Erabat eta zeharo?
Ibon Egaņa
Berria, 2006-05-14

Liburua: Editorea

Egilea: Aitor Arana

Argitaletxea: Kutxa

Urtea: 2006

      Euskal literaturaren argitalpen bidea euskararen eta kulturaren aldeko lan militante izatetik pixkanaka beste edozein hizkuntza “normalizatutan” bezala industria bat izatera igarotzearekin (bere botere-lehiekin, diruzaletasunekin, ezinikusiekin eta nagusikeriekin) kezka eta ezinegona sortu da zenbait idazlerengan, eta baita errealitate hori kritikatzeko beharra ere. Esanguratsua da, eta zer pentsatua eman behar lukeena, denbora tarte laburrean Ur Apalategiren Gure gauzak S.A. eleberria eta Aitor Aranaren Editorea antzezlana argitaratu izana, biak ere esperientzia pertsonal zuzen nahiz zeharkakoago baten ondorioz sortuak eta biak ere euskal literatur eta kultur sistemaren fikzio bidezko kritika zorrotzak. Kritika global, orokorragoa bata, editorearen figuran zentratua bigarrena.

      Fikzioa kritika sozialerako tresnatzat hartzean, ez da bakarra idazleari zabaltzen zaion bidea. Errealitate kezkagarri, higuingarri bat oinarri harturik testu fiktizio, autonomo bat eraikitzea erabaki dezake (Apalategik egin bezala), “benetako” gertakariak nahiz fikziozkoak nahastuz, pertsonaia errealak eta alegiazkoak tartekatuz. Horrelako testu batean, Gure gauzak S.A.-n demagun, nobelaren barne koherentziak eta sinesgarritasunak du lehentasuna, eta zilegi zaio hala idazleari hiperbolea, trufa, jolasa. Aitzitik, bestelako bidea hautatu du Aranak, sarreratik iragartzen baitu egileak antzezlan honetako gertakariak “erabat eta zeharo” daudela gertakari errealetan oinarrituta. Eta horrexek sortu dio irakurle honi lehen mesfidantza: ez ote zen aspaldi joan naturalismoaren garaia?; ez ote zen aspaldi xamar adostu errealitatearen errepresentazio errealistena ere kimera bat dela, eta memoriarik zehatzena ere, birkreazio perfektuena ere fikzio bat dela, konbentziozko irudikapen bat? Zertara dator orduan etengabe kontatzen den istorioa erreala dela azpimarratu nahia?

      Honek ez luke aparteko transzendentziarik idazleak berak obran zehar benetako garrantzia eman izan ez balio. Etengabe errepikatzen diren ideiak baitira istorioa erreala dela eta egiaren zati bat bederen bilatu nahi dela. Egiaren bilaketa eta errealitatearen erreprodukzio erabat fidela lotuta agertzen dira Editorea-n, baina, literaturan, behintzat, aspaldi dakigu ez doazela biak batera. Premisa horrek eragiten du, besteak beste, antzezlan honetako gertakariak (maila pertsonalean larriak eta asaldagarriak izan daitezkeenak, zalantzarik gabe) anekdotatik harantzago ez joatea, istorioa erabat laua izatea eta interesa mantentzen badu ere, benetako jakin-minik ez piztea, ez irakurle honengan behinik behin.

      Idazlearen abiaburuko aitorpen horrek bezala, antzezlanaren antolamenduak ez du askorik laguntzen idazlearen kritika-asmoak gauzatzen eta antzezlanari gorputza ematen. Editoreekin esperientzia garratza izan duen idazlea eta hura elkarrizketatzen duen kazetaria dira pertsonaia nagusi eta ia bakarrak. Erabat aurrez adostua da beren arteko solasaldia, taxuz burutua bestalde, eta, beraz, ustekabe handirik ezin espero. Halaber, idazlea (Aranaren trasuntua, itxuraz) da editoreez, eta X editoreaz diharduena, haren ekintzak kontatuz eta epaituz. Editorearen makurkeria iradoki lezaketen eszena eta ekintza segidak irakurleari (edo ikusleari) eskaini ordez, egileak pertsonaia nagusiaren bertsioa soilik ematen du, bere hiztegian barra-barra (nire ustez era asaldagarrian) ongi, zintzo, jator, oker, bekatu, desegoki bezalako termino baloratiboak txertatuz.

      Ez da nire asmoa egileari editoreen lana kritikatzeko duen zilegitasun erabatekoa ukatzea; kontua da, baina, kritikaren eta asmo ustez errealisten faboretan fikzioaren ahala gutxiesten eta mutilatzen denean, herren egiten duela testuak.

      Fartsa bat egin izan balu agian…