Ekidazu
Askoren artean
Ekidazu
Askoren artean
Artezblai, 2003

 

—Bost—

Ezer ez da berdin

 

Bi planotan garatzen da ekintza. Alde batetik lantegi barruan gertatzen dena eta bestetik lantegi kanpoan. Barruan langileek euren erritmoan egiten dute lan, gehiegi behartu gabe. Gehien-gehienak astoak dira. Langileak erritmo lasaian eta berriketan ari dira lucky azeria sartzen denean.

 

lucky: (Serio) Alferrak. Ez duzue ezertarako balio. Egunez ilargia eta itsasoan euria bezain alferrekoak zarete. Entzuna nuen astoa denik eta animaliarik alferrena dela.

asto 1: Nik dakidala ez dago astoa bezain animali langilerik.

astoak: (Zurrumurruak) Zer dio horrek, lana baino ez dugu egiten eta!

lucky: Langileak? Lantegia zabaldu genuenetik esker txarra besterik ez dut jaso zuengandik. Nola erantzun diozue nik emandako konfiantzari?

sole: Esklaboen pare lan eginez.

astoak: (Zurrumurruak) Horixe Sole! Ez gaitezen gelditu besoak gurutzaturik.

lucky: Bai zera! Lanorduetan musika joz. Inozoa nintzelakoan ala?

asto 1: Ez ordea.

lucky: Argi izan. Zelatan izango nauzue gau eta egun. Ezin da ezer egin Ekidazun nik jakin gabe...

 

Langileek harriduraz begiratzen dute lucky.

 

astonio: Birritan esan beharrik ez duzu. Ageri-agerian dago...

kirten: Arrazoia duzu, nik etxeko komunean harrapatu nuen lehengunean, komuneko zulotik zelatan.

 

Langileen artean zurrumurrua zabaltzen da.

 

lucky: Hara! Oilar izateko jaio zen astoa. Hurbil zaitez Astonio. Zurekin hitz egin beharra daukat.

astoak: (Zurrumurruak) Lasai Astonio zurekin joango gara denok...

lucky: Eta zuek lanera!

 

Denak ikaraturik lanean hasten dira, bitartean lehen planoan lucky eta astonio.

 

lucky: Eseri Astonio. Gure lantegian hainbat neurri hartzea erabaki dut: Lehendabizikoa, lan emaitzetan arreta jartzea. Begira, irakurri.

 

Piztiaga Times egunkaria ematen dio.

 

astonio: New Pork 90, Zookio 80.

lucky: Zookio eta New Porkeko lantokietako lan emaitzak. Ondotik hirugarrena, geurea, irakurri.

astonio: Ekidazu %30.

lucky: 30 besterik ez, lotsagarria. Beraien markara iristea da nire erronka, zuon erronka...

astonio: Hori ezinezkoa da!!!

lucky: Ez dago ezer ezinezkorik “Piztiaga & Co.” konpainian. Besteen parera iritsiko gara. Horretarako, lanorduak gehituko ditut behar beste. Eta arrantza galaraziko dut. Ezingo duzue kantatu lantegi honetako langile zareten bitartean.

astonio: Kanpoan bai ordea.

lucky: Ez barruan ez kanpoan. Akabo beraz, kantak eta arrantzak. Akabo musika tresnak.

astonio: Hori ez da hitzartu genuena...

lucky: Hitzartu, hitzartu... Hitzak haizeak eramaten ditu.

astonio: Eta sinatutako papera?

 

luckyk alde egiten du erantzun gabe...

 

astonio: (Larri, larri lantegirantz) Azeri honek ez daki zein burugogor garen astook! Lagunok, lagunok!!!

kirten: Zer gertatu da Astonio? Zer esan dizu Luckyk?

astonio: Erakutsi diezaiogun azeriari zer garen ekidazuarrok.

kirten: Bai horixe! Har ditzagun musika tresnak!

sole: Jo dezagun denok batera!

kirten: Entzun, entzun erritmo berri hau... (Erratzarekin jotzen du erritmoa beste astoak tresna ezberdinekin hurbiltzen zaizkion bitartean)

denak: Zoragarria!!!

kirten: Ea ba, denok batera! Bat, bi, bat, bi, hiru ta...

 

Musika-tresna inprobisatuekin jotzen hasiko dira. Halako batean, lucky itzuliko da eta bete-betean harrapatuko ditu.

 

lucky: (Sutan) Astonio, zer da hau?

astonio: Atsedenaldi bat, besterik ez. Horretarako eskubidea badugula uste dut.

lucky: (Mehatxu eginez) Lurra bigunago eta harra barrurago. Neuk aterako dizut zuri eskubidea. (Haserre) Entzun denak: lan emaitzak 100era heldu arte ez da hemendik arimarik aterako. Astonio zu zeu erantzule.

astonio: Hau ez da bidezkoa!!!

lucky: Bidezkoa agindutakoa betetzea da. Beraz isildu eta ekiozue lanari!!!

 

100ko emaitza lortu arte lanean ari dira martxa azkarrean eta orduantxe:

 

lucky: Ikusten duzue? Motibazio pixka batekin dena lor daiteke! Joan zaitezkete etxera.

kirten: Goazen Astonio...

 

Langileak lantokitik ateratzen dira. astonio eta lucky bakarrik geratu dira lantokian.

 

lucky: Eta zuk Astonio, bete al duzu gaurko lana?

astonio: Bai, den-dena jarri dut, begira.

lucky: Beheko potu honek hautsa dauka...

 

azeriak eskuarekin apalategiko poto guztiak botatzen ditu.

 

astonio: Ez!!!

lucky: O! Lana bukatu arte jarraitu beharko duzu. Agur Astonio!

 

astonio bakarrik geratu da lantokian. Bitartean arantza bakarrik dago kalean. satur ateratzen zaio estolda zulotik. Tok, tok, tok.

 

satur: Piztiaga aldetik dator notizia...

arantza: Satur, eskerrak agertu zarela. Non daude besteak.

satur: Entzun, entzun zer irakurri dudan Le Mond Animal-en: lanaren eraginez kantatzeko adorea ere galdu duzuela azkenik Ekidazuarrok. Eta lege berria ezarri dizuetela: Debekaturik dago dagoeneko Ekidazun arrantza egitea eta musika tresnen jabe izatea.

arantza: Eta hori onartu egin dute denek?

satur: Derrigorrean. Gainera, Astonio bera zigorturik geratu da lantegian. Lucky bere onetik aterata dabil nahikoa lan egiten ez duzuelako astook.

arantza: Hau ez da Ekidazu.

satur: Bada beste notizia garrantzitsu bat! Piztiagako kirol nazionala. Goril Amstrong-ek munduko piztistatic errekor berria ezarri du, ostera ere.

arantza: (saturren diskurtsoa ahalik eta lehen moztuz). Horixe besterik ez nuen buruan...

 

saturrek alde egiten du. arantza bakarrik geratzen da. Lantoki barruan lanean jarraitzen du astoniok.