Lagun mina
Aitor Arana
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia , 2003
[aurkibidea]

 

4. AGERRALDIA

 

aitor, sebe eta alex

 

(Eszenatokia taberna da, berriz ere.

Eszena hastean, aitor eszenatokiaren aurrealdean egongo da ikusleei hitz egiten, gogoetan dabilen bitartean.

alex tabernako mahaietako batean dago, egunkaria irakurtzen, aitorren zain balego bezala. sebe geroago etorriko da.

Hiruak ohiko moduan jantzita egongo dira.

alexek bere bizkarzorro laranja beti aldean darama.

Tabernan hartu duten mahaian jadanik hiru kikara daude.)

 

AITOR: Adiskidetasuna eta maitasuna oso antzekoak dira gauza batean: gazi-gozoz beterik daude biak. Eta bietan gazia gehiago baldin bada gozoa baino, azkenean desegin egiten da gatza bera bezala, ezertxo ere ez geratu arte. Penagarria bada ere, horixe gertatzen ari zaigu Alexi eta bioi Seberekin. Hamar hilabete inguru dira elkarrekin ibiltzen hasi ginenetik, eta benetan pozik ibili gara hiruok asteburuetan, elkarrekin nonbait afalduz, zinera joanez eta ondoren gure solasaldiak eginez, askotan goizaldeko hirurak arte.

 

(Isilaldi laburra.

Lurrera pentsati begiratuko du, ondoren oinez poliki jarraitzeko, publikoari noiznahi begiratzen diola)

 

            Sebe oso gizon ona da, alaia eta bihotz onekoa, samurra eta maitagarria. Baina — zoritxarrez txanponek beti dauzkate bi alde— badu arazo larri bat, azken hilabeteotan nabarmen ikusi den bezala. Ez nituzke, ordea, gauzak azkarregi kontatu nahi, bakoitzari bere garrantzia eman gabe. Lehenik eta behin adierazi behar dut aspaldian ez bezala pasatu dudala, berarekin egon naizen asteburuetan, barrez batzuetan eta serio-serio besteetan; gozatzen eta ikasten beti. Normalean hiruok atera izan gara, batzuetan Sebe eta biok bakarrik ere bai, eta beste batzuetan Sabin izeneko lagun bat etorri da gurekin. Alexi eta niri gustatuko zitzaigukeen Sebe eta Sabin bikote moduan hasi balira, baina ez da horrelakorik gertatu. Lagun onak gara guztiok, eta hori da garrantzizkoa, garrantzizkoena nire ustez.

 

(Isilaldi laburra)

 

            Sebek eta biok, horrezaz gain, puntu hurbilago bat landu dugu bion artean, edo horixe da behintzat niri iruditzen zaidana. Eta gustatu egiten zait. Ez, ez naiz berarekin maitemindu, baina lagun minak garela sentitzen dut bizi-bizi. Euskaltzalea da Sebe, eta horrek biziki batzen gaitu. Zenbat ordu eman ditugun Euskal Herriko historiaz eta gaur egungo egoeraz hitz egiten, euskararen gainean eta euskaldunoi buruz! Alexengan inoiz izan ez dudan pausalekua aurkitu dut maite dudan gai honen inguruan, Seberen ondoan. Eta hori handia da, bizipoza ekartzen baitu. Alexek beste alor garrantzitsu batzuk betetzen dizkit, baina euskalduntasunarenean Sebek gogobetetzen nau. Sabin ere euskaltzalea da, eta horrek gure atsegina areagotzen du.

 

(Isilaldi laburra)

 

            Mendira ere joaten gara Sebe eta Sabinekin, eta ondo, benetan ondo ibiltzen gara. Behin asteburu bat eman genuen hiruok Zuberoan, Sabin ez baitzen etorri. Ona da lagunekin ibiltzea eta hitz egitea, ona denez. Eta gure etxean egin ditugun afariak? Zenbat barre, saltsa eta kontu polit aipatzeko. Egia da lau gay elkarrekin daudenean aukeran gehitxo hitz egiten dela gayen izateaz eta heteroen izateaz, baina ez al dute maiz hitz egiten ehizaz ehiztariek? Eta, okerragoa dena, ez al dute gehiegi hitz egiten futbolaz futbolzaleek? Horixe ba.

 

(alex dagoen aldera begiratuko du.

Buruaz eta eskuaz austostopistena bezalako keinu bat eginez seinalatuko du laguna)

 

            Alextxorengana itzuli behar dut, komunera joan beharra nuelako jaiki bainaiz, eta oraindik hemen nago. Sebe ez da oraindik iritsi. Normalean berandu etortzen da, egia esan, gu baino bost edo hamar bat minutu geroago. Ez beti, hala ere. Gaur ez du etortzeko gogo bereziki handirik izango, arestian esan dudan bezala baduelako arazo larri bat. Eta gaur arazo horixe ukitu behar dugu. Labur esateko, Sebe ongi dago gu biokin, baina aldi berean deserosotasuna sortzen diogu. Zergatik? Alexek eta biok ez dugulako ezkutatzen gure izatea, eta berak bai. Bada esaera bat “antzekoak antzekoekin, ni ere haiekin” dioena, eta Sebek estu-estuan sinesten du. Bere herrian gurekin ikusten badute, bera gu bezalako gaya dela pentsatuko omen du jendeak eta, agian, bere familiak. Horra Seberen egiazko mamua eta oinazea; berak bere buruari jarriak, ez beste inork. Alex eta biok telebista kate batek gonbidatu gaitu sexu bereko bikotekideen ezkontza eskubideaz hitz egiteko eta, kate hori Goiti eta Beitiko jende gehienak ikusten duenez, gurekin gehiago ez duela ibili nahi esango digula uste dut. Horra zein merke sal daitekeen batzuetan adiskidetasuna!

 

(Poliki ibiliz, alexengana joango da aitor, haren ondoan esertzeko)

 

AITOR: Oraindik ez da azaldu, e, Alex?

ALEX: Ez ba. (Egunkaria bildu eta alde batean utziko du mahai gainean) Benetan uste duzu ez duela gurekin gehiago ibili nahiko telebistan azalduko garelako?

AITOR: Bene-benetan. Eta min emango lidake horrek, egia esatea nahi baduzu. Berarekin zinera eta kafea hartzera irtetea gustatzen zait. Gizon ona da, baina bere beldurraren menpe dago.

ALEX: Denok gaude gure beldurren menpe.

AITOR: Hori ere egia da ba.

ALEX: Nik ez dut ba uste utziko.gaituenik. Lagunak ez dira uzten, diren bezala direlako. Uztekotan, ezagutu eta berehala uzten ditugu, edozein arrazoirengatik gustatzen ez zaizkigulako. Eta, orduan, ez dago esaterik pertsona hori laguna denik, ez garenez benetan ezagutzera iritsi. Seberekin, berriz, hamar bat hilabete daramatzagu, eta lagun onak gara dagoeneko.

AITOR: Ez al zara konturatzen, inoiz ez duela bere herrian gurekin ibili nahi? Esadazu noiz ibili garen lasai Goitiko kaleetan berarekin. Ibili gara, bai, baina lasai inoiz ez. Hara zinera joan garenean ere, azkar eta deseroso ibili da, zinera edo egon nahi izan dugun tabernara heldu arte.

ALEX: Ez dakit ba hori ere horrela den. Ziur zaude? Niri ez zait horrenbesterako denik iruditzen.

AITOR: Barkadazu, Alex, baina zu hain despistatua zarenez, lehendakaria ere ez zenuke ezagutuko zeuri sua eskatuko balizu ere.

ALEX: Erre egiten al du ba lehendakariak?

AITOR: Ez dut uste, baina zu zeharo despistatua zara, eta hori da kontua. Behin Sabinekin geratu ginen hiruok Goitin lasai paseatzeko, gogoratzen? (Ez da erantzunaren zain egongo) Ba mendian ibili ginen orduan ere, eta ez pasealekuan.

ALEX: Behin baino gehiagotan esan digu Sebek hura ez zuela nahita egin.

AITOR: Eta egia izango da agian, berak hala badio. Baina zergatik ez digu uzten gurasoen etxera deitzen, han bizi bada? Ez duelako nahi bere gurasoek gure berri izaterik. Horrexegatik. Egiazko lagunek berehala trukatzen dituzte telefono zenbakiak, inolako eragozpenik gabe. Zer gertatuko litzateke, gurekin hiriburuko zinera joan eta bidean istripurik izango bagenu? Nola abisatuko genituzke bere etxekoak? Berak utzi digun erantzungailu hotz horretara deitu behar genuke?

ALEX: Horretan arrazoia duzu. Ez da normala hori egitea, arrazoia zein den badakigun arren.

AITOR: Eta zuk ere, Alex, bake pixka bat eman behar zenioke, e?

ALEX: (Harriturik) Nik? Zer ba?

AITOR: Jo, ba berarekin gauden guztietan esaten diozulako, armairutik irten behar duela, ez duela bere izaera ezkutatu behar, ez etxean, ez lanean eta ez lagunartean, etabar, etabar.

ALEX: Niri ez zait, ba, iruditzen sarriegi esaten diodanik.

AITOR: Besteoi bai!

ALEX: Eta gainera bere hobebeharrez esaten diot. Frogatuta dago bere izaera ezkutatzen ez duen eta bizitza bikoitza egiten ez duen pertsona, egiten duena baino orekatuagoa dela psikologikoki.

AITOR: Horretan zalantzarik ez. Baina gauza guztiei neurria hartzen jakin behar da. Ongi dago gay talde batean militatzea, baina hain zuzen ongi militatzeko, jakin egin behar da denok ez dugula mundu honetan berdin pentsatzen.

ALEX: Bueno-bueno. (Entzuten duena gustatzen ez zaionaren moduan)

 

(sebe tabernan sartuko da poliki, eskuak poltsikoetan.

Pentsakor eta serio dator, eta zuzen joango da aitorren eta alexen mahaira, bertako aulki librean esertzeko)

 

SEBE: Kaixo, bikote. Zer moduz?

AITOR: Hementxe. Mundua konpontzen.

ALEX: (Kikara bat seberi hurbilduz) Zure betiko deskafeinatua eskatu dugu.

SEBE: Eskerrik asko.

 

(Isilaldi deserosoa, luze samarra)

 

AITOR: Lehen telefonoz esan diguzunez, gauza garrantzizkoren bat esan behar diguzu.

SEBE: Bai. Zera da... (Mahai gainera begiratuz, lagunei aurpegira begiratu beharrean) Telebistako zuen kontu hori dela eta... Hainbeste jendek ikusiko zaituzte... Ni gero ezingo naiz zuekin ibili.

 

(Isilaldi deserosoa berriro, laburra oraingoan, elkarri ordenik gabe begiratzen diotela)

 

ALEX: (Disgustua hartuta) Aitorrek esan dit hori esango zenuela, baina ez nuen uste arrazoirik izango zuenik.

AITOR: (seberi begira) Zenbat urte dauzkagu, Sebe?

SEBE: (aitorri begira) Berrogei inguru guk biok. Alexek hogeita hamabost. Eta?

AITOR: Eta berrogei urteko gizonak ez al daki zenbat kostatzen den gure gizarte honetan lagun berriak egitea? Ez al dakigu, ba, bidean galdutakoak oso nekez berreskuratzen direla?

 

(Isilaldi laburra)

 

            Badakit bi pertsona lagunak izango badira, biek izan behar dutela horretarako borondatea. Hori hala da, eta ez dauka bueltarik. Guri orain esaten ari zarena pixka bat pentsatzeko eskatzen dizut. Ez ote du ezertarako balio elkarrekin egin dugun barreak, elkarrekin izan dugun bizipozak? Horrela utzi behar al dugu hiltzen gure adiskidetasuna, bideko lehenengo harrian estropezu eginda erori eta odolusturik?

SEBE: (Lehenik bati eta gero besteari begiratuz) Niretzat harri bat baino gehiago egon da bidean.

AITOR: Nolako harriak?

SEBE: Gogoratzen duzue Bilboko ehgam taldeko zuen lagunak gurekin bazkaltzen egon ziren eguna? Bazkari osoan jasan behar izan nuen armairutik irtetea zer ona den.

ALEX: Hala da-eta.

SEBE: Hala izango da, baina niri ondoeza sortzen dit ezer baino gehiago. (Geldialdia) Eta gro? Gero antzerkira joan ginen, Goitira. Oroitzen? Beno ba, han ere, nire herritar ezagunen artean, aurreko aulkietan eseri behar izan genuen.

ALEX: Eta zer?

SEBE: (Berotzen hasita) Ba herriko denek ikusi gintuztela.

ALEX: (Berotuta) Eta zer?

SEBE: (Berotuta, baina ahotsa goratu ezinik entzungo dioten beldurrez. Atzera begiratuko du hitz egin aurretik) Maritxuz inguratuta nengoela! Horixe!

ALEX: Eta zeu ez al zara, ba, maritxua?

SEBE: Bai, baina ez dut inork jakiterik nahi!

ALEX: (Bero-bero eginda eta ahotsa axola gabe goratuz) Orduan zerorrek ere ez dakizu zer nahi duzun!

 

(Isilaldi luzea, larria.

Hala ere, pixkanaka baretuko dira denak.

Hiruek batera edango dute beren kikaretatik)

 

SEBE: (Apal eskatuz) Ez zaitezte joan telebistara.

ALEX: Hori eskatzea ez da zuzena. (Sentitzen duen berotasuna kentzeko-edo, haizemaile bat aterako du bizkarzorrotik, bere buruari haize egiten hasteko bizi-bizi) Ni ez nintzen atera armairutik hamalau urterekin, orain hogei gehiago ditudanean inorengatik berriro sartzeko!

 

(Isilaldi laburra)

 

AITOR: (seberi) Egoera honek konponbideren bat izan behar du. Ezin zaitugu behartu gure laguna izatera, baina telebistara ez joateko eskatzea ez da zuzena. Hara joatea lagungarri izan daiteke norbaitentzat.

 

(sebe jaiki egingo da, mahai ondoan pixka batez zutik geratzeko)

 

SEBE: Komunera joan behar dut. Berehala etorriko naiz.

AITOR: Bai, bai, zoaz lasai, Sebe.

 

(sebe eszenatokitik irten eta hamar segundoren buruan itzuliko da. Kanpoan dagoen bitartean, aitorrek eta alexek ez dute hitz egingo.

sebe berriro eseriko da)

 

SEBE: Agian denbora izango da behar dudana. Ez dakit. Mesedez eskatu nahi dizuet denbora pixka bat emateko niri. Ondo iruditzen bazaizue, orain arte bezala jarraituko dugu, baina zuek telebistan agertu eta hurrengo hilabeteetan, hiruok Goitin batera ez ibiltzea eskatzen dizuet.

 

(Isilaldi laburra.

aitorrek eta alexek elkarri begiratuko diote)

 

ALEX: Konforme.

 

(Argiak guztiz itzaliko dira poliki.

Oihala behera)