Josu Dukatiren proposamena
Pako Aristi
Josu Dukatiren proposamena
Pako Aristi
Euskaltzaindia / BBK, 2009

 

Laugarren eszena

 

Berriro argia datorrenean, josu eta sara daude, eszenarioan, argifoko baten barruan, giro itogarri baten barruan. Gero, sarak hala eskatuta, josuk leihoak irekiko ditu, eta orduan argia nagusituko da eszenarioan. Etxe batean daude sara eta josu, eta une horretan argazkiko posea errepikatuko dute. antton ez dago.

 

josu: Orain ez da momentua, maitea!

sara: Orain ez da momentua? Eta noiz da gure momentua, Josu? Azken hogei urte hauetan noiz izan da?

josu: Bazenekien ez zela erraza izango. Mila bider esan nizun, mila bider hitz egin dugu honetaz.

sara: Gai bati buruz bakarrik hitz egin dugu mila bider, eta hori ez da hitz egitea; hori errepikatzea da.

josu: Ez dakit orain zertara datorren hau. Zer gertatzen da?

sara: Niri interesatzen zaizkidan gauzei buruz ez dugula behin ere hitz egin. Horixe gertatzen da.

josu: Nik dena kontatu dizut, Sara, ahal nueneraino behintzat. Bazenekien nire ondoan ez zinela txanpaina edanez biziko.

sara: Banekien bai, ezingo genuela leiho baten ondoan inoiz lasai egon. Jatetxeetan sarrerako ateari begira jarri beharko genuela. Banekien ezingo nizula idatzi, eta idatzitakoak erre beharko nituela. Banekien gauaz elkartu beharko genueela, piztiak bezala. Beti gizon armatuak egongo zirela goiko eta alboko geletan. Banekien hirugarren pertsona baten eskuetan egongo zirela gure zitak, eta hiru buelta eman beharko nituela aldioro lekura iristeko. Banekien ezezagunetaz ez nuela fidatu beharko, neurotika bihurtu arte...

josu: Berehala moldatu zinen, zure erosokeria burgesak alde batera utzita. Maitasunak halako indarrik izango zuenik ere!

sara: Oker zaude. Ez zen erraza izan. Gauza asko ikasi behar izan nituen: hiru edo lau hilabetez luzatzen ziren gauetan zu gabe lo egiten, behar zintudanean ez neukala zure presentzia exijitzeko eskubiderik...

josu (urduri): Maitea, orain ez. Laster etorriko dira Txekiako arma saltzaileak, erne egon behar dugu.

sara (kasurik egin gabe, bereari): Etorkizunik gabe bizitzen ikasi behar izan nuen, ba al dakizu zer den hori? Ezer espero gabe... beti zen oraina, orain hemen gaude eta aprobetxa dezagun, ez dakigu eta hurrena elkartuko garen. Despeditzen ginen bakoitzean pentsatzen nuen: zer egin behar dut orain, tipo honengan pentsatzen jarraitu? Zertarako, etzi hilda agertzen bada? Mila bider egon naiz kontrakoa egiteko zorian, ahaztu, oroitzapenak uxatu... Buruak eztanda egiten zidan.

josu: Etorkizuna diozu? Ez al duzu pentsatu etorkizun hobe baten alde ari garela borrokan?

sara: Nik ere hala uste nuen hasieran, baina orain gauza bat dakit: etorkizunak ihes egiten duela lekura garaiz iristen ez bazara.

josu: Nik ere badakit beste gauza bat: etorkizunak kolektiboa izan behar duela, edo ezer ez. Norberak beretzako antolatzen duen etorkizuna eskapismoa besterik ez da.

sara: Eskapismoa... Nor ari da eskapatzen hemen, Josu? Ez al duzu imajinatu beste bizitza bat posible genuela? Zain geneuzkala gauza eder eta aberats asko? Zertan geratu zen margotzeko zeneukan dohain zoragarri hura? Non daude gure umeak, asteburuetako eskursioetan gure txoko maiteenak erakutsiko genizkienak?

josu: Gu ez gara pertsona arruntak izan, Sara. Ez ginen institutuan, eta gero ere ez, ikaskideak karrerak aukeratzen eta enparejatzen hasi zirenean. Zer nahi zenuen, magisterio ikasi, Loiolan ezkondu eta hiru mozolo ekartzea mundura?

sara: Ito egiten naiz zure ondoan... ito. Ireki itzazu leihoak.

josu (entzun ez balio bezala): Gu beste zerbait egiteko sortu ginen. Gauza garrantzitsuagoak. Oso gazterik ulertu genuen gizarte honen funtzionamendua nolakoa den, herri honek dituen aspirazio politikoak nola gauzatu behar ziren. Azkarragoak ginen. Zorrotzagoak, sakonagoak. Guri gehiago eskatu digu bizitzak, gehiago eman digulako.

sara: Behingoz Josu, egintzazu nik eskatutako gauza bat. Erakundea egon da beti aurretik, segurtasuna, operazioak, ekintzak, Euskal Herria, euskara, ekonomia sozialista, mugalariak, zerga iraultzailearen kobraketak, tiro praktikak, petardoen prestaketa ikastaroak... ireki itzazu leihoak, arnasa hartu beharra daukat.

josu: Hori ezin dugu egin. Badakizu.

sara: Ni banoa, Josu. Utzi egingo zaitut... gaur bertan. Hori esatera etorri naiz, eta ez armen operazio honetan laguntzera.

josu: Arnasa hartu beharra al daukazu? Hartu lasai, hartu!

 

josuk, minduta, leihoa irekitzen du. Une honetan argia zabaltzen da eszenan, argazkiko posea hartuz bi protagonistek. Agian orain argazkia ager daiteke horman, antzeko bi edo hiru pose ezberdinetan, argazkiak une horretan ateratzen ari balitzaizkie bezala. Hau zuzendariaren esku.

 

sara: Ondo pentsatu dut, Josu. Denbora asko daramat pentsatzen. Denbora asko nire pentsamenduak zurekin konpartitu nahian, baina ez didazu aukerarik eman.

josu: Zer egin behar duzu? Txintxo-txintxo gizarteratu? Hogei urte hauetan ezer gertatu ez balitz bezala?

sara: Ondo diozu... zer gertatu da hogei urte hauetan gure artean?

josu: Zer gertatu behar zuen ba? Elkarrekin egin genuen ihes. Gure borrokak hankaz gora jarri du Euskal Herriko konformismo autonomikoa. Maitatu izan gara. Arriskuan egon gara. Negar egin dugu. Barre egin dugu. Garai zailetan zu izan zara nire babes afektiboa... psikologikoa. Eta ni ere saiatu naiz zu babesten, indar guztiekin, era guztietara.

sara: Gure bizitza nolakoa izango da aurrerantzean? Pentsatu duzu inoiz? Hogeita hamazortzi urte dauzkat. Nire adinean ezin dut horrela bizitzen jarraitu.

josu: Ume bat eduki nahi duzu? Hori da guztia? Ekarriko dugu. Ez du izango haurtzaro ortodoxo bat, baina haziko da, eta ulertuko du gure sakrifizioa.

sara (haserre): Zer sakrifizio? Ez duzu ezer ulertzen, eta badakizu zergatik? Inoiz ez duzulako kontuan hartu gure harremana. Heroi bat zinen. Arrisku handitan zebilen buruzagia. Herri baten independentzia gidatzeko deitua... ez dakit nork. Eta ni zure figura borobiltzeko behar zen osagarria baino ez nintzen.

josu: Elkarrekin alde egin genuen orain dela hogei urte. Ez genion promesarik egin elkarri. Aske izan zara nire ondotik joateko.

sara: Duela hogei urte oso emozionantea izan zen. Gazteak ginen. Zenbat ilusio eta zenbat ideal geneuzkan! Gogoratzen duzu institutuko apaiz gazte haren esaldia: Idealak izarrak bezalakoak dira, inoiz ez ditugu eskuratzen baina bidea argitzen digute.

josu: Esaldi politekin bakarrik ni ez nintzen konforme.

sara: Idealak epe batean betetzen ez badira zauri bihurtzen dira, eta ez diote onik egiten inori. Gaztetako abentura ondo egon zen, baina ezin du bizitza guztia iraun. Ume bat eduki nahi dut, bai, arrazoi daukazu. Baina horregatik bakarrik ez zintuzket utziko.

josu (elkarrizketa luze doa eta urduritzen hasita, leihora begira): A ez? Zergatik, orduan?

sara: Inoiz ez duzulako bizitza nirekin planeatu. Hezurretaraino maiteminduta nengoen zutaz, munduaren azkeneraino jarraituko nizun. Gero ez genuela bizitza pribaturik edukiko ulertzen hasi nintzen. Itxaron egin dut, hala ere, ea ni noizbait beste guztiaren aurretik jartzen ninduzun. Baina ez da horrela izan. Aitzakia ederra aurkitu duzu: zer, eta Europan dagoen talde armatu bakarra zuzentzea.

josu: Aitzakia? Zertaz ari zara?

sara: Zure benetako bizitzari uko egiten ari zara, horretaz ari naiz. Buruzagi asko erretiratu dira. Batzuek hemen bizi dira, Iparraldean. Besteak Ameriketan. Entrega handiko borrokan sartuta zaude, baina koldar hutsa zara. Benetako soldaduekin jolasten duen ume handia.

josu (haserre): Eta zuk zertara jolastu duzu? Zenbat lagun egin dituzu etako buruzagi baten emaztea zinen leienda horrekin? Zenbat amante etorri zaizkizu morboarekin? Ez zaitut ezagutzen.

sara: Bazenuen konturatzeko garaia.

josu: Aldatu egin zara. Horregatik ez zaitut ezagutzen. Ni ez naiz aldatu. Baina zu... zu... Ezkertiar izatetik eskuindar nazkagarri izatera pasa direnen zerrenda osatzera zoaz. (baretuz, melankoliko) Ahaztu duzu poema hura, bizitza guztiko borrokalariak famatzen zituena? Hay hombres que luchan un día...

sara: Ez zaitut horregatik bakarrik utziko. Bada beste arrazoi bat. Bizitza aldaketa etengabea dela ulertu dut. Eta denok gaude indar horren menpe. Gaur ezinezkoa zitzaiguna bihar posible izan liteke. Gaur ona dena bihar txarra izan liteke. Gaur atsegina dena bihar gorrotagarria. Ikuspuntu batetik zuzena dirudiena erabat okerra izan daiteke beste ikuspuntutik. Gauzei erantzuteko aukeratu genuen metodoa behin eta berriz erabiltzeko tentazioa gogorregia da. Aldaketen aurreko beldurra besterik ez da funtsean. Soluzio zahar batek zentzua galtzen duen unea errekonozitzen jakin behar da. Eta hori da zuk inoiz egin ez duzuna.

josu (ironiko): Hauxe behar genuen, oraintxe tona bat arma eta material jaso behar ditugun unean, borroka armatua kuestionatzen hastea! Ertzainaren batekin ligatu al duzu edo?

sara (seria): Soluzio zaharrak atxikiz gero ekintzak absurduak bihurtzeko arriskua dago. Behin egokiak izan zirelako, baliteke gero ez izatea. Erantzunak ezberdina behar du egoera bakoitzaren aurrean. Errealitatea kontuan hartu gabe beti erantzun berak errepikatzen dituztenak ba al dakizu zer bihurtzen diren? Fanatikoak. Fundamentalistak. Aldatzen ez dena iraganean bizi da. Eta gezurra da etorkizunerako borrokan ari denik, herriaren alde eta erretorika guzti horiekin. Bere buruaren hutsunea besterik ez du estali nahi, bere bizitzako errore ikaragarri hori estaltzen saiatuko da geratzen zaion denboran.

josu (burlaizez, amargaturik): Beraz, zugatik balitz hare-krisnakoekin dantzan bukatu behar genuen, ezta? Etzazu borrokari buruz hitz egin. Nahi zenuenean joaten zinen Hego-aldera, markesa bat bezala. Nahi zenuenean juerga, nahi zenuenean abentura klandestinoa!

sara: Ez dakizu ondo zer astakeria esan izan dizkidaten zuetaz. Mila aldiz atera dizuet aurpegia. Baina ekintza indiskrimatuak egiten hasteak, auto-bonben eromen horrek desprestigio ikaragarria ekarri zizuen. etako Bosgarren asanbladaz hitz egiten zenidan. Gogoan dut. A zer mitomania! Aktibismo espezializatua ezarri omen zuten, ekintza selektiboak egiteko. Borreroak hiltzea zen helburua, ez beste inor. Ja. Ekintza indiskrimatuek neure onetik ateratzen ninduten. Eta herria ere bai. Herria nekatu egin duzue, akitu, hustu.

josu (oso serio eta lehor, hotz): Zuk ere nekatu egin nauzu, Sara. Nahikoa da. Operazio hau amaitzen denean etxera joango zara, eta horrekin bukatuko da dena. Kontaktoei esango diet zure haria ez dela gehiago operatibo egongo.

sara: Lehen esan duzu beti babestu nauzula, indar guztiekin, era guztietara. Babestuko al nauzu hemendik aurrera?

josu (harrituta): Zer esan nahi duzu? Zu ez zara Yoyes.

sara: Beti fidatu al zara nitaz?

josu: Bai, noski.

sara: Inoiz ez al duzu ni jarraitzeko agindurik eman?

josu: Ez.

sara: Gaizki egin duzu.

 

josu aldendu egiten da, izututa, zerbait deskubritu balu bezala. Gero sararengana hurbiltzen da. Tentsio handia dago. Begietara so daude.

 

josu: Zer?

sara: Gaizki egin duzu.

 

Bat-batean josuk zaplasteko ikaragarria ematen dio.

 

sara (negarrez hasteko zorian): Gaizki egin dut.

 

josuk beste zaplasteko bat ematen dio.

 

sara: Ez zaitut maite, Josu. Nire amodioa ez da existitzen. Eta arma saltzaile txekiarrak ere ez. Hau tranpa bat da. Polizia dago honen atzean.

 

josuk pistola ateratzen du. sarari jartzen dio kopetan. Hau atzeraka hasten da. josu albo guztietara begira dabil, zalantzan, sarari tiro egin edo lagunei abisatu eta ihesean jarri. Pistola sararen aurretik kendu gabe lagunei deika hasten da.

 

josu: Penko! Txema! Txori!

 

sara berarengana hurbiltzen da, pistolaren beldurrik gabe, eta ahoa estaltzen dio, oihu egin ez dezan.

 

sara (desesperatuta, erreguka): Utzi guztiak hemen, ez dago denborarik, salba zaitez, Josu. Segi! Bost minututan jendarmez beteko da etxe hau. Salba zaitez, mesedez! Niregatik egingo duzun azken gauza baldin bada ere, segi ihesi! Hartu kotxea, korri!

 

sarak bultza egiten dio josuri. josu desagertzen da. Une hau girotzeko jarri litezke grabazioak, jendarmeen oihuak, tiroak, sirenak, argiak... zuzendariaren esku.