Kukubel
Josu Camara
Kukubel
Josu Camara
Artezblai, 2003

 

6. Epaiketa

 

6a - Epaiketa

 

herritarrak: Bla, bla, bla...

mateo: Isilik jaun andreok, Kukubel epaituko dugu sorgina delako.

herritarrak: Kukubel madarikatuta dago! Ora pro nobis ...ardo ta ogiz.

kukubel: Nik ez diot inori inolako minik egin!

mateo: Jaun andreok, neskato hori bazterrak nahastatzen ikusi dut nik.

herritarrak: Deabrua darama aldean! Dominus vobiscum ...Baztanen Arizkun.

mateo: Loreak, arbolak eta basoko animaliak konkortzen ari ziren bere sorginkerien ondorioz!

kukubel: Dantzan ari ziren alai!

herritarrak: Zigorra merezi du! In nomine patriis et filii... ezin dugu hola ibili.

mateo: (kukubeli zuzenduta) Ardiek dantzan egiten dute?

herritarrak: Ez!

kukubel: Bai.

mateo: Loreak dantzan aritzen dira?

herritarrak: Ez!

kukubel: Bai.

mateo: Eta nork jotzen zuen gauza guzti horiek dantzarazten zituen musika?

kukubel: Nik, nire txirula magikoarekin.

mateo: Txirula magikoa esan du?

kukubel: Bai, Laminak egindako oparia da!

mateo: Lamina batek, hau da, sorgin batek... Ikusten duzue herritarrok, sorginekin lagun dabilena sorgina bihurtzen da. Kukubel sorgina da, andre eta gizon!

herritarrak: Kirie eleison...

mateo: Urkamendira sorgina! Sekulorun sekulotan...

herritarrak: Ez gaitezen geldi lotan... (Bis)

 

 

6b - Epaia

 

mateo: (Tok, tok, tok)

            Herrian ez dadin

            ontasuna agortu,

            sorgina delako

            dezagun zigortu.

            Arimarik ez du

            gaizkile zen sortu,

            urkamendia du

            sorgin txarrak lortu.

herritarrak:

            Urkamendia du

            sorgin txarrak lortu,

            urkamendia du

            sorgin txarrak lortu!

 

 

6c - Zigorra

 

mateo: Eraman ezazue urkamendira...

herritarra a: Bai... Ala, Kukubel goazen...

herritarra b: E, e! Gauzatxo bat.

mateo: Zer nahi duzu?

herritarra a: Eta urkatu gabe zergatik ez dugu zazpi burudun herensugearengana bidaltzen.

herritarra b: Bai, horrela gure aurtengo eskaintza berarekin beteko dugu.

herritarra c: Hori, hori! Herensugearen kobazulora eramango dugu.

herritarra d: Bai goazen...

herritarra f: Hori ideia hori izan duzuna Miren.

herritarra g: Bai horixe! Aurten ez dugu zozketarik egin beharko herensugeak zein neska jango duen jakiteko.

herritarra h: Eta urtebetez bakean utziko du gure herria.

 

kukubel loturik daramate herensugearen kobazuloaren atarira.

 

 

6d - Bitartean larrean

 

ardiak narradorearena betetzen.

 

artaldea: (Narradore gisa)

            — Estu dabil gure Kukubeeel.

            — Dena jarri da beeeere kontran.

            — Zer egingo dugu Kukubel gabeeee?

            — Herensugearen hatzaparretatik bizirik ateratzeko modurik ez dago!

            — Bai, egon badago, mingainak moztuz gero herensugeak hil egiten dira.

            — Baina nork abisatuko du? Nork ohartaraziko du Kukubel?

            — (Ikuslegoari zuzenduta) Zuen laguntza behar du, lagundu... abisatu!