Josu Dukatiren proposamena
Pako Aristi
Josu Dukatiren proposamena
Pako Aristi
Euskaltzaindia / BBK, 2009

 

Seigarren eszena

 

Argia dator. Argazkia desagertzen da. josu urrundu egiten da anttonen ondotik. Oinez dabil harat honat.

 

josu: Lehen galdetu didak ea Sara ahaztea lortu nuen... Bai, lortu nian... Hi ikusi hintudan arte. Hasieran egunero pentsatzen nian, goizean esnatu orduko, Sara... Sara... zerbait galtzen dugunean askoz ederragoa zela iruditzen zaiguk, baina hori galtzailearen sindromea duk, ez duk erreala. Egun batean esaten duk: “Hala behar zuen! Nahi nuen bizitza ari naiz bizitzen”.

antton (bere onera etorriz): Zergatik ez ninduan hil, orduan? Ezerk ez zian eragozten.

josu: Hi ikusi hintudanean... arraroa izan zuan, Sara ikusi nian hire ondoan, eta zuen tartean ume bat. Bazeneukatela informatu ninditean, behintzat.

antton: Bai. Garai hartan jaioberria zuan. Eneko. Zazpi urte dizkik orain. Gero beste bat etorri zuan, neska. Lierni.

josu: Fenomeno. Bikotetxoa. Perfektua. Zuen matrimonio burgesito horrek nazka ematen zidak. Segurtasun mota guztiekin bizi zarete, baina oso ahulak zarete. Hain ikusi hintudan ahul Balzaren ondoan, botoia sakatzera nindoanean! Ergel, ezdeus. Untxiak zineten, burdinezko kaiola ibiltarian, heriotzera bidean. Baina Sarak hi aukeratu hinduen. Zer egingo zioagu! Ezin nioan Sarari lortu zuen guztia hondatu. Errukia sentitu nian, pentsazak!

antton: Saragatik egin huen, beraz, ez nigatik!

josu: Hik ere Saragatik ez nauk atxilotu urte guzti hauetan, ezta?

antton (jaiki eta josurengana doa haserre): Hipokrita zikina! Horregatik hil al zenituzten bi ertzaina biharamunean? Mendekuz?

josu: Guk ez diagu mendekuz hiltzen. Beasaingo bidegurutze hura kontrolatua geneukean. Ezpeletako bileraren bigarren erabakia ez diat kontatu: zuek bezalako jefazorik harrapatu ezin bagenu morroiak garbituko genizkian.

antton: Ez al duk pentsatu morroi horiek ere bazutela bere Sara etxean zain? Ana Arostegik senarra zeukean, eta hiru ume txiki. Javier Mijangos ere ezkonduta zegoan, hilabete gutxiko haurra zeukatean. Anak 34 urte zitian. Javierrek 32. Bi ordu egon zuan hilzorian, buruan bala bat zeukala.

josu (entzun ez balu bezala): Komandoko kideak oso haserre geratu zituan operazioa geratu nuelako. Gure segurtasunagatik ez bazen izan, eta inguruan eztandarekin zauritu ziteken inor ez bazegoen, ez zitean ulertzen zergatik eten nuen ekintza.

antton (kontraatake): (ironikoki errepikatuz) “Eztandarekin zauritu zitekeen inor ez egotea zen gure kezkarik nagusiena”... Horregatik arrimatu zenituzten pistolak Ana eta Javierren burutik hamabost zentimetrora? Inor odol-zipriztinekin zikindu ez zedin?

josu: Ni ez nengoan han. Muga pasa nian, eta buruzagitzan nolabait esplikatu nian nire erabakia.

antton: Buruzagitzan! Hitz dotorea eta ponposoa. Siderurgiako enpresa batean lan egiten duala zirudik. Heure buruari esplikatzen dizkiok erabaki hauek?

josu: etan sartzen denak bazekik zertara doan. Behin barruan hagoela ez duk existitzen hiltzeari buruzko eztabaida moralik. Hori onartua daukak heure baitan. Heure buruak eraman hau horretara, heure bihotzak. Bazekitek esplikazioa ongi. Ez daukak ezer agertu beharrik.

antton: Eta orain ate horretatik Anaren hiru umeak sartuko balira begietara begiratuz, bere begiekin hire argumentoak zulatuz, zer esango hieke? Zer esango hioke Javierren alargunari ate horretatik sartuta bere senarra zenbat maite zuen kontatuko balu?

josu: Zer nahi huen, heu garbitzea horien ordez? Bai? Nahiago huen heu, Balza eta txoferra mila zatitan txiki-txiki eginda uztea? Erantzuiok horri, eta dena argi geratuko duk.

 

antton isilik geratzen da, deskolokatuta.

 

josu: etan sartzen denak bazekik poliziak tiro egiten duela, nahita gure heriotza bilatuz askotan. Atxilotu zitezkeenak, armarik gabe zeudenak tiroz josita agertu dituk sarri, badakizue eta egunkariek obedientzia guztiaz argitaratuko dituztela zuen bertsio ofizialak. Nik ere bazekizkiat gure hildakoen izen-abizenak, haien adinak, hogeita hamar urtera iritsi gabe hil dituzuen asko eta askorenak.

antton: Ni ez ninduan sartu Ertzaintzan bizitza galtzeko.

josu: Gu ere ez etan, baina arriskuan biziko ginela jakinda. Eta soldatarik gabe. Aseguru sozialik gabe. Etxe propiorik gabe. Ezer propiorik gabe. Guk eman egin diagu dena, eman, eta zuek jaso egin duzue, jaso, soldata onak, jubilazio bikainak, pribilegioak, oporrak, deskontuak bidaietan. Horixe duk aldea. Sistemak oso ondo babesten dizkik hura defendatzen dutenak. Baina herriari ez zaiok horrela zerbitzen, lege horiek aldatuta baizik, sistema bera aldatuta.

antton: Poliziaren eta terroristaren arteko aldea badakik zein den? Ba poliziak gizartearentzat atseginak eta lagungarriak diren gauzak egiten dituela, eta terroristak, aldiz, gizartea izutzen eta zauritzen duten gauzak. Ondorioz, gizarteak bat laudatu egiten dik, polizia, eta bestea, terrorista, kondenatu. Horregatik, gizarteak defentsa propioa bilatzen dik poliziaren bidez.

josu: Hori beti hala izan duk.

antton: Testu budistak irakurri dizkiat aspaldian. Asko lagundu zidatek sufrimendua onartzen, bizitzari zentzu zabalago bat ematen.

josu (harrituta, konplizitatez): Budismoak erakartzen hau?

antton: Budismoak ziok txarkeria txarkeria hutsez ez dela existitzen. Asko kostatu zaidak hau ulertzea. Pertsona bat ez dela ona edo txarra, baizik eta bere ekintzak direla onak edo txarrak, kaltegarriak ala onuragarriak. Gizarteak ondo egiten dik laguntzen diotenak saritzen, eta kaltetzen dutenak erreprimitzen. Baina ez dik ondo egiten ekintza epaitzetik pertsona epaitzera joaten bada. Gure oker ikaragarria hortxe zagok, denon okerra: pertsonen intentzioak eta zioak eragiten diguten onuragatik edo kalteengatik epaitzea. Txarkeria, gaiztakeria, ez duk existitzen, ignorantzia baizik, ezjakintasuna, enpatia falta, erruki falta.

josu: Pertsona guztiak onak direla esan nahi duk?

antton: Bai. Bizitzaren zentzua bakoitzak bere kontzientziarekin ezagutuko balu, eta ez ezarri dizkiguten ideiekin, ekintza txarrik ez genikek egingo.

josu: Hori gizartean aplikatzeko oso pertsona integroa izan behar dik!

antton: Bazeudek horrelako pertsonak. Ezagutu dizkiat batzuek. Horrelako jendea sortzea izango duk gure etorkizuna, eta ez terroristak, ez poliziak, ez epaileak, ez enpresarioak.

 

josu eseri egiten da, neke itxurak eginez.

 

josu: Nekatzen ari nauk.

antton: Gaixo al hago?

josu: Zergatik diok hori?

antton: Egin genian azken argazkia ikusita moskeatu egin ninduan.

 

Argazkia jartzen du pantailan. josu ageri da, bi bizkarzainekin, ospital batean sartzen, edo irteten. Eseri egiten dira.

 

antton: Zer egiten huen Bresten?

josu: Han badizkiagu laguntxo batzuk.

antton: Eta ospitalean?

josu: Argazki hori duela bi urtekoa duk.

antton: Bazekiat. Geroztik hire pista galdua izan diat. Lurrak irentsi bahintu bezala.

josu: Apoio berriak lortu dizkiagu, etxe berriak...

antton: Eskerrak bi urte horietako zatirik handiena suetenak hartu duen...

josu (ironikoki): Bi urte gehitxo duk, ezta? Inkonpetente hutsa egina hago! Zortea izan duk, beraz, ni atxilotzearekin.

antton: Ez dakik nolakoa. Baina oraindik ez diat ulertzen nola aurkitu haugun.

josu: Neure burua entregatu diat.

antton: Zer?

 

josuk begiratu egiten dio, isilik, buruarekin baietz eginaz.

 

antton (minduta, sinesgaitz): Eta aldean heramatzan bi pistola horiek? Eta disketeak? Telefonoak? Helbideak? Klabean dauzkaan mezuak eta mapak?

 

Ernegatzen hasten da antton, baina bere hitzak ez ditu sinesten, eman nahi zien indarrik gabe ateratzen zaizkio, egoera berri bat deskubritu balu bezala.

 

antton: Arratiako bailara osoa sekretaz bete diagu eta! Hogei uniformatu joan dituk Zeanurira, baina laurogei geneuzkean inguruetan. Madrildik zoriondu gaitiztek, presidenteak berak deituta. Zapaterok mugikorren saltzaile bat bezala hitz egiten dik telefonoz. Polizia buruak ere deitu ziguk. Hire zain zeudek han. Hiru tenorrak batera baino gehiago kantatuko omen duk.

josu: Hik ez nauk Madrilen esku utziko. Horregatik entregatu nauk, konfiantza izpi bat geratzen zaidalako oraindik hiregan.

antton: Ez diat sinesten entregatu haizenik.

josu: Ezkutatzen ikasi egin diat urteekin, ez ikusia izaten. Baina nola ikus nazakezuen ere bai. Horixe egin diat: zuen bijilantzia gunean sartu, eta hor itxoin. Errazegi jarri dizuet. Horrek ez al hinduen moskeatu?

antton: Uste nian... azken asteotan tenturik gabe ibili haiz, bikarzainik gabe. Pista asko utzi dituk. Zahartzen ari gaituk, Josu, eta nekatu egingo hintzela pentsatu nian, zabartu. Edo agian zuzendaritzatik bota hindutela.

josu: Urguilua izorratu diat. Irentsi egin beharko duk. Baina lasai: hau ez zioat inori esango. Dominak jasoko dituk. Hi izango haiz historiaren protagonista. Hipokresian bizi zaretenok askotan egiten duzue hori, ezta?

antton: Ni baino azkarragoa beti izan haiz. Baina errespetu piska bat eskatzen diat. Nire esku hago.

josu: Ez. Hi hago nire esku. Baina esaidak gauza bat: zergatik atxilotu nauzue, zergatik orain bai? Ja ez daukak Sara galtzeko beldurrik?

antton: Alde egin dik etxetik. Hirekin al dago?

josu: Nirekin? Ez. Duela hamar urte alde egin zian. Geroztik ez diat ikusi.

antton: Urtebete inguru hasi zuan ito egiten zela esaten.

josu: Niri “arnasa hartu beharra daukat” esan zidaan.

antton: Bigarren mailan sentitzen zela, egun osoa etxean sartuta, nire morroi, umeak gogaikarriak zirela, nik ez niola laguntzen... Badituk sei hilabete alde egin duela.

 

josu barrez hasten da, algaraka, poliki-poliki. antton serio dago, ulertu ezinik.

 

josu: Eta nirekin zegoela uste huen. Etzak esan horregatik atxilotu nauala! (ja, ja, ja) Jarri hitzak zipaio guztiak haren bila, bikingoen kaskoekin. (antzeztuz) “Zer, ajente jauna?” (ahotsa aldatuz) “Gure nagusi adardunaren ematea ikusi al duzu?”

 

antton errebotaturik jaikitzen da, sututa, josurengana. Pistola ateratzen du eta kopetan jartzen dio.

 

antton (poliki hitz eginez, esaten ari dena egiteko kapaza balitz bezala): Sentitzen duk burdina kopetan? Klik egitea aski diat. Zein indar gutxi behar den, ezta, pertsona bati burua zulatzeko...

 

josu isilik dago. Seriotu da deblauki.

 

antton: Zertara etorri haiz?

josu: Proposamen bat egin nahi diat.

 

Iluntzen da eszena.