Ekidazu
Askoren artean
Ekidazu
Askoren artean
Artezblai, 2003

 

—Bi—

Dira, dira, piztiak dira

 

Halako batean orro bat entzungo da animalia guztien harridurarako.

 

asto 1: Zer da hori?

 

Zoramen egoera.

 

astoak: Kontu hau ez zait batere gustatzen. Ekaitza datorrela ematen du. Korrika goazen aterpera.

 

Orro handiagoa entzuten da. Gero beste bat eta beste bat. animalia guztiak izkutatu egingo dira ikaraturik, arrapaladan.

 

astonio: (Pentsakor) Honek ez du batere itxura onik.

arantza: Ba ez dirudi ekaitza datorrenik.

astonio: (Begibitartea zimurtzen du) Zerutik ez behintzat. Baina zarata hau ezaguna egiten zait, eta ez da parte onekoa.

arantza: (astonioren hitzekin kezkaturik) Lasai Astonio datorrenari aurre egingo diogu.

astonio: Baina susmo txarrak ditut. (Hurbildu eta belarrira) Piztiagako kiratsa hartzen diot honi.

arantza: Piztiaga???!!!

astonio: Eta ez dirudi azken boladan umoreko daudenik. Elementu ederrak dira haiek ernegatzen direnean...

arantza: Emegatzen direnean?

 

Tok, Tok, Tok.

 

astonio-arantza: Eme!

 

satorra ateratzen da estolda zulotik.

 

satur: Piztiaga aldetik datoz notiziak...

arantza: (Estoldako tapa ixten du satorra barrura sartuz) Ai, Satur satorra, beti garai txarrean.

satur: (Berriro ateratzen da) Begira, begira zer dakarren gaur “Piztiaga times”-ek. Lehen orrialdean Ekidazu aipatzen dute. (Egunkaria ateratzen du eta irakurtzen hasten da) “Piztiaga & Co. azkenik Ekidazun”. Eta barruan...

 

arantzak aldizkaria kentzen dio eta estalkia jartzen dio zakarrontziari.

 

Tok, Tok, Tok.

 

satur: Berri bitxia ez denik ezin esan!

 

satorra lurpean sartzen da berriro. astoniok eta arantzak egunkariari begiratzen diote, aho bete hortz. Aldizkaria irakurtzen dute...

 

arantza: “Piztiaga & Co. munduko merkatalgunerik handiena aurki zabalduko dute Ekidazun”.

 

Iragarkia. Piztiagakoak (lucky eta goril) agertzen dira.

 

lucky: (Heziketa gehiegiz, astun) Alkate jauna, alkate andrea, ...

arantza: (Ahapeka) Baina zer alkate eta zer alkateondo...

lucky: Urte askotarako. Ekidazuko agintari gorenak zareten legez aurkeztuko dizuet: Piztiaga & Co. konpainiako jaun eta jabea den Leon Piztiaga jr.!

 

leontzioren agerpena.

 

leontzio: Kaixo laidys and gendelmans! Zuen aginduetara. Entzuna banuen toki zoragarria zela Ekidazu, izan ere ezagunak dira Abereta planeta osoan bertoko paraje ederrak eta asto zintzo eta langileak. Inbidiagarri izango zarete hemendik aurrera. Halako paradisuan geure merkatalgunerik handi eta dotoreena jartzea erabaki baitu Piztiaga & Co-k., Piztiaga & Co, mundua zure esku! Lan egin gurekin eta irabazi dirua! Eta erosi nahi duzun guztia. Gehiago erosi nahi duzula? Lan gehiago egin eta erosi mundu osoa. Ez geratu atzean, Piztiaga & Co, mundua zure esku!

arantza: Mundua gure esku? Baina guk ez dugu ezer eskatu ta!

leontzio: Bizitzari ahalik eta gehien eskatu behar zaio. (Zuzenean begiratzen dio arantzari) Gainera, asteme gaztea, aurrerabidea ez da eskatzen. Aurrerabidea etorri badator edo hartzen duzu edo galdutako trena.

astonio: (Zalantzati) Merkatalgunerik handiena Ekidazun? Ez dakit, ez dakit. Eta horrek zer onik ekarriko digu?

leontzio: Dena. Animalien munduko edozein bazterretan egindako edozer gauza hemen eskura! Bostotsoneko belardi artifizialetako txomin-belar sintetiko paregabea kl, kk2, eta kkk3 bitaminekin osatua eta Putroiten egindako autoak, telebistak, ...

astonio: (Ahapeka) Putroiteko autoak, telebistak?

leontzio: Bai. Begira, begira, hementxe duzu gure katalogo berria, hau dena zure esku. (Katalogo luze bat zabaltzen du) Eta opari, euliak usatzeko buztan automatiko hauxe! Interaktiboa, irratia eta dvda inkorporaturik. (Ahots doinua aldatuz) Baina, hau dena lortzeko hitzarmen hau sinatu beharko...

 

Katalogoa eskuetatik kendu eta hitzarmen dokumentua eskaintzen dio.

 

arantza: (Hitzarmen papera lurrera botatzeaz batera...) Sinatu zer? Ez dakit, susmo txarra hartzen diot honi Astonio.

astonio: Ixo Arantza! Ez izan mesfidati. Agian zerbait on ere ekarriko du honek denak, beharbada...

arantza: Ba hitz egin dezagun beste astokideekin.

 

arantza eta astonio herrirantz abiatzen dira eta lucky, hitzarmen papera hartu ondoren gorilekin batera jarraitzen die atzetik. leontzio publikoari begira jartzen da eta kantatzen hasi. Kanta oso komertziala da eta jendea konbentzitzen du. Ekidazuko biztanle guztiak bere atzetik doazela dirudi.

 

leontzio: (Kantari)...

            Piztiagako astoa

            alda zazu looka,

            modatik kanpo zaude

            ezin duzu uka.

            Progresoa badator,

            hasi da oihuka:

            tinta zazu ilea,

            jar zazu peluka.

 

            Aspertuta bazaude

            eros telebista,

            liburuak letzeko

            hona largabista;

            makulua haurrentzat,

            zarrentzat txirrista,

            huskeriak saltzeko

            nauzue artista.

 

            Jende guztiak nahi du

            egon guztiz fashion,

            berdin Ekidazun da

            hurruneko Zookion.

            Gurean daukazue

            dena merke ta on,

            biba Piztiaga eta

            biba gure Leon!

 

            Horrenbeste argi ta

            horrenbeste porlan,

            aurrerabidea ez da

            lortzen edozelan,

            neuk esango dizuet

            sekretua zein dan,

            hiru hitz soilik dira,

            hiru hitz: lan da lan.

 

Kantaren amaierarekin batera alde egiten du leontziok eta, berarekin, koroak egin dizkioten astoak. arantza herritik ateratzen da, bakarrik dago, pentsakor.

 

arantza: (Bere golkorako) Denek sinatu dute hitzarmena, zertarako? Dirua irabazteko. Dirua zertarako? Mundu osoa erosteko. Zertarako? Diru gehiago behar izateko. Diru gehiago zertarako? ...Lagunekin egoteko denborarik ez izateko. Beti lan da lan! Kaka zaharra!

 

lucky lukia eta tximinoa hurbiltzen zaizkio, harro.

 

lucky: Hara neskatila pixpirina. Zer darabilzu horren uste txarrekin? (Eskua kokotsean jartzen dio)

arantza: Nik ez dut uste txarrik. Zuenak dira uste txarrak...

lucky: Baina onurak besterik ez dakartzagu eta.

arantza: Onurak? Zeintzuk?

lucky: Bide berriak, eraikin berriak, argi berriak. Oparotasuna, neska!

arantza: (Mesfidati) Oparotasuna...

lucky: Baina zer uste du astakilo honek! Horren astakilo itsusia izanda hobe zenuke datorrenari men egitea. Baina Ekidazuko astakilo dantzariak beti egoskor.

 

Begirakunea egiten dio arantzak eta aldendu egiten da.

 

lucky: (Nabarmen) Ez al duzu gure etorrera atsegin? Ez al duzu dantzatu behar? Egiguzu ongi etorri dantza bat, ziur badakizula dantza hauxe. Ekidazun oso ezaguna zen garai batean...

 

luckyk keinua egiten dio buruarekin tximinoari. arantza beldur da.

 

lucky: Ea ba astotxoa, ez al duzu dantza atsegin? Dantzatzeko diotsut, dantza!

 

lucky eta tximinoa kantatzen hasten dira astotxoaren kanta, arantzari burlaka eta joka.

 

lucky:

            Astotxoa, gure astotxoa,

            astotxoa, arrantzarik ez.

            Buruan joko zaitut.

            Buruan, buruan, a!

            Astotxoa, gure astotxoa,

            astotxoa, arrantzarik ez.

            Buruan eta begian joko zaitut,

            buruan, begian, sudurrean,

            ahoan, okotzean,

            belarrian, lepoan,

            besoan...