide horretatik segituz, kritika daiteke euskalgintzaren politika, kultur politikarekin batera, sari literarioen baliorik eza, euskal idazleen artean sortu den konpetentzia, literaturaren beraren ahulezia, edo ez deusa, eta beste gai asko ere bai.

      Zain gaude.