,
,
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Bosgarren eszena

 

Galdeketa aretoan daude berriro josu eta antton.

 

antton: Garaziko sarekada prestatua zegoan bai, baina hire ihesa ez. Nagusiak ederrak jarri zituan ba. Entzun nizkian epelak. Nik beti esaten niean arriskuan bizitzen ohitutako piztia hintzela, eta horiek ez dagoela harrapatzerik.

josu: Ez diat ulertzen. Sei hilabete behar izan genizkian Garazikoa prestatzeko. Sarak dena zekian. Ni saltzea erabaki bazuen, hilabete haietan antzerkia egin bazuen, hain ederki, inortxok ere ezer susmatu gabe, zergatik salbatu ninduen azken unean? Itxoitea zeukean jendarmeak etorri arte. Bazekian nik ez nuela hilko.

antton: Auskalo! Emakumeak konplikatuak dituk. Agian ez zuan jendarmeez fidatzen eta ez hintuen haien eskuetan utzi nahi.

josu: Jendarmeak ustelak dituk, motel. Ondo zekian Sarak.

antton: Ez zian hire begiradaren mexprezua ikusi nahiko. Badituk memorian jasan ezin diren begiradak.

josu: Erromantikoegia, ez?

antton: Jozak maite hinduela, besterik gabe.

josu (ironia haserretuaz): Joooder! Maite ninduela... hau duk Humphrey hau! Honek Casablanca ematen dik. Hau bizitza erreala duk, Antton, ez pelikula bat.

antton: Baina maite hinduen. Hori ere erreala duk.

josu (mahaia ukabilarekin joz): Zer ari haiz esaten? Kolpe gogorra izan zuan guretzat, lau atxilotu, zazpi pisu porkulo hartzera, armarik ederrenak geneuzkan biltegia, hiru zauritu... joder, Antton. Maite duenak ez dik mendekurik hartzen. Baina oraindik ez diat ulertzen zer pasa zen Sararen burutik.

antton: Zer gertatu zen sarekadaren ondorengo bileran?

josu: Eskerrak ihes egiterakoan bala batek izterreko haragi puska bat eraman zidan. Hori izan nian koartada. Lagunak nik saldu nituela uste zitean hasieran. Saiatu zituan satorra nor ote zen bilatzen. Zaurituak alde batera utzita, atxilotu zituzten lauak ere kontrolpean jarri zitiztean, ea bakarren bat denboraz lehen ateratzen zen.

antton: Eta Sara?

josu: Ez nian ezer esan inoren aurrean. Berari jarraitu izana ere beste aukera bat zuan. Barruan denboralditxo bat egin zuela ikustean susmoak baretu zituan. Baina segurtasunagatik berriro ikustea debekatu zidatean. Handik urte pare batera edo esan niean utzi genuela eta bakoitzak bere bidea hartu zuela.

antton: Hik ere maite huen beraz... heure bizitza arriskuan jartzeko adina. Barkatu diok?

josu: Urteotan haren lekuan jartzen saiatu nauk, ulertzen saiatu nauk haren jokaera. Niri kontzientziak inoiz ez zidak ezer aurpegiratu. Bonba bat jarri dudan bakoitzean neure eginkizuna betetzen ari nintzela sentitu izan dudan bezala, neure herriaren alde ari nintzela. Mesede bat egiten ari ninduan historiari berari, bidea azkartzen.

antton: Salmo batek diona oroitzen diat: bekaturik ankerrenak ez dira izan inor enteratu gabe egin ditudanak, neu enteratu gabe egin ditudanak baizik.

josu: Ez zagok gaizki. Horregatik, ez zagok ezer barkatu beharrik, ez barkamenik eskatu beharrik. Nik ez diat inor ofenditu, ez neukalako intentziorik. Nola eskatuko zizkigutek argibideak, egin behar genuena horixe zela konbentziturik egin badugu? Barkamena eskatzea, eta barkamena eskaintzea, errua zegoela aitortzea duk, moral baten falta, gaiztakeria. Baina gaiztakeriarik ez zegoela onartzen badugu, ez zagok barkamen beharrik.

antton: Gauza bat aitortuko diat, Josu: urteetan gorrotatu haut, bihotzez gorrotatu ere. Hi eta hire jendea. Denak. Pistoleroak. hbko politikoak. Egineko kazetariak. Ikasle abertzaleak. Manifestazio batera ateratzen zen edonor. Ni ere ibili nauk urte batzuetan kalean, porra astintzen, pelotak jaurtitzen. Nere porrak gorputz bat aurkitzen zuenean, minezko oihuak entzuten nituenean, adrenalina pil-pilean jartzen zitzaidaan. Baina urteekin, maitatzen ikasi behar izan diat. Pertsona txarrak ere maitatzen. Zuen arteko guztiak maitatzen. Lehen nazka eta herra sortzen zidan jende guztia. Nire bizitza asko hobetu duk hori egin dudanetik. Nire harreman guztiak hobetu dituk. Errespetua sentitu diat ingurukoengan. Ekintza guztien iturburua gorrotoa bada, bizitza oso desatsegina bihurtzen duk.

josu: Ondo zekiat zer den bizitza mixerablea. Sarak aldatu nindian. Lehen esan duk Sarari ez niola entzuten. Arrazoia huen. Baina alde egin zuenetik egunero saiatu nauk haren mezua ulertzen. Horregatik ez nian salatu. Nik hura salatzea heriotz kondena sinatzea zuan. Neu egiteko gauza ez nintzena ez niean besteei enkargatuko.

antton: Badakik espetxetik atera zenean nirekin etorri zela bizitzera?

josu: Bai, handik gutxira jakin nian. Gure informatzaile batek esan zidaan sekretu handiz, eta nik ez nian gure jendearen artean zabaldu. Sararen lekuan jarri ninduan. Nola eskatuko zizkioat nik argibideak egin behar zuena horixe zela konbentziturik egin bazuen?

antton: Okerrago hartuko huela uste nian.

josu: Zer eskubiderekin? Berak ni hogei urtetan tratatu ninduen bezala tratatzen saiatu ninduan. Baina neure buruarekin bakea egin nuenean, ahaztu egin nian Sara, betiko.

 

Isilunea bien artean.

 

antton: Eta lortu huen?

josu: Aurretik esaidak gauza bat: Behin buruzagitzan sartu nintzenean zergatik ez ninduzuen atxilotu?

antton: Aldika Sara ikusten nian, tarteka, diskrezio guztiarekin, afaritxo batzuk egin genizkian. Maitemindutako emakumea zuan. Sara ezagututa, hi atxilotuz gero bizitza guztirako gorrotatuko ninduela pentsatu nian.

josu: Maitemina pasatu arte itxoitea erabaki huen...

antton: Halako zerbait. Barruan zerbaitek esaten zidaan nirekin amaituko zuela, baina ezin nuela egoera probokatu. Berari atera behar zitzaioan.

josu: Eta gero? Elkarrekin bizi zinetenean zergatik ez ninduzuen atxilotu?

antton: Sarak debekatu zidaan. Jarri zidan baldintza bakarra horixe zuan. Baina baldintza hori inegoziablea zuan. Hi libre egotea izan duk nire lana hamar urteotan, nire amodioaren ordaina. Eta ez hori bakarrik: nekiena ezkutatu egiten nian. Oztopoak jartzen nizkiean ikertzaileei, hireganako pistak nahastuz.

josu: Harrigarria. Lehen urteetan ni nahigabeko salatzailea izan nauzue. Eta azken urteetan hik gure alde egin duk lan, ertzaintzan sator bat bageneuka bezala.

 

Tentsioa hautsiz josu barrez hasten da. Gero, erne, serio, ispilu imajinariora begiratzen du.

 

josu: Bakarrik al gaude benetan?

antton: Bai, esan diat.

 

josu berriro barrez lehertzen da. antton ere bai.

 

josu (barrez): Enteratzen badira barrura hoa, Antton!

antton (barrez): Eta hi libre geratuko haiz, terrorista mimatua haizen partetik!

 

Jaikitzen dira elkarrengana, barrez.

 

josu: Hator, nire zipayo maitea!

antton: Hator hona, nire terrorista faboritoa!

 

Besarkatzen dira, eta gero bakoitza bere eserlekura doa. Seriotzen doaz.

 

antton: Ez didak erantzun.

josu: Zer?

antton: Lortu duk Sara ahaztea?

josu: Ez al dago argazki gehiago? Protagonismoa gustatzen hasi zaidak. Beti ezkutuan egon beharra gogorra duk. Ez modako arroparik erosi, ez plato berririk probatu, ezer ez, motel. Gu ez gaituk luzitzen zuek bezala. Oraintxe hasi nauk Euskal Herriko historiaren protagonista sentitzen lehen aldiz.

 

Argazki bat jartzen dio. Etxe batera sartzen hiru edo lau buruzagi. josu garbi ikusten da. Aire militarra emateko, buruzagien alboetan urrunera begira dauden bizkarzainak.

 

josu oso serio jartzen da.

 

josu: Bilera hori oso gogorra izan zuan. Sututa alde egin nian. Neure onetik aterata.

antton: Angelun zaudete. Ezin izan genian mikrorik sartu etxean. Zertaz hitz egin zenuten?

josu: Ez genian erabakirik hartu. Bilerak Ezpeletan jarraitu zian. Angeluko etxeaz susmoak geneuzkaan.

antton: Gau hartan bertan galdu genian zuen arrastoa. Ez gintuan Ezpeletara iritsi.

 

Isilune tentsoa eta luzea bien artean. antton bere galderarentzat erantzun zain dago.

 

josu: Zipaioen kontrako ekintzak egiten hasi edo ez. Horixe zuan gaia. Ni kontrakoa ninduan. Beti eman zidak tristura ikaragarria gu eta Ertzaintza elkarren aurka borroka eta tiroka ikusteak. Elkarri ez erasotzeko paktua proposatu nian. Ez zitean onartu.

antton: Ertzaintzak ezin dik legea baztertu, hori badakizue.

josu: Nik proposatzen nuen eraso bakarra defentsiboa zuan, atxiloketak saihesteko. Baina gure arteko tiroketarik ez. Nik garbi ikusi nian Etxebarria parkean Alfonso Mentxaka zuen ajentea eta Juan Mari Ormazabal, Turko gure kidea hil zirenean. Han zeudean bi hildako, gure herrikoak biak. Ezberdintasunak ezberdintasun, gureak biak. eta ez zuan sortu ertzainak hiltzeko.

antton: Baina guk ezin dizkiagu begiak itxi zuen delituen aurrean. Ba al dakik zer presio eta kontrol dauzkagun? Sei hilabete atxiloketarik gabe igarotzen badugu urduri jartzen dituk goikoak.

josu: Pertsonalki konprometitu ninduan zuen garantiak lortzeko. Hori zaila zegoela uste zitean. Eta lortuz gero ere, ez zenutela hitza mantenduko.

 

Isiltasuna.

 

josu: Ertzainen aurka jotzeko erabakia hartu zuan. Eta nik, diziplinarekin, onartu egin nian. Baina gero, erabakia aplikatzeko orduan, nik piramidearen goi aldera jo behar zela proposatu nian. Ahal bada hobe duk jerarkiaren gailurra garbitzea. Min handiagoa egiten ziok estatuari.

antton (konbentzimendu handirik gabe, ikaratzen hasita bezala): Hala duk bai. Boterearen gune sensiblea goi-karguetan egoten duk.

josu: Eta nire proposamena aurrera atera zuan. Balzaren aurkako ekintza prestatzeko agindua eman genian.

 

Isilunea, antton begira dago. Zorrotz.

 

josu: Une garrantzitsua zuan, eta buruzagi batek zuzentzea erabaki genian. Ekintza prest egon zenean, neu pasa ninduan propio hegoaldera operazioa kontrolatzera. Beasainen prestatu zitean enboskada gure mutilek. Koartelean obrak egin zenituztela esan zigutean informatzaileek, eta Balza etorriko zela inauguratzera.

antton: 2001a zuan.

josu: 2001a, bai. Autobidearen irteeran jarri genian auto-bonba, errotondatik gertu.

antton: Zein irteeratan, ordea? Bi zeudek Beasainerako.

josu: Bietan. Bi kide geneuzkean, legalak, garaje eta guzti. (isilunea) Zortea izan huen, Antton. Ni errotonda bat zaintzen nengoan. Bestean legal horietako bat zegoan. Eskuan neukean botoia. Nire aurretik pasa zuan Balzaren autoa. Ez dakik nola harritu nintzen ondoan hi ikusi hintudanean.

 

Isilunea. josu jaiki egiten da. anttonengana doa. antton geldirik dago, izerditan, larri.

 

josu: Ez nian botoia sakatu.

 

josu anttonen aurrean dago, hatza luzatuta honen kopetan pausatzen du.

 

josu: Sentitu duk ukitu hori kopetan? Horixe egitea aski nian. Zein indar gutxi behar den, ezta, pertsona bat, bi, hamar txikitzeko...

 

Isilunea.

 

josu: Hik hainbeste aldiz salbatu didak bizitza... nola hilko hintudan ba?

antton: Baina hik ez hekian ezer!

josu: Ez. Baina nire barruan zerbaitek galerazi egin zidaan botoi hura sakatzea!

 

Argia ilunduz doa. Pantailako argazkia soilik geratzen da argitsu azkenerako.