Editorea
Aitor Arana
Editorea
Aitor Arana
Kutxa Fundazioa, 2006
Editorea
Aitor Arana
Kutxa Fundazioa, 2006
[aurkibidea]

 

(Ekitaldi bakarreko antzezlana da hau eta, ekitaldi osoa, eszenatoki erdibitu batean gertatuko da. Oihalezko edo kartoizko pareta moduko xume bat nahikoa da eszenatokia bi zati egiteko. Pareta bereizgarri hau ez da aurre-aurreraino iritsiko, pertsonaiak zenbaitetan batetik bestera mugituko baitira hala behar denean.

            Ezkerreko aldean mahai luzexka bat egongo da, sei lagun esertzeko modukoa, baina lau aulki bakarrik izango dituena, ikusleek bertako pertsonaia guztiak aurrez aurre ondo ikusteko moduan. Mahaia eta aulkiak modernoak izatea komeni da, dotore samarrak ahal bada. Bulego nahiz bilera-gela izateko moduko itxura eman behar zaio.

            Eskuineko aldean, berriz, bi mahai txiki egongo dira —edo gehiago, sartzen badira—, eta tabernakoak direla antzeman behar zaie, bina jarriko zaizkien aulkiei bezala. Taberna itxura areagotzeko, barreneko paretan taberna-sarrera bat marraz daiteke, dauzkagun baliabideen arabera. Erabiliko ez den mahairen batean maniki bikote bat jar liteke, tabernari itxura jendetsuagoa emateko.

            Eszenatokiaren bi aldeetan gertatuko dira ikuskizunak txandaka eta, beraz, alde bateko zein besteko argiak pizteko eta itzaltzeko modua izan behar dugu: aktoreak alde batean antzezten ari direnean, bestea itzalita edukiko dugu. Ilun geratutako aldean dauden aktoreek zain egon behar dute geldi eta isilik, beren aldeko argia berriz pizten den arte.

            Oihala altxatzen denean, taberna irudikatzen duen aldea egongo da argiztaturik. Bertan, ikusleengandik hurbilen dagoen mahaitxoan, idazlea eserita ikusiko dugu, norbaiten zain balego bezala. Kaleko jantzi arruntez dago jantzita, eta kikara zuri bat dauka aurrean, mahai gainean.

            Segundo batzuk geroago, kazetaria azalduko da barrengo ate aldetik —atea bera irekiz edo haren ondotik sartuz, baliabideen arabera—, eta idazlearengana zuzenduko da irribarretsu, eskua luzatuta. Beste eskuan karpeta bat eta grabagailu txiki bat dakartza. idazlea zutitu egingo da, eta pozik agurtuko du, eskua tinko estutuz)

 

KAZETARIA: Arratsalde on! Eneko zara, ezta? Eskerrik asko etortzeagatik.

IDAZLEA: Eskerrik asko zuri, deitzeagatik. (Lehenengo kazetaria eta gero idazlea eseriko dira mahaian) Pozik etorri naiz hitzordu honetara, Barria egunkariko kazetaria zarela jakin eta gero. Juan Jose deitzen zarela esan didazu, ezta?

KAZETARIA: Jota-jota, bai, zeharo jota nago-ta. (Esku bat altxatuko du, barkamena eskatzen duenaren moduan) Ez duzu barrerik egin behar, txikitako txiste zaharra da-eta.

IDAZLEA: Ongi, ongi... Zer hartu nahi duzu?

KAZETARIA: Garagardoa, baina... lasai. Neronek ekarriko dut. (Altxatu, eszenatokiaren eskuin aldetik desagertu eta pixka bat geroago agertuko da, garagardoa dakarrela. Berriro eseriko da)

KAZETARIA: Zorionak, Eneko, bene-benetan! Espainia mailako haur eta gazte literaturako Txalupa sari garrantzitsua irabazi duen lehenengo euskal idazlea zara. Hori ez da, gero, ahuntzaren gauerdiko eztula, e?

IDAZLEA: Eskerrik asko, neuk ere ez nuen asko espero...

KAZETARIA: Horixe esaten duzue beti idazleok, baina idazlana bidali bazenuen, seinale itxaropena zeneukana.

IDAZLEA: Egia da hori. Hala ere, badakizu zer esan didaten epaimahaikoek? Seiehun eta berrogeita hamar idazlan aurkeztu direla lehiaketan.

KAZETARIA: Ez dira gutxi! Hemengo idazleentzako aukera txikia izango zen, Espainiako eta gaztelaniaz hitz egiten den atzerrietako lan asko eta asko egongo ziren-eta.

IDAZLEA: Mordoka, ziur. Ez dut uste idazlan galegoak, euskaldunak eta katalanak hogei baino gehiago izango zirenik.

KAZETARIA: Eta, hala ere, saria etxera ekarri duzu. Zorionak, berriro.

 

(Isilaldi txiki bat sortuko da kazetariak grabagailua mahaiaren erdian jartzen duen bitartean)

 

KAZETARIA: Grabagailua piztu aurretik gauza bat esan nahi nizuke, Eneko. Edo, hobeto esanda, mesede bat eskatuko nizuke.

IDAZLEA: Nik egin dezakedan zerbait baldin bada... (Interesa piztuko zaio. Aulkian erosoago eta tenteago jarriko da) Esan, esan lasai...

KAZETARIA: Hara... Ez nuke nahi elkarrizketa hau betiko horietako bat izaterik. Egia esan, ez da nire asmoa Madrilen saritu dizuten liburuaz gaur zuri galderak egitea.

IDAZLEA: A, bada, horixe egingo zenuela uste nuen nik. Zein da zure asmoa, orduan?

 

(kazetariak garagardo pixka bat edango du azkar, horrek ekarriko duen isilaldi laburra pentsamendua ordenatzeko aprobetxatu nahi balu bezala)

 

KAZETARIA: Nola esango nizuke? Badakit hau eskatzeko eskubiderik ez daukadala, berez, baina... nik... elkarrizketa konprometitu bat egin nahi dizut, zuk onartzen badidazu, behintzat...

IDAZLEA: Konprometitua? (Aurpegian nabari zaio ez duela ongi ulertzen) Ez dakit zer esan nahi duzun...

KAZETARIA: Bada... Azken aldian hainbat aldiz irakurri dugu han eta hemen, idazle batzuen lumek idatzita, frustrazio moduko bat dagoela euskal idazleen sektore batean... Badakizu zer idatzi zuen Mendebaldeko idazle batek...

IDAZLEA: Pelotoiaren kontuaz ari bazara...

KAZETARIA: Bai, hori da. Kontua laburtuz esan genezake zuen artean hiru talde nagusi daudela edo egin daitezkeela, adinaren arabera-edo. Lehenengo, “behi sakratuak” esaten zaienak omen daude, jadanik gazteak ez direnak. Talde honetako gehienak Erdialdeko idazleak dira. Bigarren, “pelotoia” omen dago, gutxi gora-behera, hogeita hamar eta berrogeita hamar urte arteko idazleak hartzen dituena. Hauen artean zu zeu zaitugu. Eta, azkenik, “gazteak” deitzen dietenak daude, hau da, hogeita hamar urtetik beherakoak.

IDAZLEA: Bai, hiru talde edo multzo horien sailkapena egin zuen Mendebaldeko idazle hark.

KAZETARIA: Eta gehiago ere esan zuen, Mendebaldeko beste idazle batek Espainiako helduen sari nazionala irabazi zuenean duela urte gutxi.

IDAZLEA: Bai, gogoan dut: “behi sakratuek” sari hori lehendik bazutela esan zuen eta, orain, “gazteek” ere lortu zutela. Bien artan, “pelotoia” ezer eskuratu gabe dagoela adierazi zuen.

KAZETARIA: Eta zer irizten diozu zuk horri?

IDAZLEA: Hortik bideratu nahi duzu elkarrizketa hau? (Hatz batez grabagailua seinalatuko du) Oraindik ez duzu piztu grabagailua.

KAZETARIA: Ez, ez... Ez dut oraindik piztu nahi.

IDAZLEA: Ondo, nahi duzun bezala. Tira, kontu hori nire belarrietara iritsi zenean, edo begietara esan behar genuke, berehala etorri zitzaidan galdera bat burura: Mendebaldeko idazleak zergatik jarri zuen xede desiragarri eta erreferentzia gisa Espainiako sari nazionala? Zergatik ez zuen erreferentzia gisa hartu, esaterako, idazle bakoitzak inguruko erdaretara itzultzea lortu duen liburu kopurua? Edo zergatik ez, bestela, idazle bakoitzak Euskal Herri mailan bideratzea lortu duen “best seller txiki” kopurua? Zergatik hartu kontsolagarri edo eredu moduan Espainiako sari bat, eta ez Euskal Herriko bat edo Europakoren bat?

KAZETARIA: Galdera horren erantzuna denok asma dezakegulakoan nago ni.

IDAZLEA: Ez da nik planteatutako kontua, dena den, hau guztiau.

KAZETARIA: Ez, ez: neuk atera dut. Zuk orain, gainera, Espainiako sari bat eskuratu duzu eta, pelotoikoa zarenez, teoria hori pikutara joan da.

 

(idazleak kafe zurrutada bat hartuko du. Ondoren, grabagailuari begiratuko dio berriz)

 

IDAZLEA: Baina ez dirudi zure elkarrizketa bideratzen dugunik. Lehen konpromisoa eskatu didazu...

KAZETARIA: Hala da, bai... (Zutitu egingo da eta, eskuak poltsikoetan sartuta, bi itzuli txiki egingo ditu eszenatokian, urduri. Gero berriro eseriko da) Ez dakit, ordea, egin nahi dizudan galdera egiten asmatuko ote dudan.

IDAZLEA: Egiten baduzu, hitz ematen dizut zintzo erantzuten saiatuko naizela.

KAZETARIA: Ondo... Benetan eskertzen dizut...

 

(kazetariak esku bat poliki luzatu eta grabagailua martxan jarriko du. Hitz egiten hasi aurretik, eztul txiki bat edo beste egingo du. Honelako ekintza xume batek normalean behar lukeena baino denbora gehiago eskainiko zaio, ikusleen jakin-mina piztu edo areagotu nahian)

 

KAZETARIA: Badakizu Ekialdeko idazle batek Gure kontuak SA izeneko liburua kaleratu duela orain hilabete batzuk.

IDAZLEA: Bai, ezagutzen dut idazle hori. Eta aipatu duzun liburua irakurria dut.

KAZETARIA: Badakizu, hortaz, zein den haren gai nagusia, liburua irakurri duen edonork bezalaxe. Baina nik ez dizut gai nagusi horretaz galdetu nahi. Liburu horretan bigarren gaiaedo esan geniezaiokeenaz galdetu nahi dizut.

 

(Isilaldi labur bat sortuko da. bi gizonak elkarri begira-begira egongo dira segundo batzuetan)

 

IDAZLEA: Zein da, zure ustez, bigarren gai hori?

KAZETARIA: Editorea.

 

(idazlea isil-isilik zutituko da. Eskuak ipurgainean batuta, bizpahiru itzuli txiki egingo ditu eszenatokian. Gero, mahaira itzuli eta, eseri gabe hitz egingo du)

 

IDAZLEA: Editoreez dakidana esatea nahi duzu, hortaz?

KAZETARIA: Bai, elkarrizketa horren inguruan egitea onartzen badidazu, behintzat.

 

(Isilune labur bat izango da)

 

IDAZLEA: Nire erantzuna eman aurretik, egin diezazuket galdera bat?

KAZETARIA: Bai, noski. Nahi dituzun guztiak.

IDAZLEA: Zer da zehazki jakin nahi duzuna? Gu idazleon eta editoreen arteko harremana? Batzuekin ondo konpontzen gara, bistan da, eta beste batzuekin ez horren ondo...

KAZETARIA: Nik sakonago joan nahi dut, Eneko, badudalako kezka bat. Editore batzuek ez ote dute botere handiegia gure herrian? Ez ote diote, beren lanaren bitartez, euskal literaturaren beraren osasunari eragiten?

IDAZLEA: Hori beraiei galdetu behar zenieke... ezta?

KAZETARIA: Mesedez, Eneko... Busti zaitez! Bustitzen ez bazara, elkarrizketa arrunt bat egin beharko dizut, ia ezer berririk galdetu gabe zure lan sarituaz, galde daitekeena dagoeneko galdetua dizutelako. (Zutitu eta idazlearen ondoan jarriko da) Zure esperientziaren eta bizipenen berri ematen badidazu, aldiz, hautsak harrotzeko moduko elkarrizketa argitaratuko dugu eta, agian, inoiz pentsatu ez duen zerbaiten gainean pentsatzen jarriko dugu editoreren bat.

IDAZLEA: Ez, Jota-jota, sentitzen dut; nik ez dut inola ere hautsik harrotu nahi, eta orain ezin dut horretaz hitz egin.

KAZETARIA: Orain ezin duzula hitz egin? Zergatik esan duzu “orain”?

 

(idazlea, isilik eta burumakur, hiruzpalau urrats urrunduko da kazetariagandik eta, eszenatokiaren ezker aldeko iluntasunari begira, honela esango du segundo batzuk igaro ondoren:)

 

IDAZLEA: Bada... Gai horri buruzko liburu bat idazten ari naizelako oraintxe...

 

(kazetariak urrats bat egingo du aurrera idazleari hurbiltzeko keinua eginez, baina zerbaitez oroitu balitz bezala, mahai aldera itzuli eta grabagailua gelditu egingo du. Orduan bai, idazlearen ondora joango da)

 

KAZETARIA: Liburu bat idazten ari zara nik elkarrizketa honetarako nahi nuen gaiaz!

IDAZLEA: Zalantzaz idazten ari naiz, gainera; ez ezazula pentsa...

KAZETARIA: Zergatik zalantza handiz? Ez dizut ulertzen... Ekarpen interesgarria izan daiteke zurea, egiari estu-estu lotzen bazatzaizkio, noski.

IDAZLEA: Zalantzak ditut, bai, eta oso arrazoi sinpleagatik: nire ibilbide literarioaren hasiera-hasieratik desegoki jokatzen zuen editore batekin egin nuelako topo. Idaztea eta argitaratzea hasieran berez zaila izaten bada idazle gehienontzat, nik gainera garai hartan bere buruaz bakarrik arduratzen zen editore baten eragin txarrari aurre egin behar izan nion, eta horrela...

KAZETARIA: ...eta horrela ezinezkoa da zure liburua alaita eta goxoa izatea, ezta?

 

(idazlea isilik geratuko da. Erantzun isila, baiezko biribila)

 

KAZETARIA: Nola du izenburua liburuak, Eneko? Jakin dezaket? (Besotik helduko dio idazleari) Baina, eser gaitezen eta hitz egin dezagun lasai, mesedez. Beste kafe bat hartu nahi duzu? Nik ere hartuko dut.

 

(Erantzunik itxaron gabe, kazetariak edalontzia eta kikara hartu, eta eszenatokitik desagertuko da eskuin aldetik. idazlea, bitartean, eseri egingo da. Laster, kazetaria eskuetan bi kikara dakartzala itzuliko da. Eseri eta, idazleari kafea eman ondoren, tinko begietara begira geratuko zaio)

 

IDAZLEA: Editorea. Horixe da liburuaren izenburua.

KAZETARIA: Ezin uka iradokorra denik. Nola egituratu duzu?

IDAZLEA: Eleberria da. Ingurua eta giroa asmatuak dira, baina muina egiazkoa da.

KAZETARIA: Eta muina editorea da, noski... (Pausaldi txiki bat) Zer egin dezake gaizki edo zer egin dezake ongi editore batek, liburu baten izenburua merezi izateko, Eneko?

IDAZLEA: Ongi, gauza asko egin ditzakeela iruditzen zait, baina nik zoritxarrez ez dut horien berri; ez dut gauza on horiek ikusteko edo gutxienez sentitzeko aukerarik izan. Gaizki ere gauza asko egin ditzake, eta hori ez zait iruditu bakarrik egiten; ziurtasunez esaten dut, nik bertatik bertara ezagutu ahal izan ditudalako. Beste batzuen berri, beste idazle ba-tzuek eman didate.

KAZETARIA: Nola hasi zen zuen harremana?

IDAZLEA: Gizalegezko harremanik ez dugu inoiz izan, ordea; ez dakit gureari harremana dei dakiokeen ere. Tira, esan dezagun “lan harremana” izan zela gurea.

KAZETARIA: Nolako lan harremna? (Hatz batez seinalatuko du grabagailua) Jar dezaket martxan?

IDAZLEA: (Buruaz baietz adieraziko dio, poliki hitz egiten hasi aurretik) Lan harreman normala izan zen hura. Hemeretzi bat urte izango nituen, eta ordurako garbi nuen idazlea izan nahi nuela, nire lehenengo lanak argitaletxe hartan aurkezten hasi nintzenean...

KAZETARIA: Barka etetea, baina esango zenuke argitaletxearen izena?

IDAZLEA: Ez, ez... (Buruaz ezezkoa adieraziz) Egia esan, nire eleberrian inoren izenik argi jakinarazteko asmorik ez dut: nik ez daukat ezer argitaletxe horren kontra, bertan ari diren batzuen bidegabekeriaz eta axolagabekeriaz ari naiz; baita botere-gehiegikeriaz ere.

KAZETARIA: Ezer adierazten ez baduzu, ordea, zure mezua iritsi behar duen harengana iritsi gabe gera daiteke...

IDAZLEA: Ez dut uste hori guk biok berdin ikusten dugunik, jakin behar duenak gehienetan dakiena baino askoz gutxiago dakiela adierazten baitu. Dena den, argitaletxea Erdialdean dagoela esango dizut, beste asko bezala, eta hauen artean handienetakoa dela.

KAZETARIA: Zergatik erabaki zenuen hemezortzi-hemeretzi urterekin Erdialdeko argitaletxe handienetako batera jotzea?

IDAZLEA: (Irribarre atsegina erakutsiko du, oroitzapen onak berritzen zaizkionaren moduan) Nik orduan ez nekien ez handienetakoa ez txikienetakoa ote zen, baina maite nuen, bihotz-bihotzez maite nuen nerabezarotik irteten ari nintzen honentzako munduko libururik ederrenak argitaratzen zituelako euskaraz. Argitaletxe horren nerabeentzako eta helduentzako liburu guztiak maite nituen banan-banan. Eskuetara etortzen zitzaidan diru guztia gastatzen nuen, nagusiki, bilduma haietan eta, nire herrian aleren bat aurkitzen ez nuenean, bizikleta edo trena hartu, eta kilometroak eta kilometroak egiten nituen herriz herri, nirekoak baino liburudenda hobeen bila.

KAZETARIA: Liburuzaletu egin zinen, beraz, bilduma haiei esker.

IDAZLEA: Liburuzaletu, bai, eta hobea dena: literaturzaletu. Eta maite nituen bilduma haietan nire libururen bat argitaratuta ikusteko gogoa sortu zitzaidan. Izan ere, liburuak irakurtzen nituen neurrian, buruan liburu haietakoak bezalako istorioak sortzen zitzaizkidala konturatzen nintzen; batzuk eskasagoak, eta hobeak beste batzuk.

KAZETARIA: Beste argitaletxerik ba ote zegoen pentsatu gabe, (kazetariak eskua luzatuko du kikaren gainean, ondorio zuzena atera duela dakienaren keinua eginez) maite zenuen hartara jo zenuen zuzenean.

IDAZLEA: Bai, halaxe da. Loratzear zegoen nire bokazioaren atarian eta gaztetasun betearen bizipozak bultzata, bultzata eta itsututa, oso garapen zailekoa den bidean sartu nintzen.

KAZETARIA: Eta erantzuna? Ez da erraza inoren laguntzarik gabe lehenengo liburua argitaratzea.

IDAZLEA: Ez da erraza, ez. Niri, behintzat, gerta zitekeen normalena gertatu zitzaidan: aurkeztu nituen lehenengo bizpahiru idazlanek ezezkoa jaso zuten.

KAZETARIA: Zuzena ala okerra iruditu zitzaizun?

IDAZLEA: Zuzena. Eta, nola diren gauzak: une hartan bertan etorri zitzaidan argitaletxe hartan nire etorkizuna izan zitekeenaren lehenbiziko zantzua.

KAZETARIA: Zer gertatu zen? (Bizkarra aulkiaren bizkarraren kontra jarriz, erantzun erasokor bat espero duenaren moduan)

IDAZLEA: Nik hemeretzi urterekin, belarriak eta begiak zabal-zabalik nituela idazten ikasten gogotik saiatu, eta nire lanak argitaratzeko lehen urratsak egiten nituen bitartean, hamahiru urteko neskato batek bere lehen liburua argitaratu zuen nik begiz jota neukan bilduma kuttunean.

KAZETARIA: Baina merezimenduz argitaratu zuen, ala...

IDAZLEA: Ez daukat hori ziur jakiterik, argitaratze haren atzean zer edo nor mugitu zen ez dakidalako.

KAZETARIA: Badirudi, ordea, iradokitzen ari zarela...

IDAZLEA: Ez dut ezer iradoki nahi, datu bat eman nahi dut: (begi-begietara begiratuko dio kazetariari) neskato haren senitarteko batek lan egiten zuen argitaletxean.

 

(Isilaldi labur bat sortuko da)

 

KAZETARIA: Jakin dezaket emakume bihurtuko zen neskato hark gaur egun idazten duen?

IDAZLEA: Nik dakidala, ez. Dena den, esan nahi dizudana da gertakari hark agian ikusarazi behar zidala euskal argitalpenen mundua beste edozein langintza bezalakoa dela: ez hobea eta ez txarragoa.

KAZETARIA: Zergatik izan behar zuen hobea?

IDAZLEA: Arestian esan duzu ni pelotoiko idazlea naizela, ezta? Idazle multzo horretan, asko eta asko euskararen alde zerbait egin nahiak bultzatu gintuen idaztera; bultzatu eta bizitu. Hau da, inork guri halakorik baieztatu gabe, euskal kulturgintzako eragile guztiok, zu eta ni bezalako guztiok, sistematikoki zintzotasunez jokatuko genuela uste genuen, euskalgintzaren mesedetan eta euskararen normalizazioaren alde. Hori, urteek erakutsi diguten bezala, ez da horrela izan.

KAZETARIA: Eta harira itzuliz... (Eskua mahaiaren erdira zuzenduko du hatz bat luzaturik, harira itzultzearen imitazioa eginez)

IDAZLEA: Bada, harira itzuliz, gertakari hartan ez nuen ikusi boteretsuaren eskua ahaltsuagoa izan daitekeela langilearena baino.

KAZETARIA: Baina onartuko duzu zure lan haiek idaztean idazten ikasten ari zinela...

IDAZLEA: Onartzen dut, jakina. Onartzen dut eta beste datu hori jartzen dut ondoan, urteek ekarri zutena ulertzen lagundu dezakeela iruditzen zaidalako.

KAZETARIA: (Baiezkoa keinua, onarpen keinua, egingo du buruaz) Egin dezagun, beraz, urteetan aurrera.

IDAZLEA: Idazten jarraitu nuen eta, hasierako ezezko haien eraginez, argitaletxeak garai hartan antolatzen zuen literatur sariketa batean parte hartu nuen.

KAZETARIA: Eta lehenengo saria irabazi zenuen?

IDAZLEA: Bai, eta beste sari batzuk ere bai, beste lehiaketa batzuetan. Baina nire ustez, ez da hori gertakari horren daturik garrantzitsuena...

KAZETARIA: (Kolpean emozionaturik sentituz) Utzidazu pentsatzen, utzidazu pentsatzen! (Eskuak ipurgainean bilduta, eszenatokian atzera eta aurrera hasiko da, tarte motzean ibiliz. Gero, begiak argi-argi, mahaira itzuli eta zutik hitz egingo dio idazleari) Lehiaketa haietako epaileak, ez ziren argitaletxeko editoreak! (Kilikatuta)

IDAZLEA: Horixe da. Garbi gera bedi, dena den, editore haiengandik jasotako aholkuek, nire idazlanak zuzentzean ematen zizkidaten aholkuek, lan sarituak hobetzen lagundu zidatela, zalantzarik gabe.

KAZETARIA: Idazle asko daude, baina, lehenbiziko lanak sariak irabazi ondoren argitaratu dituztenak: ekialdeko idazleak, erdialdekoak eta mendebaldekoak...

IDAZLEA: Nik ez daukat ezer lehiaketen aurka. Nire kasuan, gainera, argitaratzen hasteko bidea zabaldu zidaten. Argitaratzen ez duten idazle gehienek, azkenean, idazle izateari utzi egiten diote, nahiz eta badauden argitaratu nahi ez dutenak ere. Lehiaketen inguruan iritzi ezberdinak daude, beharrezkoak diren ala ez galdetzen denean. Nik zalantzarik ez dut idazle askorentzat argitarabide ona direla.

KAZETARIA: (Eseri egingo da, poliki. Kafe apur bat edango du) Saritzen zizutena argitaletxean argitaratzen zenuen?

IDAZLEA: Bai. Gaur balitz, ez nuke horrela egingo, baina orduan benetan maite nuen argitaletxea... Ez dut ongi ulertzen nola bertako editoreek, profesionalak izanik, ez zuten ikusten nire bokazioa... hainbeste kasu ezagutu behar zituzten haiek... Eta nik, haiengandik ezezkoak ia etengabe jasotzen nituen arren, nire lan sarituak beren eskuetan jartzen nituen, nahiz eta handik kanpoko lehiaketetan sarituak izan, etxe hartako liburuak maite nituelako.

KAZETARIA: Nola gertatu ziren gauzak?

 

(idazlea zutituko da oraingoan, poliki eta lasai. Tarte txikia eginez, eszenatokian aurrera eta atzera egingo du)

 

IDAZLEA: Nire eleberriari izenburua ematen dion editorea argitaletxean hasi zen lanean, gutxi gora-behera, nik lehenengo liburua argitaratu eta gero. Kasualitatea izango da, baina gure harremana izango zenaren preludioa jo zuen, bere argitaletxean kaleratu zidaten lehen liburu haren kontrako kritika eginez Argitasuna aldizkarian.

KAZETARIA: Gaizki hartu zenuen, Eneko?

IDAZLEA: Nire lanbide honetan bi gauza eskertu behar ditut argi eta garbi: lehena, bokazio handiko idazlea naizela eta, bigarrena, kritika onak eta txarrak datozen bezala hartzen dakidala. Idazle batek ezin du inola ere pentsatu ez diotenik libururik inoiz atzera botako, ezta “kritika txarrik” jasoko ez duenik ere.

KAZETARIA: Editorea, hortaz, lanean hasi zen “zure” argitaletxean...

IDAZLEA: (Berriro eseriko da, eta eskuin eskuko bost hatzak ezker eskuko bostekin batuko ditu puntetan) Ni orduan neure etxean bakarrik bizitzen jarrita nengoen. Artean idazle ezaguna ez banintzen ere, ordurako garbi neukan idazletza nire lanbide egin nahi nuela, eta hartan jarrita neuzkan nire indar guztiak. Garrantzizkoa iruditzen zait argitzea orduan bakarrik bizi nintzela, eta euskal hiriburuetatik urrun, hau da, harremanik ia batere ez neukala eta urteetan ez nuela edukiko, ez beste idazle batzuekin, ez euskalgintzako jende askorekin.

KAZETARIA: Ikusten dudanez, garbi geratzea nahi duzu argitaletxearekin eta zeure lanarekin bakarrik, edo ia bakarrik, zeneuzkala harremanak garai hartan. Baina ez dut ondo ulertzen hori. Zergatik ez zenuen jotzen beste argitaletxe batzuetara?

IDAZLEA: Jo nuen, baina oso neurri txikian. Orain, denborak ematen duen perspektibaz begiratuta, nik ere ez dut oso ondo ulertzen neure burugogorkeria, tema, itsukeria edo zena zelakoa. Baina, ez al da beti esaten maitasuna itsua dela? Ez dut beste arrazoirik ikusten.

KAZETARIA: Lehen esan duzu, bai, argitaletxea zein neurritakoa zen jakin gabe ere, bertako bildumetan argitaratu nahi zenituela lanak...

IDAZLEA: Eta, egoera hartan, nire arrosarioa hasi zen, edo nire gurutze-bidea, edo deitu nahi duzun bezala. Nirea erantzunik gabeko amodio sutsua izan zen, horratik. Nik ez nuen nahi lan sarituak bakarrik argitara ziezazkidaten; lehiaketetan aurkeztu gabeak ere kaleratu nahi nituen bide normaletik.

KAZETARIA: Eta ezezkoak jasotzen jarraitu zenuen...

IDAZLEA: Bai, eta bitxiena dena: editorea argitaletxean hasi zen bere liburuak argitaratzen, baina ez lauzpabost hamabost urtean, ez pentsa! Badaiteke hogeita hamar edo gehiago edukitzea, den-denak editore lana egiten duen etxean kaleratuak.

KAZETARIA: Hori, Eneko, ez dakit zuzena den, baina zilegi behintzat bada.

IDAZLEA: Barka, Jota-jota. Nik oso ezaguna dut historia hau eta ez dizut jakinarazi datu garrantzitsu bat, gauzak kontatzeko presarekin. (Arnasa sakon hartuko du) Editoreak nire lan gehienei ezezkoa ematen zien bitartean, bereak bolo-bolo kaleratzen zituen, esan dizudan bezala. Beno, bada... nik irakurri egiten nizkion, eta ez nuen ulertzen gertatzen zena, nire moduan, berak ere idazlan onak eta ez hain onak sortzen baitzituen.

KAZETARIA: Ulertzen dut. Zure ustez, zuri ezartzen zizun galbahea ez zion ezartzen bere buruari. Baina onartuko didazu oso eztabaidagarria izan daitekeela hori edo, are gehiago, zure iritzi soila izan litekeela.

IDAZLEA: Horrexegatik, zure hitzak arrazoizkoak direlako, beharrezkoa da historia honen hurrengo kapituluan sartzen hastea. (Berriro zutituko da ibilaldi txikiak egiteko) Hori baino lehen, ordea, utzidazu beste datu bat gehitzen.

KAZETARIA: Eskerrak grabagailua piztuta daukagun, e? Horrek nire liburuak baino errazago jasoko du informazio guztia.

 

(idazleak irribarre egingo du Hizketan jarraitu aurretik)

 

IDAZLEA: Zure ustez, zergatik kontatzen dizut hau guztia?

KAZETARIA: Ui! (Harridura aurpegia jarriko du) Ez nuen nik orain horrelako galderarik espero. Beno... Nik elkarrizketa konprometitu bat eskatu dizut eta...

IDAZLEA: ...eta nik, ezer baino gehiago, bidegabekeria baten berri eman nahi dizut... (aurrera pixka bat makurtuta hurbilduko da mahaira) Euskal literatur sorkuntza neurri batean bere esku daukan editore batek egin behar ez lukeena adierazi nahi dut, bertatik bertara bizi izanda gainera, bidegabea eta okerra iruditzen zaidalako. Inor ez bada ausartzen okerra dena ikusarazten berriro gerta ez dadin, behin eta berriz gertatuko da oker hori. (Berriro eseriko da eta jadanik hutsa dagoen kikara alde batera baztertuko du) Horregatik, hurrengo kapituluan sartu aurretik, xehetasunetan sartu beharra dago.

KAZETARIA: Esan, mesedez...

IDAZLEA: Gure editoreak, jende aurrean inoiz egin behar ez diren gauzak behin eta berriz egiten ditu, horretarako baimen berezia duela-edo pentsatuko balu bezala.

KAZETARIA: Adibidez? (Jakin-minez)

IDAZLEA: Idazleekin haien lanez hitz egiten duenean, ez die begietara ia inoiz begiratzen. Oso nortasun-adierazgarri txarra da hori!

 

(Hitz hauek entzun ondoren, eszenatokiaren ezkerreko aldea piztuko da. Bertan, x editorea dago mahaian jarrita, aurrean paper sorta bat duela. Alkandora urdinez eta krema koloreko prakez dago jantzita; larruzko zapatak daramatza.

idazlea tabernako mahaitik altxatu eta editorearengana abiatuko da. Orduan eszenatokiaren eskuin aldeko argia itzaliko da. idazlea editorearen ondoan eseriko da, mahaiaren izkina batean)

 

X EDITOREA: Zure nobela ondo hasten da, baina laster galtzen du interesa. (Hitz egin bitartean, editoreak paperei begiratzen die eta, tarteka, mahaian marrazkitxoak egingo ditu: barregarri samar nabarmenduko da ez diola idazleari aurpegira begiratzen) Nik esango nuke batere literaturtasunik ez duela eta irakurleari eskuetatik eroriko zaiola. (Orduan bolaluma lurrera eroriko zaio, eta hizketan jarraituko du burua mahaipean daukanean ere. idazleak, publikoari begira, begiak eta eskuak zabalduko ditu, sorbaldak altxatzeaz batera) Sinesgarritasun arazoak ere baditu zure lanak, eta ez du lortzen irakurlea bereganatzea. (editoreak paperetan oharrak idazten jarraituko du. Halako batean, idazleari begiratuko dio, laster berriro paperetara itzultzeko) Egizu aproba beste argitaletxe batean nahi baduzu...

 

(idazlea poliki zutitu eta kazetariarengana itzuliko da. Eskuin aldeko argia itzali, eta ezker aldekoa piztuko da)

 

IDAZLEA: Argitaletxeko editore batzuk erdialdekoak izanik, (kazetariari kontatzen jarraituko du, zutik eta eskuak mahai gainean jarrita) mendebaldeko eta ekialdeko sinonimoak ia sistematikoki baztertzeko joera dute. Seinale txarra.

 

(Argiak berriz aldatuko dira ezker aldekoa piztuta geratzeko. Han x2 editorea dago mahaian jarrita. Praka bakeroz eta artile finezko jertse argiz dago jantzita. idazlea berriro eseriko da mahai izkinan)

 

X2 EDITOREA: (Ahoskatu “yazo") Jazo, jazo, jazo!! (Besoak altxatuko ditu paperen gainetik, bere hitzen espresibitatea areagotuz) Zertarako erabili duzu hitz hau “gertatu” jatorra eta ezaguna hor dagoenean?

IDAZLEA: Tira, “agitu” ere hor dago...

X2 EDITOREA: Agitu? Agitu...? (Hitzari tonu barregarria emanez) Eta nork dauka aditz horren berri? Benetan esaten dizut, Eneko, hitzen maiztasuna erakutsiko lukeen mapa bat eduki nahi nukeela.

IDAZLEA: Bene-benetan esaten dizut “jazo” eta “agitu” “gertatu” bezain euskara batua direla.

X2 EDITOREA: Eta nik ez dizut hori ukatuko... Baina zuk ere ez duzu ukatuko Erdialdea euskal eremuz inguratuta dagoen lurralde bakarra dela, eta horrek gotorleku-edo bihurtzen duela. Normala da gotorlekuko hitzek lehentasuna izatea eta alde guztietara zabaltzea!

IDAZLEA: (Ezin du sinetsi entzuten duena. Publikoari begiratuko dio, begiak zabal-zabalik) Nolaaa...? (Harridura handiz ahoskatuta)

 

(Berriro egingo da argi aldaketa. idazlea tabernako mahaira itzuliko da)

 

IDAZLEA: Gure editoreak, ez idazle guztiekin baina bai batzuekin, neke handia du liburu bat onartzen duenean ere atsegina izatea edo, gutxienez, giza-legez jokatzea.

KAZETARIA: Izan ere, zuk lortu zenuen saritu gabeko liburu batzuk etxe horretan argitaratzea... ezta?

IDAZLEA: Bai, batzuk bai. Odolez ordainduak, beste hark esan zuen bezala.

 

(Argi aldaketa berriro. idazlea mahai handira itzuliko da. Bertan x editorea dago berriz)

 

X EDITOREA: Ikusten duzu, Eneko, (apaiz zuri baten moduko tonua emango zaie editorearen hitzei) baiezkoa eman dizugula eta zure lana han argitaratuko dugula. (Paperean han-hemenka marrazkitxoak egingo ditu. Ia ez dio idazleari aurpegira begiratuko) Egia esan, ez da beste munduko ezer, baina aktualitate handiko gaia ukitzen du eta... Gainera, zuzenketa batzuk egin dizkiot eta, onartzen badituzu, liburua oso egoki geratuko da...

 

(idazleak publikoari begiratuko dio, begiak zabal-zabalik. Ez du ezer esango oraingoan.

Argiak berriro aldatuko dira. idazlea berriro tabernara)

 

KAZETARIA: Hauek guztiak bekatu txikiak dira, Eneko...

IDAZLEA: Lasai, etorriko dira larriak. Hau kontatzen dizudanean nire kezka nagusia da, editoreak, lanpostu erosoa duelako eta asko dakiela uste duelako, ez duela lagun hurkoa errespetuz tratatzen..., gizatasunez..., gizalegez... eta hori editore batek ahaztu ezin duen urrezko araua da. Gogoan dut, honen harira, nola behin Gasteizera joan nintzen, propio editorearen hitzaldi bat entzutera. Ez ginen bost entzule baino gehiago bildu hitzaldira. Bada... badakizu zer esan zidan sarreran ikusi ninduenean?

KAZETARIA: Auskalo!

IDAZLEA: “Ni zu banintz, ez nintzen etorriko.”

KAZETARIA: Arraioa! Hori da esker ona!

IDAZLEA: Horixe da arazoa: benetan nik egin nuen bide luzea egitea ez zuela merezi pentsatuko zuen agian eta, ez dakit, baina beharbada pentsatzen zuena bota zuen besterik gabe. Niri sortu zidan desilusioa, ordea, handia izan zen han egoteko egin nuen ahaleginaren ondoren. Gizalegez jokatu balu, eskertu egingo zuen guztion presentzia.

KAZETARIA: Esan beharrik ez dago.

IDAZLEA: Beste egun batean zeharo harritu ninduen gauza bat egin zidan, eta benetan esaten dizut gure editoreak kortesiaren arrastorik ez duela pentsatzera eraman ninduela. Euskal Herriko Idazleen Elkarteko bilera batean geunden, eta urte hartako lanaren ordaina zen txekea ematen ari zitzaigun idazkaria idazleoi. Editorea ere han zegoen...

 

(Argiak aldatuko dira. Ezkerreko aldean x editorea eta idazkaria egongo dira. idazkaria mahaiaren mutur batean dago eta paper mordo bat eta ordenadorea dauzka aurrean. Editorea mahaiaz bestalde dago zutik)

 

IDAZKARIA: Eneko, mesedez, zatoz zure txekea hartzera. (Ahots atseginez)

 

(idazlea idazkariari hurbilduko zaio, eta honek txekea luzatuko dio. Baina, idazleak hartu baino lehen, editoreak hartu egingo du zenbatekoa den begiratzeko. Gero, idazleari emango dio. idazlea eta idazkaria publikoari begira geratuko dira, begiak zabal-zabalik. Garondo aldea orrazten ari balitz bezala esku bat buruan jarrita, editorea lasai-lasai aterako da eszenatokitik.

Berriro aldatu argiak. idazlea kazetariarengana itzuliko da)

 

KAZETARIA: Baina, inoiz ez dio inork ezer esan? Zerbait esango zioten noizbait, lankideek edo...!

IDAZLEA: Nik behin esan niona esan diezazuket. Egun hartan berarekin izan nintzen, lehendik argitaratuta zeuzkan bi libururi buruz galdeketa txiki bat egin behar niolako enkargatu zidaten lan baterako. Hantxe ari ginen eta bat-batean...

 

(Aldatu argiak. x editorea mahaiaren eskuineko muturrean dago. idazlea aurreko aldean eseriko da, publikoari bizkarra erakutsiz. Mahai gainean papera eta bolaluma dauzka)

 

X EDITOREA: Bai, bai! Nik lan hura idatzi eta berehala atzerrian erabili zuten, Hego Amerikan. Nik neuk itzuli nuen gaztelaniara...!

 

(Orduan, normala balitz bezala, editoreak hankak mahai gainean jarriko ditu idazlearen ondo-ondoan)

 

IDAZLEA: (Une batez editorearen zapatei begira geratuko da, ikusten duena sinetsi ezinik. Gero bolalumaz bi kolpetxo emango dizkio editoreari zapata batean) Aizu, galtzerdiak egunero aldatuko dituzu, ezta?

X EDITOREA: Ui! Barkatu! (Hankak mahaitik kenduko ditu ziztu bizian)

 

(Aldatu argiak. idazlea berriro kazetariarengana)

 

IDAZLEA: Eta, zoritxarrez, horrelakoak ez zaizkit niri bakarrik gertatzen: lankideei eta beste editore batzuei entzuna diet nola editoreak mahaia jotzen duen hatzekin bileretan, jendea harrituz, noski...

 

(idazleak hitz egin bitartean, esaten duena eszenatokiaren ezker aldean antzeztuko da. Horretarako, oraingoan bi aldeak egongo dira argiztaturik eta, mahaiaren inguruan, idazkaria, x editorea eta bi pertsona egongo dira. idazleak esan bezala, bilerako bi lagun hitz egiten ari diren bitartean —hizketaldia imitatu egingo dute, egiazko hitzik esan gabe—, editorea sapaiari begira dago, hatzekin mahaia azpitik jotzen)

 

IDAZLEA: ...edo berak hitz egin ondoren eta beste bat hizketan hasten denean, mahaitik altxatu eta alde egin du noizbait... leihotik begiratzera-edo...

 

(Hitzok esan bitartean, eszena horixe antzeztuko da ondoko aldean, poliki.
Gero itzali berriz ezker aldeko argia)

 

IDAZLEA: Beste batzuei entzuna diet, bilera batzuetan inori kasurik egin gabe, bere lana eta testuen zuzenketak egiten egoten dela bilera-mahaian bertan.

KAZETARIA: Eta zer dela-eta portaera hori?

IDAZLEA: Ez zara galdera hori egiten duen bakarra. Nire ustez, erantzuna bi hauetako bat da: edo ez da konturatzen egiten duenaz, edo besteak baino gehiago dela du beretzako. Besterik zer adieraz lezake, bestela, lagun hurkoarekiko errespetu falta handi honek? (Zutitu egingo da eta eskuak poltsikoetan sartuko ditu, kontakizuna tonu serioagoz jarraitzeko asmoz) Arestian esan duzu, Jota-jota, eta ni guztiz ados nago, hauek guztiak bekatu txikiak direla, beste testuinguru batean grazia ere egingo luketenak. Sinetsidazu, mesedez, honelako gauzak kontatzea berez gauza zatarra dela ulertzen dudala, are gehiago X editorea gurekin ez dagoenean. Beste erremediorik ez zait geratzen, ordea, hau guztiau sarrera moduan kontatzea baino, jarraian esango dizudana ulertu ahal izateko.

KAZETARIA: Zaude lasai, ulertzen dizut-eta. Ondo gogoratzen badut, hamabi bat urte egin zenituen maite zenuen argitaletxe batean argitaratu nahian, ezezkoak baiezkoak baino gehiago jasotzen, eta bitartean ikusten lanak atzera botatzen zizkizun editoreak, edo editoreek, ugari argitaratzen zituztela bertan zure idazlanen mailako testuak. Dena den, berriro esan nahi dizut hori erlatiboa izan daitekeela eta, edozein modutan, neurgaitza.

IDAZLEA: Zure azken baieztapen arrazoitsu honentzako, ordea, nik badut zer esana, laster jakinaraziko dizudan bezala. Baina, horri heldu aurretik, nire maitemintzearen bukaera nola etorri zen adierazi nahi dizut, editorea jabetu ere egin gabe eta, beraz, nire urruntzeari buruzko kortesiazko galderarik niri inoiz zuzendu gabe. (Pausaldi bat egingo du, pentsamenduak ordenatu nahian) Gero bekatu txikien osagarri eta editorearen desegokikeriaren tinkogarri diren bekatu larriak aipatuko dizkizut; nik dakizkidanak behintzat.

KAZETARIA: (Mahaian eserita, gorputza zutik dagoen editoreari zuzenduta eta hankak gurutzatuta) Ez dizut ukatuko interesa pizten didazula, Eneko. Espainiako saria irabazi duen zure idazlana interesgarria izango da, baina zalantzarik ez dut Editorea liburuak ere norbaiten interesa piztuko duela...

IDAZLEA: Nik dakidan bati begiak irekiaraziko balizkio...

KAZETARIA: Baina argitaletxearekiko urteetako zure maitasuna nola itzali zen kontatu behar zenuen...

IDAZLEA: Bai... (Eszenatokian argitasunaren barruko ibilaldi motzak egingo ditu atzera eta aurrera) Azken hilabeteetan X2 editorearekin izan nituen harremanak, eta ez horrenbeste X editorearekin. Kontua da, betiko ilusioarekin baina pixka bat nekatzen hasita, neska-mutilentzako idazlan bat aurkeztu nuela argitaletxean. X2 editoreak idazleei ezezkoak emateko garaian, asteak eta asteak uzten zituen lasai-lasai igarotzen, zeregin zatarra eta desatsegina denez ezezkoa ematea, idazleak guztiz urduri erantzunaren zain eta zain egon arren. Orduko hartan, aldiz, nahikoa arin deitu zidala onartu behar dut. Liburua atzera bota zuen. Beste bat aurkeztu nion eta hura ere atzera. Hirugarrena aurkeztu, eta hura ere atzera bota ez zuen bada! Zeharo harrituta nengoen, zer gertatzen zen ulertu ezinik. Bion arteko deserosotasuna, ulertuko duzun bezala, oso handia bihurtzen ari zen. Ni minduta nengoen egiaz, berak argitaratzen zuena irakurtzen bainuen eta ez baitzitzaidan iruditzen nirea hura baino eskasagoa zenik. Horregatik, nahiz eta berari aurkezteko beste liburu bat eduki, laugarrena, zertaz zen ere kontatu niona, bere eskuetan ez uztea erabaki nuen, eta Kataluniako lehiaketa batean aurkeztu nuen.

KAZETARIA: Euskaraz?

IDAZLEA: Euskaraz, bai, X2 editoreari aurkezteko neukan bezalaxe.

KAZETARIA: Eta zer gertatu zen?

IDAZLEA: Bada, estatu mailako lehiaketa hartan finalisten artean geratu zela eta, lehen saria irabazi ez arren, laster argitaratu zutela euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan. Gaur egun, urteak igaro diren arren, oraindik bizirik dagoen liburua da.

KAZETARIA: Zer esan nahi du horrek?

IDAZLEA: Salmenta duinak dauzkala urtero.

KAZETARIA: Horrek guztiak, jakina, editorearen aurrean zeneukan iritzia sendotuko zizun...

IDAZLEA: Argitaletxean gehiago originalik ez aurkeztea erabaki nuen. Baina ez pentsa liburu hura Katalunian argitaratu zidatelako bakarrik hartu nuela erabaki sendo hura: X2 editoreak X editorearekiko lankidetzan jarraian atzera botatako beste hiru liburuak Euskal Herriko beste argitaletxe batzuetan aurkeztu nituen, eta oraindik ere bizirik dauden liburuak dira; haietako batek, gainera, herri honetan irakurleen botoz ematen den sari bakarra jaso zuen.

 

(Isilune bat sortuko da)

 

KAZETARIA: (Oso pentsakor) Ulertzen dut zure egoera.

IDAZLEA: Zin egiten dizut triste eta minez atera nintzela argitaletxetik azken aldiz: urte gehiegi neramatzan maite nuenaren atzetik. Batek nahi ez badu, bik ezin dute elkar maitatu eta, komunikaziorik ez badago, adiskide moduan ere ezin dira geratu. Inoiz ez nuen gehiago etxe hartatik deirik jaso ezertarako. Hurrengo urteetan, bizpahiru aldiz saiatu nintzen kortesiazko oinarrizko harremana mantentzen baina, berriz ere, erantzunik jaso gabe.

KAZETARIA: Nolako ahaleginak izan ziren horiek?

IDAZLEA: (kazetariaren aurrean eseriko da berriz) Ongi iruditzen bazaizu, geroago erantzungo diot galdera horri. Haria galdu aurretik, nire egoera berriaren berri eman nahi dizut, horrek zerikusi zuzena baitu X editorearen jardunbidearekin, lehen aipatu dizkizudan bekatu larriekin...

KAZETARIA: Ongi, ongi. Aurrera, mesedez.

IDAZLEA: Argitaletxearekiko harremana bukatu, eta beste etxe eta editore batzuekin hasi nintzen harremanetan. Gaua egun bihurtu zen, nekea arintasun eta mina atsegin! Editore jator askoak aurkitu nituen orduan. Lanak han eta hemen ugari eta emankor kaleratzen nituen eta, normaltasunez kaleratzeak gehiago sortzeko eta hobeto lan egiteko kemena ematen zidan. Nire bokazioa, euria bizia hartuta, freskotuz eta loratuz joan zen. Baditut bereziki maite ditudan bost editore, hiru gizonezko eta bi emakumezko, eta pozik esango nizkizuke oraintxe haien izenak, baina ez litzateke zuzena izango eta isilean gordeko ditut. Horrela, poliki-poliki, ilusioz eta ikasteko gogoz lan egiten duten idazleei heltzen zaiena heldu zitzaidan: editoreek niregana jotzen zuten handik eta hemendik original eske, eta liburuak argitaratzeko atez ate joateari utzi ahal izan nion. Nerabezaroko nire ametsa betetzetik urrats bakar batera nengoela ikusten nuen...

KAZETARIA: Idaztetik bizi nahi zenuen zuk, maite zenuen lanetik bizi... profesionalizatu, hitz batean esanda.

IDAZLEA: Baina hori etorri bitartean, beste gauza garrantzitsu bat gertatu zen. (Kilikaturik hitz egiten dio kazetariari, zutik jarraitzen duela) Etxebizitzaz aldatu nuen, eta, poliki baina etengabe, beste idazle batzuekin harremanak izaten hasi nintzen. Orduan ikusi nuen idazle batek, eta bik, eta bostek... hamaikak!, (Ahotsa pixka bat goratuko du hitzei indarra eman nahian) X editorearekin nireak bezalako harremanak izan zituztela... eta argitaletxea utzi zutela banan-banan, nik baino pazientzia gutxiagorekin gehienek.

            Haietako batek jakinarazi zidan bi urte baizik ez zuela iraun trataera haren aurrean, eta harrigarria iruditzen zitzaion nik hamabi inguru iraun izana! Eta, bitxia dena: idazle horietariko gehienak, nire eta editorearen belaunaldikoak ziren... Adin handiagoko idazleak ere bazeuden, noski, editorearekin harreman mingotsak eta mingarriak izan zituztenak.

KAZETARIA: Zuk eta beste idazle horiek hitz egiten zenutenean, galdera bat etorriko zitzaizuen burura...

 

(Isilunetxo bat sortuko da, arnasa hartzeko bestekoa, eta jarraian biek batera esango dute:)

 

IDAZLEA ETA KAZETARIA: Zergatik?

IDAZLEA: Zergatik, zergatik...? (Pentsakor) Zenbat aldiz galdetu ote dugu hori erantzunik jaso gabe, editorea ez baita inoiz guregana erantzutera etorriko, jakina.

KAZETARIA: Nik erantzun posible bat daukat: editorea bere argitaletxean nahi adina argitaratzen ari bazen eta, aldi berean, idazle askoren maila bereko lanak baztertzen... bere buruari euskal literaturaren munduan lekua egiten ari zela pentsa daiteke.

IDAZLEA: Hori pentsa daiteke, bai jauna; nahita zein konturatu gabe ari zela pentsa daitekeen bezala. (Isilunea. Mahaian eseriko da berriz) Gauzak horrela, kontua da euskalgintzako jendearekin hasi nintzela ni harremanetan, ez idazleekin bakarrik. Horrela, poliki-poliki, nire hasierako garaietan irabazi nituen literatur sariketetako epaimahaikide batzuk ezagutu nituen urteen joanean, orain bat eta gero beste bat... Eta badakizu zer?

KAZETARIA: Ez dakit, baina honek editorearen bekatu larrietara eramango gaituela iruditzen zait.

IDAZLEA: (Hankak atzera bilduko ditu aulkipean gurutzaturik, ipurdia altxatzeko eta gorputza mahai gainean kazetariaren aldera hurbiltzeko) Epaimahaikide hauetako batek, Mendebaldeko kultura-gizona bera, sariketa batean editorearekin zeinen gaizki pasa zuen kontatu zidan. Hain gaizki pasa omen zuen, nobela saileko epaimahaikide izateari utzi zion betiko.

KAZETARIA: Ez dut ulertzen... Mendebaldeko kultura-gizon hau eta editorea epaimahaikideak ziren sariketa batean...

IDAZLEA: Bai. Mendebaldeko beste kultura-gizon batekin: euskaltzain batekin, hain zuzen. Hiru ziren epaimahaikideak, beraz.

KAZETARIA: Eta zer gertatu zen?

IDAZLEA: Hau guztia gertatu eta zazpi-zortzi urte geroago izan nuen honen berri, ez pentsa berehala jakin nuenik. Kontua da, xehetasunak ez dakizkidan arren benetan itsusiak izan omen zirelako, Mendebaldeko bi kultur gizonek nik urte hartan aurkeztutako idazlana saritu nahi zutela; editoreak ez. Ez dakit nire estiloa ezagutu ote zuen ala, besterik gabe, eleberria txarra iruditu ote zitzaion. Bide batez esanda, nobela horrek, gerora, ia urtero izan du edizio berri bat argitaratu zenetik... Laburtzeko esango dizut, berriz esango dizut, nahiz eta bi epaimahaikide nire idazlanaren alde egon, eta bat —editorea— aurka, eztabaida neurriz kanpokoa bihurtu zela, elkarrekiko errespetu-ezaren mugak gainditzeraino, Mendebaldeko kultura-gizon ezagun honek adierazi zidanez.

KAZETARIA: Zergatik baina?

IDAZLEA: Berriz ere galdera hori. Zergatik hirutik bi boto zituen lanaren aurka hain sutsu jokatu? Pista bat eman diezaguke ondoko gertaerak, nik ez baitut oraindik entzun zergatik horren erantzuna. (Zutitu egingo da, eskuak berriro atzealdean jarriz. Isilik egongo da segundo batzuetan, poliki ibiltzen hasten den bitartean) Erdialdeko idazle on batek esanda dakit, editoreak behin, gutxienez behin, Mendebaldeko idazle baten telefono-deia hartu zuela...

 

(idazlea eszenatokian zutik dagoela, eskuineko argia itzali eta ezkerrekoa piztuko da. Bertako mahaian x editorea isil-isilik ari da lanean paper batzuk irakurtzen, bolaluma eskuan eta hiztegi lodi bat eta telefono haridun bat ondoan dituela. Telefonoak jo egingo du)

 

X EDITOREA: (Bolaluma mahai gainean utzi eta telefonoa hartuko du) Bai, nor da?

 

(Orduan, eszenatokiaren ezkerreko aldetik, mendebaldeko idazlea sartuko da. Gizona zein emakumea izan daiteke, eta nahi bezala jantzita egongo da. Esku-telefono bat darama belarri ondoan jarrita eta ez dio, jakina, inoiz begiratuko x editoreari, leku ezberdinetan daudela pentsatzen denez. Eszenatokiaren alde ilunean dagoen idazleari ere ez dio inoiz begiratuko, han ez balego bezala)

 

MENDEBALDEKO IDAZLEA: Kaixo, editore! Mendebaldeko zure laguna naiz. Zer moduz?

X EDITOREA: Hementxe gizona, lan eta lan, beti bezala.

MENDEBALDEKO IDAZLEA: Ondo, ondo. Hori ona da osasunerako.

X EDITOREA: Gehiegi ez denean, bai. Zer berri dakarzu?

MENDEBALDEKO IDAZLEA: (Hitz egin bitartean, eszenatokian poliki-poliki ibiliko da hara eta hona) Begira... emankor idazten ibili naiz azken aldian eta, aurten ere mendebaldeko literatur lehiaketa horretan epaimahaikidea izango zaren jakin nahi nuen.

X EDITOREA: Bai, gizona. Aurten ere tokatu zait, bada, zeregin hori.

MENDEBALDEKO IDAZLEA: Nobela bat bidali dut nik lehiaketa horretara, eta horren berri zuk izatea gustatuko zitzaizula pentsatu dut...

X EDITOREA: Bai, gizona, nola ez bada! (Bolaluma hartuko du) Nola du izenburua zure lanak?

MENDEBALDEKO IDAZLEA: “Gauak eta egunak”. Zer iruditzen?

X EDITOREA: Oso izenburu polita. (Informazioa idatziko du)

MENDEBALDEKO IDAZLEA: Eta lehiaketarako ezizen moduan “Errege” jarri dut. Nahasketarik izan ez dezazun esaten dizut, badaezpada.

X EDITOREA: Ongi. Nire kontu, Mendebaldeko. Ahal dudana egingo dut.

MENDEBALDEKO IDAZLEA: Eskerrik asko, editore! Ondo-ondo segi eta laster arte.

 

(mendebaldeko idazlea eszenatokiaren ezker aldetik desagertuko da poliki, telefonoa itzali eta poltsikoan gordetzen duen bitartean. x editoreak telefonoa eskegi eta lanean jarraituko du. Aldatu argiak)

 

KAZETARIA: Baina... ez dut ulertzen! Nola sar daiteke idazle bat halako ur zikinetan? Eta nolatan onartu zuen editoreak? Halako dirutza handia zen saria, ala?

IDAZLEA: Sei mila euro, oker ez banago. Pezetatan izango zen orduan.

KAZETARIA: Ezinezkoa da kopuru horregatik bakarrik... Eta nola zabaldu zen kontu hau? Eragileek tentuz ibili behar zuketen inork ez zezan ezeren berri izan...

IDAZLEA: Inork ezeren berri ez? (Axolagabekeria-keinu bat egingo du) Ez dakit asko axola ote zitzaion hori gure editore ahalguztidunari...

KAZETARIA: Zergatik diozu hori?

IDAZLEA: X editorearen argitaletxean batek baino gehiagok izan zuen mugida honen berri, izan ere, editoreak harro eta sututa jakinarazi zuen, arestian aipatu dugun epaimahikide euskaltzainak ezer ez zekiela literaturaz, eta editoreak ez zekiela zer egiten ote zuen hark epaile lanetan.

KAZETARIA: Garbi dagoena da, asko dakiena beti dela X editorea...

IDAZLEA: Horretan zalantzarik ez izan. Ni naiz asko ez dakiena, egia esan, oraindik ez baitakit zerk eraman zuen editorea halakorik onartzera.

KAZETARIA: Eta Mendebaldeko idazleak irabazi zuen urte hartan?

IDAZLEA: Hori ez dakit ziur. Editoreak dei hau zein urtetan jaso zuen ziurtatu beharko genuke. Badakidana da Mendebaldeko idazlea sari hori irabazita dagoela noiz edo noiz.

KAZETARIA: Irabazita... edo bereganatuta. Tristea da gure kultur mundu txiki honetan horrelakoak gertatzen direla jakitea...

IDAZLEA: Bada, zoritxarrez ez da hori dena. (Pausaldia) Beste urte batean, beste lehiaketa batean ere epaimahaikide zegoen eta, nonbait, maila handiko idazlanik ez zegoela iruditu zitzaion eta... ezetz asmatu zer egin zuen?

 

(kazetariak ezezkoa adieraziko du buruaz)

 

IDAZLEA: Bere lankide bati esan zion lehiaketa hartan saritzeko moduko idazlanik ez zegoela eta, ea zergatik ez zuen lanen bat aurkezten, berak sartuko omen zion-eta lehiaketan...

KAZETARIA: Baina... Editoreak lehiaketan kalitatezko lanik ez zegoela baldin bazekien, horrek esan nahi du idazlanak aurkezteko epea bukatuta egongo zela.

IDAZLEA: Nik ere hala pentsatzen dut, ez dakit. Kontua da editorearen lankideak aurkeztu egin zuela, eta, noski, saria jaso zuela.

KAZETARIA: (Zer pentsatu ez dakiela, goibel) Nik ez nuen uste...

IDAZLEA: Nik ere ez, baina garbi dago gizakia beti dela gizaki, bere bertute eta miseriekin. Handinahia edo dirua dantzan dabiltzan lekuan...

KAZETARIA: Baina, badago ulertzen ez dudan beste gauza bat...

IDAZLEA: Bat bakarrik? (Mahaian eseriko da berriz)

KAZETARIA: Editorearen lantokian mugida hauen berri izan bazuten, bere nagusiek ere zerbait entzungo zuten, ezta? Ez ote zen hura une egokia botere-gehiegikeria gauzatzen duen langilea enpresatik botatzeko?

IDAZLEA: Enpresatik bota? Ametsetan, ala? Nik ezagutzen dudan editorearen azken bekatu larriak erantzunen bat ekarriko dizu, agian.

KAZETARIA: Ene! Zer ote dugu orain? (Begiak itxi, eta esku bat jarriko du aurpegian) Ez dakit jakin nahi dudan...

IDAZLEA: Zeu zara elkarrizketa konprometitua eskatu didana. Espainiako sariari buruz galdetu bazenit, aspaldi geundekeen etxean lasai-lasai afaltzen...

KAZETARIA: Egia. Denbora aurrera doa... Ni oso gustura nago, baina agian zuk joan beharra izango duzu.

IDAZLEA: Ez, ondo nago. Terapia antzekoa da egiten ari garen hau, Jota-jota adiskidea, eta eskerrak eman behar dizkizut.

KAZETARIA: Eskerrak nire grabagailua digitala den; orduetan egon daiteke grabatzen. (Eszenatokiaren eskuin aldera begiratuko du, kanpora, tabernako barrara begiratuko balu bezala) Beste zerbait nahi duzu?

IDAZLEA: (Barra aldera —eszenatokiaren kanpo aldera— abiatuko da, hitz egin bitartean mahaiko kikarak jaso ondoren) Bai, baina neuk ekarriko dut. Kafesnea hartuko dut.

KAZETARIA: Nik ere bai, mesedez.

 

(idazlea bi kikara beterekin itzuliko da, eta, mahaian jarriko ditu. Gero mahaian eseri eta azukrea nahastuko du poliki-poliki)

 

IDAZLEA: Nik ez dut uste nagusiek inoiz botako dutenik editorea; eta ez dakit bota behar luketen ere. Egia da, agian bere eraginagatik edo agian hainbat faktore elkartu zirelako, gure editore maitea “idazleak uxatzen” ibili zen aldiaren ondoren, argitaletxeak ez zuela lortzen argitaratzea euskal idazlan original interesgarririk —edo asko salduko zenik—. Argitaletxea urteetan egon zen ia titulurik eduki gabe, saltoki handietako “hamar salduenak” izeneko txokoan. Horren ondoren aldi berri bat etorri zen: “editorea eta idazle gazteak” deitu genezakeen aldia. Baina, desbideratu aurretik, natorren berriz harira. (Kikara hartu, kafesne pixka bat zurrupatu eta mahai gainean utziko du berriro, batere presarik gabe) Editorea izeneko nire nobela idazteko, argi ez neuzkan puntu batzuk argitzen, ustezkoak ziren beste batzuk egiaztatzen, eta datuak harilkatzen ibili naiz azken aldi luzean, testuari erabateko egiazkotasuna —eta ez uste hutsak— eman nahian. Horrek, jakina, idazle dezente, editore ez gutxi, eta kazetariren bat elkarrizketatzera eraman nau. Gauza desatseginak jakin ditut horrela, bidegabekeriaren emaitza direnak eta, azken batean, nire egia idaztera eraman nautenak. Denetan zatarrena eta desegokiena, ordea, Erdialdeko idazle kontsagratu bati editoreak egin ziona izan da.

 

(Eskuin aldeko argia itzali eta ezker aldekoa piztu. Alde horretako mahaian, x editorea hirurogei urte inguruko idazle batekin dago; mahaiaren izkina batean daude jarrita, eta idazlan bat aztertzen ari dira)

 

X EDITOREA: Sentitzen dut, baina ez daukagu zure lana argitaratzeko asmorik. Gure ustez ez da irakurleari interesatzen zaion gaia, eta eskuetatik eroriko zaio.

ERDIALDEKO IDAZLEA: Nola? (Harrituta) Esplikaidazu hori, mesedez.

X EDITOREA: Nobela historiko-kostunbrista izan nahi du zureak, baina akatsez josita dago.

ERDIALDEKO IDAZLEA: Adibidez?

X EDITOREA: Tira, bada... Hamazazpigarren orrialdean esaten duzu Europako halako lekutan garagardoa edaten zela halako garaitan, eta ez da egia...

ERDIALDEKO IDAZLEA: Nola ez dela egia? (Pazientziaz hitz egiten du) Ez duzu pentsatuko datuok kontsultatu gabe jarriko ditudanik nobela historiko batean, ezta? Beharbada ez duzu jakingo garagardo hori...

 

(erdialdeko idazleak “Beharbada ez duzu jakingo...” esamoldetxoa ohiturazko hitz betegarri edo muletilla errepikakor gisa erabiltzen du hitz egitean. x editoreak ez daki hori, eta hitz hauek literalki hartuko dizkio; horregatik, editorea idazlearekin pazientzia galtzen ari dela antzemango da)

 

X EDITOREA: Nola ez dudala jakingo? Zer esan nahi duzu horrekin?

ERDIALDEKO IDAZLEA: Zer esan nahi dudan? (Zer pentsatu ez dakiela begiratuko du, ez baitaki zer hartzen dion gaizki editoreak) Bada, besterik gabe, nobelan ipini dudan garaian garagardoa leku horretan edan egiten zela frogatu nahi dizut...

 

(editorea urduri zutituko da, eskuak poltsikoetan sartu, eta mahaia inguratuko du behin, duen urduritasunaren erakusgarri. Gero berriro eseriko da, eta paperei helduko die berriz. Une horretan erdialdeko idazleak eskuetan duen paper bat erakutsiko dio, lanaren zuzenketa batekin ados ez dagoela jakinarazteko)

 

ERDIALDEKO IDAZLEA: Hemen “mazurka” hitza ezabatu didazu... Beharbada ez duzu jakingo mazurka Masuriako herri-dantza bat dela, erromantizismo garaian Europan zehar hedatu zena.

 

(editoreari begiak zabaldu eta masailak puztuko zaizkio, haserrearen haserrez lehertzear dagoenari bezala)

 

ERDIALDEKO IDAZLEA: Ez dut horrekin esan nahi mazurka zer den ez dakizunik, gizona... (editorea lasaitzeko ahaleginean) Hitz egiteko modua baino ez da...

X EDITOREA: (Haserre zutituko da, idazleari goitik behera begiratuz) Garbi gera dadila nik asko dakidala! Nola ez dut jakingo, bada, mazurka zer den! Zer uste duzu, ezer ez dakien norbait nire lanpostuan egon daitekeela...?

ERDIALDEKO IDAZLEA: Baina nik... (Ahots estuz)

X EDITOREA: Alde egin ezazu bulego honetatik, mesedez! Ez dut uste gure lanak ezer onik dakarkigunik!

ERDIALDEKO IDAZLEA: Nola? Ni kanpora bidaltzen ari zara? (Sinetsi ezinik eta haserretzen hasita) Ez dut egundo zurea bezalako jarrerarik ikusi. Ez duzu uste lasaitu eta hitz egin...

X EDITOREA: Mesedez, hemendik joateko eskatzen ari naiz... (Esku bat ate aldera seinalatuz luzatuta)

ERDIALDEKO IDAZLEA: Halakorik, gero! (Paperak bildu, horretarako daukan karpetan sartu, eta eszenatokiaren erdialdera ibiliko da)

 

(Argiak aldatu egingo dira, baina eszenak erdialdeko idazlearen eskutik jarraituko du)

 

ERDIALDEKO IDAZLEA: (Bere baitarako ari balitz bezala) Bizitza osoan ez didate honelakorik egin. Baina zer errespetu falta da hau, gero? Hamaika holako...

 

(Poltsikotik esku-telefonoa aterako du. Karpeta barruko paperetan begiratu, eta zenbaki bat markatuko du)

 

ERDIALDEKO IDAZLEA: (Pixkatxo batean itxaron ondoren) X argitaletxea al da? Zuzendariarekin hitz egin nahi nuke, mesedez. Bai, itxarongo dut, eskerrik asko... (Lauzpabost segundo pasatzen utziko du) Zuzendaria zara? Baita zuri ere. Begira, zuen argitaletxeko atarian nago eta... (Pausaldi bat) Ez, ez, ezin naiz igo, eskerrik asko... Kontua da zuen editorearekin egon naizela oraintxe eta... (Pausaldia) Bai, bai, gaztearekin, X izenekoarekin... Nire idazlan bat zuzentzen ari ginen eta, kalera bota ez nau bada! Horrelakorik sinestea ba ote dago...? Gazte horrek ez du eskubiderik jendea honela tratatzeko! Ez gara txakurrak edo alfonbrak, hankapean edukitzeko. Nik... (Eteten dutenaren pausaldia) Bai, ondo egongo litzateke zuk berarekin hitz egitea... (Pausaldia) Ondo da, zure deiaren zain geratuko naiz... Agur, agur...

 

(Isilik eta lurrari begira, erdialdeko idazlea eszenatokitik aterako da ezker aldetik, esku-telefonoa poltsikoan sartu ondoren. Argia itzaliko da eszenatokia segundo batzuetan ilun geratuz.

Ezkerreko argia izango da geroxeago piztuko dena. Betiko mahaiaren gainean mahai-oihal bat eta loreontzi bat daude, lekua orain norbaiten etxea balitz bezala. Telefono bat ere egongo da bertan. Argia piztu eta berehala, telefono-txirrina entzungo da. erdialdeko idazlea, etxeko bataz eta neguko zapatilez jantzita eta eskuan liburu bat duela, aparatoa hartzera azaldu da. Telefonoaz bestaldekoaren ahotsa publikoak aditzeko moduan entzungo da)

 

ERDIALDEKO IDAZLEA: Bai, esan?

ZUZENDARIAREN AHOTSA: Erdialdeko idazlea? Egun on... Argitaletxeko zuzendaria naiz... Ez da hitz egiteko momentu txarra izango?

ERDIALDEKO IDAZLEA: Ez, lasai; irakurtzen ari nintzen. Zuzendariaren ahotsa: Deituko nizula esan nizun eta...

ERDIALDEKO IDAZLEA: Bai, benetan eskertzen dizut.

ZUZENDARIAREN AHOTSA: Hara... Aipatu zenidan editorearekin hitz egin nuen atzo arratsaldean eta, berak dioenez, ez da egia bulegotik bidali zintuela...

ERDIALDEKO IDAZLEA: Nola ez dela egia? (Harrituta eta berotzen hasita) Zuk uste duzu nire adineko gizon batek zugana joko lukeela honelako kontu batekin egia ez balitz...

ZUZENDARIAREN AHOTSA: Nik zuri entzun nizun, editoreari ere entzun diot, eta ez dut uste gezurretan ari denik... Oso gizon langilea da gure editorea, asko dakiena, gainera, eta nik berari sinesten diot.

ERDIALDEKO IDAZLEA: Oso langilea izango dela (Ahotsa goratuz joango da) dudarik ez dut. Eta asko jakingo duela ere ez dut zalantzan jartzen... Baina nortasun arazoren bat izango du, edo nik ez dakit zer, beste pertsona bat ni tratatu nauen bezala tratatzeko, aizu!

ZUZENDARIAREN AHOTSA: Sentitzen dut. Nik egoeraren berri eman dizut. Ondo izan eta beste bat arte.

ERDIALDEKO IDAZLEA: Beste bat arte? Zuk uste duzu zuen etxera itzuliko naizela gezurtia deitu didazunean?

ZUZENDARIAREN AHOTSA: Agur.

ERDIALDEKO IDAZLEA: (Telefonoa belarritik kenduta) Hau marka! Lehenengo, tratu txarra hartu, eta orain, gainera, gezurtia naizela entzun behar...! (Kolpe etsipengarri batez eskegiko du telefonoa. Argia aldatu egingo da)

KAZETARIA: Arrazoia zenuen: gertaera honek garbi erakusten du enpresak ez zuela editorea kanporatzeko asmorik, nabarmena zenean idazleak gaizki tratatzen zituela.

IDAZLEA: Kanporatu gabe ere, agian nahikoa izango zen idazleekin zuzenean egotera behartzen ez zuen lanpostu batean jartzea... X editoreak ere jan beharra dauka, denok bezala. Dena den, Erdialdeko idazleak, haren guztiaren ondoren, bi hilabeteko depresioa izan omen zuen. Erraz esaten da! Ez dakidana da editoreak inoiz jakin ote duen hori, edo posibilitate horretaz inoiz gogoetarik egin duen.

KAZETARIA: (Eskumuturreko erlojuari begiratu ondoren) Duela ordubete inguru esan didazu kapitulu berri batean sartuko ginela. Zertan da hori?

IDAZLEA: Bai, egia. (Kafe zurrutada bat hartuko du) Bukaera aldera nator, egia esan. Baina, bukatu aurretik bizpahiru datu gehitu nahi nituzke. Ez dut hauek baieztatzeko aukerarik izan, gehienbat editoreak —bistan denez— inoiz ez didalako ez deitu ez deituko berarekin kafe bat hartzeko, oraintxe zurekin ari naizen bezala.

KAZETARIA: Zeintzuk dira? (Kafe pixka bat hartuko du)

IDAZLEA: Lehenengo eta behin, editoreak nire belaunaldiarekin eta beste batzuekin izandako jarreraren ondoren argitaletxeak idazle dezente galdu edo uxatu eta gero, lehenago aipatu dugun bezala, saltoki handietako argitaletxearen presentziak pisua galdu zuen nabarmen.

KAZETARIA: A, bai. “Hamar salduenen” kontua aipatu didazu lehen.

IDAZLEA: Hori da, bai, eta 90eko hamarkadaren lehen urteetan gertatu zela gogoratzen dut, 1997a bitartean, gutxi gorabehera. (Pausaldi txiki bat) Gero, bigarren datu moduan, editorea harreman berriak gauzatzen hasi zela iruditzen zait, hau egiaztatzerik izan ez dudan arren.

KAZETARIA: Zerk pentsarazten dizu hori?

IDAZLEA: Idazle berri eta gazte asko beren lehenbiziko liburuak etxe horretan argitaratzen ikusteak. Neskak eta mutilak ziren, denok bezala hasieran beste munduko ezer argitaratu ez arren, editorearen laguntza eta propaganda narbarmena jasotzen zutenak.

KAZETARIA: Hori ez da txarra. Norabide aldaketa on bat adieraziko luke editorearen jokabidean.

IDAZLEA: Horixe da nik pentsatzen dudana, baieztatzerik izan ez dudan arren. Eta arrazoia duzu: ez da txarra. Nahiago nuke nire belaunaldiak antzeko laguntza jaso balu editoreagandik, sano-sano eta jator-jator, jasotako zaputzaldien eta bidegabekerien ordez.

KAZETARIA: Baina Erdialdeko argitaletxerik handienetakoa den honetatik kanpo ere, zuk zeure bidea egin duzu, Eneko, eta hori ona da zeure lanaz egin baituzu aurrera.

IDAZLEA: Egia. (Irribarre egingo du, gorputza atzera botaz eta aulkiaren atzeko bi hanken gainean jarriz) Eta horrek ziurtasuna ematen dit, Editorea nobela idazten dudanean; berori idaztera bultzatzen nauena gorrotoa ez dela konturatzeko ziurtasuna, alegia. Besterik litzateke editorearen erruz bidean geratu banintz...

 

(Isilaldi labur bat. idazleak kazetariari begietara tinko begiratzen dion bitartean, aulkia ongi jarriko du berriz)

 

IDAZLEA: Gelditu grabagailua, mesedez. (kazetariak hala egingo du) Ba al dakizu zer esaten den editoreaz idazleen artean?

 

(kazetariak buruaz ezetz)

 

IDAZLEA: Badela idazle bat edo beste, haren bulegotik negarrez atera dena, hartutako tratu lotsagarriagatik.

KAZETARIA: Baina egia da hori?

IDAZLEA: Ez dakit. Legenda hiritar bat izan liteke, eta horregatik eskatu dizut grabazioa eteteko. Baina egia da editorearen jokaera desegokiak horrenbesterainoko hedadura izan duela.

 

(Isilaldi labur bat. kazetariak berriro martxan jarriko du grabagailua)

 

KAZETARIA: Eta zure urruntzearen ondoren, hainbeste urtez maiteminduta egon eta harreman luzearen ondoren alde egin eta gero, behin ere ez zizun deitu bi editore haietako bakar batek ere?

IDAZLEA: Behin ere ez. Hain gutxi axola nintzaien, urteetako harremanaren ondoren, bizi al nintzen galdetzeko bi letra ere ez ditut inoiz jaso. Eta argitaletxearen jokaera hori ere ez dut ulertzen bi arrazoirengatik: lehena, Espainiako argitaletxeek ere gure argitaletxe berezi honek baino errazago eta gizatiarrago mantentzen dutelako euskal idazleekiko oinarrizko eta gizalegezko tratu pertsonala. Eta bigarrena, nire hausturaren ondoren ere bazegoelako argitaletxeari lotzen ninduen gauza bat. Edo bi, hobeto esanda. (V letraren itxuran altxatuko ditu bi hatz kazetariaren aurrean)

KAZETARIA: Bi liburu?

IDAZLEA: Bai, jauna. Editoreen batere laguntzarik gabe aurrera zihoazen bi liburu: bata ia urtero berrargitaratzen zuten nerabeek oso gustuko dutelako, eta bestea bi urtetik behin-edo berrargitaratzen da neska-mutiko txikiei gustatzen zaielako.

KAZETARIA: Zer esan nahi du editoreen batere laguntzarik gabe aurrera joate horrek?

IDAZLEA: Beno, bada... Promoziorik ez egitea liburuei, nahiz eta besteen artean pixka bat nabarmendu... Edo urte asko igaro ondoren testuak ez eguneratzea Euskaltzaindiaren arauen arabera, nahiz eta liburuak hamar edizio edo gehiago izan... Edo editoreak ongi dabiltzan titulu horiek kanpoko hizkuntza ezberdinetara itzultzeko ahaleginik ez egitea, bereak katalanez etabar argitaratzen dituen bitartean... Horrelako gauzak.

KAZETARIA: Eta bi liburu haietaz baliatu zinen argitaletxearekiko harremana berriro sortzen saiatzeko?

IDAZLEA: Ez. Haien bitartez tanteatu nuen, idazle berriak bete-betean laguntzen zebilen editoreak zauri zaharrak ixteko asmorik ba ote zuen.

KAZETARIA: Baina onartuko duzu berak agian inoiz ez duela inorengan zauririk ikusi...

IDAZLEA: Kontatu dizudanaren ondoren, oso nekeza zait hori sinestea, baina bene-benetan sinesten dut gizakiak autodefentsarako ahalmen handia duela, eta ikusi nahi ez duena ez ikusteko trebetasun fina.

 

(Isilaldi laburra)

 

KAZETARIA: Egun batean, urteak pasata, editoreari dei egin zenion, orduan...

IDAZLEA: Bai, eta bi liburu haietako baten testua eguneratzeko komenigarritasunaz hitz egin nion, hamar urte baino gehiago zeuzkanez.

KAZETARIA: Eta zer esan zizun? /

IDAZLEA: Bada, lan hori egin behar genuela (hitz hau ahotsaz nabarmenduko du) esan zidala pentsatzen ari bazara, oso oker zaude. Testua zuzentzeko esan zidan eta, nahi nuenean, berriro deitzeko.

 

(kazetariak burua ezezko keinua eginez mugituko du, entzuten duena sinetsi ezin duenaren moduan)

 

IDAZLEA: Nik, pazientzia handiz, urtebete pasa itxaron nuen, beste editore batek agendan apuntaturik edukiko zuen kontu hartaz galdetzeko deitzen ote zidan ikusteko.

KAZETARIA: Eta ez zizun deitu, noski.

IDAZLEA: Bistan da.

KAZETARIA: Nik uste dut idazle batzuk ez zaretela pertsonalki bere gustukoak izango, eta horregatik baztertu zaituztela, Eneko...

IDAZLEA: Pertsonalki? Idazle bat bere itxura edo izate pertsonalagatik neurtu behar da, ala? (Bi segundo utziko ditu, galdera airean egon dadin) Nik uste nuen idazlea bere lanaren eta emaitzen arabera neurtzen zela, neurtu beharra baldin badago behintzat.

KAZETARIA: (Buruaz baiezko keinua egingo du, isilik) Eta zer gertatu zen orduan?

IDAZLEA: Kasualitatez, X eta X2 editoreek istripu bana izan zuten garai hartan. Batak hezur bat hautsi zuen, eta besteak kolpe handi bat hartu zuen aurpegian. Biei deitu nien etxera, zer moduz zeuden galdetzeko eta, bide batez, pertsonak garela ikus zezaten, eta ez zenbaki hutsak. X2 editoreak deia eskertu zuen eta hartan geratu zen dena.

KAZETARIA: Espero izatekoa zenez, bestalde...

IDAZLEA: Bai. X editorearen erreakzioa ezberdina izan zen.

 

(idazlea zutitu eta eszenatokiaren erdialdera aterako da. Argiak aldatu. Ezkerreko aldean etxe barruko dekorazioa ikusiko da berriz, telefono eta guzti. idazleak poltsikotik aterako du esku-telefonoa eta, berehala, etxeko telefonoaren txirrina entzungo da. Orduan x editorea etxeko bata eta zapatilak jantzita azalduko da telefonoa hartzera. Buruan benda zuri bat dauka eta sudur gainean tirita zabal bat)

 

X EDITOREA: Bai, nor da?

IDAZLEA: Kaixo, editore. Eneko naiz.

X EDITOREA: Eneko! Zure liburuaren zuzenketak begiratu behar ditugu, eta pentsatzen aritu naiz...

 

(idazleak telefonoa belarritik izter ondora eramango du. Argiak aldatu. idazlea kazetariarengana joango da, eta latinezko esaera ezaguna esango dio:)

 

IDAZLEA: “Excusatio non petita, acusatio manifesta.”

 

(kazetariak buruaz baiezkoa adieraziko du. Argiak berriz aldatu. idazlea eszenatokiaren erdira itzuliko da eta belarrian jarriko du berriz telefonoa)

 

IDAZLEA: Ez nizuke etxera igandez deituko, gaur den bezala, lan kontuez galdetzeko, editore; horretarako badira lan egunak. Istripua izan duzula jakin dut eta zer moduz zauden galdetzeko deitu dizut...

X EDITOREA: Ongi, ongi, eskerrik asko... (Urduri antzean) Ez da gauza handia izan...

 

(Argiak aldatu. idazleak telefonoa gordeko du eta kazetariarengan itzuliko da)

 

IDAZLEA: Urte hura bukatu aurretik, Jota-jota adiskidea, argitaletxera itzuli nintzen eta, bertako langile jator bati esker, bi liburu haien eskubideak berreskuratu nituen. Tristea da hau esatea, baina huraxe izan zen lehenengo aldia argitaletxe hartatik pozik atera nintzena.

KAZETARIA: (Esku bat luzatu eta idazlearen beso gainean jarriko du) Nola, nola? Langile jator horrek zure bi liburuen eskubideak itzuli zizkizun? Nola izan zen hori? Ez zeneukan kontraturik sinatuta?

IDAZLEA: Bai, eta kontratu haiek estu-estuan hartuz gero, bi liburuak betiko geratuko ziren argitaletxearen esku.

KAZETARIA: Orduan? Ez dut ulertzen...

IDAZLEA: Gertatzen dena da, jendeak gizalegez eta borondate onez jokatzen duenean, gauzak oso bestelakoak izaten direla. Hara: kontratuen ardura zuen langilearekin jarri nintzen harremanetan, eta liburu haien eskubideak berreskuratu nalii nituela adierazi nion, beste argitaletxe batek eskaintza interesgarri bat egin zidalako haien gainean. Eta hori egia da. Baina, era berean, argitaletxean nuen minaren berri eman nion editoreen izenik aipatu gabe, eta haiengan urteetan topatu nuen izotzak ere titulu haiek bertatik erretiratzeko erabakia hartzeko garaian pisu handia zeukala jakinarazi nion.

KAZETARIA: Mekatxis! (Irribarrez eta pozik)

IDAZLEA: Oso elkarrizketa atsegina izan nuen langile jator harekin eta, kontsultak egin ondoren, telefonoz deituko zidala esan zidan. (Isilaldi laburra) Nik, egia esan, ez nuen uste liburu haien eskubideak lehenengo ahaleginean itzuliko zizkidatenik, baina bai espero nuen kontratuak berritzea, eta liburuak argitaletxearen esku egoteko epea erdira murriztea. (Kikaran geratzen den kafesnea bukatuko du) Langile jator hark egun batzuen buruan hots egin zidan eta, ustekabe polita emanez, liburuaren eskubideak nireak zirela jakinarazi zidan, nahiz eta berak haietan interesa eduki eta konpetentziaren eskuetan jarri nahi ez.

KAZETARIA: Ua! Langile hura izan zen, hainbeste urteren ondoren, argitaletxeak zure lan batean interesa zeukala esan zizun lehenengo pertsona.

IDAZLEA: Bai, etxe hartan lanean bi urte zeramatzanean. Musu handi bat emateko gogoa sortu zitzaidan esker onez, baina ez nintzen ausartu, hartarainoko konfiantzarik ez neukanez.

 

(Isilaldi labur bat izango da. kazetariak gorputza atzera bota, eta besoak zintzilik utziko ditu)

 

KAZETARIA: Eta orain, Editorea nobela idazten ari zara... Zer pentsatuko dute horretaz argitaletxeko editoreek? Inoiz ez duzu jakingo...

IDAZLEA: Beraien aldetik ez, baina nik aurten X2 editoreari hots egin diot, urteetan hitz egin gabe egon ondoren, eta nobela horren berri eman diot.

KAZETARIA: (Aulkian tente jarriko da kolpean, eta begiak zabal-zabalik jarriko zaizkio ustekabearen eraginez) Zer esaten ari zara? Zergatik?

 

(idazlea, erantzun aurretik, zutitu eta berriro hasiko da eszenatokian hara eta hona ibiltzen)

 

IDAZLEA: Begira, Jota-jota... Bizitza honetan zerbait ikasi behar badugu, hori da arrazoia inoiz ez dagoela erabat alde batean bakarrik; edo ia inoiz ez. Gatazka bat sortzen denean adiskide artean, etxekoen artean edo politika mailan, bi aldeei hitz egiteko aukera eman behar zaiela, eta beti adi entzun behar direla esaten badizut, oso oinarrizko gauza esaten ari natzaizu.

KAZETARIA: Hori ez dakienak, gainera, beti sufrimendura eramango duten egoerak sortuko ditu; bai bere buruaren eta bai besteen kaltetan.

IDAZLEA: Horretan nago ni ere. Horregatik, X2 editoreari deitu nion, berarekin hitz egin beharra neukala esanez, eta hitzordua adostuko ote genuen. Oso garrantzitsua iruditzen zait “beste aldearen” ikuspegia islatzea nire idazlanean.

KAZETARIA: (Esku bat altxatuko du, hitz egiteko halakorik egin beharrik ez duen arren, umore ukitu bat-edo eman nahian) Zergatik X2-ri deitu eta ez X-i?

IDAZLEA: (Oso serio) Arrazoi sinple bategatik: hitz egiten dudan hari begietara begiratzea gustatzen zaidalako. X editorearekin ia ezin da horrelakorik egin; X2-rekin bai, eta horrek konfiantza eta hurbiltasun handia ematen dit.

KAZETARIA: Eta zer esan zizun X2 editoreak arazoa planteatu zenionean?

IDAZLEA: Ez zuen halakorik espero, baina gizatasun handiz entzun zuen. Bi ordu inguru egin genituen hizketan, txandaka hitz eginez eta elkarri arreta handia jarrita.

KAZETARIA: Eta? (Jakin-minez)

IDAZLEA: Editorea defenditu zuen, noski. Eta aditzera eman zidan pazientzia handia izan behar dutela idazleekin, hauen artean denetik dagoenez...

KAZETARIA: Hori ziur!

IDAZLEA: Idazle langileak omen daude, batetik, apalak eta jatorrak, eta, bestetik, idazle harroputzak; beraiek hiltzen direnean literatura hil egingo dela pentsatzen omen dutenak. Bi molde hauen artean, noski, denetik dago. (kazetariaren aurrean geldituko da eta irribarre egingo du) Badakizu zer aipatu zidan inoren izenik eman gabe? (Erantzuna itxaron gabe jarraituko du) Erdialdeko idazle bat haserretu-edo egiten dela, ikastetxeren batera neska-mutilekin literatur topaketa bat egitera joan eta bertako atezainak edo irakasleek ezagutzen ez dutenean. Kar, kar, kar! (Alai egingo du barre) Bitxia egiten zait norbaitek pentsatzea euskal literaturaz ezaguna edo ospetsua egin daitekeela... Ni ikastetxeetara joaten naizenean, beti aurkezten dut neure burua “gaur etorri behar zuen idazlea” esanez: batzuek ezagutzen naute eta beste askok ez. Inork ez dauka zertan ni ezagutu... eta laurogei idazle inguru gabiltza ikastetxeetan.

 

(Isilaldi laburra. idazleak oinez jarraituko du poliki-poliki)

 

IDAZLEA: X2 editoreak Ekialdeko idazlearen Gure kontuak SA liburua ezagutzen al nuen galdetu zidan eta baietz erantzun nion, idazle hori nire Editorea idazteko elkarrizketatu bainuen beste hainbatekin, libururako dokumentazio lana egitean.

KAZETARIA: Zer iruditzen zaio Gure kontuak SA?

IDAZLEA: Ez ditut zehatz-mehatz gogoratzen erabili zituen hitzak, baina narraskeria bat eta egin behar ez den gauza dela esan zidan. Hau aipatzean gehitu zuen ez zuela Ekialdeko idazlearen jarrera ulertzen, X2 editoreak ikusi duelako X editorea idazle hau laguntzen.

KAZETARIA: Eta nola? Nola lagundu du X editoreak Ekialdeko idazlea? Interesgarria da hori jakitea, ahalik eta irizpiderik independienteena eduki ahal izateko.

IDAZLEA: Bada... Haren testuak zuzenduz eta aholkuak emanez, Ekialdeko idazlea argitaletxean liburu bat argitaratzen ibili zen garaian.

KAZETARIA: Eta zuk zer uste duzu, Eneko? Editore batek idazle bati testuak zuzentzen dizkionean, laguntzen ari dela ala bere lana egiten?

IDAZLEA: Biak batera, beharbada. Eta egia da badaudela euskaraz behar bezain ondo ez dakiten euskal idazleak, orain horretan sartuko ez banaiz ere. Dena den, norbaitekin hitz egiten duzunean, ezin duzu nahi izan zuri dena onar diezazutela zuk ezer onartu gabe. Nik X2 editoreari onartu nion editoreak idazlea lagundu egiten duela zuzenketekin, idazleak ikasi egin baitezake haietatik. Hala ere, beste gauza bat ere esan beharra daukat: ez dut uste Ekialdeko idazleak Gure kontuak SA denborapasarako idatzi zuenik. Liburu horrek gertakari eragile handi bat dauka atzean, zalantza izpirik gabe.

 

(kazetariak tabernako sarrera aldera begiratuko du orduan)

 

KAZETARIA: Ene! Ilundu egin du-eta! Adiskidea, edo hementxe afaldu, edo etxe aldera mugitzen hasi beharko du.

IDAZLEA: Egia. Denbora luzea egin dugu bertan.

KAZETARIA: Baina ezin gara joan X2 editorea eta zu zertan geratu zineten jakin gabe...

IDAZLEA: Tira, labur esateko... (kazetariaren aurrean eseriko da berriz) Hiruzpalau gauza garrantzitsu eta azpimarragarri esan zizkidan. Bat: editoretza lanbide zaila dela benetan, eta nik sinetsi egiten diot. Bi: gizakiok miseria asko izaten ditugula, eta nik ere berdin pentsatzen dut. Hiru: beren argitaletxea enpresa bat dela, urtean hainbeste liburu atera behar dituena, eta ahazteko euskal literaturaren aldeko militantzia, eta nik hori ez dut konpartitzen. Eta lau: editore batek gustu pertsonalagatik egin dezakeela idazle baten alde eta ez beste baten alde, eta niri hori oso bidegabekeria itsusia iruditzen zait, dakizun bezala, idazleari lana epaitu behar zaiola pentsatzen baitut, eta ez mutila ala neska den, polita ala zatarra den, argala ala lodia den...

KAZETARIA: Egia... (Bi eskuak aho gainean eta sudur punta ukitzen batuta, pentsakor) Gauza jakina da, nagusiki, idazlearen eta editorearen arteko harremana lan-harremana dela, nahiz eta tarteka adiskidetasunak ere sortzen diren, zorionez. Editoreak ezin ditu “bere idazleak” aukeratu, lagunak edo maitaleak aukeratzen diren bezala: haien lanari erreparatu beharko dio, eta lan horren arabera jokatu gehienbat... Nik behintzat hala pentsatzen dut.

IDAZLEA: Horixe da, bada, gauza bat nik oraindik garbi ez dudana, eta hogei urte daramatzat idazten eta argitaratzen... (Pausaldi bat egingo du, ondoren berriro zutitzeko eta ibiltzeari ekiteko) X2 editoreak esan zidan azken gauza izan zen, dena den, gehien harritu ninduena: Editorea liburua argitaratu nahi badut, horretarako libre naizela esan zidan, baina bera ere libre dela nahi duena egiteko...

KAZETARIA: (Poliki zutituko da aulkia esku batez atzera mugitu ondoren. Gero urrats bat egingo du aurrera) Hori mehatxua da, Eneko...

IDAZLEA: Hori esan zidanean nik galdetu nion ea argitaletxeak zer kalte handiagorik egin diezaiokeen idazle bati, urteetan eta urteetan ezikusiarena egitea baino. Bere erantzuna izan zen: “Orain arte gure etxeak gazi-gozoak ekarri badizkizu, aurrerantzean agian gaziak bakarrik ekarriko dizkizu.”

KAZETARIA: Eta zer esan zenion orduan?

IDAZLEA: Argitaletxe horrek urteetan eman dizkidan gazigozoak parekatuta, berdinduta geratzen nintzela ni... Zero biribil-biribil batekin.

KAZETARIA: Zer egingo duzu, Eneko? Editorea argitaratuko duzu?

 

(Biak zutik daude, aurrez aurre, elkarri begira)

 

IDAZLEA: Argitaletxe eta editore ausartak aurkitzen baldin baditut, bai. Orain inoiz baino tinkoago, gainera. Mehatxu kulturala jaso dut... Orain atzera egingo banu, ez naizela garbi ibili edo zer ezkutatua dudala emango luke, eta ez dago halakorik.

KAZETARIA: Nire ustez, zure idazletzan kaltegarria izan daiteke hau guztiau. Ez nuke gaiztoa izan nahi, eta barka hala banaiz, baina merezi duela iruditzen zaizu?

 

(Isilaldi ez oso laburra. bi gizonak elkarri begietara begira daude)

 

IDAZLEA: Jota-jota... Arratsalde honetan hitz egin dugun guztia, honako hitz hauetan bildu genezake: gure kulturaren normalizazioan kultur sortzaile guztiok (hitza nabarmenduz) behar-beharrezkoak garen garai honetan, oraindik urte askotan militantzia kulturala eta hizkuntz-militantzia baztertu ezin dugun garai honetan, argitaletxe garrantzitsu batek, herriari esker leku pisutsua hartu duen batek, nire ustez nortasun-arazoak dituen editore berezi bat hartu, eta leku garrantzitsu eta erabakigarri batean jarri du. Badakit normaltasunez eta asmo txarrik gabe egindako gauza dela, baina denborarekin gure editore maiteak besteak baino gehiago dela pentsatu du eta botere-gehiegikeriak gauzatu ditu. Goitik ez da moztu arazoa, garrantzizko kultur-eragile asko — euskal idazle asko—, minduta eta kexuka azaldu diren arren. Egoera bidegabe (hitzak nabarmenduz) horren aurrean, hemen nago ni: idazle gizarajo bat munstroaren axolagabekeria nozitu duena haren idazle maila bera izanik —ez gehiagokoa, agian, baina ezta gutxiagokoa ere, hori ziur—, eta bere lanbidean kalte egiten zioten bidegabekeriak nozitu arren, idazle moduan aurrera egitea lortu duena. (Pausaldi labur bat, arnasa pare bat aldiz hartzeko) Zuk uste duzu, Jota-jota, gaizki egingo nukeela egin behar ez denaren aurrean nire ustez zuzentasunez egin behar dena aipatuko banu? Denok (hitza nabarmenduz) gara beharrezkoak Euskal Herriko kulturgintzaren loraldi eder honetan, inor ez dago sobran, (hitzak nabarmenduz) X2 editoreak momentu batean esan zidanaren kontra —idazle asko gaudela eta gure artean lasai aukeratu (edo baztertu) dezaketela esan baitzidan—, eta badakizu zergatik ez dagoen inor sobran? Lehenik eta behin, militantziaren garaia ez delako inondik inora amaitu, nahiz eta soldata politak jasotzen dituztenek baietz pentsatu: ez dakit Europa osoan ba ote dagoen gurea baino militanteagoa den herririk hizkuntzari eta kulturari dagokienez. Eta inor ez dago sobran, bigarrenik, sare bat osatzen dugulako idazleok eta kazetariok, editoreok eta musikariok, (Ahotsa goratuz joango da, kilikaturik) telebistagileok eta irratigileok, irakasleok eta gizarte laguntzaileok... denok gara Euskal Herria biziarazten duen sare handi horren hari txikiak, eta norbaitek hari bakar bat baztertzen duenean, gure herria bera ahultzen du, gure izatea murrizten du...

 

(Isilaldi ez oso laburra)

 

KAZETARIA: Hitz politak dira horiek, Eneko, baina berriro atrebentziarekin... Militante baten hitzak dira horiek... Euskararen munduan ere diruak agintzen du nagusiki...

IDAZLEA: X2 editorearen hitzak gogorarazten dizkidazu, beren argitaletxea lehenik eta behin enpresa bat dela esan zidanean X editorearen defentsan. Eta ulertzen dut. Baina nik esan beharra daukat gure kultur mundua ahulegia dela enpresa erraldoien pean jartzeko... Ahulegia dela botere-gehiegikeriaren pean dardaraka jartzeko.

KAZETARIA: Arrazoia duzu zure hitzei darien mezuan: bidegabea eta ez-zuzena delako egin behar ez dena; okerra ez da inoiz egin behar, ez da inon egin behar.

(kazetaria mahai aldera joango da eta grabagailua piztuko du. idazlearengana itzuliko da. Grabagailua gelditu, barruko disko txikia atera, eta idazleari emango dio)

KAZETARIA: Tori, Eneko. Apunta nazazu Editorea liburua argitaratzea zuzena dela esan dizuten beste kazetari horiekin, mesedez.

 

(Eskua luzatuko dio idazleari. Sutsu eta irribarrez estutuko diote elkarri bostekoa. Jarraian, eszenatokiaren eskuin aldetik aterako da kazetaria, idazlea geldi dagoen bitartean.

Argia itzali egingo da. Oihala behera)

 

amaiera