Ekidazu
Askoren artean
Ekidazu
Askoren artean
Artezblai, 2003

 

—Zazpi—

Azerikeria

 

arantza bakarrik dago kalean. Bitartean lantegian...

 

astonio: Pikutara Piztiaga & Co., azeri horrek ez nau menperatuko!

 

Ordurarte egindako lana bota eta bertan behera uzten du, zalapartarekin lucky hurreratzen zaio.

 

lucky: Zertan ari zara Astonio?

astonio: Tximistak erreko al zaitu Lucky barrabasa!!!

lucky: Lasai Astonio hitz egin dezagun. (Lepotik heltzen du) Uztazu lan hori eta zatoz, zatoz nirekin, zerbait hartuko dugu eta hitz egin, lagunen moduan. Agur Astonio, infernuan ikusiko gara!!!

 

astonio eta lucky desagertu egiten dira.

 

astonio: (Arrantza zoli eta latz bat) ia, ia, ia, iaaaa!!!

 

arantza garrasia entzun eta ikaratu egingo da.

 

arantza: (Izuturik) Astonio...

 

arantza lantegira sartzen da astoniorengana hurreratzeko asmoz. Beste aldetik leontzio agertzen da.

 

leontzio: (Ikuslegoari zuzenean erantzunen bila) Zer izan da zarata hori? Zer gertatu da? Nondik sortu da?

 

Bat batean luckyren ahotsa entzuten da...

 

lucky: Hiltzailea! Hiltzailea!

 

lucky eta goril, arantza besoetatik helduta daukatelarik lantegitik agertzen dira.

 

lucky: Hiltzailea! Hiltzailea!

leontzio: Arantza!? Zer arraio gertatzen da hemen, Lucky?

lucky: Arantza lantegia suntsitzen ahalegindu dela.

arantza: Nik ez dut ezer egin.

leontzio: Nola froga dezakezu hori?

lucky: Gauza jakina da astakilo honek gure lantegiari dion gorrotoa.

leontzio: Hori ez da froga nahikoa!

lucky: Astonio zintzoak harrapatu du.

leontzio: Astonio? Ba etor dadila eta aitor dezala.

lucky: Ez da posible.

leontzio: Zergatik?

lucky: Astakilo krudela ez da errukitu ezta Astonio zaharraz ere.

leontzio: Zer esan nahi duzu horrekin?

lucky: Akabatu egin du. Gupidagabea!

arantza: Hori ez da egia!!!

leontzio: Hori ezin da egia izan. Gezurtero alena zara Lucky.

lucky: Begien bistakoa ukatu nahian ala? (Ironiaz) Eguzki epeletan hazi du berori aitatxok eta... Zorrotz jokatu behar da astakirten hauekin. Hilketa hau ez da ordainik gabe geratuko. Goril eraman ezazu!

leontzio: Geldi Goril!!! Hemen nik neuk agintzen dut oraindik. Aska ezazu Arantza!

lucky: (leontzio moztuz) Hemendik aurrera ez, lehoikumetxo! Eraman ezazu asto hori giltzapera!

leontzio: Lucky geldi! Geldi!

lucky: Grrrrr.

 

gorilek arantza bultzaka eramango du. leontzio lur jota dago, etsituta.

 

leontzio: Lucky, denak eta bat ordainduko dituzu ...Oh! Arantza kartzelara daramate eta Ekidazu hankaz gora, zer egin dugu???