Aldi joana, Joana
Karlos del Olmo
Aldi joana, Joana
Karlos del Olmo
BBK , 2001
Aldi joana, Joana
Karlos del Olmo
BBK , 2001
[aurkibidea]

 

Antzoki bateko eszenategia. Ez dago guztiz atonduta, nahiz eta gauza batzuek gaztelu bateko sala iradokitzen duten. Antzezlanen bat edo prestatzen dihardutela ematen dute eszenategiko apaindurek. Gauzek guztiz borobildu gabe daudela dirudite. Antzezle batzuek pertsonaia bat baino gehiago jokatuko dute, horrela arlekin eta nostradamus zuzendariak zein koldok antzeztuko dituzte, beharren arabera.

Argiak piztu eta bost antzezleak izango dira eszenatokian. Erdian, arlekinez mozorroturikoa eta zuzendaria.

xvi. mendeko musika adituko da.

 

ARLEKIN: A, zuzendari jauna, zeinen aukera ona jende xeheari handikien bizimoduak eta jauregiak erakusteko! Aitoren seme-alaben gorentasuna! Jaun eta andre txit handiak! Biarnoko, Nafarroako, Parisko eta Madrilgo gorteen handia eta ederra! Tira, erakuts iezaguzu jauregi luxuz bete horietako inguruabar guztiak! Banan-banan aurkeztu hango pertsonaia ikusgarri eta miresgarriak! Hainbeste dugu ikasgai eta ikusgai! Eta zelako interesgarria horrelako pertsonaia handi eta boteretsuen artean igarotako eguna!

ZUZENDARIA: Ai, Arlekin nirea, zer gura duk, bada? Biarnoko eta Nafarroako erregina Joana Albretekoari zer gertatu zitzaion erakutsi beste asmorik ez diat izan! Talentua eta abilezia ez zaizkidak urrunago heltzen! Baina zergatik eskatzen didak luxuaren gainean berba egiteko, nik erresuma euskaldun apal bateko erregina protestante zorigaitzekoari gertatutakoa agerian jarri baino besterik nahi ez badiat?

ARLEKIN: Oso oker dabil berori! Plaza jendearen zorra herri xehearekikoa baita! Eta populuak gauza ederrak ikusi nahi ditu taula gainean! Handikien eta jainkoen gorabeherak! Komedia barregarriak eta ez, inondik inora, eguneroko miseriak gogora dakartzaten obra negar eragileak! 1572. urtean kokatu nahi lan hau eta hainbeste handitasun zein luxu aipatu gabe utzi? Ea, ez dezala berorrek inolako zalantzarik! Tira, nik neuk lagunduko diot: Saloi ederreko ate urreztatua zabaldu eta hara non agertzen den...

ZUZENDARIA: Baina Arlekin bihotzekoa, xvi. mendean Biarnoko eta Nafarroako gazteluetan ez zegoen luxuzko saloirik. Salaren bat edo beste, bai, besterik ez! Gainera protestanteak luxuaren aurkakoak ziren!

ARLEKIN: Ez beza berorrek berbatxorik ere egin, orduan, erregina protestante ilun horren gainean! Jende xeheak harribitxiak, zeta, koroak, perfumeak, dantzari trebeak, zaldun mozorrodunak, harreman arriskutsuak nahi ditu! Ezta hala, ikusle agurgarri horiek? Miseria antzokitik kanpo gera bedi!

ZUZENDARIA: Baina azaleko luxu eta edertasun horien azpitik bestelako ustelkeria eta gordinkeriak ere gertatzen zituan: gosea, gerrak, gaixotasunak, bortxakeria, Inkisizioa!

ARLEKIN: Ama Birjinak lagun diezagula! Inkisizioa aipatzen hasi behar du berorrek orain? Horrek ez dio ikuslerik inguratuko berorri! Ken bitza horrelako asmoak gogotik! Zergatik ez eman edertasuna, alaitasuna, dibertimendua? Zergatik ez eszenaratu errege-erreginak, printze-printzesak, kapareak eta gortesauak oro har? Zelako jantziak daroatzate soinean? Noren harribitxiak ederren? Horrelako gauzak ditugu jakingura!

ZUZENDARIA: Noren gaineko zertzeladak behar dituk, Arlekin?

ARLEKIN: Nolakoak dira Katalina Medici, Joana Albretekoa, Karlos ix.a, Antonio Borbon, Margot ederra, Enrike iv.a, Felipe ii.a...?

ZUZENDARIA: Antzezlana baino, Arlekin gurea, hiru erresumaren historia luzea ordu biko saioa batera laburbiltzeko eskatzen duk! Ezina ez ezik, alferreko saioa ere! Baina, zorionez, aipatu dituan horien guztion gainean erretratu eta grabatu ugari ditiagu eskura! Katalina Medici, adibidez, emakume betea da, artean guria, esan ohi denez, ederra bere adina kontuan izanik. Sudur zabala eta ezpain lehorrak. Begiak beti erdi batuta, beti aharrausika eta aspertuta balego legez. Berdin ahoskatuko luke “A, nork akabatuko dit biarnes nazkagarri hori?” zein “Andrea, ezkonduko al zenuke zure Enrike gartsua gure Margot kuttunarekin?”

ARLEKIN: Eta nola agerraraziko du berorrek Katalina handi hura Enrikerekin ezkontza lotzera doanean, mutilaren ama, Joana Albretekoa, pozoitzeko manatu duela? Zelan aditzera eman horren ankertasuna, inon izan denik eta emakumerik bihotz hotzekoena dela?

ZUZENDARIA: Ai, Arlekin, Arlekin! Hainbesterainoko anker hutsa izan balitz, historialariek ez zioten aitortuko halako gobemari hots eta sona handiak! Nahiz eta gauza zabaldua den oso hipokrita zela!

ARLEKIN: Eta enparauak... zelako piura dute Joanak, Enrikek, Margotek, Joanes Leizarragak? Galaiak, alprojak? Ausartak? Nolakoak ziren hango gorteak? Lizunak eta haragikoiak edo, Jainkoak barkatuko dit, elizak bezain gogo aspergarriak?

ZUZENDARIA: Joana Albretekoren gortea ez zen, itxuraz bederen, bat ere lizuna! Egia esan, hori ere ez da egia osoa, senar katolikoak ez baitzuen inongo erreparorik hainbat amorante izateko! Semea ere nerabezarotik gonazale porrokatua omen zen!

ARLEKIN: Horrelako endredoak bai! Horixe da, zuzendari ahaltsu hori! Eta errege-erreginen gortesauen hartu-eman ez oso pietatetsu horiek?

ZUZENDARIA: Eta zergatik ez didak galdetzen San Bartolome gauean katolikoek hil zituzten milaka hugonoteen gainean?

ARLEKIN: Nori zer dio horrek? Txotxolokeriak, haurrak izutzeko ipuinak! Nire moduko probintziano xumeok gauza ederrak baino ez ditugu ikusi nahi! Hilketak? Ez ote dira gure sailekoak egunero eulien antzera hiltzen? Erlijio borrokak? Lau apaiz potolo eta beste horrenbeste artzain protestante argalen liskarrak baino ez dira! Gutarrok ez dute inongo aukerarik handikien bizimodua dastatzeko eta antzerkia dugu ia bide bakarra egunerokotasunetik irteteko!

ZUZENDARIA: Beraz, nahiago duk jakin Joana Albretekoa hil eta handik hamabost egunera semeak ehiza beste kezkarik ez zuela? Tira, gogokoa izango duk Joana Albretekoaren titulu guztien berri konplitua ematea!

 

Paper bat luzatuko dio arlekini.

 

ARLEKIN (Handinahitsu, ahots ponposoz) Hona hemen Joana Albretekoa, edo Labritekoa, edo Lebretekoa, Nafarroako erregina, Biarnoko bizkondesa, Limogeseko bizkondesa, Bigorrako bizkondesa, Foixeko bizkondesa, Redezeko bizkondesa, Armagnaceko bizkondesa, Perigordeko bizkondesa, Albreteko dukesa, Vendomeko dukesa, Beaumonteko dukesa eta Alençoneko dukesa, Jainkoak betiko gorde dezala.

 

arlekinek mozorroa kendu du aurpegitik.

 

KOLDO: Zer, zer deritzozue?

ZUZENDARIA: Oso inprobisazio ona! Ona, benetan! Atzoko sarrera baino hobea! Besterik gabe sartu egingo dugu! Gauza da Joana Albreteko Nafarroako erregina euskaltzalearen gaineko oihala denon hariekin ehuntzea!

ISABEL: Ez dakit, bada! Seguru zaude hemendik antzezlan bat aterako dela? Zazpigarren saioa da eta adabaki sorta bat baino ez dugu! Ni ohituta nago gidoi osoen arabera antzezten! Inoiz ez dut horrelako sortze lan batean esku hartu! Ni neu idazle izatea...

ZUZENDARIA: Hasieran beti gertatzen da berdin! Baina, lasai, ohitu egingo zara ohitu, izan ere! Gainera, kazetaria ere bazara lanbidez. Erreportaje luzeak idatzi behar dituzunean, hasieran ez da dena anabasa hutsa eginda egoten?

ELENA: Zuk, behintzat, Isabel, eskarmentua duzu idazten, ez? Neu, aldiz historialaria naiz! Pentsa! Eta gainera, txikitatik ez dut ezertxo ere antzeztu! Hobe laguntzaile edo baino uzten ez nauzue!

ISABEL: Bai, egia da, kazetaria nauzue, baina inoiz ez dut fikziorik landu! Dokumentazio lana, bai, baina....

ZUZENDARIA: Alde horretatik, lasai. Nork bete txokoa aurkituko du! Aurrera aterako gara! Emaitzei dagokienez... amaitzerakoan baino ez ditugu jasoko. Betidanik erakarri izan nau Joana Albretekoaren bizitzak. Horra hor zergatik erabaki nuen horren gaineko zerbait prestatzea. Eta idatzi behar zenez gero, zergatik, ez egin dena batera? Idatzi ahala, antzeztu! Antzeztu ahala, idatzi!

ELENA: Ez dakit, bada, zeu zara jakituna eta!

ISABEL: Zer, hasiko edo gara orain arte dakiguna laburbiltzen? Osterantzean, edonork luzesteko bezain luze jo dezakegu alorrean! Ene, neu ere garai artakoen antzera hasi naiz berbetan!

ZUZENDARIA: Ondo, baina saia gaitezen apalak izaten! Urratsa txiki askok bide luzea osatzen dute. Ea, Isabel, nondik hasiko zinateke?

ISABEL: Zergatik ez itsatsi ukitu poliziakoa? Joana de Albret pozoituta hil ei da Katalina Medicikoak oparitutako eskularru lurrintsu batzuk direla eta. Halaxe esaten zuen Dumasek, bederik, Margot erreginaren gaineko eleberrian. Zergatik ez Nafarroako Gorteko jaun hugonoteek ikerlea bidali ea zurrumurrua egia den aztertzera! Baina, nondik hasi, zertan ekin?

ELENA: Hortixe, bada, hortixe! Hugonoteak bildu eta nor joango den erabakitzen duten unetik!

ZUZENDARIA: Ondo, ondo... Baina nola areago dramatizatu? Ea, bada! Zelan bihurtuko dugu hori dena bizigai?

ELENA: Ez dakit alderdi literario edo dramatikotik garrantzirik izango duen, baina ondo samar egiaztatuta dago Katalina Medicikoak soldatapeko asasinoak erabili ohi zituela sarritan. Dumasek berak aitatzen zuen!

ZUZENDARIA: Ondo, beraz! Hor dugu gizona. Aginduak betetzen ohitua. Duda izpirik ere ez du. Nork ezetzik esan Katalinari? Gizonak bakarkako lanean dihardu. Garai hartako hil tresna guztiak ditu eskura. Baina, zelan jokatu? Huts eginez gero, Frantziako erreginak hiltzen ez badu, Nafarroakoak akabatuko du edo... Ez, ezin hutsik egin! Zer otu zaio eta... Hortxe dabil, buruari eragin eta eragin! Bai, burutazio ederra izan du! Eskularruak pozoitzea! Gizona aditua da horrelakoetan, ezpata eta pistola bera ondo baino hobeto dantzatzen jakiteaz gain! Hugonoteen erregina ikus dezake, beti beltzez jantzia, beti serio, ilun, goibel, dena gaitzetsiko balu bezalako aurpegiera duela... Bai, eskularru zuriak edo beltzak izan behar! Katalinari galdetu beharko, zer gerta ere!

GUS: Barkatu, baina orain etorri zait burura txikitan ikasitako Bibliako pasarte bat. Erromantze zaharraren itxura du. Oso erabilgarria litzateke aurkezpenerako! Garai hartako musika aditzen hasi eta koblakari bat agertuko da!

KOLDO: Eta zergatik ez Arlekin bera, ahapaldiok erromantze modura esan edo kantatzera?

GUS:

Ai ene! Zeinen bakar gelditu den

jendez hain betea egon ohi zen hiria!

Atzerrien artean izen handiko zena, alargun baten antzeko egina.

Eskualdeen erregina, besteen menpera makurtua.

Negar eta negar ari da gauean, masailak malkoz beteta.

Bere maitaleen artean, ez du nork kontsolaturik.

Adiskide guztiek zapuztu egin dute, etsai bihurtu zaizkio.

Erbestera doa Joana: zoritxar eta morrontza gogorra!

Horra, atzerrien artean bizi da, baina ez du non kokaturik.

Pertsegitzaileek harrapatu egin dute, estualdian zegoelarik.

Dolutan daude erresumako bideak, ez baitator inor jaietara.

Hutsik daude hiriko sarrera guztiak.

Aieneka daude apaizak, atsekabez neskatxak.

Erresuman ez da mina besterik.

Gaina hartu diote etsaiek, aukeran eta lasai bizi dira.

Jaunak baitu atsekabetu, bere errebeldia handiarengatik

Haren haurrak gatibu joan dira, etsaiak bultzaturik.

Joan zaio distira guztia hiri ederrari!”

 

            Zer, zer deritzozue?

ZUZENDARIA: Ondo baino hobeto! Ezin egokiagoa Joanaren izena ere sartu izana! Ze horrelakorik ez zuen jatorrizkoak aitatuko, ez? Eskerrik asko, Gus! Tira, hainbat alderdi dugu nabarmendu beharreko... Kontrakarrean bi erlijio, bizitza ulertzeko bi modu, bi hizkuntz politika... Bai horixe, hizkuntza! Hizkuntzarena agerian uzteko kontua da! Nafarroako erresuma txikiari bi erresuma handik ezarri nahi diote hatzaparra. Erresuma biak zeinek bere hizkuntza hegemonikoa inposatu nahian. Eta tartean erresumatxo bat...

GUS: Erresumatxo ziztrina, hugonotea eta euskalduna!

ELENA: Frantziako gorteak baserritar arlote, goibel eta usain txarrekotzat jotzen zituen nafarrak! Joana Albretekoa ia beti beltzez janzten zen, Frantziako gortesauek, aldiz, eguzkia eta ostadarra baino dirdiratsuago agertu nahi izaten zuten. Suharra zen erlijio eta moral kontuetan, baina garai hartako gainerako errege-erreginen pare jokatzeko gauza! Buruko ile bat ere ez zitzaion mugituko bere sinesmenak defendatzearren heriotza-zigorra baten bati leporatzekotan!

ISABEL: Hasita nago lana hau nondik bideratu ikusten! Badakigu Joanaren semea, Enrike, Margarita Medicirekin ezkondu zela eta, hainbat gorabeheraren ostean, Frantziako erregea ere izango zela, hainbat aldiz protestantismotik katolizismora joan-etorrian ibilita...

ZUZENDARIA: Kontua da ikusleak erabat asper-asper eginda utz ditzakegula ñabardura historiko larregi erantsiz gero. Gu ez gara, eta barkatuko didazue zuek biok, kazetari edo historialari, antzezle baino. Artea topatu behar dugu, egiaren hari dramatikoa bideratu! Gertaera bera baino, garrantzikoagoa da azaltzeko modua!

GUS: Nik Shakespeareren tragedia moduan ikusten dut. Erreginak Parisa joan behar du semearen ezkontzarenak lotzera, baina bihotzak diotso ez dela berriro bere erresumara itzuliko. Demagun, atzoko saioan antzeztu moduan, Joanes Leizarragarekin dagoela Joana... Joana eta Leizarraga elkarrekin, kontu-kontari. Jauregiko salatik Nafarroako erresumari begiratzen diote... Tira, Koldo, jokatuko al diagu eszena?

 

Eszenatokia jauregi bateko sala izateko prestatzen hasiko dira denak.

 

JOANES LEIZARRAGA: Andrea, deitu al didazu?

JOANA ALBRETEKOA: Hala da, bai! Zure aholku beharrekoa naiz.

JOANES: Eta zertan lagun diezazuke zure zerbitzari umil honek?

JOANA: Tristaturik nago, Joanes. Baina pozik, halaber. Bizitzak, beti bezala, ona eta txarra batera ematen dizkigu, guk nahitaez! Pozik, azkenik, asko kostatuta, nekearen pean, Testamentu Berria azkenean euskaraz paratu duzulako. Gure Nafarroako euskaldunek ikusiko eta idoroko al dute argia! Goibel, esan dizudanez, gure erresuman gauzak ez doazelako behar bezain zuzen eta artez. Unatuta nauzu, oro, Joanes!

JOANES: Maiestate hori, zure neke horiek arintzerik banu!

JOANA: Erresuma beti izan dut askok uste baino zama gaitzagoa! Letrak maite ditudan arren, hemen nago, eguneroko gobernuak harrapatuta. Aspaldi honetan indarge nago, ezertariko gogorik gabe! Senarra hil arte, oso urte latzak pasa izan genituen, erlijio kontuak zirela eta, seme-alaben hezkuntza bitarte zela... Orain, berriro ere piztu dira erlijio gatazkak gure inguruan. Gaztelako etsaia gero eta indartsuagoa da! Erlijio kalbindarra darabil aitzakia erasoan jarduteko. Eta beldur naiz Frantziako koroa ere ez ote zaigun laster agerturen otso amorratuaren antzera kosk egiteko gertu!

JOANES: Andre hori! Jauna alde dugu! Ez duzu, bada, laster Katalinarekin zuen seme-alaben ezkontza lotuko?

JOANA: Bai, baina nola jakin Jaungoikoa bera ez ote dugun haserrarazi? Joanes, aspaldi honetan dena ilunago da, deusek ez du lehengoaren itxurarik. Espetxea ezagutu duzu, ia emazte bat ezagutu daitekeen moduan. Nerauk ere ezagutu izan dut, gatiba izan baininduen osaba Frantzisko I.ak Plessis-les-Tours-eko gazteluan. Zatoz, begira leihotik: horra hor hainbeste maite dudan herria, Nafarroa, arrano herri, sorgin eta aztiz populaturiko herri odolezko hau. Bakea besterik ez nuen nahi, eta benetako erlijioan hezi. Liburuak eman izan dizkiet eta ordainez...

JOANES: Maiestate hori, ez zaitez horrela penatu: populuak, euskal herriak, beso zabal hartu ditu zuk emandako guztiak eta belauniko duzu zeure aurrera. Herria bere alde duenak ez du zertan inguruko erregeen beldur izan. Herriak jakingo du bere erregina defendatzen, bai horixe! Badakit, andre gora, nola sentitzen zaren. Oraindik buruko biloa latzarazten dit nik pairatutako gatibualdiaren oroitze hutsak!

JOANA: Ez, Joanes, ez, ezin engaina dezaket ene burua. Oso garai latzak ezagutuko ditu Nafarroak. Ez nau penatzen ene egoerak, ez! Baina aro berri baten zantzuak nabaritzen ditut zainetan. Beldurra ere, Inkisidore jaun ustel horiek, sai eta erroen antzera, sarraskiak noiz jasoko daudelako! Hozkirria eragiten didate beren esku igurtzi pozezko horiek! Goragoko sentitzen dira besteak amiltzen ikusirik!

JOANES: Utz itzazu alde batera goibelak eta penak, uxatu gogoarrangurak andre horrek! Gure sinesmenaren etsai horiek atzera egin besterik ez dute izango euskarazko liburu honen indarraren aurrean. Inprimatzailearekin hitz eginda nauzu, andre gora, gainerako aleak laster paratuko ditu!

JOANA: Ai Joanes, Joanes, begira, begira mendi horiei! Badirudi ezen lainoek gure erresumaren tipia are mendreago bilakatu nahi dutela! Beharbada besteri tokia uzteko tenorea heldua da! Ez!, ez deusik esan, mesedez! Goazen, bada! Inprimatzailearekin hitz eginda bazaude, esadazu, beraz, nolako azala jarriko dion, zenbat ale kaleratuko dugun... Zenbat ontza urre behar dituzu lan guztien ordaintzeko?

JOANES: Horixe bai mintzatzeko manera alaia, andrea! Esan bezala....

 

Atean joka. Zerbitzariaren ahotsa.

 

ZERBITZARIA (isabel): Maiestate hori, Erromako Aita Sainduaren enbaxadorea heldua da!

JOANA: (zerbitzariari) Berehala hartuko dudala esan!

            (joanesi) Aita Sainduaren enbaxadorea? Inkisizioaren enbaxadorea esan nahiko du! Horra hor zertan bereizten garen katoliko ustel horietatik. Guk liburuen, letren armak darabiltzagu. Haiek, aldiz, sua eta ezpata! Letrek inoiz ez dute odolik isuri! Ez ote daude seguru beren dotrinekin? Ez dira fio herriaren senaz? Populu xehearen adimen argiak ondo baino hobeto bereizten du alea lastotik. Jar ditzagun bortxarik gabe bi bazkak mahaian eta bakoitzak bere nahierara ase beza arimaren gosea! Esan, Joanes, noiz egongo dira liburuak prest lau haizeetara banatzeko?

JOANES: Berri pozgarriak! Laster izango ditugu aleok esku artean. Nafarron gose-egarriak berehala aseko ditugu maiestate horri esker. Ausardia barkatzen badidazu, andrerik gorena, bazter itzazu gogo ilun horiek, laster izango gara garaile!

JOANA: Joanes, Joanes! Erlijioa ez dut, zorigaitzez, kezka bakarra! Laster partitu beharko dut Frantziako Gortera eta gogo ilundurik nabil, zerbait larria gertatzekotan balego bezala, Joanes. Oraindik ez naiz etxetik atera eta noiz itzuliko ote naizen prentsatzen hasita nago! Txikitan ia ez nuen amarik eta aitarik sentitu ondoan, eta orain, Joanes, amaren izkribuak, poemak, gutunak darabiltzat kontsolagarri, gero eta maizago.

JOANES: Ez horrela penatu, andre hori! Ortezeko Unibertsitatea abiarazi duzu eta ugari emango du fruitu, Jainkoa lagun! Euskal Herriko bazter eta txokoetan benetako berri ona aldarri egingo dute zure akademiako ikasle jakintsuek! Mediku, letradu eta elizako artzainak erruz hedatuko dira, oparo! Zure ezagutzea ez dutenek ere, andrea, ezin asko mirets dezakete zure bertutea! Handiak gara geure tipian eta are handiagoak gure Jaunaren grazia eta bakea lagun!

JOANA: Batzuek hala uste badute ere, erresuma ez dut batere astun! Indarrik ez dut falta, baina, ene arimak sosegua behar du!

JOANES: Eta nor ez dago gure Jaunaren bakearen beharrean, andre gora hori?

JOANA: Idolatria baztertu nuenetik, Eliza benetakoak bere altzoan hartu ninduenetik, onenak eman ditut bere alde. Baina bihotzean badut arantza gogorra josita. Nork zainduko ditu ene seme-alabak eta erresuma honetako herritar guztiak? Jainkoak lagunduko al digu! Egunero-egunero saiatu naiz gure erlijioaren zuzeneko bidetik ez urruntzen. Hala ere, babesturik egongo dira ene seme-alaba hauek gure erlijioa etengabe erasotzen dutenengandik? Mendi kaskoetan otsoak ikusi iduri ditut!

JOANES: Gure jauna bildotsa izan zen otsoen artean, eta hala ere, bera atera zen beti garaile! Zure loktenent jeneral Agramonteko Jaunak eta Meharineko Jaunak Jainko benetakoaren indarra eramango dute beren ezpatetan Biarnoko erresuma hau defendatzeko!

JOANA: Ez dezazula inondik inora pentsa fedea flakatzen zaidanik, ezta gutxiago ere! Baina erregina bezain ama sentitzen naiz eta, zein amak galdu nahi du seme-alabarik? Amaren bihotzak txoko goxo bana du seme-alaba guztientzat, baita aurka egiten dion horrentzat ere!

            Laster abiatuko gara gorteko guztiak Paris aldera semearen ezkontzarenak egitera. Ez nau sobera asebetetzen ezkontza horrek. Andre Katalinak ez nau bat ere tronpatzen, ez! Alaba Margarita edo Margot edo dena delako hori gure Enrikerekin ezkondu nahi du semea protestanteen partiduko burua dudalako. Menpeko ukan nahi gaitu kosta ahala kosta! Baina, egia esan, guri ere ondo datorkigu Frantziako agintarien senide bihurtzea, txikiek, elkarrengana bildu ezean, beti izaten dugulako handiaren beharra!

 

arlekin agertuko da.

 

ARLEKIN:

Ikara zaitezte, herriok,

suntsitu egingo baitzaituztete!

Entzun hau,

urrutiko lurralde guztiok:

armak hartu arren,

suntsitu egingo zaituztete;

bai, armak hartu arren ere,

suntsitu egingo zaituztete.

Asmatu egitamuak:

bertan behera geldituko dira.

Proposatu nahi duzuena:

alferrik izango da

Jainkoa gurekin baitago.

 

Batetik bestera ibiliko da jendea,

larri eta goserik.

Goseak amorraturik,

madarikatu egingo dute

beren erregea eta beren Jainkoa.

Nahiz gora begiratu,

estualdia eta ilunpea,

iluntasun larria

izango dute nonahi.

 

ISABEL: (aurreko eszena etetera behartzen du) Baina zelan lotuko dugu hori dena hugonoteek bidalitako ikerlariaren kontuarekin? Gunea erregina hil izana bada, nola lotu beste gertakari horrekin? Ez dakit, baina ez dut kontu hau bat ere garbi ikusten! Guztiarekin ere, oso ona deritzot eszena horri, benetan!

ZUZENDARIA: (arlekinen mozorroa erantzita) Ez dadila inor urduritu! Lanaren hezurdura zertzen ari gara, besterik ez! Oraindino bide guztiak ditugu aukeran! Egia da, hala ere, oso gauza diferenteak direla, arras, tragedia handi horietako bat, erreginaren herio uneekin amaitzekoa, eta erregina hil osteko ikerketa bideratzeko lana. Baina zergatik ez irudimena dantzatu? Izan gaitezen ausartak, biak elkartu ditzagun!

GUS: Erreginarena kristoren pertsonaia iruditzen zait! Itzela! Baina oraindik ez dakit zein alderdi nabarmendu behar diodan. Nork aipatu zuen lehengo batean poesia ere idatzi zuela? Ama ere oso idazle ospetsua izan zuen, ezta?

ELENA: Bai, ama, Margarita, oso andre landua zen: jakituna, idazlea, artezalea... Berak idatziriko Heptameron lana eredugarria izan zen garai hartarako! Eta Joanaren heziketa, aldeak alde, gaur egungo emakume askok eta askok jaso ohi duguna baino askozaz hobea!

GUS: Bai horixe... Horrelakoxe zertzeladak ditut-eta ezinbesteko erregina behar legez antzeztuko badut! Zelakoa zen umetan? Tira, Elena, Isa... hara zer etorri zaidan burura. Parisa joan aurreko egun horretan, Joanes ondoan duela, umetako kontuak datozkio gomutara, oldarka, abaila bizian...

ISABEL: Begira, adi ezazue, aditu zer dioen bere Oroitzetan: “Haurtzaroan amatxo oso gutxitan ikusten nuen, gure bihotz biok nahi baino askoz ere gutxiago, batik bat, neureak irrikatu baino gutxiagotan. Baina ama bakanetan ikusi banuen ere, aita ia altxor preziatu eta ezkutu baten modukoa nuen: beti ibiltzen zen gerretan edo hegoaldeko erresumetan! Bihotz gogorrekoa omen naiz! Izanen ez naiz, bada, gurasoen epela falta izan banuen behartuen nengoen aroan!”

GUS: Tira, ekarri papertzar horiek. Atzera ere hasiko gara!

JOANA: Eskerrak Aymée dama alarguntsa izendatu zidatela haurtzain! Aymée bihotzekoaren ardurari hogei zerbitzari esleitu zizkioten, pedagogoa eta kaperaua bame. Ez nuen adinkideekin jolasterik izan, eta zerbitzariez beste gizonezkorik ez zen heltzen niganaino. Egia esan, haurtzaroko ene bizimodu hura ez zen gainerako nobleen alaben oso bestelakoa. Ez nuen sendi bizitzarik bat ere egin, bat ere ez. Gure garaiko neskamutilak nagusiekin ibiltzen ginen lanean zein olgetan, beti bat eginik.

            Nikolas Bourbon jaun pedagogoa gutxitan ikusten nuen arren, iduri dut ezen haren ahotsa eta eskua oraindik zuzen eta argi heltzen zaizkidala, garaiotan zeharbidez ailegatzen zitzaizkidan bezala haren manupeko laguntzaile ugariak bitarte zirela. Gauza jakina da bizimodu laxo samarrean murgildurik ibiltzen zela, baina hala ere, denak lanean jarri zituen ene izaera eta adimenak lantzen antzinako idazle klasikoak eredu erabilita. Emakumea nintzen arren, Virgilio, Plutarko, Tito Livio eta gure garaiko idazle frantsesik onenak jarri zizkidan esku-eskura. Ene bihotzak txoko epel bat gordeko dio beti, Jainkoa lagun! Ez dakit naizenaren erdia ere izango nintzakeen urruneko arbaso haien oihartzuna nigana heldu ez balitz!

ZUZENDARIA: Hortxe, hortxe! Ari garela, ari garela! Zorionak, pasarte ederra, benetan. Baina... oraindik ez dugu asmatu nola sartu, bada, hugonoteek bidali beharreko ikertzailea!

ISABEL: Ikertzailea? Ez duzue ahaztu behar, hala ere, dokumentazio aldetik oraindik hau guztia heldulekurik gabe dagoela, euskarririk ez duela... Hainbat koska, zulo, adabaki...: Nafarroako erregina, Bibliaren euskal bertsioa, erlijio gerrak, erregina-hilketa, eskularru pozoitua, tisia, haren seme Enrikeren gorabeherak, Margot erregina... Sukaldariak bagina, saltsa ederra prestatuko genuke, baina...

KOLDO: Margot erregina? Margot hori ez da izango...? Horren gaineko pelikula ezinago eder eta bortitza ikusita nago! Protagonista zera zen...

ELENA: Nondik uste duk, bada, sortu zela asmoa? Dumasek Margoten gainean idatziriko eleberriko aipu batetik, hasierako lerroetan esan zian-eta Joana eskularru pozoitu batzuk bitarte zirela hil egin zela, Frantziako erregina ama Katalinak aginduta, dirudienez.

GUS: Ufa! Eta zer gehiago?

ZUZENDARIA: Gure asmoak aitapontekorik ere izan zuen, hain suertez Shakespeare jaun handi eta itzaltsua: Navarre shall be the wonder ofthe world; our court shall be a little Academe, still and comtenplative in living art. Harrituta omen zeuden garai hartan munduko jakintsu guztiak Nafarroako gorteak bizi izan zuen aldiarekin! Hango artelanak, hango bizimodua, hango ederra...

GUS: Tira, tira... Badakit non esaten zuten esaldi hori! Badakit! Zelan demontre dauka izena aktore eta zuzendari ingeles horrek? Enma Thomsonekin ezkonduta egon zenak? Brannagh! Bai horixe! Kenneth Brannaghen pelikula batean. Endemas, ez ote zuten agertzen Nafarroako erregetzat beltz bat?

ZUZENDARIA: E, neska-mutilak! Kontua ez da gure jakinduria erakustea, gidoia idatzi eta saiatzea. Eta beldur naiz, izan ere, anabasa hutsean ez ote garen geratuko!

KOLDO: Txo, norena izan duk asmoa, e? Hik abiarazi duk dena, adiskidetxo... Ez haiz orain damu izango?

ISABEL: (haserretzen hasia) Neuk ere ez dakit oso bide onetik abiatu garen! Lehen hasi naiz esaten, bada, gidoiaren aldetik hutsune gehiegi dugula!

KOLDO: Aizan! Hemen kontua dun denon artean zer edo zer egitea, ez? Eta eztabaidatu bitartean, orduak aurrera!

ZUZENDARIA: Egitura oraindik ez dut argi ikusten! Beharbada datu gehiegi daukagu! Ikusleak ezin ito ditzakegu hainbeste gauzaren artean. Tesi lanik ez dugu inondik inora egin behar!

ISABEL: Ez, jakina! Baina ezin dugu ahaztu zertaz ari garen! Euskalduna, bai! Erregina, bai! Protestantea, bai! Ilustratua, bai! Baina, oroz gain, emakumea!, emakumea, aditu?

ELENA: Tira, eta erresuma euskaldun batean agintari!

ISABEL: Ez dakit lar nabarmendu behar ote dugun euskalduntasunaren kontu hori, Biarnoko erregina gisa agertu ohi zelako sarritan. Horixe ez dut nik bat ere argi harrapatu! Nire iritziz, ez dago inongo euskarririk horren euskalduntasuna frogatzeko!

ELENA: Aizan! Ez haiz hasiko ukatzen Nafarroako erresumarik izan zenik! Bibliaren aurreneko itzulpena berak bultzatuta prestatu zuten eta!

ISABEL: Bai, erresuma izan zen, bai! Baina euskalduna ote zen erregina? Eta zelako garrantzia zuten euskaldunok antolamendu hartan?

ZUZENDARIA: Ea, bada! Alderdi hori gehiago sakontzekoa litzateke. Bestalde, bururatu berri zait oso eszena teatrala: Katalina eta Joana ama moduan elkartzea eta ezkontza antolatzen jartzea.

ELENA: Izan ere, halaxe gertatu zen! Begira, Katalinak, ez zioten, bada, Andere Sugea alferrik esaten!, izangai bat baino gehiago zuen Margotekin ezkontzeko. Baina katolikoak eta protestanteak elkartzeko saiakeran benetan jarduten zuen, erresumaren onuraren izenean!

GUS: Aizan, Elena, zergatik ez dun apur batean Katalina jokatzen? Tira, esan baietz, bada!

ELENA: Ez dakit zer esan, bada!

GUS: Aizak, zuzendari jauna, zer, konforme? Baimenik emango diguk?

ZUZENDARIA: Zer esan behar dut, bada? Hala izan bedi zuek gura baduzue!

 

Hitz egin ahala soineko dotoreak jantziz joango dira.

 

KATALINA: Andrea, ondo etorri! Heldua da egun zoriontsua. Gure seme-alaben ezkontzarenak garbitu behar ditugu. Jakingo duzunez, gure alaba Margot neska ederra da, ezkonsari ondo hornitua jasotzekoa. Ez du, inondik inora, ezkongairik falta. Zertan esanik ez, atsegin handia hartuko nuke zure semea ezkontide emango bazenio! Oztopotxo bat gainditu behar dugu: alabak esana dit katolikoa denez gero, ez lukeela beste erlijio bateko senarrik nahiko. Baina laster aldaraziko diot asmoa. Barkatzen jakingo duzu, hamazortzi urte gorri baizik ez ditu! Umekeria hutsak!

JOANA: Eskerrik asko egin didazun harrera dela eta! Gure semea Enrike hugonote leiala da, bete-betekoa! Baina ez dizut zertan hori nabarmendurik, ondotxo baitakizu erlijio gerletan zeinen sutsu eta ausart jokatu duen! Hala ere, zure alabak gazte alaia, galaia topatuko du. Nahigabetu samar esan behar dut oso zalea dela andreen, gerraren eta ardoaren! Pozik hartuko genuke biok zuen alaba eder askoa, jakina, bion erresumetarako onurak baino ez lituzke ekarriko ezteguak! Baina bada oztopo ñimiño bat...

KATALINA: Andrea, zer nahi duzun esan besterik ez duzu, gure esku badago!

JOANA: Gure erresumako herrixka bat, Lectoure, berreskuratu nahi genuke ezkontza ondo abiarazi ahal izateko, zuen borondate onaren seinale!

KATALINA: Andrea, gauzak ezin hobeto bideratzeko moduan gara! Zuk eskatutakoa ez ezik, Agen eta Cahors ere emango dizkizut, baita hirurehun mila ezkutu ere! Eta, jakina, neskatxa eder eta ohitura onen jabea, heziera ezin hobekoa, laster egiaztatuko duzunez!

JOANA: Ene erregina, ezin uka dezaket eskuzabal jokatu duzula, ezta hurrik eman ere! Aitortu behar dizut, eta barkatuko didazu halako gordin hitz egiten badizut, zuen gorteko ohiturek eskandalua sortzen dutela hugonoteen bihotzean. Baina horiek horrela ere, oztopo gaitzagoak menperatu beharko ditugu ere! Ingalaterrako Isabel erregina ez dago bat ere konforme ezkon asmo honekin!

KATALINA: Guri ere beste horrenbeste jazotzen zaigu Espainiako Felipe ii.a Maiestate Katoliko handiarekin! Baina ikus dezazuen zenbateraino saiatzen ari naizen gure bi erresumon onuraren alde, Erromarekin negoziatzen ari gara dispentsa lortzeko asmoz. Lan nekeza da, benetan, gure seme-alaba hauek erlijioz desberdinak izan ez ezik, “senideak” ere badirelako, izter lehengusu-lehengusinak, ondo dakizunez, zure semearen amama, Margarita Angulemakoa, gure Margaritaren aitona Frantzisko Igoaren arreba zen.

JOANA: Ai, Katalina, andrea, gure seme-alaben ezkontza hau nire biak baino zorionekoagoa gertatuko balitz! Behin ezkontarazi ninduten gogoz bestela, eta dena ezinago txarto joan zen. Hurrengoan nire gogara elkartu gintuen Jaunak, baina atzera ere, ildo guztiak okertu eta korapilatu dira!

ISABEL: Halere, bien bitartean, hara zer esaten zion semeari! Entzun, entzun ondo!

JOANA (semeari gutuna idatziko balio legez) Ene seme bihotzekoa eta fedean anaia hurkoa. Bihotz-bihotzez espero dut zure sukar horiek ahulduz joatea! Nik uste baino sufrikario handiagoa ekarri dit zure ezkontza lotzeak. Erregina amak modu lotsagarrian erabiltzen nau! Barre egiten dit etengabe eta denon aurrean jarduten du nik esanikoak aldrebesten, ahoan jartzen dizkidala esan ez ditudanak ere! Lepo eginda nago, semea, baina sendo erabaki dut ez haserretzea, eta hori mirakulua duzu nire eramanaren txikia ezagututa, ondotxo dakizun moduan! Gaixotuko ez ote naizen beldur nauzu!

            Hona helduta, eskandalizatu egingo zara, hemengo gortean emakumeak eskatzen dio-eta gizonari haragikerietan egiteko, eta ez alderantziz. Zure emaztegaiari dagokionez, gerri polita du, baina estuegi darama, inondik inora! Aurpegian ukendu eta edergailu gehiegi daramatza, baina alderdi honetan ohitura sano errotua da.

            Zure ezkon hitzarmenarenak nahi baino motelago doaz, mesfidati eta uzkur nabilelako katoliko lotsagaldu eta gezurti hauen artean!

            Hona zatozenean, hiru gauza izan ondo gogoan: itxura zaintzea, zuhur hitz egitea eta lausenguekin kontuz ibiltzea, zu benetako sinesmenetik aldentzea bestelako helbururik izango ez dutelako papistek! Hilea goraka orraztuta eraman, baina ez antzinako modura, biziki gomendatzen dizut niri hainbeste gustatzen zaidan erara ekartzea... Ustelkeria baino ez duzu topatuko inguruotan. Baina ez dakit, bada, zure ezkongaiaren gustuekin bat etorriko ote den nik aholkaturikoa! Beraz, semea, ez fidatu lausengu tentatzaileekin, ez horixe! Gogotik saiatuko dira zu usteltzen eta benetako Erlijioa uztera gonbidatzen! Ez pentsa asmo horiek, zure bizimodu eta erlijioa aldatzekoak, bat ere ezkutatuko dituztenik! Baina ez duzu zertan kezkatu edo penaturik, ama beti izango duzu ondo-ondoan!

            Ez ahaztu, azkenik, Biblian zer aholkatzen zaion semeari:

 

“Entzun, seme, onartu nire esanak.

Eta bizitza luzea izango duzu.

Nik gidatzen zaitut zuhurtziaren bidetik,

nik ibilarazten zuzentasunaren ildotik.

(...)

Eutsi tinko hartutako heziketari, ez bazter utzi;

gorde ezazu, berak ematen dizu bizia eta.

Ez hartu gaizkileen jokabidea,

ez egin aurrera gaiztoen bidetik,

ez igaro handik, utzi alde batera

eta jarrai aurrera!

(...)

Zintzoen bidea egunsentiko argia bezalakoa da,

eguna zabaldu ahala, gero eta argiagoa.

Baina gaiztoen bidea, iluna,

ez dakite zerez egingo duten behaztopa.

(...)

Pentsa ongi zeure oinak non jarri,

izan bitez seguruak zure ibilbide guztiak,

ez zaitez desbidera ez eskuin, ez ezkerretara;

urrundu oinak gaiztakeriatik.”

 

ISABEL: Teatraltasunaren aldetik, behintzat, ezinago ederra! Ezkontza eta semea bera zetozkionerako dena prestatzen hainbesteko nekeak hartu ondoren, jo eta bet-betan hil!

GUS: Bai horixe! Semea otso arteko ardi utzita!

ISABEL: Prestaketek eta tisiak ala pozoiak hil izana gorabehera, ezin uka daiteke ikusgarria izan zela ama moduan izandako porrota, semearen ezkontzan bertan izan ez zelako! Eta, gainera, jakin izan balu seme zintzo eta leial horrek behin baino gehiagotan egingo ziola uko protestantismoari! Egia esan, beste horrenbeste biderrez itzuli zen hugonoteen altzora.

ELENA: On, bestalde, protestanteen zerutik atsegin handiz ikusiko zuen mendekua, hau da, semea Frantzia osoko agintari bilakatuta ikustea!

ZUZENDARIA: Alafede, bateko, hainbeste haritatik tiraka, ez dakit, bada, azkenean mataza ez dugun gehiegi lardaskatuko! Baina, besteko, zelako ikuskizuna, semea eta jarraigo hugonotea Frantziako gorterako bidean, gaskoi eta nafar hugonoteak katolikoen gordelekurantz! Denak beltzez jantzita, erregina hil berri zaielako! Inbasio moduko bat frantses katolikoen iritziz!

ELENA: Edo San Bartolome gaueko sarraskiaren iragarpena, ez?

ISABEL: Eta Margot gazte hark, zer iritzi izango zuen amaginarreba izango zuenaren gainean? Biarno eta Nafarroa bera, erresumak baziren ere, oinkada bakarrean ibiltzeko modukoak iruditzen zitzaizkion! Senargaia bera bazuen baserritar arlote eta berakatz zaletzat!

ELENA: Berakatzarena hizpidera ekarri dugunez gero, bada kontutxo bat Joanaren jaiotza zela eta! Joana jaio zenean, Espainiako erregeak ziplo bota zuen... Ez, hobe antzeztea! Har ezan papera, Gus!

JOANA: “Mirakulua: behia ardi batez erditu da eta artzainak artaldea zaintzen dihardu!” Bai , beti mindu izan ninduten berbatxo horiek! Amari behia esan Biarnoko armarriak behiak daramatzalako! Baina katoliko nazkante eta endekatu haren esanek lohia baino ez zioten erantsi aita-amen izen onari! Eta nerauri ardia esan! Zer eta ardia! Ardia? Ja! Ardi honek, guztiarekin ere, ederto erakutsi dio nolako adarrak ditugun nafar hugonoteek, bai! Ondo gogoan dut Enrike jaio zen egunean aitak nola hartu zuen besoetan eta zelan aldarrikatu zuen espainiarraren esana gogoan: “Hau duk mirakulua hau: ardia lehoi batez erditu duk!”. Horrelaxe erantzun zion artzain biarnesak artzain gaztelarrari!

            Aitak, hala ere, hori dena nahikoa izan ez eta, nonbait, haurra “lehoiago” bihurtu guran, ene semetxoa bataiatu zuen berakatz alea eta Jurançon ardoa erabilita. Berakatza osabide ezaguna izan dugu betidanik Biarno eta Nafarroa aldean! Zertan lotsaturik ez dugu! Hobe lukete gortesau frantsesek garbitasuna gehixeago zaintzea usain goxoetan horrenbeste diru xahutu beharrean!

 

Oroitzapenetan murgilduta.

 

            Jainkoak seme bat eroan zidan, baina, gazte ginen, eta Zemko Jauna eta Paueko Erromesen Andre Maria lagun, semetxoa mundura ekarri nuen. Nolako harro hartu zuen aitak besoetan jaioberria eta zeinen pozik erakutsi zien beheko saloiko jaun handi eta agintari guztiei. Jauregiko balkoi batetik erakutsi ere zien herritarrei. A, zelako txaloak, nolako poza! Horiek algarak!

 

Isilik geratu da.

 

ZUZENDARIA: Ez, ez eten, mesedez! Eutsi! Inprobisa ezazu!

JOANA: Harrotasuna tristura amiñi batekin ere nahastu zitzaidan, jaiotzeaz batera semea galtzen nuela iruditzen baitzitzaidan, neurea baino, erresumarena zela, aita errege jaunaren beste meneko bat, beste tresna bat! Baina Coarrazeko gazteluko gaztelerazko ikurritzak dioenez, “Lo que ha de ser no puede faltar”. Katalina Mediciko horrek ez nau tronpatuko! Bere alaba horren alde onak aipatu eta aipatu, goraipatu eta goititu! Bai, asko daki berak nola dagoen onduta ene Enrike bihotzeko hori! Inongo umerik zoriontsuena hartuko du neskatxa katoliko horrek! Olgetan bezainbeste jardun du arte eta letretan trebatzen! Frantses guri horietako askok eta askok hala uste arren, hurrengo errege nafarra ez da baserritar kaiku ezjakin horietako bat! Biarnotarrez bezain ondo zekien frantsesez umetan Louvrera eraman behar izan genuenean! Ausarta, abegi onekoa, ilehoria, kirriduna, begi urdinak... Gorteko guztiak bereganatu zituen... Amandre Margarita idazle handiaren odolak diraki semearen zainetan, seme honen bihotz ederrean!

            Louvreko bisitaldi hartan, lau urte baino ez zituela, hitzartu genuen Margot edo Margarita edo dena delako lotsagabe horrekiko ezkontza! Zeruko Jaunak indarrak emango al dizkit neska erdi galdu hori gure sinesmenera erakartzeko! Benetan, Goikoak baino ez daki zeinen gogorra zaidan ene altxorra neska katoliko moralik gabe bati eman beharra!

 

Inor ezer agindu gabe, elenak atzera ere ekin dio katalina medicikoa antzezteari.

 

KATALINA: Andrea, izugarri pozten nau ikusteak nolako maitasuna diozun semeari! Baina neu ere ama nauzu, gorentasun hori, eta ez nago prest onartzeko ez gure sinesmenei, ez alabaren izen onari egin dizkiezun irainak! Gure erlijioaren gainean txarto esaka jarduteak ez dizu mesede handirik egingo, fedearen izen ona defendatu beharrean jarriko nauzu eta! Alabaren kontuan hauxe baino ez dizut esango: Frantziako eta Europako gorte guztietan miresmena baino ez duela sortu. Montaignek berak, besteak beste, jainkotiartzat du alaba, zeruko astroen antzera dirdiratzen duen edertasuna!

JOANA: Hizpidera ekarri duzun pentsalari horrek hobe luke Jaunaren esanak arreta handiagoz aztertzea, inondik inora! Zure alabaren azaleko ederraz den bezainbatean, hala izango da, bai, eta ez diot nik ezer emendatuko. Barne edertasunean zer aldaturik baduke! Erlijioarena, utz dezagun, oraingoz, alde bat. Mindu bazaitut mindu, barkatu! Baina beste kezkagarri batek nahigabetzen nau areago! Badut aditua alaba hori lotuegi dagokiola nebari, baita anai-arreben arteko harreman ohikoak baino harantzago ere joan direla! Ez dakit zuen elizak zer esango duen horren gainean, baina...

KATALINA: Andrea ezin onar dezaket horrelakorik zure ahotik entzutea! Ene gonbidatua izateak baino ez zaitu babesten merezi duzun zigorretik! Horrek... eta gure herrien zein seme-alaben zoriona lortzeko gurariak! Aditu omen dituzun horiez diren bezainbatean... Zer ez dute ahotan ibiliko inbidia hutsa baino sentitzen ez duten bihotz uzkur banaka batzuek? Zer du txarrik haurride batek neba bihotz-bihotzez maitatzeak, bion zainetatik odol bera doala? Guztiarekin ere, bi-biok ondotxo dakigu batzuetan gobernariok gauza ñimiñoak baztertu eta erresumaren asunto muntadunei ekin behar diegula!

ZUZENDARIA: Ondo, ondo! Ez dakit, bada, ez ote duzun, Elena, zeure bizitzako pertsonaia topatu! Nahita egina duzu, benetan! Baina bi erreginen artekoa, oraingoz, alde batera utziko dugu! Goazen beste harira, heriotza zertan den aztertzera! Demagun Joana erregina hildakoan Biarnoko Sinodoa bildu eta erabaki duela lagun bat Parisko gortera bidaltzea. Jakina, hugonotea izango da, aitoren seme nafarra, frantsesez ondo dakiena eta, noski, inongo susmo txarrik eragingo ez duena!

GUS: Barkatu, baina semea dela-eta ez dut oso ondo ulertzen ama pozoituta hil zelako berria hedatu zenean, hala ere, nolatan onartu zuen ezkontza.

ELENA: Amaren berri eman zion Biarnoko Teniente Nagusiari, Arrosko baroiari, eta honela ziotson: “Jaun Goikoak joan den egunean bere altzora deitu dio, txarto osatutako pleuresia bat zela bitarte, bost eguneko bitartean. Eutsi, mesedez, bera kanpoan zela izaten zenituen zeregin horiei guztiei. Beti erakutsi zenizkion fideltasun eta begirunea neuk ere jasotzea dut itxaro eta, arren, Bere Maiestateak emandako ediktu eta ordenantzak indarrean iraunarazi, neure nahia baita ezer aldatu gabe eramatea, gordetzea eta betetzea, deustxo ere kendu edo emendatu gabe. Batez ere erregutzen dizut Erregina zenaren Eliz Ordenantzak zaintzeko. Hil zaigu, hil, gizonezko bihotza zuen erregina hori, bere sinesmen alde semea, kreditua eta are erresuma bera ere jarri zituen andre adoretsua”.

KOLDO: Orduan ez zuen pozoiak hil? Arraio bai arraio!

GUS: Zergatik ez? Baliteke semeak ere han gertatutakoa ezkutatu nahi izana!

ISABEL: Baliteke, baliteke! Eta lehengo espioi horrengana itzulita, Katalina “ustelaren” gortera heldu eta Enrike ezkongaiarekin harremanetan jarriko bagenu? Ama ekainaren 9an hil da eta abuztuaren 18an semea ezkonduko. Handik sei egunera, San Bartolome eguneko hilketa: hamar mila hugonote baino gehiago hil zituzten Parisen eta ehun mila baino gehiago Frantziako lau bazterretan!

KOLDO: Zelan konponduko dugu hugonoteen espioiarena? Zer edo zer jakingo du hilketa asmoaz mezulariak? Egun hartan bera ere akabatuko dute? Hik zer deritzok, zuzendari jaun ahaltsu horrek?

ZUZENDARIA: Oraindik ez zekiat zer izango den hobe, bera ere egun horretan finitzea ala aske atera eta jakingarri batzuk dakartzala atzera ere Biarnora erakartzea! Hala ere, behin batean Elenak esan zidanez, pertsonaia historiko bat aukera genezake espioi lan horretarako: Enecot de Ezponda, Joana Albretekoaren idazkaria. 1574. urtean hil zen Donapaleun, beraz, ez genukeen guztizko gezurrik esango Historiaren aldetik!

GUS: Bide horretatik abiatuz gero, ezin hil liteke San Bartolome egunean!

ISABEL: Ez, baina oso informazio mamitsuak izango lituzke Joana, Enrike, Katalina, San Bartolome gaua eta enparauen gainean! Oso aukera ona deritzot!

KOLDO: Eta Inkisizioaren beso luzeak ere agertu beharko du, nonbait!

ELENA: Bai horixe. Tira, irakur ezazu paper hau! Aita Santu Sixto V.ak 1585. urtean bulda bidez Enrike de Borbon, lehen Enrike Nafarra, lehen Enrike Albretekoa, eskumikatu eta herejetzat jota, erresuma eta ondasun guztiez gabetu zuen!

KOLDO: “Baten bat ausartzen bada Borbonen leinu sasiko eta gaitzetsiari men egiten eta jarraitzera eta erregetzat jotzen badu Nafarroako errege ohi desjabetua, bera ere eskumikaturik geratuko da!”

GUS: Ea, ea, ni galtzen hasita nago! Erromako Aita Santuak eskomikatu bazuen, nola lortu zuen Joanaren semea Frantziako errege bihurtzea?

ELENA: Ez dezazuela pentsa bat ere kikildu zenik, ez! Aita Santua sasikotzat jota, Sinodo batean Erromako nagusia bera agerian uztearekin mehatxatu zuen! Eta horrekin batera, bere erresumak babesten eta soldaduz hornitzen hasi zen. Arreba Katalina zuen erregente Nafarroako erresuman! Betiko legez, hartu-emanak eta elkarrizketak zirela bitarte bi agintariok bat etorri ziren! Ez zen, berakatz eta ardoz bataiaturiko hura agintari makala izan!

ISABEL: Tira, garai hartako agintari gehienon antzera, maisua zen edozertara moldatzen botereari eustearren! 1572. urtean protestantismoa ukatu zuen Parisen. 1576. urtean Nafarroa-Biarnoko Estatu Nagusietan atzera egingo du Parisko ukoan. 1577. urtean sinesmen hugonotea berretsiko du. 1585. urtean Aita Santuak eskumikatu egingo du. 1593. urtean azken ukoa emango dio protestantismoari. 1595. urtean Aita Santu Klemente viii.ak eskumikua indargabetuko du. Korapilo ederra, benetan!

ZUZENDARIA: Hori guztia ondo dago jakin mina asetzearren, baina ikuslea guztiz nahasteko arriskua dago! Gainera, semea baino, Joana, ama, dugu protagonista, ama! Oso gauza bitxia da, baina zer du andreak bai Frantziako protestanteek, bai euskaldun askok beren erreginatzat jotzeko? Batzuek erlijio sinesmena nabarmentzen dute, besteek euskal letrak bultzatu izana, besteren batek emakume agintaria izatea, banaka batzuek letra emakumea izatea... Tira, hobe Joanari eustea, bai!

ISABEL: Eta Joanak berak idatzitako zer edo zer sartuko bagenu bakarrizketa moduan? Oroit idazkia edo oinarri hartuta, bere alderik, zelan esan?, gizatiarrena erakutsi edo...

JOANA: Txikitan gurasoak ia ez nituen ikusten. Gaztetan bahituta izan ninduten harik eta ezkontza onartu nuen arte. Bortxaz ezkontarazi ninduten lehenengo senarrarekin. Ezkontza hori haustearen poza ozpin bihurtu zitzaidan ama hil zenean. Eskerrak bigarren ezkontza hobea izan zena!

            Ezkondu ondorengo egun goxo horietako pozak, hala ere, gutxi iraun zigun. Senarrak berehala joan behar izan zuen gerra amaiezin horietako batera! Biarnon luzaro izaten nintzen bakarrik. Lehenengo semea jaio zenean, alaitasun argia piztu zitzaidan. Baina, premua itota hil zitzaigun sehaskan. Horrek guztiz nahigabetu ninduen, txikitan Jainkoak neba eramana zidan eta. Eskerrak handik gutxira bigarren semearen jaiotzak den-denak pozez bete gintuena! Aitonak hala eskatuta, hildakoaren izen bera jarri genion, Enrike!

            Baina semeak eta biok oso gutxitan ikusten genuen aita. Semea umezurtz, neu “senar zurtza”. Han-hemenka ibiltzen nintzaion atzetik, semea aitonarekin utzita. Nonbait, gure armadako soldaduen atzetik ibiltzen ziren ama, emazte eta emagalduen parekoa nintzen! Beste semea, Luis Karlos, munduratu zen gero, baina bere etorrerak aitona eroan zuen, txikia jaio eta handik hiru hilabetera aita hil zitzaidan eta. Horrelaxe bihurtu nintzen Nafarroako erregina eta Biarnoko bizkondesa. Antonio, senarra, “bere emaztearen jaun” moduan baino ez zuten onartu kapareek hasieran.

ISABEL: Ene, horrek telebistako nobela amaiezin horietako baten itxura du beste ezer baino! Nik ez nuke hortik jarraituko!

ZUZENDARIA: Utziozu amaitzen, utziozu! Alderdi tragiko hori ere ukitu behar dugu. Ezin beste eduki guztien berri eman gizakia bera ahaztuta!

JOANA: Gero Magdalenaz erditu nintzen, baina Jaunak egun gutxi garrenean hura ere eraman zidan. Eta hori ez ezik, Enrike gurea ere geratu zitzaigun bakar-bakarrik, Luis Karlos hiru urte zituela joan zelako Goiko Jaunaren ondora etxean izandako istripu ergel bat zela bitarte. Baina Ahaltsuaren eskuzabaltasunak alaba Katalina eman zigun opari! Bost seme-alabetatik, bi baino ez zaizkit bizi! Desberdina izango ote zen dena bostok bizi izan balidate? Gertaerok, hala ere, Jainkoaren bidetik urrundu beharrean, areago sendotu ninduten hasitako ibilgu nekezean.

KOLDO: Ez dakit ikusleari erlijio saltsa horrek axola ote dion, alegia, jakiteak ea katoliko izatetik protestante izatera zelan heldu zen!

ELENA: Neuk, aldiz, aipatu beharrekotzat deritzot, baina alderdi hori gehiegi zamatu gabe!

GUS: Larregi zamatu? Zuek letratuak zarete, jantziak, eta gorabehera guztiekin ondo jabetuta zaudete, baina gu antzezle huts apalok ume orpo gorriak baino biluztuago gaude!

JOANES: Gure andreak 1559. urteko Gabonetan katolizismoari uko egin zion. Jende aurrean aitortu zuen kalbinismoari atxikitzen zitzaiola. Aitortu ez ezik, Paueko tenplu batean afari protestante batean esku hartu ere zuen, lagunarte ederrean!

JOANA: Pozgarria izan zitzaidan, zinez, benetako sinesmenari heltzea. Alaigarria azkenik idolatriatik ihes egiteko aukera izan nuelako. Ondo gogoan dut Ingalaterrako erregina Isabelek nolako zorion beroak bidali zizkidan! Kalbino jaunak berak eskerrak ematen ekin zion ofizio baten erdi-erdian! Baina...

JOANES: ... laster hasiko ziren burukominak eta sufrimenduak! Frantziako errege Enrike ii.ak herejeen aurkako erabaki zorrotzak hartuak zituen eta gure andrea ediktuak argitaratzen hasi zen horiek denak leuntzeko! Baina handiki eta kapare protestante batzuek Kalbino jaunaren iritziaren kontra, Frantziako erregea Gisatar katolikoen menpetik atera nahi izan zuten eta estatu kolpea antolatzeari ekin zioten.

JOANA: Amboiseko gaztelua asaltatzen ere ez ote ziren saiatuko, bada! Konjuratuen artean gure senide batzuk ere baziren! Enda madarikatua omen gara!

JOANES: Baina Gisatarren partidu katolikoaren gudariek segada prestatu zieten errege-erreginaren egoitzatik hurbil zegoen baso batean! A, nolako sarraskia! Zenbat sinestun ez zuten hilko!

JOANA: Gorpu asko eta asko gazteluko ate eta almenetan zintzilikatu zituzten. Ondorioz, aurrerantzean, protestante guztiei hugonote izena eman ziguten. Baina gure senarra ez zen bat ere konforme estatu kolpearekin eta laguntza eskaini zion Frantziako erregeari. Honek ministro kalbinistak kartzelaratzeko eskatu zigun, baina harrezkero ez genituen geure zerbitzupean, Jaunari esker!

JOANES: Andrea, ezin uka daiteke oso une latzak zirela! Zurrumurruen arabera, gure jaun Antonioren anaia bera, Conteko printzea, konspirazioaren arima izana zen.

JOANA: Horrek guztiak gure Jaunaren obraren abantzamendua eten zuen! Gure senide bat, Pedro Albretekoa apaiz katolikoa, familiaren interesak defendatzen ahalegintzen zen Erromako Aita Santuaren aurrean, Exigit contumaciam bulda zorigaitzekoa indargabe utzita, Nafarroako erresuma itzul ziezagutela eskatzeko. Gerra eta diplomazi bideek kale egin ondoren, senarrak senperrenak eta bi egin zituen papistengana jotzen saiatu eta saiatuta, beste biderik ez baikenuen gure erresuma berriro osorik izateko!

JOANES: Baina enbaxadore espainiarrek behin eta berriro ixten zizkiguten hainbeste kostata irekitzen hasita genituen ate guztiak! Espainiarrek etengabe aurpegiratzen zizkiguten Iruñeko gortea berreskuartzeko matxinada saioak! Nortzuk eta guri etengabe erasoka eginiko ohoin berberak!

JOANA: Egia esan, senideek ere ez ziguten gehiegi lagundu, ez! Pedro Albreteko malapartatuak, Commingeseko konde eta apezpikua izanik garai hartan, ez zuen kalbinista bihurtu nahi izan, ezta bere plaza gotor hori gure menpean jarri ere. Ia pazientzia galtzeraino eroan ninduen. Mitra kenduko niola esan nion. Areago, bizia bera gal zezakeela ohartarazi ere! Antza denez, zera baino ez zuen espero traidoreak: Erromako idolatren buruak eskumikatuta gintuenez gero, erresuma bere esku geratzea, berak eskuratzea.

JOANES: Ez zekien, hala ere, zenbaterainokoa zen gure andrearen koleraren handia! Azkenik, mitra utzi behar izan zuen eta jaioterrira, Lizarrara itzuli, azken arnasa ematera.

JOANA: Jaunak barkatuko ote zizkion hoben guztiak! Gertaera horiek guztiek indarra eman zidaten kalbinismoa nonahi sustatzeko. Conteko printzeari heriotza zigorra kendu eta askatasuna eman zioten, errugabetzat jota. Katalina erreginak amnistia eman zien atxilotu protestanteei eta adiskidetze kontzilio nazionala iragarri zuen. Garai latzak amaituak zirela pentsatzen hasi nintzen!

JOANES: Gogoan dut, andrea, nola heldu zinen Enrike eta Katalina seme-alabak lagun Parisera, apal-apalik.

KOLDO: Tira, ez ote gabiltza erlijioaren kontu hau gehiegi luzatzen?

ZUZENDARIA: Ez, lasai, lasai! Eszena batzuk prestatzen dihardugu, gero lan osoa antolatu ahal izateko! Zenbat eta material gehiago hobe, seguru asko lasto asko kendu beharko dugulako!

GUS: Hori bada kontua, alegia, materialak biltzea, nik gai honen harira ondo datorren kanta bat ezagutzen dut. Letra osoa ez daukat gogoan, baina entzun zati bat:

 

“Donapaleuko arratsaldetan

enarak leiho gainetan,

udaberriak tristura dakar

haizearen hegaletan,

melankolia ezin esan bat

jauregiko zuhaitzetan,

urte geldiak doaz

lanbroaren ametsetan”

 

ELENA: E, badakit zein kanta den. Imanol Lartzabalen aspaldiko disko batean agertzen zen! Zeinen burutazio ona, aizan!

 

Kantatzeari ekingo dio:

 

“Udazken gorri gogorapentsu

malko isilen getari,

Orhy mendian elur xuriak

neguaren aitzindari,

urte aroak joan etorrian

batzuk besteen atari,

heriotzaren begi uzkurra

gau eta egun zelatari”

 

ZUZENDARIA: Egia esan, kanta horrek ezin hobeto girotu dezake erregina Parisa joandako azken aldi hura! Aurrerago ikusiko dugu zelan txertatu kanta hura!

KOLDO: Ea, oraindik gabiltza bi istorio lantzen? Non utzi dugu ikerketa poliziako hura, harako idazkariak Pauera bidali behar zuen ez dakit zein idatzi...

ZUZENDARIA: Bagabiltza, bai! Oraindik ez dugu ezertxo ere baztertu! Bateko, antzezlan klasikoa, garai hartakoen modukoa. Besteko, ikerketa sasi-poliziakoa!

ISABEL: Ikerketa poliziako edo dena delako horretan aditzera eman beharko dugu nor den erruduna, ezta?

ELENA: Noski!

GUS: Nire iritziz, ez, hobe amaiera irekia eskaintzea!

KOLDO: Ez dakit, bada, ez ote litzakeen hobe izango guztiz argitzea!

ZUZENDARIA: Ez duzue zertan orain horren kezkarik izanik, ez!

 

Inprobisatzen hasita baleude legez.

 

KOLDO: Iragarritako erregina-hilketa higuingarri baten istorio benetakoa edo esan geniezaioke!

GUS: Bai, Txerren bera solte ibili zen Europatik garai hartan eta Joana gurea izan zuen biktimatzat. Hatzaparretan eroan zuen... Eta hor hasiko zen euskaldun errariaren kondaira!

KOLDO: Horixe! Juduen antzera, bere Erregina galtzeaz batera hor hasi zen Euskal Herri zaharraren deserriratzea, ez?

ELENA: Ez dut uste inondik inora gure herriaren historia txantxetan hartzeko modukoa denik!

KOLDO: Tira, neska, artea sortu nahi dugu, ez egia absolutu edo sakraturik!

GUS: Erregina benetan hil bazuten, zerk bultzatu zuen benetan balizko eraile hura erregina hiltzera? Zer dela eta hala jokatu? Erlijioagatik? Estatua zio zela? Semeak berak ez ote zuen adierazi ama gaixotasunaren ondorioz hil zela?

ISABEL: Foiletoi horietako bat balitz legez, begira diezaiogun bestela! Frantziako erregina Katalina Medicikoak agindu du Joana Albretekoa hiltzeko. Halaz ere, Nafarroako erresuma bereganatzearren, Margot alaba Joanaren semearekin ezkontaraziko du. Jainkoak ala patuak mendekua itzuliko diote, Enrike hori Frantziako errege izateraino ere helduko baita. Baina dena ez da hor bukatuko...

ELENA: ... erlijiotik erlijiora hainbeste biderrez joan-etorritako errege hura ere asasinatuta hilko da eta! Zeinek hilda... eta jesuita batek! Baina, zorionez, harrezkero emana zuen, hugonoteen eskubideak bermagarri, Nantesko Ediktu ospetsua!

GUS: Eta horrela borobila itxiko da guztiz! Baina erran komuna denez, hori beste istorio bat da eta beste noizbait kontatuko dugu.

KOLDO: Borobila esan dun? Borobila baino, suge mitiko horren modura, infinituaren ikurra! Ez zenuten, bada, lehengo batean esan erregina horietako batek brodarazi zuela ikur gisa suge hori, ahoaz bere buztana hozkatzen duen Uroboros edo dena delako hori, alegia, betierekotasunaren ikurra?

ZUZENDARIA: Uf, hori dena intelektualegia da, ez? Nobela edo tratatu bat balitz, oraindino, baina...

ISABEL: Margotek horixe aukeratu zuen ezkontza ikurtzat! Nola jakin zer den intelektualegia? Gure lana hain moldakorra bada, ikusleen erantzunaren arabera aldatuko dugu. Ez litzateke bat ere makala izango Pierre de Lancre jaun inkisidore handia ere agerraraztea! Tamala Joanaren garaikide ez izana!

ELENA: Eta zer dio horrek? Ezin utz dezakegu aipatzeke hainbeste euskal sorgin. belagile eta herritar xehe zigortu zituen gizona. Areago, bere iritziz Lapurdiko 30.000 euskaldunak, guzti-guztiak, apaizak barne, azti-sorginak zirela!

ZUZENDARIA: Ez dugu ahaztuko, ez. Baina Gus, Koldo, ea, antzeztuko duzue erregina eta seme-alabak Parisa joan zireneko hura?

JOANES: Andrea, gogoan duzu Parisa seme-alabekin joandako aldi hura?

JOANA: Bai, zarata handirik gabe joan ginen, erdi gordean. Baina Frantziako maiestateak Saint-Germain-en-Layeko jauregian harrera festa handia antolatu zigun.

JOANES: Bai, suziriak eta zezenketa ere apailatu zituen. Goxoa jarri zen Espainiako enbaxadorea! Atzerriko erregina ahaltsu baten pare hartu zintuzten, ene andrea!

JOANA: Oturuntzetan printze Enrikek ondo-ondotxoan izan zituen Karlos ix.a bera, horren anaia, Enrike iii.a izango zena, eta printzesa Margarita, Margot delako hori.

JOANES: Zilegi bekit esatea, andrea, fede berriak izan zezakeen defendatzailerik sutsuena izan zinela aldi hartan! Zer ez zenuen antolatuko katolikoen gotorleku hartan!

JOANA: Aldi ederra, bai, inon ederrik bazen! Hainbat elizkizun protestante eratu genuen! Jauregira bertara salmoak kantatzera etortzen zen populua! Erromako Aita Santuaren legatua ere gonbidatu genuenetik! Gogoz ahalegindu nintzen erregina ama bera gurera erakartzen! Jauregiko kapera bi kultuetarako erabiltzea baimendu zuen. Gure senar errege Antonio Borbon zalantza batean ibiltzen zen, egun batez nirekin etortzen bazen elizkizun protestantera, biharamunean Karlos ix.arekin joaten zen elizkizun katolikora!

JOANES: Ederrak izango ziren, nonbait, Katalina Medicikoak eta Ferrarako kardinalak eginiko keinu eta imintzioak ikusterakoan printze frantses haurra, horren anaia eta nafar priritze-printzesa asto gainean kaballero agertzen zirela sotana, alba, erroketak eta abar jantzita, halako burlazko fartsa “sakrilego” moduko batean!

KATALINA (elena, bat-batean, inork agindu barik). Umekeriak baino ez ziren, umekeria hutsak! Alderantziz gertatu izan balitz, kalbinistoi barre egin balizuete, nola hartuko zenuten? Baina itzul gaitezen gure kezketara! Gauzak baretu eta lotzearren Nafarroako erregea izendatu nuen Frantziako erregearen ordezkari, jakina, zuzenean neure agintearen menpean jarrita eta erregetza eskubideei uko eginarazirik. Bestalde, Felipe Il.a, ene suhia, lasaitzen jardun behar izan nuen, oso artega egoten baitzen gure gortean gertatutakoak zirela eta!

JOANA: Baina, amandretxoa, ez dago denak kontent izaterik!

KATALINA: Ez, batez ere fedea eta boterea tartean direla, ene andrea!

JOANA: Eta ez ahaztu, erregina gurea, beste grina haragizkoago batzuk ere! Jan-edan gehiegi darabiltza zuen gortesauek, eta jaun-andre horietako batzuek ez diote jaramon handirik egiten zuen elizak berak haragizko bekatuen gainean esandakoei! Ai, nola ahazten zaizuen etsaiak baduela hamaika bide bihotz flakoa galbidera eramateko!

ISABEL: Barkatu etetearren, baina zer gertatzen zen bitartean senarrarekin, Antonio Borbonekin?

KATALINA: Andrea, ezin uler dezaket nola gerta daitekeen senaremazte agintari batzuetan horrelako desberdintasunik! Zu protestante sutsua zaren bestean da bera moldakor.

JOANES: Ea moldakorregia ez ote den galdetzen ausartuko nintzateke, inor mintzeko asmorik gabe!

JOANA: Zure hitzek, Joanes, ezin mindu nazakete, ez baitago ukatzerik fede kontuetan senarra eta biok ez garela bat ere berdinak. Nola ukatu gauza jakina bada Pazkoan monasterio batera erretiratu zela eta komunioa hartu zuela?

KATALINA: Andrea, hala ere, komunioa hartu eta handik gutxira, etxera ministro protestantea eroan zizun. Ez duzu ukatuko gauero ospatzen duzuen Afari delako horretan sarritan esku hartu izan zuela!

JOANES: Eta handik hilabetera atzera ere praktika katolikoetara itzultzen zela!

KATALINA: Ez da harrigarri Montaigne jakintsuak zure senarraren gainean “gizaki kaskarina, moldakor eta aldakorra dela” esan izana!

JOANA: Jainkoak egingo al dio argi!

KATALINA: Aditu dudanez, eta ez dakit horren jakitun zauden, ene erregina, Kalbino delako horrek gutuna bidali dio zure senarrari eta amodio eroetan nahastuta ibiltzea aurpegiratu dio, baita horiei leporatu fede gorabeheren errua. Antza denez, eta barkatuko didazu esatea, ez omen du zugandik gizon moduan behar duen guztia jasotzen!

JOANA: Nik esango nuke senarra katolikoengana jotzen duela zuen haragizko ohitura laxoak direla eta! Deabruak emakume katolikoak darabiltza senarra behin eta berriro tentaldian erorarazteko!

KATALINA: Andrea, neurtu hitzak, gauza jakina da zure senarrak haurdun utzi duena gure albo-andere Luisa de La Beraudiere!

JOANA: Andrea, zure gorte lizunkoi honetako usadio eta jokamoldeak ikusita, ez dut uste andereñotxo hori gure senarrarengandik soilik izorra denik!

ZUZENDARIA: Geldi, geldi apurtxo batean! Ez dakit, bada, bide horretatik luzeegi ez ote zareten joan! Ez dakit bi emakumeen arteko mokokada horretan irautea komeni den!

ISABEL: Tira, bada, ene ustez horixe da alderik nabarmenena! Bi emakume boteretsu, biak erreginak, sinesmen banaren jabe biak! Sendoak, baina malguak halaber! Nork bere erresumaren onura lortzearren, usterik edo nahirik erotuenean ere zertxobait amore emateko prest! Ez nago konforme alde batera uztearen kontu horrekin! Kontrakoa, bana-banako lehia hori izango da orain arte saio honetan ikusi eta entzun dudan interesgarriena!

ZUZENDARIA: Tira, tira, ez da hainbesterako izango, ez?

ISABEL: Ez zaitez halako patemalista eta “gizon” jokatu!

ZUZENDARIA: Barkatu, baina noiz trukatu dizkiogu elkarri lanbideak? Lan hau txarto ateratzen bada, zuzendariari leporatuko diote errua, ez zuri! Neuri eskatuko didate kontu!

ISABEL: Tira, atera zaio jaunari agintari ukitua! Barkatu, bwana, zure aldarri demokratikoak sinestearren! “Testua eta eszenak denon artean prestatuko ditugu!” “Hau talde lana izango da!” Zakurraren putza! Aurrerantzean, jauna, zuk zer esan, nik zintzo bete!

ELENA: Aizue, lasai zaitezte biak! Zertan dator hori guzti hori?

ISABEL: Hik ere hobe dun isiltzea, orain erdi protagonista jardun arren, lan honetan hutsaren hurrengoa baino ez haiz, neure antzera! Ala mailaz igo haute ezbideren batetik?

ELENA: Zer esan nahi dun, mihigaizto horrek?

GUS: Tira, ez zaitezte orain dena izorratzen hasi! Gauzak bideratzen hasita daude eta...

KOLDO: Bai, ez dago zertan gauzak maila pertsonalera eramanik! Hau lana baino ez da! Beharra, zeregina, besterik ez!

ISABEL: Zer duk “maila pertsonala”, bada, sasijakintsu txirriporro halakoa? Lanean zapaltzen bahaute hi lasai, ez? Lan kontua baino ez duk, pertsonari berari ez ziok ezer! Zabaldu begiak, bada, langilea gizabanakoa duk beti, etengabe! Baina zaudete lasai, ez dizuet traba gehiago egingo, bada! Laneko kontuetara mugatuko naiz! Zer behar duzue nigandik, eskatu besterik ez duzue! Baina ez egon gehiagoren esperoan, horixe baino ez dizuet emango, zuzendari jaunak hala nahi duenez gero!

KOLDO: Ez daukan zertan horrela jarririk! Iritziak iritzi diren aldetik errespetatu beharrekoak ditun, bai, baina hik ondo baino hobeto dakin usteak erdia ustel duela!

ZUZENDARIA: Beharbada ez ditut gauzak behar bezain argi azaldu, baina neuk ere ezinago interesgarri deritzot bi emakumeen arteko kontu horri. Hala ere, beste hainbat arlo ere dugu jorratu beharreko. Ez kezkatu, atzera ere helduko diogu horri! Eta zer edo zer lortuko badugu denon artean, hobe dugu malguago jokatzea! Neronek lehenik! Tira, txarto esanak barkatu!

ISABEL: Bego!

ZUZENDARIA (txantxetan) Pentsatzen hasita nago umore bizi eta ozpindu samar hori aprobetxatu beharrekoa dugula! Oraina arte ez dizugu pertsonaiarik izendatu eta garaitxoa ere bada!

ISABEL: Lancre edo antzeztu behar ez dudan bitartean!

ZUZENDARIA: Tira, erlijioaren kontu hori sakontzen edo iraun behar dugu! Elena, mesedez!

ELENA: Erregina Katalinak iragarritako kontzilio nazionala jendaurreko solasa bihurtu zen. Hilabetez jardun zuten Poissyko domingotar komentuan bi aldeotako teologoak eztabaidaka.

JOANES: Argiro erakutsi du elkarrizketa horrek nolako amildegiak banatzen gaituen alde biak! Amildegi teologikoa, amildegi morala, amildegi diziplinakoa...

KATALINA: Jauna, eukaristiaz duzuen dotrina ezin irenstekoa dute katoliko askok eta askok! Baina erlijio sinesmen horiek gorabehera, guztiz kezkatuta nau gure erresumaren egoerak. Hamazazpi bat milioi herritarretatik, bi milioi edo zuen Kalbino horren jarraitzaile dira. Eta entzun dudanez, hainbat tokitan zuen kalbinista horiek elizen aurka jardun dute, noiz irudi sakratuak jo eta hautsi, noiz apaizei zemaika eta erasoka... Gauzak urrunegi heldu dira! Etxea txukuntzen hasi behar dugu!

JOANA: Bai, andrea, bada garaia! Orain dela gutxi hiru jaun katoliko handik triunbiratua osatu dute protestanteon aurka jarduteko! Txoko guztietan ekin diote benetako fedearen jarraitzaileak hiltzeari eta horien ondasunak lapurtzeari!

KATALINA: Zure zoritxarrerako, andrea, senarra papista sutsusutsu bihurtuta dabil aspaldion!

JOANA: Jaunak barkatuko al dio!

JOANES: Antoniok hautu egin du, azkenik eta behin betiko, dirudienez, fede katolikoaren alde, Juliano Apostata berria balitz legez! Gure andrea ere makurtzen saiatu da bizi! Alferrik, baina!

JOANA: Argiro azaldu diot mezatara joan baino, nahiago nukeela seme-alabak eta erresuma bera itsas hondora amiltzea! Ez da, ausartu, bada, niri debekatzera kultu protestante ageriko zein gordeetara joatea!

JOANES: Gure andreak, alta, sinesmenak jarri ditu senarraren gainetik ere, Jaunaren Hitzak hala agintzen du eta! Baina hau dena osasunaren kaltetan joan zaio. Aspaldi honetan makalik dabil, birikak gaixotuta!

ELENA: Kontuz, osasuna horrela aipatuta, pozoiarena guztiz indargabetuta utziko dugu!

ISABEL: Bai, baina, ez dakit, ordea, egia ezkutatzerik ote dugun pozoiaren jokoari eustearren!

KOLDO: Hau artea da, fikzioa! Guren dugun moduan jokatzea dugu! Ala ez?

ZUZENDARIA: Bila ezazue, osterantzean, pozoiarena sostengatzeko pasarteren bat! Ea, zuek, eutsi lehengoari!

JOANES: Entzun dudanez, andrea, Antoniok pozik utziko zintuzke Erromak heresia dela-eta dibortzioa baimenduko balio. Espainia, ene erregina, horrexen bila joan da. Emaztegaia ere prestatu diote: Eskoziako Maria Estuardo alarguntsa. Hala proposatu omen dio, bederik, Gisako jaun odolzaleak!

KATALINA: Joana, zure artzain euskaldun honek hobe luke mingaina lotzea jaun katoliko handi eta lohigabeak aipatzerakoan! Lehen esan dizudanez, bion erresumei ez zaie bat ere komeni fedeen dantza hau! Espainiako Felipe Il.ak erbestera zaitzadala eskatu dit, baina ezentzuna egin dut. Ez dakit noiz arte, baina!

JOANA: Ez kezkarik izan andrea, senarrak berak gutun bidez hemengo gortea uzteko agindua bidali dit!

ZUZENDARIA: Ondo, etentxo bat! Zer deritzozue atsedenalditxo bat egiteari? Gauzak nik uste baino hobeto doaz, izan ere!

KOLDO: Ondo. Baina gorabehera horiek guztietan murgilduta zereko zera etorri zait burura! Dirudienez Joanaren eta Antonioren harremanak ezin txarragoak ziren garai hartan, ezta? Zergatik ez dugu alde hori ere nabarmentzen?

ELENA: Harreman txarrak? Txarrak baino, ekaitzaren parekoak! Erregea hil arte istilu etengabeak izan ziren bion artean! Edozergatik aritzen ziren eztabaidaka: erlijioa, seme-alaben heziketa, aliantzak...

ISABEL: Eta zuzendari jaunak zer deritzo gure lanari senar-emazteen arteko elkarrizketa sutsu horietako bat gehitzeari? Oker ez banago, eta harako hark zioenez, ez nago oker, Antonio hilko da gerra amaiezin horietako borrokaldi batean jasotako arkabuz tiroak sortu zion infekzioa zela eta.

ELENA: Bere burua txarto ikusi zuenean, emaztearekiko desakordioak alde bat uzteko prest, Joanari ondora deitu zion!

GUS: Baietz asmatu.... Joana ez zen senarraren hil ohera hurbildu!

KOLDO: Ufa, neska, ondo sartuta hago Joanaren azalean! Gidoirik gabe ere erregina jokatzeko gertu hago!

GUS: Ez da oso azkarra izan behar orain artekoak ikusi eta entzunda!

ISABEL: Izan ere, Joana senarrarenganako joanaldia atzeratuz ibili zen!

ELENA: Baina etengabe izaten zuen senarrari gertatutakoaren berri zabala!

ZUZENDARIA: Atsedenalditxo bat egingo genuela esan badut ez badut esan... jaramonik ez!

JOANES: Andrea, berri txarrak heldu zaizkit: zure senarra atzo hil zen.

JOANA: Amorantearen zirriek eta papisten zaintzek ez diote Heriori lana galarazi! Jainkoak onartuko al du bere altzoan!

JOANES: Zauria gaiztotu zitzaion zirujauek bala aurkitu ez ziotelako. Zaurituta eta guzti ohantze batean eramanarazi zuen Ruanera Gisako dukeak, armada katolikoaren buru. Hilabetean iraun du aurrera atera ez atera. Ondo dakizuenez, behin baino gehiagotan bere ondora deitu ei dizu. Gero Senatik eraman dute galera batean, gure aldekoek eraso egin ez diezaioten. Untziratu aurretik zure senarrak aitortza, komunioa eta olio santuak hartu ditu apaiz katoliko baten eskutik.

JOANA: Zer du harritzekorik papisten altzora jotzeak? Nolatan, bestalde, joango nintzaion ondora Rouet andereño lotsabako hori oheburuan zuela? Erregina senarraren maitalearen aurrera agertzea! Holakorik ere!

JOANES: Baina horiek denak beteta, mediku kalbinista bati eskatu dio Jaunaren Hitza ozenki irakurtzeko. Agindu ere omen du suspertuz gero, fede luterotarraren altzora bildu eta berri ona zabaltzeari ekingo diola.

JOANA: Horrek bederen arintzen badio bekatuen larria!

JOANES: Biharamunean zure koinatua, kardinala, eta fraide bat hurbildu zaizkio. Gaixoak ez die hitz batto ere egin eta keinuka adierazi omen dio mediku hugonoteari irakurtzen irauteko. Koman egon da gautu arte. Halako batean komatik irten eta morroi italiar bati esan dio ondo zerbitzatzeko bere semea eta semeak ondo zerbitza dezala errege. Ez zuen besterik esan!

JOANA: Bada garaia, beraz, erresuma antolatzen hasteko! Ekin diezaiogun lanari!

ELENA: Hori gibela andrearena!

ISABEL: Ez dun batere bitxia gizonaren jokabidea ikusita!

ELENA: Baina non geratzen dun pietatea?

ISABEL: Pietatea hire ondoan egon behar lukeen gizona beste baten besoetan datzala ikusirik?

ELENA: Baina, neska, erregina eta fede kalbinistaren defendatzailea izanik... Eredugarri jokatu beharrean zegoen! Bihotz kontuak alde batera utzi eta lanari ekin, barrutik negarrez egon arren. Horrelaxe jokatzen omen duzue antzerki jendeek!

ISABEL: Ea, orduan, hi eta zuzendari handi hau ere lan kontuetara baino ez zareten mugatzen!

ZUZENDARIA: Isabel, zertan habil, neska?

ISABEL: Zertan? Zer darabilzue zuek nire ezkututan?

 

(Denak isildu dira. koldok eta gusek ez dakite zer gertatzen ari den.)

 

ZUZENDARIA: Isilduko haiz, ala?

ISABEL: Isildu? Ez duk nahi besteek jakiterik zeinen aldakor eta ustela haizen demokrata itxura horren atzetik?

ZUZENDARIA: Ez dinat pentsatzen gure arteko saltsak denon aurrean aurkeztekoak direnik!

ISABEL: Ezetz? Lantaldea gaituk, ala ez? Eta lantaldean dena taldean egin behar! Hi, bederen, hala jokatzen duk neska kontuetan. Gure arteko kontuek lanean ere eragina ditek, ez duk ala?

ELENA: Hi, neska, hire onetik atera haiz zeharo! Ja! Ez haiz jeloskor egongo?

ISABEL: Jeloskorra, zer dela eta? Ni ez nain aztoratzen Zuek adiskidetuta eta ohetik ohera ibiltzeak, ezta hurrik eman ere! Niri zuzenean eta artez esan ez izanak bai!

ELENA: Eta zer dela eta hiri esan?

ISABEL: Ez al dakin, ala? Tira, egia esan, ez dun munta handiko gauza, baina zuzendari jaun ahaltsua eta biok ezkonduta gaude!

ELENA: Zer?

ISABEL: Zer, ez din ezertxo rere esan, ezta? Ez dun harritzekoa, beti jokatzen din-eta berdin!

ZUZENDARIA: Zertan habil bazterrak nahastu eta kakaztu guran? Aspaldidanik gaitun guk biok berba eginda geure hartu-emanen gainean! Ez haiz orain hasiko fideltasunaren kontu zahar horregaz! Batez ere hi gure Koldori zukua gustura baino gusturago atera dionala!

KOLDO: Hi, txikito...

ISABEL: Ona baino ederra! Eta nondik nora dakik hik Koldoren eta bion artekoa? Neronek esanda! Horixe duk, bai, diferentzia! Horixe eta ez besterik, papisten eta hugonoteen artean dagoen berbera! Batzuek zintzo jokatzen diagu eta bestetzuek....

ZUZENDARIA: Kontuz urrunegi joan baino arinago!

ISABEL: Zer, mehatxuka hasiko haiz orain, inkisidore jaun handi horien antzera?

ELENA: Nik, behintzat, ez dut zuen arteko liskarren aitzakia izan nahi! Ez nago batere prest nire harreman kontuak denon artean garbitzera, terapian edo psikodrama saioan bageunde legez! 68ko izpiriturik ez dut berpiztu gura! Aspaldian gaindituak ditugu alditxo horiek! Hippyen garaioi ustel kiratsa darie!

KOLDO: Nik neuk ez dut inongo lotsabiderik eta gertu nago gauzak argi eta garbi jartzera, esku artean darabilgun behar hau bertan behera apurtuta ez uztearren! Guztiarekin ere, ez naiz harrizko gonbidatua izango, ezta hurrik eman ere!

GUS: Tira, baina zer da hau? Zertan zabiltzate guztiak? Saltsa ederra zenuten prestaturik eta ni jakineza, umetxo orpo gorria bezain inozoa! Honaino helduta eta gauzak horrela, azalpentxo bat ere zor didazue.

ZUZENDARIA: Azalpenik? Nondik nora?

GUS: Alafede, ez zait bat ere jokabide zintzoa iruditzen ni halako bikote dantzan sartu izana! Gainera, honek bai foiletoi itxura! Nahita bilatu duzue antzerkitxoa dramatikoagoa izan dadin? Orain zelan konpondu laneko kontuak? Aurrera egiteko moduan zarete edo dena bertan behera laga behar ote dugu?

ZUZENDARIA: Aurrera egiteko prest egon beharko! Ekoizleek dirua aurreratuta dute, egoitza honen alokairua ordaindurik... Eta gu guztiak kontratuek lotuta!

ISABEL: Gainera, zuzendari jauna, adi bahabil, gure arteko liskar eta ezinegonak tresna bikainak izango dituk giro dramatikoa lortzeko, ezta? Susmoa diat hau dena hire alde ez ote duan jarriko!

GUS: Tira, dramatikotasun horretan urrunegi ez zoazten bitartean!

KOLDO: Aurrera! Lanaldia amaituta, bakoitzak berea konpon dezala, ez? Orain burura etorri zait buruz ikasarazi ziguten Oihenarten poema bat, Margarita deritzona. Gure Margot bera izango zen ala Joanaren ama? Ez nian oso ondo ikasi lezioa, ez!

 

Margarita, Badaidita

Othe huts zin egitez,

Begiz urdin

Bezain gordin

Zarela zur' egitez?

Nik zupertuz,

Badut gertuz

Maitazarre zugana,

Zer profeitu,

Balin peitu

Bazara zu nigana?

 

Bertze lanik

Baduta nik

Diela hanbat denbora,

Zure artatzez,

Zerbitzatzez,

Et onhestez kanpora?

Alabana,

Enegana,

Orano eia zurekik,

Heldu denez, Deus ogenez,

Eta gaitzez bertzerik?

(...)

Et’ uztazu

Gutiziazu

Nizan horri berere

Amerztera,

Pot-gitera,

Dudan zuri botere.

Gero azkenik,

Beharrenik

Emadazu dudana,

Margarita,

Jin-kongita

Gauan behin zugana.

 

ELENA: Hobe, bestalde, ez argitzea noren gainean ari zen, ez? Baina ez da oso euskara zaila gaurko entzuleentzat?

ISABEL: Jakina! Hala ere, beharbada halako giro gortesau bat lortzen lagun dezake. Badakin, halako ukitu... klasikoa!

ZUZENDARIA: Bai, Erdi Aroan koblakariak edo pregoigileak oso arruntak ziren, baita Euskal Herrian ere.

GUS: Lehen Antonio eta Joanaren arteko liskarren kontu hori aipatu duzue... Ez dakit proposatzera ausartu ala ez lehengoa ikusita... Baina, Jon, zuzendaria ez ezik, antzezlea ere zarenez gero, zergatik ez duzu Antonio jokatzen?

ZUZENDARIA: Ez dakit, bada! Ez nuen horrelako eszenarik sartu nahi, baina... Halere, hori baino lehen, zer deritzozue bi erreginena lotuago uzteari? Goazen, bada!

JOANA: Andrea, dakizunez, Espainiako Inkisizioak sasi-auzi horietako batera eroan gura nau, baita Enrike eta Katalina seme-alabak ere. Eskumikatu ez ezik, bere aurrera agertzeko agindu ere dit! Ni neu, bere oinetara eta... prokuradorerik gabe!

KATALINA: Andre Joana, lotsak ez du mugarik, ez neurririk ere!

JOANA: Ez nago prest beren salatariaren aurrean agertzeko! Betoz haiek gurera! Ez nau epaitu nahi, bada, erlijioaren arabera ez ezik, zuzenbidearenera ere!

KATALINA: Andre Joana nirea, gogor aurpegiratu diot Erromako Inkisizioari zurekin horrela jokatu izana! Enbaxadore berezia bidali dut Erromara auzialdia geratzera!

JOANA: Ez nuen gutxiago espero zure moduko andre handi eta eskuzabal batengandik! Eta areago behar dizut eskertu, katolikoa zaren aldetik Aita Santu-edo horren menpekoa zarenez gero!

KATALINA: Kontuz, Joana bihotzekoa! Errege-erreginak Jaungoikoaren eta geure borondatearen menpekoak baino ez gara! Bere Santutasunak ez du batere eskubiderik inongo erregeri edo erreginari erresuma nola gobematu esateko.

JOANA: Bat nator zurekin, gorentasuna! Erregina naizenez gero, neure meneko herritarren izpirituaren osasuna zaindu beharrean nago erromatarrak esanak esan!

KATALINA: Europako subiranoek bat egin behar dugu zure aurkako gehiegikeria horri aurpegi emateko! Orain gutako bati eraso egiten badiote, susmatzekoa da halako batean beste bateren kontra ere jo dezaketela!

JOANA: Andrea, barkatuko didazu katolikoak kritikatzea, baina ia nahiago nuke Isabel Ingalaterrakoa protestante guztien buru izatea zure Aita Santu bekatuz bete hori agintari izatea baino!

KATALINA: Biarnesa, zu ere ez zara nor katolikoen etxera sartu eta denon aitaren bizarrari barre egiteko! Hala ere, nahiz eta erromatarrek zure aurka jotzeko arrazoi pisudun eta ondo funtsatuak izan, ezin diete zure seme-alabei erregetza eskubidea kendu! Hamaika ikusteko jaioak gara! Horixe baino ez genuen falta! Gainera, gure senarra ahaidetasun loturak ditu zurekin eta zure seme-alabekin! Ezin utz zaitzaketegu bakarrik!

JOANA: Eskerrik asko, ene andre hori! Zinez estimatzekoak dira zure esanak, nahiz eta zalantzaren bat edo beste omen duzun inkisidoreek nire aurka aldarrikaturiko auzien zuzenaz. Bestalde, gure estatuetako batzuk zuen erresumaren menpekoak dira! Eta Nafarroako erresuma xumea Espainia eta Frantzia banatzen dituen muga ezinago egokia! Ez dut uste Frantziari batere komeni zaionik Espainiako errege handinahi hori atarian bertan izatea!

KATALINA: Jakina, amandrea, hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez!

JOANA: Zertara dator, gainera, Erromako Inkisizio delako hori ene aurka jardun eta jardun aritzea, auzi kriminalari ekin izana, Alemaniako printzeei eta Ingalaterrako erregina Isabeli antz-antzeko zergatikoengatik ezer egin ez dietenean? Ez ote dute ibiliko esku artean asmo ezkuturen bat?

KATALINA: Halaxe da bai! Baten bat zigortzekotan, Erreforma beso zabalik hartu zuen lehenengoa zigortu behar lukete. Seme Karlos ix. erregeak eta biok Espainiako Don Felipe Il.ari ere idatzi diogu, gure alaba Isabel Valoistarrarekin ezkonduta dago eta. Gertaeraren berri eman ez ezik, esku hartzeko eskatu ere diogu! Hona hemen erantzuna: zure erresumak defendatzeko prest agertu da, idatziz! Begira, begira ezazu! Ez duzu, beraz, zertan beldur izan!

JOANA: Hitz guztiek ezin behar bestean adierazi ene baitako eskerrona! Neure eskuz idatziko diot espainiarrari, bai! Baina nola uztar ditzaket aldarri horiek Don Felipe horrek ene erresumako etsai katolikoei babes eman izanarekin eta behin eta berriro gure lurraldetan egin dituzten matxinada saioekin? Ez dakit, benetan, seguru sentitzeko moduan ote nagoen!

KATALINA: Zaude lasai, ene dama! Erromako Inkisizioak ezin mugi dezake lasto ziririk ere zure aurka!

JOANES: Eta nork babestuko du gure andrea Espainiako errege horrek xaxatutako Inkisizio espainiarren satorlanetatik? Espainiako inkisidore nagusiak eta Lorenako kardinalak txosten isilpekoak bidali dituzte Erromara salatzeko Nafarroako erreginak bere menpeko herritarrak protestante izatera behartu ez ezik, katoliko-erromatarrak pertsegituta, kultua ere debekatzen omen duela. Eta erregea horren denaren atzetik ez balego bezala, soldaduak bidaltzeko eskatzen diote! Orain arte behin baino gehiagotan bidali ez balitu legez! Hori ez da dena, alta! Gure andrea eta seme-alabak bahitzeko hitzartuta daude, muga zeharkatuta, Inkisizioak Zaragozan daukan espetxean gatibu izateko. Horrela ez bide dizkiegu eskatuko bortxaz ostu dizkiguten Bost Merindadeak! Eskerrak sasiko asmo horien berri garaiz izan duguna!

ZUZENDARIA: Oso ondo! Bego horretan!

ISABEL: Bai, baina ez genuen paratu behar bi amek ezkontza prestakuntzak egiten dutenekoa?

KOLDO: Bai horixe! Ulergaitza da halako bi izaera desberdin eztegu ospakizunetan bat etortzea, ezta?

ISABEL: Bat etorri? Ezta gutxiago ere! Joanak protestanteen pentsamoldearen araberako ezkontza gurago zuen. Katalinak, aldiz, Frantziako gorte handiari zegokion moduko ospakizun itzaltsua!

KOLDO: Baina Joanak ez zuen semea ezkonduta ikusiko!

ELENA: Hartaraz gero, Joana hil ez balitz, San Bartolome gau zoritxarreko hartan protestanteak akabatuko ote zituzten?

ZUZENDARIA: Horren guztiaren berri eman behar liguke harako ikertzaile hark, gogoan duzue?

GUS: Oraindik darabilzu asmo hori buruan, barren?

ZUZENDARIA: Zer, bada?

GUS: Ez dakit, ez dakit... Orain arte zer landu dugun ikusita, ez dut topatzen delako ikertzaile hori sartzeko biderik edo aitzakiarik!

KOLDO: Aitzakiarik? Arteak ez du aitzakiarik behar! Egin... eta kito!

ELENA: Artea arte, hala ere ezingo da bat-batean taula gainera ekarri, ala bai?

ISABEL: Gainera, nori emango dio kontu?

ZUZENDARIA: Horrekin ez kezkatu, mesedez! Aski litzateke nondik edo nondik agertzea idazten balego legez edo baten bati kontu ematen, edo...

GUS: E, baina Joanaren barne sentipenen zehatzagoa eman behar dugu, ez? Oraina artekoarekin ikusleek ezin jakin dezakete nolako emakumea zen!

ISABEL: Hi, kontuz, ez larregi sinetsi erregina haizena!

ELENA: Isabel, ez ditun bazterrak behar baino gehiago nahastu oraindik?

ISABEL: Hi ere hasi haiz sinesten Kattalintxo lore ederra haizela?

ELENA: Zer, inbidiarik, ala, hik oraindik zer antzezturik ez daukan eta? Egia esaterik nahi badun, ederto batean jokatuko huke hik inkisidore handiarena! Bai, gero! O, baina ez kezkatu, hirea duk Katalina erreginaren papera, nahi badun! Guztiz nazkatuta naukan! Mesedez, Jon, emaion matraka honi nire pertsonaia, ea barruko erretxin guztia hortik ateratzen duen!

KOLDO: Aizue, ez zarete urrunegi joan?

GUS: Urrunegi joan baino, bueltan datozela ere dirudi!

KOLDO: Tira, ezin dituzue kontu horiek kanporako utzi? Zelan aurreratuko dugu eginbeharrean bestela?

ISABEL: Hobe duk kakatza honetan ez sartzea, mutil, goitik behera zirinez beterik atera gura ez baduk, bederen!

KOLDO: Hi, ez naun ume moko horietako bat! Neronek erabakitzen dinat nora sartu eta nondik atera!

ZUZENDARIA: Ixo denak! Gure arteko nahaspilak lan kontuei erantsiko ez genizkielakoan nengoen, baina horrela bazabiltzate, agintzera ere behartuko nauzue!

ISABEL: Agintea, horra hor falokrata matxista guztien azken hitza! Errealitateak gaina hartzen dienean, agintea. Dakizula, bada, agintea ez dela nork bere buruari emandako oparia, besteok aitortutako itzala baino!

ELENA: Tira, orain pezeta erdiko filosofia ez ote digu saldu behar mari jakintsu honek, bada!

ISABEL: Orain ez diat hiri hitz egin, saltseroa bai saltseroa!

ZUZENDARIA: Hi ez haiz nor besteri ezer aurpegiratzeko, Isabel!

ISABEL: Hizpidea kendu nahi badidak, hemendik bota beharko nauk! Osterantzean ez nauk inolaz ere isilduko!

ZUZENDARIA: Neure lana baino ez diat betetzen!

ISABEL: Eta nik neurea!

GUS: Zakurraren biolina! Horrela ez dago ezer egiterik! Ala nahita bilatzen ari zarete giro bortitza antzezlana dramatikoago izan dadin? Ez zait batere gustatzen jende endredatzailea!

ZUZENDARIA: Inork ez ditu bazter-nahasleak gogoko, ez! Ez dakit, hartara, zertan dabilen gure Isabel hau! Zeren bila habil, bada?

ISABEL: Ez nabilek ezertan ere! Pentsatzen dudana bota baino besterik ez dut egiten!

GUS: Bai, neska, baina horrelako gauzak esanda lan giroa guztiz lardaskatzen dun!

ISABEL: Zergatik, esan, zergatik ezkutatu behar ditinat neure sentipenak jende aurrean? Hi nolatan egon haiteke horrelako sentipen sakonak antzezten eta segituan ezer gertatuko ez balitz bezala hotz-hotzean besteen aurrean agertu?

KOLDO: Isabel, horretan zetzaan, bada, antzerkiaren artea!

ISABEL: Bai, zera! Zuetako batzuk ikusita pentsa liteke eguneroko bizitza dela zuentzako antzerkia, etengabe plantak egiten zabiltzatelako. Eta, jakina, antzezteko ordua bihurtzen da zuentzat bizialdi benetako bakarra! Soilik jokatzen duzue egiatan... beste baten larruan jarri eta antzezten hasten zaretenean! Ni, aldiz, ez nauzue horrelakoa!

ELENA: Hi ona eta txarraren gainean hago, ez? Hodei guztien azpitik...

KOLDO: ... eta kakatza guztien gainetik!

ZUZENDARIA: Bravo, Isabel! Biba hi! Hori bai histrioi antzezpena, e? Eta, orain axola ez badin, lanean utziko digun?

KOLDO: Ea, lasai zaitezte denak!

ISABEL: E, neuk ere atera nahi dut lan hau aurrera, ez pentsa! Baina egoera batzuk eroaten gaitzak zaizkit!

ZUZENDARIA: Gutariko batzuei hire jarrera ere bai!

ELENA: Aurrera egiteko gogorik badun, erakutsi, bada, denak guztiz ozpindu aurretik! Eta, hi, Jon, erabaki ezak behingoz! Emaiok Isabeli pertsonaia! Bere gorentasunak (isabeli begira) onartzen badu, jakina!

ZUZENDARIA: Onartuz gero, jakina, emango ez diot, bada! Baina ez dakit horrek arazoa guztiz konponduko ote duen!

ISABEL: Zergatik ez antzeztu taula gainean ere? Ez dizuet esan, bada, bizitzak berak tragikomedia merke bat baino ez didala ematen? Ez ote da fartsa handiagoa gure bion artekoa Joanak eta senarrak izan omen zituzten gorabeherak baino?

GUS (ironia handiz). Begira, ezin erabakita nago! Ez dakit honek zelako tankera hartu duen, terapia saio batena edo telebistako saio badaezpadakoarena! Dena dela, ez dakit zertan bereizten diren!

ZUZENDARIA: Atera gaitezen ataka honetatik, orduan! Ea, neuk antzeztuko dut Joanaren senarra, erregea. Elena, mesedez, utziko dizkidazu horren gaineko paperak?

JOANA: Jauna, gure bion arteko egoera hau gero eta ustelago bihurtuz doa! Papisten erlijioari atxiki zatzaizkio, jauna, eta niri bihotza erdiz-erdi ebaki! Baina hori ez ezik, orain Jainkoaren benetako hitza entzutea ere debekatu nahi didazu!

ANTONIO: Bai, debekua ezarri dizut, ezkontzerakoan elkarri emandako hitza oinarri eta Jainkoaren zein gizonaren legeak euskarri! Berriro esango dizut andrea: ez dituzu protestante matxinatu horien predikuak ez jende aurrean ez bakarka entzungo! Ez ditut zure inguruan bele beltz horiek ikusi nahi! Eta areago, ez ditut gure seme-alabengandik hurbil topatu gura!

JOANA: Jainkoaren hitza aipatzean, zein hitzen gainean diharduzu? Nolatan erabil dezakezu Jainkoaren hitza aitzakiatzat Jainkoaren hitz hori berori entzutea debekatzeko? Begirune osoz esan behar dizut, ene jauna, ez dizudala aginterik aitortzen alor horretan!

ANTONIO: Senar eta errege moduan manatzen dizut, andre hori!

JOANA: Jainkoa zu baino agintari goragokoa da! Berak aurkituko du modua bere hitza niganaino hel dadin! Baina niri dagokidanez, ene jauna, zuen mezatara joan baino lehen, nahiago nuke neure burua itsasora bota!

ANTONIO: Horrela jokatuz gero, zuzenean ezagutuko dituzu Infernuko suak! Heresian badirauzu, laster Erromako Aita Santuak gure ezkontza baliogabetuko du!

JOANA: Orain erakutsi du jaunak benetako aurpegia, gurari ezkutuzkoa! Baina ez dut gure ezkontza hausterik onartuko, ez dut inondik inora etsiko! Eta hobe duzu zure lagun katoliko horiei esatea protestante gehiago ez hiltzeko, Vassy-n egin duten moduan! Esaiezu, plazer baduzu, bestela Jainkoaren gudariak prest daudela Jaunaren Hitza armekin defendatzeko!

ANTONIO: Mehatxuka egin nahi didazu, andrea?

JOANA: Zemaika egin ahulenak, erasotakoak? Ez, jauna, ez! Baina Ebanjelioak berak agintzen digu Goikoaren Esana geure biziaz ere defendatzeko hala fortunatuz gero!

ANTONIO: Andrea, zure lagunak ere ez dira oso fin ibili, ez! Joana bihotzekoa, ez zaitut giltzaperatu oraindik erabat seguru ez nagoelako ea zeuk aginduta gertatu diren Vendome-ko txikizioak!

JOANA: Zertaz ari zara, ene jauna?

ANTONIO: Ez agertu halako jakineza, ene andrea! Zure kalbindar horiek elizak profanatu dituzte, meza kalizak eta erlikiak urtu eta urrea Orleansera eroan gerra altxor moduan! Kolejiatara ere sartu dira eta ene gurasoen hilobiak profanatuta, gorpuzkiak han-hemenka barreiatu dituzte! Horrek, soilik, mendekurik bortitzena eskatuko luke! Baina hori gutxi balitz, ez dituzte, bada, Joana Arc-ekoaren hilobia eta Luis xi.arena berarena ere profanatu! Zer esan behar duzu horren gainean? Jainkoak aginduta jokatu dute ala? Ez dut uste inongo sinesmenek halakorik zurituko duenik!

JOANA: Ni ez nauzu errudun nehola ere! Ez dudala eta ez dudala horrelakorik inondik inora agindu!

ANTONIO: Gure senideen odolak mendekua eskatzen du, andrea! Eta Zeruko Jaunak babes zaitzala gertaera gaitzesgarri horrekin zerikusirik izan baduzu!

JOANA: Jauna, ez dakit zerk penatzen nauen gehien, ene erlijioan jarduteko jarri didazun debekuak ala horrelako gauza baten erruduntzat jo izanak! Ez badakizu ere, artzain protestanteek eta geuk gogor salatu ditugu ekintza itsu eta galgarri horiek! Zuk, eta barkatuko didazu atrebentzia, inoiz ere egin ez duzuna zuen papista horien sarraskien harira!

ANTONIO: Ez dut berriro esango, ene emazte andrea! Errudun aurkitzen bazaitut, Jainkoa jartzen dut lekuko gaztelu honetako ziegarik galduenean giltzapetuko zaitudala eta gure seme-alabak ez dituzula berriro ikusiko!

JOANA: Zeinen urrun, Antonio, esaldi eta jarrera horiek, maitemindu ginen garaietakoetatik! Ala ahaztuta duzu nola heldu zaren errege izatera?

ANTONIO: Ez dut ahantzi, ez! Beti izango dut gogoan nola hautatu ninduzun beste izangaien gainetik! Ni, gudari fortuna gabeko bat!

JOANA: Bai, ondo gogoan dut oraindik nolako nahigabea izan zuten ama Margaritak eta aita Enrikek zurekin ezkondu nahi nuela esan nienean! Baina onartu ere egin zuten, izan ere! Printzea izan arren, aberastasunik bat ere! Nik, hala ere, zenbat bide ez nuen zapaldu soldadu horren atzetik! Seme-alabak hartuta ere atzetik joan natzaizu, beti fidel, beti maiteminduta! Eta zure aginpidea nirekin baliatu aurretik, ondo hartu burutan, Jauna, eta ez ahaztu, Nafarroako errege zarela nirekin ezkondu izanari esker! Nerau izendatu ninduten Nafarroako erregina eta Biarnoko bizkondesa. Zu, aldiz, “zure emaztearen jauna” egin zintuzten hasieran, nahiz eta gero erreginaren ondokotzat jo zintuzten. Ez etorri orain, bada, horrelako harrotuta!

ANTONIO: Diozun Nafarroa hori zer litzateke gurasoek eman zizkidaten lur eta titulurik gabe? Baina saia gaitezen gure erresumaren eta seme-alaben onura bilatzen! Zergatik ez diozu erlijio horri uko egiten? Zergatik ez itzuli zure lehengo sinesmenetara, benetako Elizaren altzora? Zeinen urrun iruditzen zaizkidan orain ezkondu ondoko urte horiek, artean katolikoa zinela, nik bezain sutsu agindu zenuelarik “gure herrialdeetatik, lurretatik eta jaurerrietatik deserrotu eta betiko egotziko ditugu fede katolikoaren aurkako sekta heretiko guztiak”! Biok biotara ibili ginen, bada, “heretikoen mailu”!

JOANA: Zorionez, Jaunak garaiz zabaldu zizkidan begiak! Inoiz ez dut ahaztuko, alafede, Pauen benetako Erlijioari neure baitako atea zabaldutako Gabonetako afari hura! Zein da diozun benetako eliza hori? Erromako ustel horien habi lizunak? Seme-alabak aipatu dituzu, errege jaun handi horrek! Zergatik kendu dizkiezu neuk aukeratutako hezitzaileak?

ANTONIO: Artzain kalbinista horiek hezitzaile? Ez barrerik eragin, arren eta arren!

JOANA: Hobe deritzozu zure hezitzaile idolatra horiek seme-alabak inkisidoretxo hutsak bihurtzeari? Eta zer dela eta saiatzen ari zarete semeari benetako Erlijioa uztarazten? Ez duzu lortuko! Nolatan egin diezaioke aitak batek horrelakorik seme bati?

ANTONIO: Nolatan, andre hori, mehatxa dezake ama batek semea jaraunspena galtzearekin Erlijioari, zuek diozuen moduan, uzten badio? Eta, alafede, onartu beharrean nago lana ondo baino hobeto egin duzula, ez dago-eta modurik gaztea gure sinesmenetara erakartzeko! Baina...

JOANA: Bai, ene jauna?

ANTONIO: Gure semeak zaldun kristauen besarkada onartu duela!

JOANA: Eta horrek zer dio?

ANTONIO: O, tira, fede katolikoa defendatuko duela aldarrikatu du eta, behar izanez gero, hiltzeraino defendatuko ere!

JOANA: Goiko jaunak berak eskatuko dizu kontu, jauna!

ANTONIO: Andrea, ez ote dago modurik ura lehengo errotara eramateko? Ezkondu ginenean ni bezain katoliko sutsua zinen, edo gehiagokoa ere bai! Zer dela eta horrelako aldaketa? Zer egin dezaket zu gurera erakartzeko?

JOANA: Jauna, zauri horretan sakontzeak bion arteko leizeak barrendu besterik ez du egingo!

ANTONIO: Zure burugogorkeriak, emazte agurgarri hori, gaixotzen nau ileetatik behatz puntaraino. Gainera, denbora orpoak zapaltzen datorkigu atzetik! Itzul zaitez Eliza amaren altzora berandu baino lehen!

JOANA: Diozun ama hori, gehienik ere, amaordetzat dut nik!

ANTONIO: Entzudazu, arren eta arren! Egunero negar anpuluak eta odola isurtzen ditut zu eta zure errorea buruan erabilita! Badakizu zeinen on neritzun, andrea! Gogoan hartu nolako sufrikarioak jasan behar izaten ditudan okerreko bide horretatik zoazela ikusita!

JOANA: On baderiztazu, ene jaun ahaltsu horrek, zer dela eta zabiltza oherik ohera, gaur amorante bat hartu eta biharamunean berri batez ordezkatuta? Zure ama eliza horrek ez dizu ezer aurpegiratzen?

ANTONIO: Joana, gomutan izan horrelakorik atzera ez aipatzeko agindu zenuela!

JOANA: Zeuk ere fideltasuna agindu zenidan ezkondu ginen egunean!

ANTONIO: Bai, ezkontza katolikoan! Baina zuk ez diozu inongo aginte edo itzalik aitortzen Erromari, ez? Zer dela eta ezkontza legea hizpidera ekarri?

JOANA: Senar-emazteek elkarri begirunea gordetzeko agindua Jainkoak berak emana da!

ANTONIO: Jainkoaren aginduak ezin lotu nazake neure sinesmenik sendoenetan bat ez datorren emazteari! Baina itzul zaitez Elizaren etxera eta dena berriro bide onetik abiatuko da! Bestela larrutik ordainduko duzu, andrea! Oso garai latzak datozkizue hugonoteei!... Eta ez hartu mehatxu moduan, aholkutzat baino!

JOANA: Bai, jauna, garai latzak, bai! Baina ez ote zaituzte alaitzen hugonoteen estualdiek?

ANTONIO: Egoskorra zara, izan ere! Arima alferrik galduko duzu!

JOANA: Zuok, papistok, bai alferrik jardun! Hainbeste etsai bildu ditut ingurura, ala?

ANTONIO: Burugabe eroa! Protestanteek etsai dituzue heresia gaitzesten duten guztiak. Inguruko denak dituzue arerio, zuek ororen aurka jarri zaretelako! Eliza eta Jainkoa bera dira zuen etsaigoan!

JOANA: Arinegi darabilzu hitzetik hortzera Jainkoaren izena! Zergatik uste duzue, harroputz bai harroputzak, Jainkoa zuen alboan doala? Ez naiz zuen jazarpenaren beldur!

ANTONIO: Gure seme-alaben onurak kezkatzen zaitu? Gure elkarbizitza antsia zaizu? Hala ere, bada, ez duzu urratsño bat ere atzera bota lehengo bizimodura itzultzearren!

JOANA: Errazagoa litzaidake, ene jauna, begien kolorea mudatzea, erlijioz aldatzea baino! Nik ezin dut neure gorputza itxuraldatu, baina are zailago litzaidake arimaren joera aldatzea! Hamaika urtean zuen apaizen predikuak entzunda ere, nolatan sinetsiko nuke ogi zati bat Jainkoaren haragia dela?

ANTONIO: Isil zaitez eta ez biraorik bota! Senperrenak eta bi egin ditut zuri iritziz aldarazteko! Baina ez dut arrakastarik batere izan! Zuek guztiak heresiaren gaitzak jota zaudete! Egoskorrak zarete, begiak eta belarriak itxi dizkiozue egiari: entzuteko eta ikusteko beldur zarete osotoro. Baina zuen ordua hurbil da! Elizak zauri zomatua laster garbituko du!

JOANA: Zertaz diharduzu, jauna? Inkisizioaz, apika?

ANTONIO: Laster, heresiaren herensugeari zazpi buruak moztuko dizkiote! Ezpatak zorrozturik daude eta benetako sinestunak borrokarako prest dira! Fedegabeen belar txarrak erauzi eta erreko ditugu! Errotarria abiatu egin da eta ez inork ez ezerk ere ez du geldituko!

JOANA: Ze izugarrikeria ari zara iragartzen?

ANTONIO: Damutu egin zaitez garaia den artean!

JOANA: Damutu? Zuek egin behar duzue atzera eta Jainkoaren lehengo mezura itzuli!

ANTONIO: Jainkoa lagun, laster izango gara garaile!

JOANA: Geuk ere dugu Jainkoa lagun! Nola izan liteke hori?

ANTONIO: Jainkoak ez beste inork ematen ditu garaipenak, bere nahierara! Irabazle ateratzen bagara, gure erreguteak entzun dituen seinale egiazkoa!

JOANA: Oraindik gutxi gara, baina benetako Erlijioaren uzta laster izango da prest!

ANTONIO: Uzta horrek belar ustelak baino ez ditu jasoko, andrea! Idatzita dago ezen “maltzur batzuk atera direla hiregandik eta hire herria bereganatu nahi izan dutela... Baina hik ez dituk bizirik utziko: hire eskua lehena izango duk haien gainean, eta gero hire herri osoarena”.

JOANA: Nik ez dut etsiko, eta benetako sinesleek ere ez! Gure harresiek zutik diraute! Etsaia ez da ausartzen lubakietatik irtetera! Sinets iezadazu, jauna, gure erresumetaii benetako Erlijioak soldadurik ez balu ere, herri xeheak berak, emakumeak eta haurrak aitzindari, hartuko lituzke armak eskuan idolatrei aurpegi emateko! Baina, zergatik ez onartu bakean elkarren sinesmenak? Zergatik ezin gara bizi denok elkarrekin, nor bere sinesmenaren jabe, bakoitza bere hizkuntzaren jabe, zein bere ohituren arabera!

ANTONIO: Jainkoak berak agindu digu bere eremua garbitzeko! Ahulak zarete eta hobe duzu lehenbailehen konpainia galgarri hori uztea!

JOANA: Ahulak? Ez al da Zeruko Jauna gure ondoan borrokatzen? Ez zuen Gedeonek, hirurehun israeldar baino ez zeramatzala lagungo, madianiten armada osoa garaitu?

ANTONIO: Badakizu, inork baino hobeto jakin ere, erresuma hauetan zeinen urri zareten jende eta baliabide aldetik!

JOANA: Ingalaterrako anai-arrebek ez gaituzte bakarrik utziko! Zeruko sua eroriko da papista guztion buruen gainera benetako fededunen aurka badiharduzue!

ANTONIO: Gosea, pobrezia, tortura eta heriotzarik hotzena baino ez ditut ikusten zuen geroan!

JOANA: Inoren laguntzarik ere lortu ez arren, Jainkoak zeruko mana bidaliko digu! Berak jantziko gaitu eta babestuko!

ANTONIO: Jainkoaren gaitzetsiak zarete! Gaitzetsiak baino gaitzetsiagoak, bere-bereak izan baitzineten harengandik alde egin aurretik! Galtzeko eskua atera duzue jokaldi honetan! Zure jauna naizenez gero...

JOANA: Jesukristo bera beste jaunik ez dut! Eta fedegabe batek baino ezin du Jainkoaren gaineko botererik onartu! Erraza da errugabeen odola isurtzea. Alta, ezinezkoa berriro lurretik zurgatzea eta hildakoari berriro ematea! Ondo pentsatu Jainkoaren seme-alaben aurka eskurik edo ezpatarik jaso aurretik! Arkabuzen balak zuen aurka ere itzul daitezke! Ni hilko nauzu, bai, baina hortxe geratuko da, inguruan, erein dudan hazi emankorra!

ANTONIO: Ez urrunegi joan, andre hori, inork ez dizu mehatxurik bota eta! Zeregin santua betetzen dut benetako federa itzultzeko eskatzean, Jaunak berak hala agintzen digunez gero! Baina zure senarra ere naizen aldetik, elkartzen gaituzten lotura guztien izenean, mesedez eskatzen dizut protestante horien konpainia uzteko!

JOANA: Lotura horien artean, ene jaun senar agurgarri hori, ez da maitasuna izango, ezta? Ez ote da ezer geratu behinola sentitu zenuen maitasun horretatik?

ANTONIO: Gure bion handitasuna maitasun arruntaren gainetik dago! Maite banauzu, andrea, itzul zaitez, bada, Elizara!

JOANA: Diozun legez maite banauzu, ene senarra, ez eskatu halakorik!

 

Bat-batean, inork agindu gabe ekingo diote kolonbinak eta arlekinek.

 

ARLEKIN: Ikusle jaun-andreek ikus dezaketenez, handikien artean gorabehera guztiak ez dira goi mailakoak!

 

isabel, kolonbina moduan.

 

KOLONBINA: Ez da harritzeko, sehaska gorabehera, gizona gizon eta emaztea... beti izorratuta!

ARLEKIN: O, Kolonbina bihotzekoa, ez itzazu horrelako gogor epaitu beste gizakion hutsak!

KOLONBINA: Gizakiak gurata huts egiten du!

ARLEKIN: Malguago izan beharra dago besteon hutsekin!... Eta norberarenekin!

KOLONBINA: Jakina, gizonak beti izaten du zuribideren bat emaztea engainatzen duenerako! Gizajoa!

ARLEKIN: Kolonbina, Kolonbina, beti pentsatzen duzu bihotzaz, eta ez dago txarto, ez!.... Baina lan ikaragarria hartzen duzu, bihotza ez baitago eginda horrelakoetan jarduteko! Nori berea da zuzenbidea: bihotza sentitzeko, burua...

KOLONBINA: ... besteri ziria sartzeko!

ARLEKIN: Kolonbina, zeinen egoskorra zaren! Egunero-egunero lelo bera! Gezurra, edo egia erdia, bestela esanda, gizakiaren asmakizunik handiena da!

KOLONBINA: Ez zaizkit gustatzen erdizkako gauzak! Zuria edo beltza!

ARLEKIN: Benetan uste duzu noiznahi eta edonon egia esan daitekeela? Areago, egia esan beharra dagoela?

KOLONBINA: Jakina! Egia esaten ez delako egoten da hainbeste lagun bakarrik, isilik eta tristaturik plaza eta bideetan! Horregatik dirudi etxe batzuetan bizia iraungi dela! Horrexegatik dabiltza hainbat begi zeruari begira egiaren bila!

ARLEKIN: Ederra burutazioa! Kolonbina, zure pentsaera ez dago bat ere boladan! Gaur egun kontua da nonahi imintziotan ibiltzea!

KOLONBINA: Egia badakizu, zergatik ez duzu aldarrikatzen?

ARLEKIN: Kolonbina, usotxo nirea, gauzak jakitea eta ez esatea zuhurtziaren seinale da!

KOLONBINA: Zeinen gauza nahasia zaren! Ur uherra baino ilunagoa!

ANTONIO: Bi lelo hauen baimenarekin, lotuko diogu geureari? Zin egiten dizut, andrea, Elizako guztiek eta geuk beso zabalik hartuko zaitugula!

JOANA: Ezin dut sinetsi!

ANTONIO: Erregeak behin baino ez du ematen hitza!

KOLONBINA: Bai, baina behin baino gehiagotan jaten du!

ARLEKIN: Ai, Kolonbina, Kolonbina!

JOANA: Ezkon hitza ez duzu berdin bete, ene jauna!

ANTONIO: Zin egiten dizut ene hildakoen izenean, ene seme-alaben izenean... Neure izena, ohorea eta osasuna bera jartzen ditut lekuko!

JOANA: Papista idolatra baten berbak ez du alerik ere balio, errege izanda ere!

ANTONIO: Joana, utz ditzagun alde bat mokokaldiok eta izan gaitezen senar-emazte berriro!

ARLEKIN: Et, et, et! Ikusle jaun-andreek, egoera errotik aldatuta, segituan dator interesgarriena! Azkenean erlijio kontu aspergarriak utzi eta amodiozkoetara igaro gara!

KOLONBINA: Jakina, emazte gaixoaren burua lausotu nahian maitasuna aitzakia!

ARLEKIN: Eta nork ez du burua lanbrotuta izan nahi? Eta ote duzu zuk zeuk ere hodeirik, Kolonbina, usotxo nirea?

JOANA: Ezin sinets dezaket! Ez nauzu makurtuko!

ANTONIO: Eta besterik zer behar duzu? Errege eta senar moduan, zure oinetara jarri naiz! Hain da txikia eman beharreko urratsa!

JOANA: Txikia? Amildegirik sakon eta handiena baino gainditzen zailago deritzot! Zure maitasunean sinesterik banu bederen!

ANTONIO: Zerk galarazten dizu nigana hurbiltzea?

JOANA: Zure esanek eta eginek!

ANTONIO: Azkenean suminaraziko nauzu, Joana!

JOANA: Eta prest egongo zinateke zu idolatren sinesmenei uko egiteko?

ANTONIO (zer esan ez dakiela) ...Hori ez da kontua! Zeu aldatu zara erlijioz! Joana, ez ote nauzu maite?

JOANA: Ez dakit! Halako moduz erakartzen nauzu non ia etsipeneraino naramazun! Benetan, hondorik gabeko zulo batera jausten naizela iruditzen zait. Maiz negar eragin didazu! Baina sufrikarioaren erdian, guztiarekin ere, halako gozamen bitxi eta sakon moduko bat sentitu ere dut zure ondoan. Ordea, ezin ditut areago jasan irainak eta destainak maitasunaren aitzakian! Maite ote zaitudan? Neuk baneki...! Halaz ere, bestelako kezkei begiratu behar diet, gure fedearen, erresumaren eta seme-alaben etorkizuna izan behar ditut gogoan ondo josita!

ANTONIO (besoak luzatuta) Zatoz!

KOLONBINA: Ez! Ez jaramonik egin, dama handi horrek! Gezurra dario ahotik!

ARLEKIN: Mesedez, beren gorentasunek eta ikusle jaun-andreek jakingo dute gazte histeriko honi barkatzen! Horrelako aldiak izaten ditu lantzean behin! Tira Kolonbina, bakoitzak bere tokian egoten jakin behar du!

ISABEL: Nori esan diok histeriko, koipezto horrek?

KOLDO: Hi, zuzendariaren emaztea, edo emazte ohia edo amorantea edo dena dela izateagatik ez pentsa inondik inora denok gobernatzeko eskubiderik dunanik!

ELENA: Lasaituko zarete denak? Gura ez duzuela ere, oso eszena ederra sortu duzue! Zer diok hik, Jon, zuzendari moduan?

ZUZENDARIA: Ona, bai!

ELENA: Eta Nostradamus ere agerraraziko bagenu?

GUS: Nostradamus? Baina zer dela eta?

ELENA: Katalina Mediciren aholkularia omen zen eta erreginak ez zuen ezer erabaki ohi gizon horri laguntzarik eskatu gabe!

GUS: Ene, joaldi ederra litzateke!

ZUZENDARIA: Bai!

ISABEL: Baina nork antzeztuko luke?

ZUZENDARIA: Koldo gureak egin lezake! Edo nik neuk, berak jokatzen duen pertsonaia eta Nostradamus batera agertu behar izanez gero, mozorrotuta aurkeztuko da, beraz, arazorik ez! Eszenan argi indartsu bat piztuko da eta hantxe, erdi-erdian, bizar-txima urdin luzeekiko bat, ia oihuka!

NOSTRADAMUS: Hilketa izugarriak ikusten ditut. Anaia anaiaren aurka, ahizpa ahizparen kontra. Gurasoak seme-alaben etsai! Seme-alabak gurasoei jazarrita! Behiaren erresuma bi zakur gosetik irentsiko dute, baina irentsitakoak erraietako mina sortuko die luzaro suge bihurtuta. Lorearen alaba seme batez erdituko da eta dortoka oskolean lo eginda, bi txakurtzar gosetiak gobernatuko ditu behiaren leinuak munduratutako lehoiak. Hego gurutzea ipar gurutzearen aurka borrokatuko da. Altzairuak eta metxak ibaiak gorrituko dituzte. Olde erraldoi horrek ez ditu belar on eta txarrak bereiziko! Beztidura beltzekoen gorpuak euri zakar izango dira leihoetatik egozten dituztenean. Iheslariek ura edo altzairua hautatu beharko dute, eta hala ere, bietan herio beltza baino ez dute idoroko.

            Hiltzaileek gurutze zuria eroango dute ezaugarritzat jantzietan josia. Gizaki ehizaldi bortitza dator Jainkoaren izenean. Gorroto zaharrak aitzakiatzat, auzokideek elkar garbituko dute zerua irabazi eta sakela ondo berotzearren. Amaren sabelean bertan hilko dituzte errugabeak, jaio aurretik fedegabetzat jota!

            Oihal gorri batek beltzak estaliko ditu, baina azkenean beltz batek gobernatuko ditu zuriak. Gaua suziriek argituko dute, baina ez gorpu erreek beste. Umezurtzek beren gurasoen hiltzaileak berak izango dituzte guraso orde! Odolak bataiatuko ditu guztiak, nagusi zein xehe!

            Doilorkeria errege, belzkeria erregina, herria itsu! Predikariek lapurreta eta bortxakeria aldarrikatuko dituzte, krudelkeriaren jarraitzaile eginik!

            Hidraren zazpi buruak zapaldu nahian, herria odol-edale bihurtuko da! Zemari otoika eskatuko diote gizakiok sumina zilegitzat aldarrikatzeko! Errugabeen kanposantuan sasia berriro loratuko da, hildakoen odol gorriak gaztetuta eta indarturik. Hiltzaileek prozesioak eratuko dituzte odolezko sasiraino. Eta denak dira aterako Herioren egoitzatik berpizturik, zeruak kondenatutakoak hiltzen irauteko gogoa berrituta. Che pietá lor ser crudele, che crudeltá lor ser pietoso oihukatuko dute amei eta seme-alabei zintzurra mozterakoan!

            Aberritzat zutena defendatzean adoretsu baino adoretsuago borrokatutako lagun ausartek lepoa agerian, defendatu gabe, jarriko diete aberkide koldar izandakoei; martirien loria guragoko izango dute! Odolezko olde hori gorabehera, beltzek ez diote uko egingo sinesmenari. Hamaika eta hamaika hilko da ezpatapean gurutzetik gurutzera aldatu nahi ez izateagatik!

            Ezpata eta arkabuza nagusi izango dira luzaro eta zauriak ez dira sekula osatuko! Giza biziak kaleko txakur deslaiarenak baino gutxiago balioko du! Gorpuek argiaren hiriko ibaietako ura zeharo estaliko dute haratustelezko zubiak eginda!

            Egunak joan egunak etorri, gorpu erreen kiratsak perfumerik onenen usain goxoei gaina hartuko diete!

            Arrantzaleek sareetan gorpuak eta gorpuzkiak baino ez dituzte lortuko! Errukiak alde egingo du tarte luze baterako.

            Baina sinesmen berria ez dute desagerraraziko! Erroak ondo landatuta ditu eta are erresuma txikietako hizkuntza guztiek ere bizirik iraungo dute zapalketak zapalketa! Eta izango da garai bat non erresuma handi guztiek txikien aurrean belaunikatuko diren!

            Zaldi beltzak intzirika! Ez da sekula entzungo kanturik, ez txirula edo turutarik hirien baitan! Nekez adituko da berriro errota hotsik! Kriseiluak ez du gehiago argi egingo! Senar-emaztegaien kantuek isilik iraungo dute! Kaleak zikindurik geratuko dira hil guztien odolaz. Sutearen kea menderen mendetan gorantz doa! Lurreko merkatariek ere negar eta aiene egingo dute, aurrerantzean inork ez baitie salgairik erosiko: bertan behera lagata geratuko dira urre, zilar, harribitxi, perla, liho, purpura, zeta, eskarlata; era guztietako zur usaintsu, boli eta zur baliotsuzko tresna, brontze, burdina eta marmolezko tresna; kanela, iltze-kanela, usainki, mirra eta intsentsu; ardo, olio, irin eta gari; abere handi eta txiki, zaldi eta gurdi.

KATALINA: Che pietá lor ser crudele, che crudeltá lor ser pietoso nire esana da, jakintsu hori! Eta halaxe da, orain ankerra izatean gizatasuna dago, eta ankertasuna gizatiarra izatean! Baina, ezin duzu argiago hitz egin? Zer iragarri behar diguzu!

NOSTRADAMUS: Geroaren pergamuak palindromoak dira: oraingo eta geroko ele eta irudiak elkarren gainean idazten eta jartzen dira! Begirik zolienak ere ez lekike guztiz seguru aspaldiko kontu gertaturen bat iragartzen diharduen ala etorkizun dagoen zer edo zer! Ulertu nahi duenak uler beza, hauxe baino ez dizuet esango!

JOANA: Ez dakit nolatan jaramon egin diezaiokezuen zuen moduko kristauek halako igarle bati! Jainkoari baino ez dagokio lehena, oraina eta geroaren berri izatea! Zerbait iragarri nahi izan duenean, aingeruak edo profetak baliatu izan ditu! Alferrik diharduzue horrelako antze beltzetan! Horrelako gizon bati sinesten dionak nola bidal dezake ebanjelio zale xumearen aurka Inkisizioaren zakur amorratua?

ANTONIO: Zure sokakoek munduan berez den baino bekatu eta ustelkeria gehiago ere topatzen duzue! Ze kalte dakar horrelako baten esanak?

KOLONBINA: Denak, atzera ere, emazte gaixoaren gogoa makurrarazi nahian!

ARLEKIN: Gure lan xume hau laster amaitzekoa da, munduan izaki orok ere bizia zor duenez gero!

KOLONBINA: Bai, ezer ez da betiereko, Goikoa izan ezik! Betiko legez, onenak izaten dira lehenak mundu honetatik joaten! Laster euskaldun bulartsuen dama gorena nekezko haran hautetatik partituko da!

ARLEKIN: Errege-erreginak ere beste agintari goragoko baten menekoak dira, ikusle agurgarri horiek!

KOLONBINA: Botere eta ondasun beste zoritxar bildu ditu boteretsu izan arren, garaiak barkatzen ez zituen dohainen jabe izandako hark! Makurren artean emakumea, ikasia, nafarra, euskararen sustatzailea eta protestantea izatea.

ARLEKIN: Hala da, bai! Baina segur aski beste horrenbeste gertatuko zitzaion gizonezkoa izan balitz!

KOLONBINA: Oso egokia! Nork eta zu lako gizon arlote batek bota behar, bada, horrelako lelokeria! Andre ikusleek jakingo dute Arlotin honi ausardia barkatzen!

ARLEKIN: Ez digu orain esango, ikusle jaun-andre itzaltsu horiek, matraka mingainluze honek emakumea izatearren Joanak oztopo gehiago zituela, ez?

KOLONBINA: Jakina bai jakina!

ARLEKIN: A, bai? Horrexegatik daude hemen, taula xume hauen gainean, bi andre handi eta boteretsu hauek, ez? Zein baino zein indartsuago, zein baino zein...

KOLONBINA: ... etxean senarraren menpean egotera behartuago!

ARLEKIN: Kar, kar, kar...

NOSTRADAMUS: Andre sugeak hiru kume izango ditu argiaren hiriko habian, denon nagusi. Hirurak akabatuko dizkio handiguraren arranoak. Habia zaindu eta sendotu nahian, behiaren alaba sudurretik finituko du. Baina behiaren alabak erdituriko lehoikumea sugearen habiaz jabetuko da, eta argiaren hiria gobernatuko ere du! Horrela, haizea ereinda, ekaitza ekaitzaren gainean jasoko du suge handiak. Horixe ikusi dut eta halaxe iragartzen dizuet!

            (joanari)

            Andrea, ia umetxoa zela, zure semea aurrean izan nuen, biluzgorririk, bere lehengusu eta lehengusinekin batera! Iragarri ere iragarri nion Frantziako erregea izango zela! Eta bego, ez dizut besterik ezer esango!

JOANA: Agure honen eleek artega jarri naute, bihotzean halako izotz ukitu bat nabaritu dut eta! Bihotzak badiost egia iragarri duela, baina ene gogoak ezin du inongo gerorik ikusi!

KATALINA: Ez lar arduratu, amandrea! Ez ote du berberak arestian esan ez duela jakiterik ea lehena, oraina edo geroa iragartzen duen?

JOANA: Bihotzean lauza astun moduko nabaritzen dut! Arnasa ezin hartua dut! Unatuta nago osotoro! Azken urteotako gerrek gorputza sakela bezain flakaturik utzi didate! Sorospen Armada hornitzeko asmoz, ene bitxi gehienak, tapizak eta are Balais errubi ezaguna ere bahituran jarri behar izan nituen Ingalaterrako erregina Isabelek bidal zitzan hain beharrezko genituen balak, kanoiak eta bolbora! Eta ez pentsa bihotzean minik eman zidanik, fedea defendatzearren egin bainuen, pozik! Baina gerra urte hauek oso ordain garestia eskatu didate osasunaren kaltean! Horra hor zergatik saiatu naizen ezkontza hau onbideratzen, bihotzean min latza izan arren!

KATALINA: Andrea, ondo ulertzen ditut zure koaitak! Neronek ere maiz utzi behar izan ditut emakume eta erregina batek gehien maite dituen jabetzak neure herriaren amoreagatik! Baina beldur naiz, andrea, ez ote duzun berehala oheratu beharko, gaixotasunak eta ahuldadeak berriro garaituko ez bazaituzte! Atseden har ezazu! Aurrera, zatoz nirekin! Etzan ohantze horretan! Zerbitzariak, lagun iezaiozue!

ARLEKIN: Zeinen goxoa izan daitekeen sugearen mizto pozoitsua!

KOLONBINA: Eta zeinen labur andre argiaren adimena!

KATALINA: Zer diozue lotsabako ahalen horiek?

KOLONBINA eta ARLEKIN: Ezer ere ez!

 

Etzaten lagunduko diote.

 

JOANA: Gogoa ahultzen eta belzten hasita zait! Non dira eneak? Non semea? Non zara, Joanes?, ene bihotzaren sukarrak zure eleen freskura behar baitu! Begietan halako laino moduko bat dut! Hau itobeharra!

KATALINA: Laster etorriko dira gorteko zirujau eta barberurik onenak! Ez kezkarik izan, ene amaginarrebakide! Hemengo giroa ez duzu bat ere onura! Laster jarriko zaitugu erresumarako bidean! Begira, begira nolako oparia dakarkizudan borondate onaren ikurtzat! Zerbitzariak, zatozte! Hartu eskularru eder horiek! Parisko urringile onenek gozatutako eskularruak dituzu, ahizpa bihotzekoa! Emazkiozue!, zeren zain zaudete?

 

Dotore baina kontu handiz hartzen du eskularru parea zilarrezko erretilu bat erabilita.

 

ARLEKIN: Opari usain goxoko honi kiratsa dariola esango nuke, bada! A, zelako egoera, lagunak!

 

kolonbinari emango dio, kontuz. Honen aurpegiak nazka erakutsiko du.

 

KOLONBINA: Zurikeria, ustelkeria... eta heriotzaren kiratsa darizkio, bai! Azal ederra, barru ustela!

JOANA: Eskerrik asko, amakide bihotzekoa!

 

Eskularruei usaina hartuko die eta musu emango. Hurrengo jardun osoan bihotzean eta magalean estutuko ditu.

 

            Erbestaldi moduko honek alaitasun iturri behar nuen, baina zoritxar egunak datozkit gainera. Non dira gauza eder guztiak? Begiak lausotzen zaizkit, birikak astun ditut! Arnasestua dut! Lagun iezadazu, Goiko Jaun Ahaltsu horrek! Non dut semea? Non alaba? Joanes, hurbil zaitez!

ARLEKIN: Honetara laburbiltzen dira gizaki guztion ibilerak! Goia zein behea, berdin akabera!

KOLONBINA: Hala da, Heriok denak berdintzen gaitu! Andre zorigaitzekoa senar doilor batek engainatu zuen lehenik! Bere sinesmenak defendatzearren, semea etsaiaren alabarekin ezkontzen saiatu gura... eta heriotza baino ez du batuko ordainez!

KATALINA: Zuek, lotsagabeko horiek! Isil zaitezte eta ez areagotu nire aialdekoaren sufrikarioa!

 

Eskua hartuko dio.

 

JOANA: Ni gabe erresuma etsaien eskuetan geratuko da, nork lagundurik ez duela! Segur aski bekatu eta bekatu egin dut, bai, eta horregatik higuingarri bilakatu naiz Jaunaren begietarako. Zuek, begirunea zenidatenek, orain, biluzik eta makalik ikusita, ez didazue lagundu behar? Aieneka ari naiz, bai, aurpegia lotsaz gordeta!

JOANES: Ez penarik izan andrea! Ez diegu zure soinekoei lohikeria itsasten utziko! Zure herritar fidelok ez dizugu erortzen utziko! Nork ukatuko dio kontsolamendua guztion kontsolagarri izan denari?

JOANA: Jauna, begira nire zoritxarra, garaile baitut etsaia! Etsaiek eskuak prest dituzte gure erresumari itsasteko! Hiritar guztiak aieneka ikusten ditut! Zergatik lokamuts hauek? Herria goseturik ikusten dut, ez ogirik ez Jaunaren hitzik ez duela! Biziari eusteko, zer ez dute eman beharko ene herritar onek biziaren truke? Zer ez dute eman beharko Biarnok eta Nafarroak beren izateari eusteko? O, jauna, ikus zenbateraino nagoen mesprezatuta!

JOANES: Andre gora hori, zure humanitatea hain da handia, zure zelo Jainkoazkoa halako sendoa, non jende prestuen bihotzetan halako erreberentzia indartsu bat errotu baita! Are zure ezagutzea ez dutenek ere asko miresten dute zure bertutea! Nolatan izan dezakezu, andrea, Jaungoikoaren oniritzia galdu izanaren gaineko zalantzarik? Zuri esker egungo egunean Biarno guztian Jainkoaren hitza predikatzen da eta diziplina eklesiastikoa egiazki eta bide bezala obserbatzen! Ez zait niri eman zure laudorioen aipatzez hain aitzina abantzatzea, haien argitasuna neure mintzatzeko intsufizientziaz ilun ez dezadan! Izan adorea, aurrera aterako gara eta!

KATALINA: Zerbaiten behar zara? Gure elizaren apaizen baten laguntzarik nahi? Nire konfesorea bera utziko nizuke! Edozer honelako une larriak arintzearren!

KOLONBINA: Horra hor andre Katalinaren zurikeriaren handia!

ARLEKIN: Esku bataz Herio ekarri dio eta besteaz sufrimendua arindu nahita dabil! Zelako une gogoangarri eta lazgarria, ikusle jaun-andreak!

JOANA: Zuen ahotsak erdi apalduta, gorturik heltzen zaizkit! Non zarete? Zuek, bidean zoaztenok, begira eta ikus: ba ote da nirea bezainbesteko oinazerik? Jaunak berak, haserre-suminean, helarazi ote dit oinaze mingarri hau? Sua bidali du Jaunak eta hezurretaraino sartu dit. Sarea ipini dit oinpean, eta itzulipurdika bota nau! Arras hondatuta sentitzen naiz, etengabeko oinazean!

KATALINA: Astun da, bai, errebeldiaren uztarria. Jaunaren eskuaren astuna sentituko duzue protestante guztiok lepoan, zuen indarrak ahuldurik ikusiko dituzue arbasoen federa itzuli ezean! Aurre egin ezinik utziko zaituzte Goikoak, gure esku!

JOANES: Babesle dituzun gudari guztiak bilduko ditugu Jauna lagun! Oste handiak inguratuko dizkizugu! Gazte zein adineko, zure populua gertu dago odola zure alde emateko!

JOANA: Zer da sukar hau? Nork eragina eldarnio astun hau? Mahatsa dolarean bezala zapalduko ditu Jaunak gure erresuma, gure hizkuntza, gure sinesmen sendoak, bere alaba fidel hau? Horiengatik guztiengatik nago negarrez, begi biak urtzeraino, urrun baititut kontsolatzaileak, biziberrituko ninduketenak! Nire haurrak galduak daude, etsaia aterako baita garaile! Jauna, zugan naiz fio!

KATALINA: Zer dela eta erran garratz horiek? Zer behar duzun, horixe eskatu baino ez duzu! Ez izan seme-alaben ardurarik, beti izango dute-eta nork lagundua! Prest nago baita zure aldeko protestanteek Arroxelan eratutako itsas lapurretak ahazteko ere!

KOLONBINA: Horra hor protestanteak akabatzeko beste zergatiko bat! Sendoenetako bat, esango nuke nik!

ARLEKIN: Hasia da kartak erakusten, bada!

JOANES: Andrea, gure Jainko Jaunak ez du inoiz alde bat utziko bere obraren alde hainbeste egindakoa. Zuk bultzatutako lanari esker Jainkoaren hitz puruak ukanen du sartze eta abantzamendu Euskal Herrian. Eta honetakotzat zu, Andrea, honez zerbitzaturen zara tronpeta baten antzera, zeinez Jainkoak gu guztiok deitzen baikaitu hala zure Nafarroako erresuman Satanasi gerla egitera, zure dominazioko beste leku guztietan egin eta egiten ere duzun bezala. Jainkoari otoitz egiten diot, Andrea, nahi zaituen otoi bere Espiritu Sainduaz beti argitzen zaituelarik, luzeki kontserbatu, bere gloriaren abantzamendutan!

JOANA: Ez, Joanes, gure erresumak, eskuak otoitzean luzatu arren, ez du nork kontsolaturik. Jaunak eraginik, auzoko herriak etsai bihurtu zaizkigu. Haien artean higuingarri bihurtu gara! Aurka egin ote diet haren aginduei eta zuzen jokatu du Ahaltsuak, beraz, niri oinaze hau ekarrita? Ikus, ikus denok nire min izugarri hau! Ez, ez eroan nire neska-mutilak gatibu! On deriztaten guztiei egin diet dei, bai, halere gehienek zapuztu egin naute!

JOANES: Ezin ote du inork deusik egin? (katalinari) Zerk eragin dio larrialdi hori? (Belauniko jarriko da joanaren ondoan eta eskutik oratuko dio).

KATALINA: Nire esku den guztia egin dut, artzaintxo hori! Ez zara ausartuko Frantziako erreginari ezertxo ere aurpegiratzen, ez?

JOANA: Gure erresumetako artzainak eta zaharrak gosez hilko dira biziari eusteko janari bila dabiltzan bitartean. Jauna, ikus nire larrialdia! Irakiten dut baita. Iraulia dut bihotza barnean!

ARLEKIN: Hil haginean egoteak dakarkion eldarnioak jota dago ala etorkizuna ikusteko dohainaren jabe ote da? Bihotza estu-estu dut, ikusle gurgarri horiek!

KOLONBINA: Ez, Arlekin, Arlotin ezjakin hori, ez! Emakume guztiok dugun barne argia baino ez da, zuek, gizonok, etengabe itzaltzen saiatzen zareten argitasun gordin hori! Horixe baino ez... eta hainbeste... Hainbeste!

 

Maitasun handiz kopetako izerdia sikatuko dio

 

JOANA: Ezpatak haurrak hilko dizkit kale gorrian, etxean herioa jabe! Entzun, entzun denok nire intziria! Etsai guztiek izango dute nire zoritxarraren berri eta poz hartuko dute poz! Hurbil dira Jaunak iragarritako egun beltzak! Agerian erakutsiko dute haien txarkeria guztia, zitalkeria, doilorkeria ankerra! Bai, aieneka eta aieneka ari naiz, guztiz makalduta!

KATALINA: Ez gehiago aipatu, amandre horrek, behin eta berriro arerioen kontu hori, lagunartean zara eta! Tira, zerbitzari horiek, emaiozue edaten! Garbitu izerdi horiek!

 

katalinari oratuko dio mahukatik.

 

JOANA: Entzudazu ondo, andrea, noizbait Jaunaren haserrea zuri ere helduko zaizu eta! Zuen Paris eder hau, argiaren hiri hau, ilunpetan utziko du! Lurrera botako du zuen ospea! Erruki gabe desegingo ditu egoitza guztiak, Frantziako lurralde ederreko gotorlekuak erraustuko ditu bere suminduraz! Bai, argi eta garbi dakusat! Erreinua eta bere buruzagiak lurrera botako ditu, baita desohoratu ere!

ARLEKIN: Ederra bota dio biarnesak!

KOLONBINA: Jaso ditzala zital horrek bereak eta bi, alafede!

KATALINA: Zer iragarpen dira horiek, Joana? Zeure goibeltasuna denoi helarazi nahian ala? Jainkoak lagun diezagula! Tira, non dira zirujauak?

JOANES: Non dira, ene andre Katalina, zure gorte ospetsuko zirujau eta jakintsuak? Non Nafarroatik jarraigoan gure andreak erakarritako guztiak? Nerau nindoake horien bila, baina beldur naiz ez ote nauzuen hemen beharrago izango!

JOANA: Indarrak hautsi egiten zaizkit, abandonaturik sentitzen bainaiz! Sua ikusten dut pizturik herri guztietan! Xarmangarri zaigun guztia hilko digute! Niri orain bezala, laster baino beranduago zuei ere! Haserrea suzko euri eta ibai antzera isuriko da herririk herri, kalerik kale, etxerik etxe!

KATALINA: Sosegu har ezazu, andre bihotzeko horrek! Zure erresumako harresiek zutik diraute, beti bezain irmo, beti bezain gotor! Etsairik ez da inguruan!

JOANA: Bai, entzudazue ondo guztiok! Ondoezarekin batera bidali dit jaunak buru argitasun hau! Baratzeko hesia bezala zapalduko dituzte harresiak, batzarlekuak xehe-xehe egingo! Agintari-apaizak gaitzetsi baino gaitzetsiago izango zarete! Hizkuntza ere lapurtuko digute! Emakumeak are menpekoago egongo dira!

KOLONBINA: Horixe da bete-betean asmatzea! Hori emakumearen buru argia! Barren-barreneraino sartu dit hotza, izotz eleak jaurtiki ditu!

ARLEKIN: Ikusle jaun-andreak, nora ote garamatza honek denak? Aterako ote da aurrera Nafarroako erregina biarnesa? Hau aztoramendua!

JOANA: Arerioak higuin dio gure aldareari, gorroto santutegiari! Bai, garrasika jardungo dute Jaunaren tenpluan, jai-batzarrak ospatuko dituzte papistek gure toki sakratuetan! Goikoari eskerrak eman behar dizkiot horrelakorik ikustetik libratuko bainau!

KATALINA: Zer dela eta beldur hori? Bada garaia bai zuek bai guk elkarri gehiago ez puskatzeko eliza-tenpluak! Uxatu beldur horiek, erlijioek ez dute odol gehiago isuriko gure mendeko lurretan! Gure seme-alaba ezkongaion izenean zin egiten dizut, andrea!

JOANA: Zeinen oker zauden! Zure eskuak ere ikusten ditut odolez zipriztindurik!

KATALINA: Zureak ez ote daude ere odolez zikinik? Ez duzu franko heriotza zigor izendatu katolikoen aurka?

JOANA: Jaunak berak aginduta!

KATALINA: Neure antzera, beraz!

ARLEKIN: Ederto jo du kukuak!

KOLONBINA: Beleak zozoari ipurbeltz!

KATALINA: Ero bai eroa! Lasaituko ote zara!

JOANA: Hiri ederreko harresia berdinduta geratuko da! Doluz estaliko dira dorre eta harresiak, denak batera amilduko! Hiriko ateek lur joko dute, morroiloak hauts eginik geratuko. Jainkoaren legerik ez da irakatsiko! Profetek berek itsu eta gor dirudite! Horixe dena ikusten dut! Ai gure galdua! Ai ene galdua!

JOANES: Andrea, ez inolaz ere pentsa Jainkoak gaitzetsirik utziko gaituenik! Sukar gaitz horrek eragindako lokamutsak baino ez dira horiek guztiak!

JOANA: Gure hirietako zaharrak lurrean jesarrita, isilik eta hautsez beterik daude! Neskatxak burumakur ibiliko dira luzaro!

 

Dirudienez, burua argitu edo zaio.

 

            Begiak erreta ditut negarrez, barrua irakiten, bihotza eroria nire herriaren hondamendia dela eta!

 

Erdi negarrez.

 

            Haurrak eta bularrekoak kaleetan ahuldurik egongo dira. Amari galdezka ariko dira, ulertu nahian... baina alferrik! Hiriko kaleetan emango dute azken hatza amaren altzo goxoan! Ai niri, eta milatan ai niri, salbamena huts egiten badut!

KATALINA: Zer esango nizuke, zerekin kontsolatuko zaitut? Zerk arinduko dizu sufrikarioa? Itsasoa bezain handia da zure hondamendia, nork senda zaitzake? Eldarnio horiek ez dizute mezu gezurrezko eta hutsala besterik bidali. Lasai zaitez, andrea, ahizpa! Dena ohiko bidetik doa!

KOLONBINA: Hona hemen atzera ere gezurrezko eta lilurazko hitz ustelak! Zurikeria zurikeriaren gainean!

ARLEKIN: Aldatuko da gure andre gotorraren zoria?

JOANA: Iseka egingo diozue, badakit, lehen lur guztiaren pozgarri zenari! Baina zuek ere jakingo duzue zer den bidean doazen guztiek txalo jotzea isekaz, txistuka aritzea! Zuen gainean ere esango dute: “Hona, bada, hainbeste itxarondako eguna! Ikusi dugu, hemen dugu!”. Jaunaren asmoak nigan bete behar badira, erresuma xume hauek eta gu suntsipenera joango gara! Baina zuengan ere beteko da nire esana eta Haren erabakia: erruki gabe erraustuko zaituztete!

JOANES: Andrea, andrea! Etsaiak ez du pozik hartuko zure lepotik! Gure etsaien indarra ez da gora altxatuko! Egin diezaiogun oihu Jaunari bihotz-bihotzez, egin diezaiogun intziri! Gure erruki izango da!

JOANA: Gure populuak negar-erreka isuriko du gau eta egun! Ez du atsedenik izango, ez du atertuko haren begien jarioa! Gau luze eta latza datorkigu gainera, eta aiene jardun beharko duzue etengabe! Eskuak jaso beharko dituzue otoika kale buru guztietan hilez doazen zuen umeen alde otoi eta otoi!

KATALINA: Bare zaitez, besterik ezean, unetxo batean, Joana! Jauna, Jauna, erruki zaitez koitadu honekin! Zu, Joanez, artzain protestantea zaren aldetik, ekar iezaiozu zuen fedearen ur freskoa, sukar hori leunduko bazaio!

ARLEKIN: Hori bihotzaren zabaltasuna!

KOLONBINA: Faltsukeriaren sakona esan nahiko duk!

 

Zutituko da eta baldar ibiltzen hasiko da, lilurak jota bezala.

 

JOANA: Zahar eta gazte, kaleetan zehar lurrean etzanik, neska-mutilak ezpataz jota erorita! Haserre egunak datoz denak garbitzera! Inork ezingo du ihes egin edo bizirik atera.

 

joanesi oratuko dio gogor besotik eta oinez saiatuko da. arlekinek eta kolonbinak jarraigoa osatuko diete.

 

            Joanes, nik hazi eta hezi ditudanak, etsaiak garbituko ditu! Tenorea duzun artean, joan zaitez hemendik! Utz nazazu bertan eta alde egizu, alde! Gorriak ikusiko dituzu... zu ere harrapatuko zaituzte zigorpean! Ilunpetara naute bultzatu eta eraman, ez argitara. Eskuren batek dihardu nire aurka, egunero, etengabe...

 

Lurrera eroriko da. Nekez eroango dute berriro ere etzalekura.

 

KOLONBINA: Ondotxo dakigu guk noren esku den!

ARLEKIN: Hau unearen larria! Bihotz urragarri!

KATALINA: Hauts dezagun inguruan duzun saminezko eta nekezko hesi hori! Atera zaitez horma arte horretatik! Inork ezin dizkio hautsi katea astun horren begiak? Joanes! Zerbitzariok! Egizue zer edo zer!

JOANA: Behin betiko hildakoa dirudit! Oihuka laguntza eskatzen badut ere, nire erregua ito egiten da! Jauna, Jauna! Hartza zelatan dagokit, lehoia gordeta nire zain! Bidetik aterako naute, sarraskituko eta bertan utziko!

JOANES: Jaunaren onginahia ez da amaitu, haren errukia ez da agortu! Goizero berritzen dira, seme-alabekiko leialtasunik handienean! Jauna da gure on guztia! Izan ezazu, beraz, itxaropena!

JOANA: Bihotza zulatu didan gezia ez dit Haren uztai teinkatuak barruraino sartu, ala? Saminez beteta nago, belar minezko ura edan banu bezala! Neure erbestaldi honetako zoritxarra gogora ekartzea edari min pozoitsua dut! Bihotz eroria nago!

KATALINA: Jauna ona da berarengan usteon duenarentzat, nahiz eta zure antzera okerreko bidetik abiatu izan! Itxaron iezaiozu isilean Jaunaren salbamenari! Hau Jaunak jarritako beste proba bat baino ez duzu! Izan adorea eta laster dena finituko da!

KOLONBINA: Finituko ez da! Jakina!... Betiko, baina!

ARLEKIN: Italiarra beti hitza eta pitza! Dioenaren erdia gezurra, eta beste erdia, ustela!

JOANES: Andrea, Goi-goikoak ez du gizakia betiko baztertzen. Atsekabea ematen badu ere...

KOLONBINA: Beldur naiz atsekabe hau Behe-behekoaren jarraitzaile gona luzeren batek ez ote dion erantsi!

ARLEKIN: Bai, seme-alabetan sifiliaren eta tuberkulosiaren hazia landatu zuenak ezin eutsi pozoia nonahitik barreiatzeari!

KATALINA: Isil zaitezte, lotsabako ahalenok! Estualdi honetan ez bageunde, jo eta bertan mingaina errotik erauzteko agindu nuke!

 

Beldur handiaren imintzioka biak, ia barregarri.

 

JOANES: ... atsekabea ematen badu ere, errukitu egiten da bere neurrigabeko onginahiz. Ez du gogo onez umilarazten gizakia, ez dio gogo onez atsekabe ematen! Are gutxiago bere lurreko obraren alde hainbeste eginiko andre bati!

 

Eldarnioa hil hurren bihurtuko zaio.

 

JOANA: Herriko guztiak preso, hankapean zapalduta! Inoren eskubidea ukatuta, denoi auzia oker eginda! Ez ote duzue ikusten zer gertatzen ari den? Zabor nazkagarri bihurtuko dira inguru guztiak! Ikara, leizea, triskantza, hondamendia: horra nire zoria! Horra zuen denon zoria! Jaunak ez beste inork du hau dena geratzeko eskua! Ez ote du ezer egin behar? Dena erabakita ote dago? Dena haztaturik?

JOANES: Zorionak eta zoritxarrak, bi-biek, Goi-goikoa dute jatorria! Gizakia ezin da kexatu, bekatari izan arren bizirik dagoenez gero!

ARLEKIN: Jaunak ematen dio esanari izana, baina...

KOLONBINA: ... gizakiak izanari izena bera ere ken diezaioke!

JOANA: Liskar zentzugabean dihardugulako zigortuko gaitu jaunak! Errebelatu gatzaizkio eta bere haserreaz inguratuko gaitu, eta pertsegituko gaitu! Malko errekak darizkit begietatik nire herriaren hondamendia dela eta.

KATALINA: Ez zaizu agortuko begien jarioa, bada? Begira, begira inguruari. Non da, esan!, diozun hondamendi hori?

JOANA: Minduak ditut begiak, are minduago bihotza! Txoria sarean bezala sentitzen naiz, harrapatuta! Aska nazazue!

 

Altxatu eta guztiongandik alde egiten saiatuko da, baina berehala jausiko da. Ez die besteei hurbiltzen utziko. Uxatu egingo ditu.

 

            Zuek, doilorrok, putzu zuloan sartu nauzue bizirik eta harria ipini didazue gainean! Utikan! Zuri egiten dizut dei, Jauna, leize zulotik! Entzun, arren eta arren, nire deiadarra, ez egin entzungor nire intziri eta oihuei!

 

Bareago.

 

            Maiz, deitu egin dizudanean, hurbil izan zaitut! “Ez beldurtu” esan didazu! Nire alde atera zara, Jauna, bizia salbatu didazu. Ikusi, ikusi orain nolako bidegabekeria egin didaten! Egidazu justizia, jauna! Zuek, zuek ere egidazue justizia!

KOLONBINA: Orain bai egin duela burutik!

ARLEKIN: Ez, Kolonbina, usoño, inoizko argien ikusten du laino artean!

JOANES: Andrea, zatoz berriro etzalekura!

 

joanesi egingo dio berba.

 

JOANA: Ikusten duzu nola mendekatu zaizkidan, zenbat asmo txar duten nire kontra? Zenbat irain ez ote dudan jasan behar izan erbesteko gorte ustel honetan!

KATALINA: Andrea, ez duzu horrelakorik esateko eskubiderik! Ez zaitut, bada, nire ahizpatzat, ia amatzat hartu?

ARLEKIN: Horrelako ametatik Jaunak libra nazala!

KOLONBINA: Horrelako ahizpetatik Ama Handiak libra nazala!

JOANA: Nire aurka marmarrean eta azpilanean ari dira etengabe etsaiak. Begira iezaiezu, egiten dutena egiten dutela! Jaunak emango al die merezi duten ordaina! Gogortu dezala haien barrena! Madarika bai madarika ditzala!

JOANES: Andrea, ez duzu horrelako errarik izan behar! Jauna da zure haitza, zure geriza, zure askatzailea! Dei egiozu eta etsaietatik salbatuko zaitu! Zure deiadarrak erantzuna izango du! Zure jokabide garbiak saria izango du! Jauna leial da leialarentzat! Larrialdi honek ez zaitzala behartu damutzekorik esatera!

JOANA: Jaunak bere haserreaz jazar ditzala eta eguzkiaren azpitik garbitu! Basa txakurrek eurek ere ematen diete titia edatera beren kumeei; inguruko denek, ordea, bihozgabeko amaren antzera, gaitzetsi egin naute! Senarrak ere gaitzetsi ninduen eta ez dakit semeak berak ere ez ote duen edoskitako esnea okaztatuko!

KATALINA: Zeinen zuzen zauden, amandrea, zeinen zuzen! Seme-alabak gurekin gogoratzen dira ogi eskean edo egarriaren egarriz daudenean! Gero, erabat ahazten dira gutaz! Baina, ez izan ardurarik! Laster elkarren ondoan poztuko gara ezteguan, elkarren ondoan ikusiko ditugu lobak hazten!

JOANA: Ez, semeak ez nau ondoan izango ezkontzeko tenorean! Ondo baino hobeto dakit! Jaunak bere haserrea hustuko du, bere sumina isuriko hemen gauden guztion gainetik! Ez, nire beso ahulduek, ene altzo hoztuak ez dute inongo haragi jaioberri epelik laztanduko! Ez lurreko errege-erreginek, ezta munduko inork ere ez du uste izaten etsaia ateetatik sekula sartuko zaionik, baina halaxe gertatzen da gertatu ere!

            Ene herri maite gaitzetsia! Itsuak bezala ibiliko zarete kaleetatik noragabe, odolez zikindurik, inork ukitu nahiko ez zaituztela! Jaunak baten bat zigortu behar badu, nerau nau aurrea! Utz ditzala salbu seme-alabak! Utz ditzala salbu biarnes eta nafar fededun guztiak! Ez ditzala sakabana! Izan diezaiela begirunea, izan biezaie gupida! Begiak akiturik ditut laguntza nondik etorriko begiratzearen begiratzeaz!

 

Ikusleei esango balie legez.

 

            Hor zaudete begira, inor salbatzeko gauza ez zaretela! Nire urrats guztiak zaintzen dituzue, ez daukat kalera ateratzerik! Hurbil dut azkena, ondo jakitun nago, bai. Egunak bete zaizkit, azkena heldu zait!

 

Noraezean dabil, indarge.

 

            Ai, biarnes eta nafar zoritxarrekoak! Zeruko arranoa baino bizkorrago dira gure jazarleak! Mendian segika datozkigu atzetik, basamortuan tranpak jartzen dizkigute! Zelatan ditugu nonahi! Zuen erregina gajoa bai gajoa preso erori da etsaiaren sarean, nahiz eta hemengoen gerizpean biziko gitiela uste genuen!

            Katalina, gozatu eta poztu zu ere, beta duzun artean, zeuk ere edan beharko duzulako zigor edaria. Mozkortu egingo zara eta denek ikusiko zaituzte biluzik! Bete egingo da zure gaiztakeriaren zigorra, andre ahaltsua! Jaunak ez zaitu atzerriratuko, nirekin egin bezala, baina zure eginek ondo merezitako zigorra jasoko dute! Zure bekatuak agerian utziko ditu Goiko Jaun handiak!

KATALINA: Andrea, mesedez, lasai zaitez! Jaunak argi egingo al dizu arrazoimena guztiz lanbrotzen dizuten laino horien artean!

JOANA: Ez dago lausorik, ez lainorik! Gogoan ukan denok zer gertatu zaidan! Ondo begi aurrean izan nola iraindu nauten! Gure etxaldeak kanpotarren eskuetara joango dira, jabetzak arrotzenak izango! Aitarik eta amarik gabe egongo gara, umezurtzik umezurtzenak! Elkarren alargun eta alarguntsa izango zarete, herritar maiteak!

JOANES: Bihotza erdibituko diguzu, andrea, baita zatituko ere! Sosega zaitez behingoz!

JOANA: Ai, ene seme, Enrike, Enrike, ene seme, ene seme! Jaunak ni eroanda zu, bederen, onik utziko bazintu! Ai, ene alaba, Katalina, Katalina, alabatxo bihotzekoa! Jaun Handiak babestuko al zaitu! Edozer entzunda ere, ez lotsatu zuen ama dela eta! Eutsi gogor abiarazi dudan bideari! Kontuz ibili eta ez maitatu gorrotatzen zaituztetenak, seme-alabak! Ez gorrotorik izan benetan maite zaituztetenei!

            Enrike, ez lotsarazi inoiz zeure gudarosteak, ez bertan behera utzi zeure gudariak! Badakit, semea, gu guztiok gaur hilko bagina ontzat hartuko zenukeela. Jaiki zaitez, irten eta gogo berotu gure gudariak. Hara, Jaunarengatik zin egiten dizut ateratzen ez bazara ez dela inor ere geldituko gau latzean. Zure bizitza osoan ikusi izan dituzunak baino gorriagoak ikusi beharko dituzu!

KOLONBINA: Badirudi hatsa ere falta duela!

ARLEKIN: Arnasa hartze hutsa ere neke du! Nik barreak eta gorte luxuzkoak eskatu nituen, ez horrelako sufrikario penazkoa! Ai, zergatik ekin diogu alor honi?

JOANA: Gainean ditut segika, ez da atsedenik niretzat. Eskua luzatu dut laguntza eske, nekez, ordea! Gurasoen bekatuak ditugu zama, geuk daramagu gainean haien gaiztakeriaren zigorra! Esklaboak dira nagusi eta ez da haien eskutik askatuko gaituenik! Eguneroko ogia eskuratzearren bizia arriskatu beharrean gaude! Labean bezala erretzen daukat larrua, justizi gosearen erreminez! Aditu ondo ene iragarpena: emakumeak bortxatuko dituzte, neskatxak behartuko dituzte, buruzagiak urkamendiko bidetik ibiliko dira, zaharrek ez dute begirunerik ezagutuko, errotarria erabiltzera derrigortuko dituzte mutilak eta egur-zamapean lurra joko dute gaztetxoek!

            Ene herri ona! Hiriko sarreran ez zaizu zaharrik batuko, gazteen koplarik ez duzu adituko! Dantzak dolu bilakatuko zaizkizu!

            Malerusa nauzue, malerusa! Agortu zait bihotzean poza, errukarria ni, bekatu egin dut eta! Nahigabetuta dut bihotza, ilun gogoa, goibel, begiaz negar malkoz lanbrotuta.

            Erresuma hau hondamen bihurtu zait, azeri leku, otso zuloa! Zu, ordez, Jauna, errege zara betiko, menderen mendetarako nagusi! Zergatik ahaztu nahi nauzu betiko? Zergatik bertan behera utzi, txakur deslaia banintz bezala? Itzularaz nazazu zeuregana, Goikoa, eta itzuliko naiz! Ez ahaztu zure menpeko biarnes eta nafarrak! Erakuts iezaiezu berriro zeure irribarre zabala! Berritu ezazu gure bizitza lehengo erara!

            Betiko baztertu ote nauzu, bada?

            Zure haserreak ez ote du mugarik?

 

Hil egingo da. Argiak itzaliz joango dira.

Argiak bet-betan piztuko dira berriro. Eszenatokian kolonbina eta arlekin.

 

ARLEKIN: Honaino ekarri, etorrarazi zaituztegu, ikusle jaunandre agurgarri eta gurgarri horiek! 1572.eko ekainaren 9an, goizeko zortzietan, Beztaberri egunez, Bloiseko gazteluan, 43 urte, 6 hilabete eta 24 egun zituela, azken hatsa eman zuen Joana Labritek. Hil gelara sartutako lehenek lohi beltz moduko batzuk ikusi zizkioten aurpegian. Katalinak aurpegia belo beltz batez estaltzeko agindu zuen berehala. Autopsia egin zioten arren, Katalinak ez zien utzi burua arakatzen. Berunezko hilkutxa batean eroan zuten lurperatzera, zapi beltz batez estalirik, zaldi bik tiraturiko gurdi batean. Lescarreko katedralean hilobiratuko zuten, zeremonia handirik gabe.

            Gu, geure aldetik, onenak ematen ahalegindu gara, gure xumeak eta erti apalak biderik eman diguten neurrian! Komikoak, antzezleak, gainerako gizakien modukoak gara, Jainkoak emandako zentzumenak erabili behar ditugu, ezin dugu zentzumen berririk sortu, hori heresia litzateke, horra hor gure gaitz guztien jatorria!

KOLONBINA: Hala ere, gurago dut komikoa izan eta ikusi dituzuenen moduko komerietan ibiltzea baino! Erregina gajoa!

ARLEKIN: Hainbeste boterea, horrelako eskua izan eta...

KOLONBINA: Bai, Arlotin, hobe ikusleei barre eragitea, bederen!

ARLEKIN: Antzezleak beti izaten gara beldur, jende aurrean denak begira ditugulako! Ez dugu ezkutalekurik antzezlana bertan behera laga eta alde egin ezean! Baten batek galdetuko luke ea zergatik jokatu ditugun horrelako gertaera tristeak denon aurrean!

KOLONBINA: Gaiztakeria antzeztuta, Jainkoari beste aukera bat emango diogu bere errukia erakusteko, bai antzezleekikoa, bai ikusleekikoa. Errukia bilatzen baduzue, ikusle horiek, ematera gertuago egongo zarete, bai guri, antzezle xume hauei, bai guk antzeztutako pertsonaiei.

ARLEKIN: Hona hemen antzezle ezgauza batzuen lana. Ez gara inongo lurren jabe eta ez dugu inolako borroka irabazi, gosearen aurkakoa izan ezik, eta hala ere azken hau, betiko ez!

KOLONBINA: Antzerkian, bizitzan legez, emakumea izateagatik, banekien ez zidatela inongo paper muntadunik emango, irabazi beharko nuela gogor borrokatuta, erregina Joanak ere bestelako erresuma handien artean burua jasotzeko eginiko modu bertsuan. Baina gauza beharrekoak egin ditugu biok, beste inork egin ezin zitzakeenak, eta beti uste izan dugu geure tokitxoa irabaziko genuela konpainian eta munduan... Hala ere, inoiz ez digute ezertxo ere eskaini, gizonoi komeni zaizuena baino ez!

ARLEKIN: Zeren zara kexu, Kolonbina, ene usapala? Komikoak, antzezleak bere du destino petrala! Pasadizo bat azalduko dizut, ikusleek alde egiten duten bitartean, dagoeneko sano nekatu eta aspertuta ditugu eta. Komikoak berak agertu baino lehen gertatu zen, horrelako garairik irudikatzerik balego. Txerren munduan zehar zebilen eta oso gizon bertutetsua aurkitu zuenez gero, hura tentatzen ahalegindu zen. Denetarik saiatu zuen, lausenguak, haragiaren atseginak, munduko aberastasunak, ospea eta boterea. Gizonak uko egin zien guztiei. Txerrenek ez zekien zer egin, eta zer bururatuko eta gizakiari komiko izatea eskaintzea otu zitzaion. Gizonak ez zuen horretan ezer txarrik aurkitu eta onartu ere egin zuen eta horrela borroka zein arima galdu zituen, antzezleak zatiak kentzen dizkielako besteei arimatik. Antzerkiaren denbora pasa horretan arimak alde egiten dio ikusleari eta Txerrenek erraz harrapatu eta beregana dezake. Harrezkero, beti gertatu izan zaigu berdin antzezleoi.

KOLONBINA: Baten aurka hamar jokatuko nituzke antzezlana ezetz izan hemen zareten guztien gogoko. Nasai egotera etorri zarete batzuk, baita ekitaldi batean edo bestean loak hartuta egotera. Beldur gara, baina, horrelakoak gureganatzen asmatu ote ez ote dugun! Argi dago antzerkitxo honi ia hutsaren hurrengo iritziko diotela! Beste batzuk, aldiz, denbora ahalik eta ondoen igarotzera eta eguneroko neke eta penak ahaztera etorriko zineten. Zuen itxaroa ere ez genuen guztiz aseko, apika!

ARLEKIN: Nik neuk gorte distiratsuago eta eredugarriagoa nuen gurago!

KOLONBINA: Usteak erdi ustel eta esperoa... desespero! Guztiarekin ere, baten bati bihotzean edo gogoan argiren bat piztu badiogu, ondo ordainduta eta ase sentituko gara!

ARLEKIN: Jakina, kontentago sosen bat edo beste jasoz gero!

KOLONBINA: Mintzagai izan dugu emakume handi bezain txikia, boteretsu bezain ezdeusa, landua bezain ezjakina, pietatetsua bezain ankerra... alegia, gure guztion modu-modukoa!

ARLEKIN: Lurra eman diezaiogun eta goian bego! Orain, nor bere etxera eta bakea! Goiko Jaunak begi onez ikusiko du gure jarduntxoa? Nafarroa, Euskal Herria, luzaro egon da amorraturik, bere burua urratu du. Itsuturik, anaiak anaiaren odola isuri du, amak alaba hil du, semea aitaren erailea izan da. Harako arbasoen antzera, bi bando, beti elkarrengandik banandurik! Erregina zorigaitzeko honen ondorengoek asmatuko ote dute batu-batu egiteko modua? Ezagutuko ote dute ezti egun zoriontsurik? Etorkizuna edertuko dute bake musu oparoaz?

KOLONBINA: Etengo ote dira negar errekak? Noizbait geldituko dira herrikideen elkar hiltzeak! Berriro biziko da bakea eta bakea luzaro hemen bizi dadin!

ARLEKIN: Amen esango ote du Jaungoikoak!

KOLONBINA: Ikusle jaun-andreek ere gogo onez hartuko dituzue hemen izanak eta esanak! Joanaren amaren ahapaldi batzuk ekarriko ditut gogora, labur, behar baino gehiago artega ez zaitezte. Joanaren aldeko hileta hitz moduan erabil litezke.

            “Baina elkarraldiak heriotza zuen berpiztua

            Hil hurreko bizialdi maitasunak egiaztatua

            Amairik bagako biziak gure herioa zuen bizitu

            Herioak heriori zion bizitza freskoa emana

            Eta heriotza honengandik bizia dut jasoa”.

ARLEKIN: Beldur gara beldur hemen ikusitakoa zuen gogoaz bestera izan ote den! Barkatzeko eskatzea dagokigu, eta ezin bestela izan!

KOLONBINA: Hitzaldi handinahitsu baten begira bazaudete, gureak egin du, honako eleketa hauek geuk onduak dira eta!

ARLEKIN: Guk geurez esan dezakegunak, seguru ere seguru, lotsagarri utziko gaitu! Baina goazen geure asmora, geure halabeharrera!

KOLONBINA: Badakizue, jakin ere, zer agindu genizuen hasieran! Beharbada gogoko izan ez duzuen jardunaldia jasan beharreko egin zaituztegu! Antzezlana txarra izan bada, porrot egin dugu erdiz erdi eta zuek galtzaile irtengo zarete!

ARLEKIN: Hemen gaituzue haragi huts! Zer gura, horixe egin dezakezue zuen zerbitzari ezain hauekin!

KOLONBINA: Hildakoen arimen antzekoak gaituzue, Azken Judizio Handiaren zain! Izan zaitezte epaile bigun gurekin eta Jaunak berdin epaituko zaituzte egun handian!

ARLEKIN: Antzezlek akats handia dugu: lar berba egitea...

KOLONBINA: Baina berba, hitza, elea dugu bizibidea! Ez dadila zuen ahoa zalapartaka mintza, gurearen antzera!

ARLEKIN: Ez dezala bizkor hitz egin zuen bihotzak! Ez egin hitz asko! Izan ere, kezka gehiegiak amesgaiztoa dakar...

KOLONBINA: ... eta hitz jarioak zoro berriketak egitea, geure modura! Amets eta huskeria ugari denean, berriketa ere ugari!

ARLEKIN: Ikusten baduzue herrian behartsuak zapaltzen dituztela, gogorki epaitzen dutela populua, zuzenbidea desegiten dutela, ez harritu! Mundua antzoki honen modukoa da!

KOLONBINA: Bai, handikiak beti izaten du handikiago bat babesle! Eta horiek biok babesle dituzte gorago daudenak! Denek ateratzen diote etekina lurrari!

ARLEKIN: Erregeak ere, erreginak ere, lurrak ematen duenetik bizi dira.

KOLONBINA: Eta ez ahaztu, jaun-andre astitsu horiek, gizon-emakumeen bihotza makurkeria egiteko gogoz bete ohi dela! Hamaika gaiztakeria egin arren, luzaz bizi da! Gaiztoak ez omen du onik izango, baina hamaika aldiz ikusita nago lurrean zentzugabekeria nagusi dela! Zenbait gizaki zuzenek gaizkileei dagokien zoria izaten dute sarritan, aldiz...

ARLEKIN: ... zenbait gizaki gaiztok ongileei dagokiena! Gora zentzugabearen handia! Altza bihotzak!

KOLONBINA: Gora eta gora beti alaitasuna! Gizakiak eguzkipean ez du beste onik jan, edan eta gozatzea baizen!

ARLEKIN: Horixe bakarrik aterako du bere eginahaletik Jainkoak mundualdi honetan bizitzeko eman dizkion egunetan!

KOLONBINA: Gizaki apal eta xeheak ezin uler ditzake Jainkoaren zergatikoak! Sarritan, handikienak ere ez! Jainkoak eguzkipean ari dituen egintza guztietarik bat ere ezin dute gizon-emakumeek garbi ulertu!

ARLEKIN: Zenbat eta gehiago saiatu arrazoi bila, hainbat eta nekezago aurkituko dute! Jakintsuak berak, badakiela esan arren, ez du ezertxo ere ulertzen!

KOLONBINA: Maitasunaz eta gorrotoaz ez daki deus gizakiak! Zori bera dute denek, zuzenek zein makurrek, garbiek zein likitsek, zintzoak bezala bekatariak, zin egiten duenak zein zin egiteko beldur denak ere.

ARLEKIN: Hauxe duzue, ikus-entzule maiteak, eguzkipean direnen artean txarrena: denok zori berbera izatea!

KOLONBINA: Bizirik zaudela, ikusle agurgarri hori, badukezu itxaropen: hobe txakur bizia lehoi hila baino!

ARLEKIN: Biziok badakigu hil beharra dugula; hilek, ordea, ez dakite ezer, ez dute aurrerantzean saririk, galdua da haien oroitzapena. Joana gureari ere amaitu zaizkio betiko amodioa, gorrotoa eta grinak. Ikusle jaun-andreak, zoazte lasai eta bakean! Jan bozkarioz ogia, edan alai ardoa, Jaunak atsegin izango al ditu zuen eginak! Eta, mesedez, ez ahaztu zuen antzezle xume eta apal hauek! Atera ezazue sakelatik txanpontxo bat edo beste! Zuen arimak arindu baditugu, orain zuen aldi da: arindu txanponen zama astuna eta bapo bizi!

KOLONBINA: Jaunak argi egin dezan eta ez bedi berriro ere izan egun odoltsurik senar-emazteen artean, anai-arreben artean, herritarren artean! Ez dezala batak bestea engaina! Amorantea leial izan dakiola amoranteari!

ZUZENDARIA: Aizan, nondik atera dun esaldi hori? Gidoian ez da horrelakorik agertzen!

KOLDO: Berriro hasi behar al dun “adarren” matraka horrekin?

GUS: Kito, ni ez nauzue prest bihar ere berriro horrela ibiltzeko. Jon, edo biharko hau dena konpontzen duzu, edo ni ez nauzue berriro ikusiko! Zoazte popatik hartzera zuen “harreman arriskutsu” horiekin!

KOLDO: Edo, osterantzean, lana estreinatu arte utz ditzagun alde batera eztabaidak!

GUS: Benetan, kokoteraino nauzue zuen endredo nazkante horiekin!

ZUZENDARIA: Gus, ea, neska, hau ezer ez dun!

ISABEL: Zer ez duk ezer, matxista, infidela? Beste batekin ere ligatu nahian? Okerreko atera jo duala uste diat! Horrek haragia baino, arraina nahiago dik!

GUS: Orain nire aurka ere jardun behar al dun, atso erretxin horrek?

ELENA: Neska, nazkatzen hasita gaude!

ZUZENDARIA: Bakea, bakea, lasai! Tira, goazen afaltzera!

GUS: Ni zuekin afaltzera? Ezta zoratuta ere!

 

Eztabaidaka alde egingo dute eszenategitik.

 

amaia