,
,
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

EPILOGOA

 

Zazpigarren eszena

 

Mahai ondotik eszenario erdira ateratzen dira, aulkietan eserita, aurrez aurre, publikoarengandik gertuago. Intimoagoa da haien espazioa, aitortza baten moduan (apunte espazial hauek zuzendariak alda ditzake, noski).

 

josu: Zuzendaritzaren bilera orokorra zeukagu etzi. Hara eramango zaituztet. Bost kide egongo dituk barruan, nere zain. Ni nauk seigarrena. Ezustean harrapatuko dituzue, tiro bat egin gabe. Kanpoan lau morroi egongo dituk. Horiek blokeatu behar dituzue berehala. Azkar ibili behar duzue. Denbora gutxi zagok.

 

Isiltasuna. anttonek barre-algara ikaragarri bat botatzen du. Baina ez algara askatzailea, histerikoa baizik. Ez da algara kutsakorra, beldurra transmititzen duena baizik, ileak tentetzen dituena.

 

antton (normal-itxura eman nahian, lortu gabe): Originala haiz, behintzat. Beti izan haiz, gazte-gaztetatik.

josu (lasai, patxadan): Ke ba. Ideia hori ere ez duk originala. Irakurri duk Borges?

antton: Entzun diat, baina...

josu: Irakurritzak haren ipuinak hau amaitzen denean. Denbora edukiko duk. Oporrak emango dizkitek. Euskal Herriko gizonik famatuena izango haiz.

antton: Erotu egin al haiz? Ipuin bat irakurri duala eta heure bizitza zaborretara bota behar al duk?

josu: Borges irakurri ez banu ere ondorio berera iritsiko ninduan. Urteak zeramatzat honetaz pentsatzen.

antton: Heure existentzia osoa hondatu behar al duk? Non geratuko da hire izena, eta hire izana Euskal Herriaren historian?

josu: Gustatzen zaidak hire sentimendu hori, Antton: Ez duk nire borroka konpartitzen, baina errespetatzen nauk. Budismoa Arkauteko morroi guztiei eman behar zeniekete. Horixe egin behar duk gure buruzagiekin: errespetuz tratatu, irteera duin bat eman haien egoerari, gizarteratze egoki bat sasian geratzen diren militanteei, atzerrian dauden iheslariei, eta preso guztiak kalera atera, Irlandan egin zuten bezala. Hori lorpen handia huke, handiena.

antton: Serio ari haiz? Heure borroka-lagunak traizionatu nahi dituk?

josu: Ez zagok beste irtenbiderik. Euskal Herria salbatu nahi badugu, gurpila blokeatzen duten oztopoak kendu beharra zagok. Eta gu gaituk horietako bat. Asko zeudek, baina gu ere bai. Herriaren interes orokorrari begira hasi behar diagu denok behingoz. Geure taldeari begiratzeari utzi, eta hauxe egin behar diagu (burua jasotzen du aurrera, urrunera begiratuz), nazio gisan pentsatu, jende guztiaren ongizatea bilatu. Denena. Nik eman diat lehen pausoa. Atzetik zuek etorriko zarete.

antton: Nik ezin diat hori ziurtatu, Josu. Superintendentea nauk Ertzaintzan. Konfiantza zeukaat Balzarekin. Ezagutzen dizkiat Eusko Jaurlaritzako denak, baina...

josu: Hara, Antton, hik jendea konbentzitzeko ahalmena badaukak. Sinestuzak behingoz heuregan. Maite ezak heure burua. Bilduko haiz zuen politikoekin, Lehendakariarekin, hala behar bada, eta nik esandako guztia kontatuko diek. Asko zagok jokoan. Apustu handia duk nirea. Erronka jaso egin behar duzue.

antton: Presio handiak zeuzkagu Madrildik. Alderdi espainolistek ez ziguten arnasa hartzen ere uzten.

josu: pnvk euskal gizartearen heren bat ordezkatzen dik, mende bat pasatxotik, gainera. Politikari utzi behar zioagu jokua, bai guk, bai zuek, eta bai haiek. Baina ez eskatu gure mutilei armak entregatzeko eta horrelakorik. Ez dituztela erabiliko; horixe ziurtatu, eta kito. Hori lortzen ez baduzue, funtsezko arazo sozio-politikoak jarraitu egingo dik, eta gatazka berriro agertuko duk mahai gainera 20 edo 30 urte ondoren. Eta hurrena biolentoagoa izango duk, krudelagoa.

 

antton jaiki egiten da urduri. Oinez dabil harat-honat.

 

antton: Honek ez dik funtzionatuko.

josu (bere atzetik): Bai, funtzionatuko dik. (probokatuz) Zer gertatzen zaik? Berriro ere barrabilak eztarrian, zerbait handia egiteko aukera zegoen guztietan gertatu zaian bezala? Zer pasatu behar duk, bizitza osoa ihesi? Demostratuidak behingoz oker nagoela!

antton (haserre, probokazioa irentsita, mahaia ukabilarekin joz): Asko estimatzen hintudan, hartu huen bidea hartuagatik ere. Legearen bestaldean egonagatik ere, modelo bat ikusi diat hiregan beti, koherentzia, entrega eta karisma zeuzkana. Nahi huena lor hezakeen hik bizitzan, eta albo batera utzi duk heure burua... hori oso gutxik egiten ditek... Baina ez dizkiat traidoreak maite, ezta etsaien artean ere.

josu (baretuz): etak beti onartu dik borroka armatua tresna moduan sortu zela, ez bere horretan eternizatzeko. Orain herriak armak uztea eskatzen badio, armak uztea herriaren borondatea jarraitzea duk, ez eta traizionatzea. Ni Euskal Herriari zerbitzeko sartu ninduan etan, ez herriari bizkar emanez eta zerbitzeko. Besteei sufriarazteak norberari sufriaraztea zekarrek, lehenxeago edo geroxeago. Funtsean lagun urkoari kalte egitea geure buruari kalte egitea duk.

            Koiuntura historiko guztietan horrela duk. Talde edo herri bateko partaide sentitzen denak bazekik multzo horren ongizatean dagoela bere ongizate propioa ere. Horregatik bukatu nahi diat honekin. Zin egin behar didak nire kideak ondo tratatuko dituzuela: ez diat hildakorik nahi, ez diat tirorik nahi. Ez diat kondena handirik nahi kidentzat. Ateak zabaldu, ez itxi.

antton (baretuz): Nolako egoera daukazue erakunde barruan?

josu: Mende berrian gaudenetik euskal gizarteak bizkarra eman ziguk. Ordoņezen ekintzagatik milaka donostiar manifestazioan ikusi nituenean hartu nioan susmo txarra egoerari. Geroztik erretxazoa goraka etorri duk, etengabe. Migel Angel Blancoren aldeko mobilizazioekin harri eta lur geratu gintuan erakundeko denak. Errepresioa latza izan duk. Koste pertsonalak izugarriak. Presoen kopurua gora etengabe.

antton: Efikazia polizialak ito zaituzte...

josu: Ez hainbeste. %15 batean edo blokeatu gaitik poliziak. Baina bizitza klandestinoan gero eta neurri gogorragoak hartzera behartu gaitiztek. Gune militarra urruntzea lortu ditek gune zibiletik. Ez diagu lortzen harreman txikienik ere gizarte zibilean integratuta dauden pertsonekin, eragina daukatenekin. Euskal errealitate sozio-politikotik urrundu egin gaitik. Frantziako geografian zehar barreiatu gaituk. Geure arteko bilerak ezin dizkiagu egin apenas. Jende gaztea zetorrek zuzendaritzara, heldutasunik gabea, estrategiarik gabea.

antton: Gizartean prestigio asko galdu duzue zinegotziak hiltzeagatik, egia duk...

josu: Ni beti egon nauk zibilak hiltzearen kontra. Borroka armatuak jende armatuarekin bakarrik zeukak zentzua.

antton: Zergatik ez duk lehenago alde egin erakundetik?

josu: Nire iragarpenak betetzen ikusi ondoren nire iritzia inposatuko nuela uste nian. Bazegoela aukera bat. Ez genuela amildegira saltako. Baina ez. Gizarteak konfiantza kendu ziok etari. Horrek min eman ziguk. Europa osoan aldatu duk testuinguru politikoa. Zer Europan, mundu osoan. Borroka antiterrorista globalizatu egin duk. Islamistek borroka armatuaren fama txarra esajerazioraino gaiztotu ditek prentsan.

 

Isiltasuna.

 

josu: Orain eboluzio duin baterako bide guztiak itxita zeudek. etak hasieratik belarria hurbiltzen zian, ea euskal gizarteak zer esaten zuen. Arretaz entzuten zian etak, eta zerbitzatzen saiatzen zuan. Sentiberatasun hori seko galdu duk gaur egun. Ez duk existitzen. Eta ikusi duk nola amaitu dugun: gizarteari geure erabakiak inposatzen, mila itxaropen eder izorratzen.

antton: Operatiboa ez diat garbi ikusten. Hi atxilotu haugula jakinda ez ditek bilerarik ospatuko.

josu: Komunikabideek oraindik ez zakitek nor den Zeanurin atxilotutakoa. Izen faltsu bat emango diezue. Niri dei bat egiten utzi behar didazue, gaur gauean: hori izango duk klabea onik nagoela, bilera mantentzen dela.

antton: Baina lehen ere gertatu duk, buruzagitza bat kendu eta beste bat jartzea.

josu: Orain ez. Orain etak hiru buruzagitza zeuzkak, bata logistikoa, bestea militarra eta komunikazio arlokoa hirugarrena. Batak armak lortzen dizkik. Besteak ekintzak burutu. Eta hirugarrenak nazioarteko harremanak lantzen dizkik, apoioak, beteranoak erretiratzeko lekuak eta abar. Urtean behin biltzen dituk hirurak. Etzi duk eguna. Ez zagok ordezkorik. Bost buruzagi horiek atxilotuta, komandoak noraezean geratuko dituk, buruzagi horiek espetxetik zer agindu emango zain.

antton: Hirekin zer gertatuko da? Arriskuan egongo haiz, beti. Traidore putakume bat izango haiz, garbitu beharrekoa. Guk emango diagu nortasun berri bat, eta dirua, baina non biziko haiz?

josu: Ni hil egingo nauzue operatiboan.

antton (lehengoa bezalako barre-algara histerikoa): Hi eta hire umorea. Unerik zailenetan ere ez duk galtzen, e? Uste diat Borgesen ipuin hori irakurri beharko dudala.

josu: Marka batzuk egingo dizkidazue, aurpegian eta, ondo ikus daitezen.

antton (harrituta, baino lasaituz): Torturatzeko eskatzen ari haiz?

josu: Bai, koartada sinets dezaten. Zuen bertsio faltsuek primeran funtzionatzen ditek. Atxilotu ninduzuen, nire identitatea falseatu zenuten, pistola buruan jarriz behartu ninduzuen deia egitera, torturatu ninduzuen, horixe mantxa bakarra zuentzat, baina tira, atentatuak galarazteko balio izan badu... Operatiboan ni ihes egiten saiatuko nauk, eta hil egingo nauzue. Autopsian agertuko dituk tortura markak.

antton: Oso polita. Orain ulertzen diat.

josu: Baina ni izango nauk operatiboan hilko den bakarra, entzun?

antton: Traizioa egin baina heroe moduan geratu nahi duk. (isiltasuna) Ez, ez diat ulertzen. Gauza bat duk tiroketa batean bizitza galtzea. Baina heuk heure heriotza prestatzea... Hori suizidioa duk. Eroak bakarrik suizidatzen dituk. Ez heroeak. (isiltasuna) Hainbeste maite al duk Euskal Herria?

josu: Minbizia zeukat, Antton. Biriketako minbizia. Ez nauk hain jenerosoa nire bizitzarekin. Bresten esan zidatean. Bi edo hiru urteko bizitza neukala. Badakik: tabakoaren kontrako kanpainak ez zituan iristen gure ezkutalekuetara.

antton: Baina Bresteko argazkia duela bi urtekoa duk.

josu: Horrek badakik zer esan nahi duen: nire bizitzako azken urtean sartu naizela.

antton: Nik ez haut ba gaizki ikusten. Itxura ona daukak.

josu: Itxura bakarrik. Barrua ustelduta zaukaat. Ehun metro oinez egiten nekatu egiten nauk. Gauaz eztuletan ito beharrean esnatzen nauk.

antton: Probatu al duk kimioterapiarekin? Nik izan nian koskortxo bat besapean. Tumorra zuan. Ona. Baina sustoa igoal-igoal pasa nian. Ondo begiratu al ditek? Egin al dizkitek analisi guztiak? Batzuetan hanka sartzen ditek. (alaia izan nahian) Ez al dakizkik kontakizun horiek? Bati minbizia pronostikatu ziotek, (josu buruarekin ezezkoa egiten ari da) eta joan duk munduari buelta ematera, diru guztia gastatzera, eta itzuli denean...

josu: Honi ezin zioat ihes egin, Antton. Zuei bai. Jendarmeei ere bai. Espetxeari ere bai. Desilusioari ere bai. Baina honi ez.

antton: Hau goikoekin hitz egin gabe ezin diat agindu.

josu: Ez daukak goikoei esan beharrik. Egintzak nik esanda bezala, eta kito.

antton (izututa): Zer esan nahi duk? Neuk hil behar haudala?

josu: Bai. Horrela ez daukak inori esplikaziorik eman beharrik. Realismo gehiago izango dik. Nik benetan egingo diat ihes operazioaren une batean. Besterik ez bada zipaio bati pipa kenduko zioat. Eta hik orduan... egin tiro!

antton: Baina, orduan, torturek ere benetakoak izan beharko ditek.

josu: Dena izango duk benetakoa. Baina ez espontaneoa. Antzezleak izango gaituk, baina benetako armekin. Bizitza bera ez al da antzezpen etengabe bat, antzezpen hutsal bat?

 

antton tristetzen ari da, buruarekin ezetz egiten.

 

josu: Begira gu bioi. Ertzaintzako superintendentea, emazteak abandonatu duena. etako buruzagia, jende askok bere eskuekin hil nahiko lukeena. Zer lortu diagu? Ezer ez. Operazioaren ondoren, ni heroea izango nauk, eta hi ertzainen izarra. Dominaz josiko haute. Liburuetan agertuko duk nire heriotza, eta horri lotuta beti hire izena.

antton: Txabi Etxebarrieta eta Jose Pardines bezala?

josu: Etxebarrieta, hil zuten lehen etakidea.

antton (erdeinuz): Orain ulertzen haut, eta pena ematen didak benetan, Josu. Mito bat izan nahi duk, Etxebarrietaren moduan, eta horretarako heriotz biolento baten beharra daukak. Hain pobrea izan al da hire bizitza? Hain hutsal sentitzen al haiz? Inoiz ezin izan duk bizitza arrunta soportatu, ezta? Eguneroko gurpilen bueltak... Desadaptatu bat besterik ez haiz, deserriratu bat, heroizidade handietan murgildu dena barruan zeukan miseria estaltzeko! Azken hildakoa izan nahi duk Etxebarrietarekin zirkulua ixteko, ezta?

josu: Bai, baina irtenbide baten truke. Nire figura ez zaidak interesatzen, total, ez diat gozatuko. Herria izango dena interesatzen zaidak. Atera gaitezen lubakitik denok, utzi esparru defentsiboak, eta eraiki dezagun lurralde bat denontzat. Gorde dezagun behingoz Etxebarrietaren pistola.

antton: Etxebarrietaren pistola? Ipuin hori ez diat ezagutzen.

josu: Etxebarrietak Pardines hiltzeko erabili zuen pistola gerra zibileko pistola zahar bat zuan, 7,65 kalibreko Astra bat. 30 urtez tirorik egin gabe egon zuan, lozorroan, esnatu zuten arte. Pistola horrek hasi zian gure historiaren kapitulu berri bat, 40 urte daramatzana. Bide bat jarri behar diguzue denok aurrera atera gaitezen, aitzakiarik gabeko bide bat. Bestela, berriro norbaitek Etxebarrietaren pistola aterako dik kajoitik.

antton (apalduta): Ba al dakik zer den txarrena? Hire hitzei zentzua aurkitzen diedala. 25 urteotan gogor egin diat lan hiregandik bereizteko, hobea nintzela sinesteko. Boterean nagok, baina hiregandik hurbilago sentitzen nauk erakundeetan dauzkadan lagun guztiengandik baino.

josu: Egintzak gure adiskidetasunagatik. Bestela ere hilabete gutxi barru hilda ikusiko nindukek udaletxeko kapillan.

antton: Hutsik sentitzen nauk bapatean, ez zakiat, lurretik suelto banengo bezala, euskarririk gabe...

josu: Hori duk hire benetako bizitzari uko egin dioalako!

antton: Sarak horixe esan zidaan hitaz.

josu: Hitza eman behar didak, Antton. Mugituko dituk hari guztiak, hire kargua Balzaren mahai gainean jarri behar baduk ere. Lehendakariari kontatuko diok hau guztia, baina hari bakarrik, sekretuan, egoera benetan uler dezan. Errepresioaren aurkako kanpaina gogorra egingo duzue Espainiaren eta Frantziaren aurrean, exiliatuei etortzeko bideak jarriko dizkiezue, presoei euren lekua aitortuko diezue ateratzen direnean. Ezarri politika eguneroko bizitzan gauzak konpontzeko tresna gisan. Baina zuek ere politiko bihurtu behar duzue, jestore izateari utzita.

 

Isiltasuna. antton indarberrituta jaikitzen da, emakumezko ertzainari deika.

 

antton: Ikerneeee! Ikernee!

 

josurengana doa besarkatzeko asmotan. josu jaikitzen da asmo berberarekin.

 

josu: Hitza eman behar didak, Antton. Nik ere miresten hintudan. Demostrauidak ez nengoela oker.

antton: Nire hitza daukak. Zerbait handia egin nahi izan diat beti, eskerrik asko aukera emateagatik.

 

Elkar besarkatzen dute.

 

antton: Etsaiak, orduan?

josu: Bai, etsaiak, hil arte!

antton: Gogoratzen haiz institutuan egiten genuen lutxa libreko borroka hartaz?

josu: Jarri duan lehen argazkian horretan genbiltzaan, ezta?

 

“Llaveak” egiten hasten dira. anttonek irabazten dio eta lurrera botatzen du. josu jaikitzen denean muturreko bat ematen dio serio eta lurrera doa josu. Une horretan sartzen da ikerne.

 

ikerne: Baina nagusi, zer gertatzen da?

 

Beste ertzainei deitzera doa baina anttonek frenatzen du.

 

antton: Lasai, kontrolatua daukat zamorro hau.

 

josu lurrean dagoela ostikada bat ematen dio anttonek aurpegian. ikerne urduri dago. josuk burua mugitzen du baiezkoa eginez, irribarrez.

 

antton (ikerneri): Jarri eskuburdinak eta eraman hemendik.

 

josu jaikitzen da. Elkarri begiratzen diote bi gizonek.

 

antton (ikerneri): Aplikatu B16 protokoloa.

ikerne: Bost urte badira hori ezabatu genuela, nagusi.

antton: Hau kasu berezia da. Aitortzeko prest dagoenean, deitu. Hemen egongo naiz gau osoan.

 

Badarama ikernek josu.

 

antton: A, eta musika polita jarri tipoari. Oso sentibera da bera. Jarri reikiko musika edo.

 

Musika hori entzuten dugu, hasierako berbera, edo antzekoa.

 

anttonek ukabila igurtzitzen du. Orraztu edo egiten da, piska bat apaindu. Zigarro bat hartzen du eta badoa gelatik kanpo.

 

Ilundu egiten da aretoa. Bukatu da.