Ekidazu
Askoren artean
Ekidazu
Askoren artean
Artezblai, 2003

 

—Zortzi—

Faustoren itzulera

 

leontzio bakarrik dago eserita. fausto agertzen da kantari, bere kanta xuxurlatzen.

 

fausto: Lagunok! Lagunok! Iritsi da Fausto! (Bere bostean) Ez dakizue zenbat kanta ekartzen dizkizuedan mundu osotik. Milaka abentura kontatzeko. Sole, Kirten, Arantza... (Harritu egiten da inor ez duelako aurkitzen). Non sartu ote dira...? Zer gertatu da hemen?

leontzio: Fausto, ezta?

fausto: (Goitik behera begiratuz, ikuslegoari) Eta hau nor da?

leontzio: Ni Leontzio, Arantzaren laguna.

fausto: Eta non dago bera?

leontzio: (Lepotik heltzen du eta bazter batera joaten dira) Ataka estu batean. Kartzelan dago, Piztiagan.

fausto: Nola? Ezin dut sinetsi. Arantza giltzapean?

leontzio: Zera, Astonioren hilketa egotzi diote. Baina nik ez dut uste bera izan denik.

fausto: Astonio hilik? Arantzak gainera? Mundua hankaz gora jarri dela dirudi kanpoan egon naizen tarte honetan...

leontzio: Eskerrak etorri zarela. Ez nekien norengana jo. Gainera...

fausto: Zer?

leontzio: Hilketarena... Lepoa egingo nuke Luckyren amarru bat dela.

fausto: Amarrua? Ba zer edo zer egin beharra daukagu...

leontzio: Nik badut ideia bat. Baina asto guztien laguntza behar dugu.

fausto: Hori utzi nire esku. Baina zer egin behar dugu?

leontzio: Begira, Lucky apustuzale amorratua da, nik zirikatuko dut apustua egin dezan lortu arte eta horrela Arantza askatuko dugu, gero apustua irabazi behar dugu Ekidazu bere atzaparretatik libratzeko.

fausto: Bai eta astoak zer?

leontzio: Ba honetarako gaur ez da astorik lanera etorri behar, hori besterik ez.

fausto: Hori egina dago!

 

faustok alde egiten du.

 

leontzio: (Ikusleei) Astoen laguntza bakarrik ez, zuena ere behar dugu, beraz eme egon eta abisatu Lucky datorrenean.

 

leontzio ezkutatzen da.