Kukubel
Josu Camara
Kukubel
Josu Camara
Artezblai, 2003

 

4. Apaizaren agerpena

 

4a - Herrian meza nagusia

 

Herrian, herritarrak mateo txistuk zuzendutako meza entzuten ari dira, erbi batek, ehiza txakurrak zaunkaka atzean jarraika dituelarik, elizako atea zeharkatzen duen unean. mateo txistuk, apaiz ehiztaria, hau ikustean, meza utzi, zakurra deitu eta erbiaren atzetik doa abiada bizian. Txakurra eta erbia elkarri jarraika.

 

 

4b - Mateok Kukubelekin egiten du topo

 

Apez ehiztaria, kukubelen inguru horretara hurbiltzen da erbiaren atzetik, erbia muturren aurrean gelditzen zaio eta apaiza, eskopeta prestatu eta tiroa egiteko prest dagoenean, kukubel, ezertaz konturatu gabe, txirula jotzen hasten da. Orduan apeza dantzan hasi, tiroa bota eta erbia galdu egiten du. Dantzan, dantzan eta dantzan hasten da, sasietako lapar zorrotzek bere larru eta jantziak urratzen dizkiotela, dantzan eta dantzan. Honen haserrea txistua isildu denean!

 

kukubel: (mateo lurrean ikusita) Ene! Nondik erori da hau? Mateo Txistu da eta! Mateo, zer egiten duzu lurrean? Altxa zaitez gizona!

mateo: Neskato arraioa, zure sorginkeri madarikatu horregatik erbiak alde egin dit. Sorginduta zaude eta ikusiko duzu zer egiten dugun guk zu bezalako sorginekin!!! Kukubel sorgina da!!!

kukubel: Baina Mateo, nik txirula jo besterik ez dut egin...

 

mateo, artzainaren hitzei muzin eginez, herrirantz abiatzen da oihu bizian... kukubelek atzetik doakio nahigabe egin duela adierazi nahian.

 

mateo: Herritarrok, Herritarrok, Kukubel sorgina da!!!