Aurkibidea
—Bat—
Egun batean Ekidazun erromeria zan
Ekidazu, astoen herrialdeko animalia guztiak kalean daude, kantari eta pozik. Bost asto musikarik, bakoitza bere soinu tresnarekin musika jotzen dute: arantza, asteme gazteak biolina eta astonio asto nagusiak eskusoinua. Beste hiru astok ere musika jotzen dute haiekin batera. Bitartean, fausto dantzan ari da bea ardiarekin, azeria oiloekin kantari, beste asto batzuk salto akrobatikoak egiten, hankaluzeekin eta monozikloarekin.
prontxio otsoa eta bea ardia bazter batean daude isilik, begira. astoek Ekidazuri buruzko kanta alai bat kantatzen dute, betikoa. Haien izaera askea azaltzen dute, baikorra, abegitsua. Letrak ere mundu oso bat azaltzen du, gizatiarra, utopiatik hurbil dagoena.
denak:
Hau da Ekidazu
gogora zazu
asto libre musikarien aberria.
Hau da Ekidazu
sinets ezazu
bihotzean daramagu mundu berria.
Hau da Ekidazu
entzun eidazu
dantzan eta kantan da gure alegria.
Hau da Ekidazu
heldu eistazu
baltsean helduko zaigu egunsentia.
fausto: (Pozik) Lagunok, berri on bat eman behar dizuet. Heldu da azkenik eguna. Gaur bertan aterako naiz munduan zehar bidaiatzera, abentura berrien bila.
asto 1: Baina Fausto? Joan behar al duzu dagoeneko?
fausto: Badakizue, dabilen harriari ez zaio goroldioa lotzen.
astoak: (Koroan leloa errepikatuz bezala) Eta ur irakinean ez da eulia pausatzen.
astoak: Eta zuhaitz betakorra ez du inork ebakitzen.
asto 1: Buruz dakigu dagoeneko Fausto.
asto 2: Beti lelo bera bidai bati ekin baino lehen.
fausto: (Ironiarekin) Faltan sumatuko zaituztet benetan...
oiloak: Ka ka ka kanpoan zaudelarik hemengo pentsamenduan eta herrira itzuli orduko ko ko ko urruneko ko ko parajeak buruan.
faustok sorbaldak igotzen ditu irribarretsu. Bakarrik geratzen da.
fausto: Ez al dugu kantatuko azken kanta... (Kitarra jotzen hasten da)
fausto eszenan bakarrik.
fausto: (Lehenengo planoan) Aurki alde egin behar dut baina argi izan, horrenbeste kanta eta soinu entzuten den herririk ez dagoela mundu zabalean.
Bat-batean animalia guztiak ateratzen dira eta ustegabean kantatzen hasten dira faustoren agurraren kanta.
denak:
Fausto astoa,
lagun zintzoa,
laster badoa
munduz mundu.
Nora zoazen
argi ta ozen,
lasai gera gaitezen,
kontaiguzu.
asto 1: Kontaiguzu nora joango zaren, Fausto.
fausto: Kontatu ez Sole, kantatu, kantatu!
Kantari hasten da. Mapa handi batean markatzen du bere ibilbidea satorrak.
kanta:
Lehengo lana
agurtu danak
eta prestatu plana
puntuz puntu.
Bigarrenean,
Hoilanda aldean
bizikleta aldean
eta bi katu.
Hirugarrena,
ez da herrena,
Manuel Iradierrena
eginen dut.
Hauts eta zabor,
ez geratu hor!
Desertu lehor
da Gamelun.
Laugarren ostera
Portubalera,
goitik behera
lekuz leku.
Itsaslabarrak
ta laguntzarrak
kanta arte oilarrak
kukurruku.
Untxina zaharra,
ez da zakarra,
hegaz dabil antzarra
neguz negu.
Seigarrenean
Al Kaio aldean,
piramidean
zerua ilun.
Zazpigarrena
gogokoena
hargatik da azkena,
sinets zazu.
Popabistanen
ni naiz izanen
ta biluzik etzanen,
ez naiz zaldun.
Agur, agur...
azeriak eta oiloek faustoren kantaren leloa errepikatzen dute. animalia guztiek kantatzen duten bitartean, faustok bizikleta hartu eta alde egiten du Ekidazutik.
fausto: (Urruntzen doala) Aguur!
denak: (Eskuarekin egiten dute eta kantatzen jarraituz) Agur, agur Fausto!
faustok alde egiten du. bea eta prontxiok faustoren bidaia dute mintzagai bazter batean.
prontxio: Hau bai asto ipurtarina. Ez da laster iritsiko bertan goxo egingo duen eguna.
bea: (Burlaka) Asto ipurtarina? Aukeran hobe asto ipurtarina otso ipurterrea baino, beti marmarrean eta kexaka.
prontxio: Zer egingo zenuke zuk Bea holako bidai batean?
bea: (Maitakor) Ai Prontxio, imajinatu gu biok bakarrik, hondartza batean, aparte-apartean...
prontxio: Auuuuuuuuuu...
bea: Beeeeeeee...
prontxio: Hemen baino hobeto ez gaude inon eta. Gainera, Bea, eguzkiaren beroarekin laster erreko litzateke zure larru zuri hori. Arkume errearen planta hartuko zenuke segituan.
bea: (Haserre alde egiten duten bitartean) Zuk bai naukazula erre-errea, otso egoskor hori.