Aurkibidea
—Lau—
Txin-txin txin-txin
diruaren hotsa
Merkatalgunearen beste aldean arantza dago. Harriduraz begiratzen dio eraikinari. Bat-batean asto bat hurreratzen zaio.
kirten: Arantza, merkatalgune hau sekulako pagotsa da!
arantza: Norentzat?
kirten: Guretzat neska! Begira, begira zer erosi dudan, (Poltsa barrua erakutsi eta...) kili-kili egiteko makina.
arantza: Baina hori ez al da zukugailua?
kirten: Bai, horixe esan didate hasieran. Baina dendariari zukugailurik ez dudala behar esan diodanean kili-kiliak egiteko ere balio duela esan dit. Eta halaxe da! Begira... kar, kar, kar... (Ikuslegoari) Zer, frogatu nahi? Ba erosi!
arantza: (Irribarretsu) Kirten, ziria sartu dizute bete betean.
kirten: Ziria niri? Kirteni ziria sartzen ausartzen denik ez da oraindik jaio!!!
Bigarren asto bat (sole) hurreratu zaio arantzari estulka.
arantza: Zer duzu?
sole: Kaixo.
arantza: Kraskatuta daukazu ahotsa. Katarroa al daukazu?
sole: Bai zera. Orro ikastarotik nator. Badira bi aste hasi nintzela.
kirten: Bai, eta zer moduz?
sole: Oso interesgarria. Lehoiek horren ondo egiten dute. Etorkizuneko hizkuntza izango da orroa.
kirten: Egia da, jadanik kukurruku egitea, miau egitea, arrantza egitea antzinako gauzak dira...
arantza: Bai zera! Arrantzarik gabeko astoa, zaporerik gabeko laztoa.
kirten-arantza: Ba! Karroza!
sole: Hori asto aminten kontua da. Orain animali dotoreok orro egiten dugu. Begira, asko ikasi dut... (Orro antzeko bat egiten du) Orhaaaa!
kirten: Sole, Sole! Ez dirudi asko ikasi duzunik.
sole: (Goibel) Beti ateratzen zait arrantza baldar hau...
arantza: Baina, zure arrantza hori oso atsegina da...
sole: Ez dakit ba...
kirten supermerkatuko kutxako faktura roilo batekin ari da aztoratuta.
kirten: Arantza.
arantza: Zer?
kirten: Lagunduko didazu kontuak egiten?
sole: Zer erosi duzu ba!
kirten: Ba, 500 kilo patata frijitu eta larre-donutsak, lazto-hanburgesak eta pizzak 3 tona, pentsu-bonboi eta pastelak, eta txokolatinak 7 kamioi bete. Eta jakina hori dena jan eta gero argaltzeko tramankulu hau, badakizu, ohean etzanda abdominalak egiteko horietarikoa.
arantza: Zer dela eta hainbeste erosketa?
kirten: Egia aitortu behar badizuet... alpapa kontserba poto bat erostera joan naiz soilik. Baina den-dena zegoen merke eta aukeran. Gauza guztiek esaten zidaten: Kirten eros nazazu! Kirten eros nazazu!... eta Kirtenek dena erosi.
sole: Eta zer egingo duzu gauza horiekin guztiekin?
kirten: (Ikuslegoari) Zuek zer egingo zenukete? Ba, jan! Begira zein bizkorrak diren hemengo umeak.
sole: Laguntza behar baduzu esan.
kirten: Tira ba! Gero elkartuko gara eta txokolatada erraldoi bat egingo dugu, bai?
arantza: Urteko egun guztietan txokolatada eginda ere ez zenukete horrenbeste jango eta.
kirten: Zuk zer dakizu! (Zilborra laztanduz)
arantza: Okerrena gehiena galdu egingo zaizula...
sole-kirten: Galdu?
astonio agertzen da eta egoera apurtzen du.
astonio: Aupa astokideok!
denak: Astonio!
arantza: Hara! Gure xirulajole aparta! Zer moduz lanean?
astonio: Ahaztu dezagun lana. Atera musika-tresnak. Gora Ekidazu! Gora festa!
arantza: Hori da! Akabo penak! Egin dezagun arrantza. Lehoiek ez dakite biolina jotzen.
astonio: (Musikariei sarrera emanez) Bat, bi, hiru ta...
arantzak, astoniok eta asto guztiek musika jotzen dute.