Aurkibidea
3. Txirula magikoa eta lapurren agerpena
Zelatan egon diren lapurrak kukubel lotan eta sorgina joanda ikustean bidea libre daukate eta lanean hasteko une aproposa aprobetxatu nahi dute. kukubelen poltsa da eskuratzen duten lehen gauza, baina euren artean liskarra sortzen da, zeinentzat izango ote da? Horren ondorioz lapur nagusiak bartolo (lapur mutua) mehatxatzen du...
lapurra: Bartolo dasta itzazu zure bizitzaren azken arnasaldiak.
Tirabiraren zaratarekin kukubel iratzartzen ari dela ohartzen direnean, liskarra utzi eta ezkutatzen dira. kukubel iratzartzen denean txirula esku artean duela konturatzen da:
kukubel: Oh! Txirula magikoa? Orduan ez da amets bat izan!
Neska pozik, kontent jotzen hasten da, bi lapur atzean intentzio txarrean dituela konturatu gabe. Musika hastean lapurrak dantzan hasten dira, dantzan eta dantzan, triska ta triska musika bukatu arte. Baina joaldiaren atsedenaldian lapurrak hurbiltzen zaizkio ustekabean eta ohar gabean harrapatzen dute. Eta laban handiarekin mehatxatuz:
lapurra: Gora eskuak! Poltsa ala bizia!
kukubel: Baina...!!!??? Har dezakezue nire poltsa, hemen non daukazuen... baina aurrez esan nahi dizuet ez duzuela ezer aurkituko.
lapurra: Gora esku horiek, arnasarik gabe gelditu nahi ez baduzu!
kukubel: Bai, bai, jasoko ditut!
lapurra: Poltsa hau hutsik dago.
lapurra: Non daukazu dirua?
kukubel: Poltsikoan izan dut baina...
lapurra: Hustu diezaizkiogun poltsikoak.
Lapurrek modu bortitzean buruz behera jarriko dute poltsikoak hustu nahian, baina dirurik ez.
lapurra: Hemen ez dago ezer. Non daukazu dirua?
kukubel: Zapatetan ere izan dut...
lapurra: Zapatetan? ... (Zapatak ongi arakatuz...) Hemen galtzerdiak besterik ez dago! Non gorde dituzu sosak?
kukubel: (Trufari) Belarri-zuloetan ere gorde izan dut...
lapurra: Belarrietan?
lapurra: Belarriak garbi garbiak dauzka. Non ezkutatu duzu dirua?
kukubel: (Txantxarekin jarraituz...) Sudur zuloetan eraman izan dut ere baina...
lapurra: (Sudur zuloak aztertuz) Baina sudurtzuloak ataskaturik dauzka. Berdin da honekin zabalduko dizkiot sudurtzuloak nik. Hemen izango da gure altxorra.
Hautsak botatzen dizkio eta...
kukubel: Atxis!!!
lapurra: Oh!!! (Hautsen eraginaren kontagiotik libratu ondoren) Hemen ere ez? Non dauzkazu urreak?
kukubel: (Ipurdia erakutsiz) Hemen ere gorde izan dut baina...
lapurrak: Non??? (Neskatoaren ipurdiari begira)
kukubel: (Puzkerra) Purrrruuuutttt!!!
lapurrek, konortea berreskuratu ondoren, kukubel goitik behera aztertu eta ez dutenez zentimorik aurkitu, mendekuaren bila hasten dira.
lapurra: Dirurik ez badu, zer egingo dugu neska mukitsu honekin? (Pentsalariaren plantak egin eta badatorkio ideia) Ondo, besterik ezean, artaldea kenduko diogu eta kitto!
kukubel: Hartu nahi baduzue, baina txirularen soinurik gabe ez zaituzte jarraituko... Hala ere, kendu nahi badidazue...
lapurra: Ez al dizugu esan kendu egin behar dizugula ala? Eta txirula ere, ardiak errazago menperatzeko.
sorgina: (Off) (kukubelek bere baitan sorginaren aholkua gogoratzen du) Behin baino gehiagotan aurkituko zara sorginkeria honen ahalmenaren beharrean. Behin baino gehiagotan!
kukubel: Beno... baina kendu aurretik erakutsiko dizuet nola jo behar den ardiak zuzentzeko...
lapurra: Tira ba, ikusi eta ikasi behar dugu nola jotzen den katxarro hori!
kukubel: Hori, hori, nik txiruliruli jo eta zuek dantzan egin!
lapurrak, ohartu gabe, dantzan hasten dira txirularen musikarekin batera, hasieran pozik, barre eta oihuekin batera...
lapurra: Segi, segijotzen neskatotxo!
Baina nekatu direnean gelditu nahi eta ezin dutela ikusten dutenean...
lapurrak: Nahikoa da, nahikoa!
— Mesedeeez!!!
— Isil ezazu tresna hori!
Baina kukubel ez da tontoa eta lapurrak lurrera ziplo erortzen diren arte txirula jotzen jarraitzen du. Baina lapur nagusia ohartu da txirularen botereaz eta beren maltzurkerietarako tresna aproposa dela bururatzen zaio.
lapurra: Bartolo txirula hori magikoa duk, eskuratzen badiagu aberastu egin gaitezkek!
kukubel lapurren intentzioak segituan susmatu ditu eta txirula soinuak aireratzen hasten da segituan...
lapurra: Ez! Hobe hemendik alde egiten badugu, inguru hau sorginduta dago eta. Agur, agur, geratu ezazu hori behingoz! Bagoaz eta...
Eta korrikan ikusten ditu lapurrak alde egiten.
kukubel: Orain ez nauzue atzemango!