Zapatak
Jose Mari Carrere
Zapatak
Jose Mari Carrere
Eztena, 2018
Zapatak
Jose Mari Carrere
Eztena, 2018
[aurkibidea]

 

Biografiak

 

 

Joxemari Carrere Zabala

 

            Hamasei urterekin hasi nintzen antzerkian, Oiartzungo Intxixu taldean. Ia kasualitatez. Patri Urkizu irakasleak institutuko klasekoei galdetu zigun Intxixun jendea behar zutela eta ea nor animatzen zen. Gure patua kasualitatez osatua da. Aktore lanaz eta antzerkiaz piperrik jakin gabe, bat batean, eszenatokian nintzen antzerki euskaldunaren muinean sartuta, eta lehenengo papera inkisidorearena, gaztelaniaz: ¡Apóstata es esta tierra!. Hori euskal sorginen gaineko lan batean, Inexa. Ondoren Iparragirre Ama Zorro etorri zen, eta hemen bando bat frantsesez irakurri behar. Halaxe ekin nion antzerkia euskaraz egiteari. Gabonetako ikuskizuna etorri zen gero, deabrukeriak eginaz xviii. mendeko euskal antzerkian. Mario Benedettiren Pedro eta Kapitana izan zen Intxixuren azken antzerki lana, 1985ean. Tarte horretan Eusko Jaurlaritzak zabaldu berri zuen Antzerti antzerki eskolan urtebetez aritu eta, beste gauzen artean Stanislavski nor zen ezagutu nuen, protagonista eta antagonistekin “objetibo” eta “superobjetibo” bilatu bitartean. Handik aurrera bestelako antzerki talde eta lan. Maskaradarekin Gernika 37-87 antzezlanerako errubio aldatu nintzen, gidoiaren eskakizunak, nonbait.

            Kontalaritza etorri zen gero, kasualitatez hau ere, edo kuriositatez. Eta eszenografiekin, harri jasotzailearen eszenarako bertsioa amaitu zen, kontalaritzan hitza baita altxatu beharreko zama, omen. Artista guztiok bilatzen dugun arrastakatsu izateko bidean jarri nintzen. Eta beste gauza garrantzitsu asko, gogoan ez ditudanak, hitz hauek idatzi arte. Hamaika antzezteko jaioak gara.

 

 

Ainhoa Alberdi Gisasola

 

            Aktorea, sortzailea, irakaslea. Psikologian lizentziaduna, psikoterapeuta teknika bioenergetiko eta gestaltikoetan. Yoga Aereoko irakaslea.

            Hamabi urte zituenean hasi zen antzerkia egiten. Beranduago Donostiako taen jaso zuen antzerki formazioa. Gorputza, mugimendua, energia eta espresioarekin harremana duten eremuen ikerketan du interesa du, horretarako hainbat alor lantzen ditu, hala nola: Kontakt dantza (formakuntza 2. urtea), Butoh dantza, Yoga aereoa, meditazioa.

            Zarauzko Alproja taldeko partaide izan da urte askotan, bertan irakasle, sortzaile, aktore eta zuzendari lanak egin ditu.

            Aktore gisa haonbat talderekin egin du lan: Zamorako Achiperre taldearekin Erpurutxo neska lanean; Gorakada taldearekin Irudimeneko hirian lanean aktore eta Jules Verneren azken bidaian manipulatzaile lanak egin zituen; Kukubiltxo taldearekin Inorako Bidaia; Pez Limbo taldearekin Oxido proiektua taularatzen dabil une honetan.

            Ttak teatroa konpainiaren sortzailetako bat da. Hainbat lan sortu eta ekoiztu dituzte gaur arte; Eta Karmele?, Ta uain ze?, Zapatak, Ingo al deu amets (haur txikientzako antzerkia 0-2 urte), Platonen Alaba. Metrokoadroka taldeko kolaboratzaile gisa hainbat lanen sorkuntzan eta aktore lanetan parte hartu du: Herio heroi, Munduaz beste, Zertarako hegoak, Elkartasun basatia, Gabrielen lekua, Mr. Señora, Marionettes... Dantza alorrean Nirekin dantzatu nahi?, Emalegez, Dolor ex in itinere lanetan eta hainbat performanceetan parte hartu du.

 

 

Ainara Gurrutxaga Juanikorena

 

            Ainara Gurrutxaga antzezle eta zuzendari da Dejabu panpin laborategia konpainian. London International School of Performing Arts eskolan graduatua da eta hainbat nazioarteko konpainiekin osatu ditu eszena arteetan ikasketak (Complicite, Legaleon-T eta Philippe Genty konpainiekin, horien artean). Antzerki fisikoa eta txotxongiloen estetika uztartuz, irudi iradokitzailez eta narratiba pertsonalez eraikitako ikuskizunak ondu ditu bere konpainiarekin. Azken urteetan sortutako Gizona ez da txoria (2007), Azken portua (2011), Gure bide galduak (2011), Arrastoak (2014) eta Linbo planeta (2017) antzezlanek ikusleen eta kritikaren erantzun beroa jaso dute, baita Artedrama eta LPTP konpainiekin elkarlanean sortutako Errautsak (2010), Hamlet (2013) eta Francoren bilobari gutuna (2016) lanek ere. Beste hainbat konpainiekin ere etengabe kolaboratu du azken urteetan, antzezle zein zuzendari gisa: Antzerkiola Imaginarioa, Metrokoadroka, Rouge Elea, Ttak, Anakrusa, Xake eta Logela Multimedia horien artean.