Sariketa
Karlos del Olmo
Sariketa
Karlos del Olmo
Atenea, 2014
Sariketa
Karlos del Olmo
Atenea, 2014
[aurkibidea]

Aurkibidea

Pertsonaiak

Aurkibidea

Pertsonaiak

 

Bilkura gela dotore bat. Leihoetatik kultur erakunde ospetsu baten aurrealdea ikusten da. Mahai eder bat dago agertokiaren erdian.

Aulkietako batean nekane dago eserita, berrogei urteko emakume bat. Deigarri jantzita dago, arropa modernoekin. Azken belaunaldiko eramangarri batean ari da.

Mugikor dei bat aditzen da. emakumeak ez du erantzuten. Beste behin joko du, beste soinu batekin: Izarren hautsa kanta. Oraingoan berehala hartuko du.

 

NEKANE: Esan, bihotza, zer moduz? Hemen naun, bai. Besteen zain! Arinegi heldu naun. Hire artikulua zuzentzen ari naun. Ez, ezin hobeto zagon, moñoña, betiko moduan! Gaur? Ez dinat uste! Arazo itzela dinagu... Ez dakinala ezer? Beste bilera bat? Eta zergatik erabaki dute niri ezer esan gabe? Doazela Jaurlaritzakoak atzeko zulotik hartzera! Kopetaren puntaraino nagon lerdo horien apetatara eta politikakerietara moldatu beharraz!

 

Atetik, henrike sartu da. nekanek ez du ikusi, antza denez.

 

HENRIKE: (Desenkusatu nahian) Egun on! Barkatu, baina Kontseiluko bilera izan dugu! Henrike nauzu, antolatzaileen ordezkaria. Izugarri pozten nau zuk sariketa honetako epaimahaian egotea onartu izanak!

 

nekanek henrikeri begiratzen dio.

 

NEKANE: Hara, laztana! Utzi egin behar haut. Jendea heltzen hasi dun. Gero deituko dinat... Musutxoak...

            (henrikeri)

            Barkatu, baina oso egun korapilatsua dut. Hainbat eginkizun...

 

Elkarrenagana hurbildu eta zalantza egiten dute. Eskua luzatu, musu eman? Azkenean, zurrun samar, pare bat musu eman diote elkarri.

 

NEKANE: Urte askotarako eta eskerrik asko gonbitagatik!

HENRIKE: Eskerrik asko zuri, gure erakundearentzat beti izaten delako pozgarria zuen moduko jakintsuak, euskaltzainak gure artean egotea. Eta zorionak halako gazterik euskaltzain oso izatea lortu duzulako!

NEKANE: Eskerrik asko! Estimatzen dizut, bihotzez.

HENRIKE: Gezurra dirudi oraindik, gaur egun, emakume bat akademikoa izatea halako zail gertatzeak!

NEKANE: Izan ere...

 

Zutik daude, mahaiaren ondoan. henrikek azken belaunaldiko tableta bat atera eta jotzen hasi den alarma isilarazten du ukitu dotore batez, jantzita daroan traje apain-apainari dagokionez. Elkarri begira geratzen dira, ezeroso bezala.

 

HENRIKE: Barkatu, baina isolatuta egon behar dugula esan diedan arren, ez didate jaramon handirik egiten... Jesarriko gara? Mesedez...

 

Esertzeko keinu atsegin bat egin dio, baina ez du matxista agertu gura, profesional hotz baizik.

 

HENRIKE: Ene idazkariak jakitun jarri zaitu, ezta? Endredo ederra dugu esku tartean!

NEKANE: Bai, badakit! Eta oso kontu desatsegina da, epaimahaikide guztien izen ona zalantzatan jarri dutelako.

HENRIKE: Denon ahotan jarri dutela esango nuke nik! Jakina, gure erakundeari, antolatzaile den aldetik, horrelako iskanbila eta eskandaluak ez datozkio batere ondo, eta ahalik eta egokien konpontzen saiatu behar dugu!

NEKANE: Denoi komeni zaigulakoan nago. Izan ere, denon ospea zalantzan jarri dute hedabideek! Saria dagoeneko emanda dagoela esatea eta nor izango den irabazlea plazaratzea...

HENRIKE: Eta kontua da 45 minutu barru eman beharko dugula aditzera, lehendakaria, kultur sailburua, alkate andrea eta gure erakundearen goi kargu guztiak aurrean daudela. Baina, nola demontre gertatu ahal izan da horrelako gauza bat? Eta non dira beste epaimahaikideak?

NEKANE: Lehengo egunean guk bakarrik izandako bilerara ere berandu heldu ziren. Baina gaur, antolatzailea ere bertan dela...

HENRIKE: Bidean izango dira dagoeneko. Eta heldu ezean, nik zeure erabakiaren akta jaso eta kito!

NEKANE: Txantxetan?

            (Benetan izututa dirudi)

            Neu nauzu, hain zuzen ere, iragazi duten idazle horren hautagaitza aurkeztu dudana, baina erabakia denona izan da.

HENRIKE: Badakit, bai! Gainera, lagunak zarete, ezta? Lagun minak, lagun hurkoak...

NEKANE: Gezurra da! Nork esan dizu, bada?

HENRIKE: Nonbait adituko nuen... Bikotekideak izan zaretela edo zaretela edo...

NEKANE: Zer, ostera ere lesbianen aurkako esamesak auzoz auzo? Nire aukera sexuala...

HENRIKE: Barkatuko didazu, ez dudalako halako uretara sartzeko inolako asmorik, baina, etika aldetik, lagunak edo bazarete, ez legoke oso ondo ikusita egongo saria hari ematea...

NEKANE: Gauza bat esango dizut: herri txiki honetan, literaturaren eta antzerkiaren inguruko mundutxo honetan, denak gara, gutxi gorabehera, lagunak...

HENRIKE: Edo etsai handiak! Hala dio, behintzat, epaimahai honen aurka salaketa plazaratu duenaren artikuluak.

NEKANE: Hara, hobeto idazten ez ezik, galtzen ere ikasi beharko luke horrek...

HENRIKE: Ezagutzen duzu? Bera ere aurkeztu da, akaso?

NEKANE: Zer?... Ez dakit... Baliteke... Oraindik ez ditugu plikak zabaldu...

HENRIKE: Baina zuek izangai guztion idaztankera eta estiloa ezagutzen dituzuela dio artikuluan. Eta zuk, hain zuzen ere, badakizula zein lan aurkeztu duen zeure lagunak...

NEKANE: Ez dizut onartzen halakorik pents....

HENRIKE: Ez, barkatu, nik ez dut ezer pentsatzen, idazkari lanak besterik ez dut egin behar... Baina kezkatuta gaude artikulu hori dela medio.

NEKANE: Ea besteek zer deritzoten... Non dabiltza, baina...? Denbora aurrera doa...

 

Biak hasiko dira telefono mugikorren bidez deiak egiten.

 

HENRIKE: Axier ez dago etxean. Bidean dela esan didate.

NEKANE: Beatriz ere honantz atera dela esan didate, baina aspaldian, duela ordubete edo...

HENRIKE: Hau kasu demonioa! Azken buruan, 20.000 euroko saria ez da inor pobreziatik aterako duen dirutza...

NEKANE: Ez ezazu pentsa! Gaur egun lagungarri ederra gertatzen da dirutxo hori... Baina, ondo dakizunez, letradunek erailtzeraino ere heldu di... gara ospeagatik! Eta sari honek, dirua ez ezik, izen handia ere ematen dizu... Eta lana antzezteko aukera ere ez da makala.

HENRIKE: Bai, oso asmakizun ona zelakoan geunden, alegia, irabazlearentzako diruaz gain, antzezlana ekoizteko laguntza ere ematea burutazio onuragarria zela...

NEKANE: Damutzen hasi zarete?

HENRIKE: Bai. Sariaren izena betiko zikinik geratzen bada, den-dena bertan behera utzi beharko dugu, kito sariketa!

NEKANE: Euskaltzaindiaren ustez...

HENRIKE: Zoritxarrez, auzi honetan akademiak ez du zeresanik. Geure gizarte ekintza osoa hankaz gora gera daiteke. Eta hiru kutxak batu ondoren, ondorioak uste baino larriagoak dirateke. Eta ordezkari politikoek eta sindikatuek ez digute barkatuko...

NEKANE: Benetan ari zara? Hau dena marketin eta politika hutsa besterik ez da zuentzat?

HENRIKE: Ez, baina gu herritarren aurrezkietatik elikatzen gara. Eta bizkarra ematen badigute... Ez dut irudikatu egin nahi ere.

NEKANE: Baina literatura da hemen auzia... Literaturaren balioa enblematikoa da, ulertzen?

HENRIKE: Zuentzat, akademiko, jakintsu, kritikari, argitaratzaile... zaretenontzat. Guretzat, ordea, beste zerbait da: mezenasgoa! Gure gizarte ekintzaren muina hankaz gora joatea...

NEKANE: Beste erakunde ospetsu batek ere utzi zion sariak antolatzeari. Eta ez da ezer gertatu...

HENRIKE: Bai... Entzun dudanez, zuek, euskaltzainek, baiezkoa emanda...

NEKANE: Ezta gutxiago ere! Ni neu guztiz aurka agertu nintzen. Eta gure batzorde osoa ere kontrako jarreran egon zen...

HENRIKE: Telefonoari. Albisteko kultur kazetaria? Ez, ezta pentsatu ere! Elkarrizketarik eta adierazpenik ez... Saria iragartzeko ekitaldiko prentsaurrekora itxaron dezala, mesedez! Eta ez iezadazue, faborez, halako dei gehiago pasa!

NEKANE: Kontuz kazetari horrekin! Zenbait idazlek Euskadi Sariaren aurkako adierazpen hura plazaratu zutenetik, sariketa guztien atzetik dabil, ea zikinkeriarik topatzen ote duen...

HENRIKE: Lasai egon, gure prentsa-arduraduna ez da makala halakoei saihets egiten.

NEKANE: Zenbat karrera ez ote duen hondatu horren artikulu negatibo samar batek! Neuk, esaterako, ez dut berriro ipuinik idatzi haren lankide batek...

HENRIKE: Zer? Jarraitu, mesedez! Zure ipuinak...

NEKANE: Ez, ez da ezer! Ez gaude hemen nitaz berba egiteko. Gainera, seguru asko idazkuntza ez zen neure bidea...

HENRIKE: Ez da hori niri esan didatena, bada...

NEKANE: Zer esan dizute, gero?

HENRIKE: Beti sentitu izan zarela txarto tratatuta, ipuin bilduma ona zela...

NEKANE: On-ona, nik esateak ezer balio ez badu ere. Asko daki, bada, putaseme horrek! Gorroto dit politikan bat ez gatozelako, eta bai unibertsitatean bai Euskaltzaindian nagoen lekuraino heldu naizelako ni, berari lagunen argitaletxeetan besterik argitaratzen ez diotelarik... Eta zuzentzaileek gauzak orrazten dizkiotelako, bestela, a zelako mordoiloak!

HENRIKE: Lasai, lasai... Niri karrera handi baten hasiera iruditu zitzaizkidan batzuk...

NEKANE: Benetan irakurri dituzu?

HENRIKE: Bai, jakina.

Oso gustukoa dut seme-alabarik eduki ezin zuen irakasle andre horrena, Afrikan alaba bat adoptatu zuena eta urtea joan urtea etorri, alabak alde egin ziona, benetako erroen bila... Hunkigarria... Zuk ere ez duzu semerik edo alabarik, ezta? Autobiografikoa ote zen?

NEKANE: (Ez du berehala erantzungo. Ahots goibelez mintzatuko da, mahai gaineko gauzak iparrik gabe antolatu ondoren) Eta zer ez da autobiografiko literaturan?

HENRIKE: Sariztatu nahi duzuen horretan ere?

NEKANE: Beharbada, nork daki?

HENRIKE: Lantegi zaila duzue epaimahaikoek, ezta?

NEKANE: Pozgarria ere bai! Lan edo idazle on-on bat, bitxi ezkuturen bat topatzea... Badakizu zelako barne kontentua pizten dizun horrek?

HENRIKE: Eta inoiz ez duzu pentsatzen galtzaileez, saririk eskuratzen ez dutenen gainean, bizialdi osoan inoiz ere besteen onarpenaren poza ezagutuko ez duten zoritxarrekoez?

NEKANE: Horretaz pentsatuko banu, ez nuke santa sekulan baietsiko epaimahai batean egoterik.

HENRIKE: Eta aukeratze lanetan ona zarelakoan zaude? Niri hain iruditzen zait zaila... Eta eman gabe uzteko erabakia ez aipatzegatik. Gaitza da aurkeztutako lanak hutsaren hurrengotzat jotzea, idazleei halako begirune eskasa erakustea!

NEKANE: Eta haiek guri diguten lotsarik eza? Tontotzat ote gaituzte halako balio eskaseko gauzak bidalita, denbora alferrik galaraztera behartzean? Birritan erabaki behar izan dut sari bat eman gabe uztea... Eta horrek ez dit inoiz loa galarazi, benetan!

HENRIKE: Egia diotsut: gustatuko litzaidake neure lanean zuk zeurean bezala jokatzea; baina, zer edo zergatik, enpatia handiegia dut bezeroekiko. Horretxegatik kendu naute negozio erantzukizunetatik: Kultur Aretoaren zuzendaria, zelako patua unibertsitateko irakasleen ustez exekutiboen arteko marrazorik marrazoena izateko aukera guztiak omen zituen batentzat!

NEKANE: Nik ere ez dizut halakoetarako balio. Aukeran, Unibertsitateko eta Euskaltzaindiko ikerketa giroa nahiago. Eta ez pentsa: nik ere kontratatu dut jendea, beste batzuen laguntzaz, jakina, eta ñabardura guztiei erreparatu behar hori... marrazoa esan duzu? Bai, edo otsoa..

HENRIKE: Horrelako egoerek asko esaten dute jendeaz, aurrean, eta nolabait mendean, duzun pertsonaz ez ezik, zutaz ere...

NEKANE: Botererik txikienak ere usteldu egiten duela erakusten baitizute horrelako egokierek.

HENRIKE: Hara, horixe dio, hain zuzen ere, epaimahai honen jokabidea salatu duen artikuluak!

NEKANE: “Hobenaren fitsik ez duenak dezala bota lehen harria!”.

HENRIKE: Etika kontuetan oso estuak izaten gara auzokoarekin, eta laxo bezain eskuzabalak geure buruarekin...

NEKANE: Aizu, eta besteak noiz etorriko dira? Ez naute, bada, hemen bakarrik utziko, lehoien aurrean...

HENRIKE: Ez halakorik esan!

NEKANE: Ez dakizu, bada, zelako egoeretan egon behar izan dudan... Kontatzen hasiko banintz...

HENRIKE: Inoiz-edo utzi zaituzte bakarrik hedabideen aurrean, aurpegia agertu beharrean?

NEKANE: Eta popa bistan ere bai! Eskerrak beti erbiaren antzera lo egiten dudala, begi bat zabalik.

HENRIKE: Eta kazetarien artean lagun saldo ederra onak duzunari...

NEKANE: Bai... Egon, zer esan nahi duzu?

HENRIKE: Gauza jakina dena, besterik ez; hau da, oso trebea zarela harreman publikoetan eta kazetariekin hartu-eman egokiak izaten.

NEKANE: Ez nauzue horregatik ere izendatu, neure “loturengatik”?

HENRIKE: Kar, kar, kar! Herioak ez du zuhurra antzematen!

 

Kanpotik datozen barre batzuk entzuten dira. Atetik beatriz eta axier sartuko dira. beatrizek jantzi eta diseinuzko zorro garestiak dakartza aldean. axier, ordea, beltzez jantzita doa, moderno samar, baina betaurrekoek beste garai batekoak dirudite. axierrek liburu batzuk dakartza eskuan, eta liburu-irakurgailu elektroniko bat ere. beatrizek atzo arratsaldeko bertako ordenagailu-tableta bat.

 

NEKANE: Bazen garaia!

HENRIKE: Ondo etorri!

 

Erakunde antolatzailearen ordezkaria formalago agurtuko dute etorri berriek, eta lagunartekoago nekane. bi emakumeek elkarri begiratuko diote tarte batean, elkarren indarra neurtzen bezala. gizonek ere antzera jokatuko dute, baina besteen itxurak axolako ez balie bezala; nahiz eta, laurok nola edo hala arropa txukuntzen hasiko diren, ea konturatzeke, dantza erritual moduko batean.

 

AXIER: Barkatuko didazue, baina aurkezpentxo bat egin behar izan dut irratian...

BEATRIZ: Bai, zer litzateke euskal kultura zu gabe?

NEKANE: Eta politika ere, zeure begiratu eta iritzi zorrotzik gabe?

AXIER: Txantxetan?

 

Erdi urduri, erdi haserre mintzo da, zakar samar.

 

BEATRIZ: Ez, bada, baina ez zara alferrik Euskal Herriko argitaletxerik boteretsuenaren arduraduna.

NEKANE: Nork argitaratzen duen eta nork ez erabakitzen duzuna, euskal kulturaren ate zabala batzuei zabaltzen eta beste zoritxarreko askori ixten diezuna...

 

Ezin jakin seriotan ala txantxetan ari diren. Gorroto zaharren bat agerian? Deseroso dirudite denek...

 

HENRIKE: Tira, inoiz ez naiz ohituko intelektualen arteko eztenkadekin! Zirikalariak zarete, gero! Jesarri nahi duzue, mesedez? Mokadutxoa ekartzeko aginduko dut?

 

Ezetz diote denek. Mahai ingurura jarriko dira. Nahita, ala konturatzeke?, bikoteka eseri dira.

 

            Badakizue zergatik deitu dizuedan halako presaz!

AXIER: Artikulua?

BEATRIZ: Bestela, zer? Dena erabakita utzi genuen aurreko saioan.

 

Gaur henrike jaunak agintarien aurrean saria iragarri besterik ez zuen egin behar.

 

HENRIKE: Zera, filtrazio demonio horrek dena azpikoz gora jarri du!

BEATRIZ: Arazoa ez da gurea, dena dela? Zikinkeriarik ez da izan, beraz...

HENRIKE: Baina ondo irakurri duzu artikulua?

AXIER: Osorik ez, egia esan, ez dut astirik izan

HENRIKE: Tirorik gogorrenetako bat zure aurka botatzen du salatzaileak, hain suertez.

AXIER: Ni tiroen jomuga? Ohituta nago honezkero...

BEATRIZ: Ematen dituen datuak hala, ez dakit zelan egon zaitezkeen halako lasai.

 

henrikek artikuluaren kopia inprimatu bana eman die. nekanek eta beatrizek ez dute irakurtzen, elkarri begira baitaude, peto-peto. henrike zutik jarri eta axierrengana hurbilduko da.

 

AXIER: Baina, zer da hau? Ez da posible, ezin liteke! Nondik nora atera du horrek gezur sorta hori?

NEKANE: Ez zaitu kezkatzen zeure izena halako lohituta ikusteak?

AXIER: Zergatik?, den-dena gezur hutsa da.

BEATRIZ: Guztia ez, ordea...

AXIER: Zer dion?

BEATRIZ: Egia dela bisexuala zarela...

NEKANE: Eta duela gutxi emazteak abandonatu hauela militar espainol batekin bizitzera joateko...

AXIER: Sorginak halakoak! Gezurra duzue dena...

HENRIKE: Gure erakundeak areago kezkatzen du tratu txarren aipu horrek... Eta, zertan esanik ez, epaimahaikide egondako aurreko aldietan ezbideetatik lagunei eman eta etsaiei ukatuko sarien gainekoak...

AXIER: Baina nork sinetsiko du hori den hori? Mesedez, utzi txatxukeriak alde batera eta gatozen alorrera!

HENRIKE: Salaketa horiek guztiak gezurra direla frogatzeko biderik bai?

AXIER: Neuk demostratu behar dut errugabetasuna? Ez ote da kontrakoa?

 

Zutik dabil mahai inguruan, piztiaren antzera. Papera zati-zati egingo du.

 

            Salatzaileak frogatu behar ditu salaketak, ez da hala? Ez da hala are sasiko demokrazia honetan ere?

BEATRIZ: Tratu txarren salaketa...

AXIER: Zer?

BEATRIZ: Gezurra dela diok?

AXIER: Jakina!

BEATRIZ: Ez diat sinesten.

AXIER: Zergatik, bada? Nor haiz hi horrelakoak esaten azartzeko?

BEATRIZ: Neu izan naiz lekuko!

BESTE HIRUREK BATERA: Zer?

BEATRIZ: Behin, Donostiako lehiaketa hartan, 2005. urtekoan... Gogoan? Antolatzaileek logela ederrak eman zizkiguten Kontxa aurrean. Eta bilera areto bat ere alokatu zuten, bi egunerako...

AXIER: Bai, gogoan dinat... Baina ez zunan ezen gertatu...

BEATRIZ: Ezetz?

NEKANE: Zertaz ari haiz, Beatriz?

BEATRIZ: Hire logelan gertatu zenaz... Gure bion lotegien arteko atea ez zegoen guztiz itxita...

NEKANE: (Ikara handiko aurpegiz)

            Baina, baina... Denbora honetan horren jakitun egon haiz ez didan ezer esan? Dena ikusi huen?

BEATRIZ: Ez zekinat dena ikusi nuenetz, baina begiztatu nuena nahikoa eta lar izan zunan. Eta esatearen kontu hori ez dun beharrezko izan orain arte. Gainera, niri ez zidaten axola zuen arteko hartu-emanek...

HENRIKE: Zer harreman eta harreman-ondo...

AXIER: Gure artean ez zegon...

BEATRIZ: Niri ez kontatzeko, baina... Ez dudala ezer jakin nahi.

NEKANE: Jeloskor hago?

BEATRIZ: Ni, zuen jeloskor? Hara, ederra ergelkeria!

AXIER: Zergatik ukatzen dun; ez zaudete zuek biak elkarrekin gustatuta?

NEKANE: Zer diok, bada? Oso zoriontsua naun bikotekidearekin eta...

BEATRIZ: Gure txapeldungaiarekin, alegia?

AXIER: Izan ere...

HENRIKE: Ixo, ixo... Egon apur batean. Ikaratzen hasita nago. Zer da hau dena? Horrelako harreman “arriskutsuak” izaten dira zuen artean? Laster hedabideen aurrera agertu beharrean egongo gara, eta ezin gaitezke plazara atera auzi hau argitzeke!

NEKANE: Lasai egon, adituak gara-eta trapu zikinak ezkutatzen eta aurpegiera ederraren jabe agertzen.

HENRIKE: Gure erakundearen izen ona ez dugu...

AXIER: Zuen organizazioaren izena eta ospea gutxienekoak dira... Begira zertzuk esan dituen nire gainean! Komunikatu bat egin behar dugu.

BEATRIZ: Lasai egon! Gaurko estualditik irtetea dugu helburu nagusi...

HENRIKE: Zerbait darabilzu buruan?

AXIER: Bai, zer bururatu zain?

BEATRIZ: Den-dena konspirazio bat dela lau haizeetara aldarrikatzea...

NEKANE: Halaxe delako, gainera...

HENRIKE: Baina nolako konspirazioa?

NEKANE: Euskal kulturaren aurkako beste eraso ohiko horietako bat. Orain bakea eta euskaldunon arteko gizarte adiskidetzea bide onetik joaten hasi direnean. Euskararen etsaiak...

BEATRIZ: Eta abar, eta abar, eta abar...

AXIER: Gure argitaletxea hondatu nahi dutela ere esan dezakegu. Eta Albistea egunkariarena ere aipa genezake...

NEKANE: Hobe halakorik aipatzen ez baduk, Axier, gauza jakina baita oso kontrol estua erabiltzen duana egunkariaren gainean.

BEATRIZ: Zentsura ez esatearren. Batzuen aburuz, jakina...

 

henrikek dei bat jasoko du. Den-denak isilduko dira.

 

HENRIKE: Sustatzen agerkari elektronikoan beste artikulu bat agertu berri dela? Segituan, segituan...

 

Zoroen pare, denak hasiko dira euren gailuetan irakurtzen. beatriz zutitu eta nora gabe hasiko da ibiltzen, alderrai.

 

BEATRIZ: Ez da posible... Ezin da! Baina, nolatan jakin dute?

 

Denak ari begira daude, ezer esan gabe.

 

HENRIKE: Beatriz, egia da artikuluak dioena?

NEKANE: Bai, benetakoa da?

AXIER: Zera... Zoritxarrez, bai.

HENRIKE: Zer?

AXIER: Gauza jakina da... Ez da ilegala kritikari bati opariren bat egitea.

HENRIKE: Hara, baina artikuluan dirua eta lanpostuak aipatzen ditu, zuen opariak onartzeaz gain, zuek lortu zenutela Argiro aldizkarian eta Albiste kazetan kontratatzea... zuen liburuei kritika onak egitearen truk.

NEKANE: Ene, Axier, bazirudik anonimo horrek hi hauela bereziki begitan hartuta.

AXIER: Nire ibilbidea beti izan da garbia, aizue! Inoiz ez dut kontzesiorik egin. Eta Beatriz gomendatu izan dudanean, ondo jakinaren gainean egin dut, ona delako, Euskal Herrian den kritikaririk onenetako bat.

HENRIKE: Baina, ez ote du esan lehen Nekanek esan zuek biok, Axier eta Beatriz, elkarrekin gustatuta zaudetela, edo asko dakit nik zer?

BEATRIZ: Salaketa horrek karrera hondatuko dit. Nork sinetsiko ditu ene artikulu eta iruzkinak? Nork lana emango?

NEKANE: Horretaz ez hadi kezka! Axierrek ez hau sekulan botako! Eta ospeari eta sinesgarritasunari dagokienez, denok dugu zer ezkutatua...

HENRIKE: Zuk ere, euskaltzaina eta unibertsitateko irakaslea izanda?

BEATRIZ: Zer uste duzu, Henrike jauna? Hizkuntza akademian eta unibertsitatean aukeraketa prozesuak garbiak direla? Ez dagoela tartean adiskidekeriarik, politikakeriarik, haragiaren eta pertsonaren salerosketa lotsagarririk?

NEKANE: Et, et, et! Neure curriculuma ezinago garbia da, ezta Henrike jauna? Ez didazue horregatik deitu?

HENRIKE: Jakina, jakina... Denbora aurrera doa, kazetari batzuk eta agintariak heltzen hasita egongo dira. Zer egingo dugu?

AXIER: Dena bertan behera utzi?

HENRIKE: Eta prest zaudete onartzeko saria emateko erabili dituzuen irizpideak ez direla garbiak izan?

NEKANE: Nork esan du halakorik?

HENRIKE: Zuk...

NEKANE: Ez, nik zera baino ez diot, geureari tinko eutsi behar diogula.

BEATRIZ: Salaketak frogatu behar direla...

AXIER: Kereila jarriko diogula salatzaile anonimo horri. Gainera, nork sinetsiko ditu horrelako barrabaskeriak?

HENRIKE: Nire nagusiak, eta zenbait alderdi politikok eta sindikatuek geure erakundean dituzten ordezkariek... Oraingo zuzendaritza gezurretan edo okerren batean harrapatu nahian dihardute jo eta sua. Barkatzen badidazue, kanpora noa. Berehaia izango naiz berriro zuekin!

 

Bakarrik utziko ditu.

 

BEATRIZ: Ederra korapiloa! Zer egin behar dugu? Esan nizuen, bada, arriskutsua zela...

AXIER: Arriskutsua? Zergatik, harrapatu ote gaituzte aurrekoetan?

NEKANE: Nik ezer ez dakit aurreko aldiez...

BEATRIZ: Kar, kar, kar! Hi gu bezain zikinik hago!

NEKANE: Ezta hurrik eman ere!

AXIER: Lasaituko gara denok? Zer edo zer pentsatu behar dugu, arin, eta Henrikeri proposatu. Asko jokatzen ari gara, baina kartak ondo erabiltzen baditugu...

BEATRIZ: Eta beste lan bati ematen badiogu saria?

AXIER: Ez!

NEKANE: Ezta pentsatu ere!

BEATRIZ: Zergatik?

AXIER: Zuzengabekeria litzateke irabazlearekiko!

BEATRIZ: Ez lerdokeriarik esan! Kaltea zeuentzat litzateke, besterik ez...

NEKANE: Hi ere konforme egon haiz. Gainera, hik ez dion lagundu azken orrazketa eta zuzenketak egiten?

BEATRIZ: Zer?

AXIER: Hara, lerdoak garela uste dun, ala? Hire estiloa din, goitik behera. Bizkaierazko ukitu horiek Iparraldeko molde batzuen ondoan. Izen-abizenak jartzea baino nabarmenagoa dun...

BEATRIZ: Guztiarekin ere, ez dakigu nortzuk diren besteak. Dena atzeratzen badugu, eta beste saridun bat proposatu...

NEKANE: Salaketen ondorioz aldatu dugula pentsatuko dute...

AXIER: Eta gure izangaiaz gain, beste sari bat ematen badugu, accesita?

BEATRIZ: Henrikeri itaun egin beharko... Oinarrietan sari bakarra aipatzen du...

NEKANE: Bigarrenaren balio dramatikoak eta hizkuntzazkoak bereziki nabarmenak iruditzen zaizkigula esan...

AXIER: Eta antzezteko eta argitaratzeko gomendioa egin, ezta?

BEATRIZ: Zergatik ez? Niri konponbiderik onena iruditzen zait...

AXIER: Baina beste hiru izangai baino ez dago... Eta, egia esan, biri nik ez nieke emango...

NEKANE: Zer dela kausa?

AXIER: Horien estiloagatik nortzuk diren badakidalakoan nago-eta... Eta nik zoratuta ere ez nieke saririk emango!

NEKANE: Niri besteak ere lan duinak iruditzen zaizkit, ordea.

BEATRIZ: Biri ez, konforme, baina hirugarrenari?

AXIER: Ezin dugu hirugarren hori saritu...

NEKANE: Zein lanez ari haiz?

AXIER: Gaztetxean girotuaz.

BEATRIZ: Ez da halako txarra, ezta?

NEKANE: Trama interesgarria du, bi pertsonaiak sinesgarriak dira oso. Eta hizkuntzaren aldetik, ez dugu batere txarra...

AXIER: Baina ezin dugu saritu...

NEKANE: Zergatik ez? Zerbait dakik horren gainean? Bota ezak, behingoz...

AXIER: Hara, egile berarena delako!

BEATRIZ: Zer? Josunerena dela esan duk?

NEKANE: Eta hik zelan duk horren berri?

AXIER: Esan egin didalako.

BEATRIZ: Aukerak biderkatu nahian, ala?

AXIER: Ezetz esan nion, baina...

 

nekaneri hitz egingo dio.

 

            Hi ere jakitun hengoen, ezta?

NEKANE: Zera, bai... Baina...

BEATRIZ: Eta zergatik ez didazue ezer esan?

AXIER: Beharrik egongo ez zelakoan...

NEKANE: Jakina, ezer ez badakin, ezin dun ezer esan gauzak okertuz gero...

BEATRIZ: Orain baino okerrago? Zer esango diogu Henrikeri?

AXIER: Accesita eman nahi dugula...

HENRIKE: Accesita? Ez dakit, bada...

 

Inor ez da konturatu hura berriro sartu izanaz. Beste pertsona batekin hitz egiten ari da telefonoz.

 

            ... tira, accesita ematea proposatuko diet, baina ez dakit onartuko duten. Oso larri gabiltza denboraz.

HENRIKE: Ez dakit zuentzat lotsagabekeria handiegia litzatekeen, baina gure lege aholkulariak zera proposatu dit: ea accesiten bat emateko gertu zeundeketen, filtrazio horrek esandakoaz gain, beste bat ere saritzeko? Horrela gauzak, beharbada, oso bestela ikusiko dituzte kanpoan.

AXIER: Hau da hau! Horixe proposatzekotan egon gara gu ere...

HENRIKE: Eta? Egingarria ikusten duzue? Beste izangairik?

NEKANE: Oztoporen bat edo beste gainditu behar genuke, baina, saia gintezke...

HENRIKE: Nolako oztopoa?

BEATRIZ: Bat oso agerikoa: beste hiru lanetako bati ezin eman diezaiokegu accesita...

HENRIKE: Zergatik ez? Oso txarra da?

AXIER: Ez, baina...

HENRIKE: Baina... zer?

BEATRIZ: Hara, sariduntzat iragarri behar dugun egilearena berarena delakoan gaude...

HENRIKE: Ezin duzue jakin, ordea, gutun azalak oraindik ez ditugu zabaldu, notario andrearen eskuetan daude! Nolatan zaudete jakitun? Nondik nora susmo hori? Kontu hori jakiten bada, gureak egin du lehiaketak!

NEKANE: Luzeegi joko luke azaltzeak; hala ere, adituak gara, eta ia seguru gaude...

HENRIKE: Aditu moduan besterik ez dakizue? Zera baino ez dugu falta, sare sozialetan edo hedabide digitaletan beste susmo bat zabaltzen hastea...

BEATRIZ: Egiguzu jaramon! Bati ezin diogu eman!

HENRIKE: Dena delarik ere, beste bi dituzue. Non da arazoa?

NEKANE: Gure artean ez gatoz bat beste horien gainean!

BEATRIZ: Izan ere, gure eskarmentuaren arabera, beste horiek biak norenak izan daitezkeen ere susma dezakegu.

HENRIKE: Zer? Baina..., hau dena erokeria hutsa da, zorakeria galanta! Zer axola dute zuen susmoek ala usteek? Onak dira lanak, bai ala ez?

AXIER: Nik haietako bat ez nuke sekulan sarituko. Bera baldin bada... Idazten ere ez badaki, euskara txirriporro apur bat ozta-ozta dakien euskaldun berri handiuste hutsa besterik ez da! Zer uste du, bada, guri denbora alferrik galarazteko eskubidea duela?

NEKANE: Tira, Axier maitea... Henrike jaunak zure hitzetan neurrigabeko gorroto puntu bat igarriko du.

BEATRIZ: Eta bekaitzetik ere ez gutxi, ezta? Halako heldu berri batek etengabe sariak irabaztea, ia-ia hik beste?

AXIER: Zer diozue, lerdook! Berak, aizue?, berak dit niri gorrotoa, dituen aukera guztiak darabiltza nire aurka aritzeko, ahal duen guztietan zalantzan jartzen du argitaletxean egiten dudan lana!

NEKANE: Ez du arrazoi hain gutxi!

AXIER: Zer dion? Asko dakin hik!

BEATRIZ: Nik neuk ikusi diat argitaletxeko erredakzio batzordean nola baztertzen hituen haren lanak... irakurri ere gabe!

AXIER: Eta zer delitu dago horretan? Inork ez dit esan behar nola zuzendu behar dudan ene etxea!

HENRIKE: Jakina, bakoitzak badaki bere etxeko berri; baina, orain geure estualditxo hau konpondu behar dugu.

NEKANE: Baina lehiaketa hartan egin hiona...

AXIER: Zertaz ari haiz, Nekane bihotzekoa?

NEKANE: Ondotxo dakik!

HENRIKE: Nik gero eta gutxiago ulertzen dut. Eta ulertzen dudan apurrak beldur ikaragarria pizten dit!

AXIER: Ez hadi kezka! Kontutxo hauek inoiz ez dira hemendik irtengo.

HENRIKE: Hala espero dut, benetan! Guztiarekin ere, dena delako egile horrena gorabehera —eta ez dakizue benetan harena den—, beste idazlan bat ere bada.

BEATRIZ: Horrekin beste arazo bat dago.

HENRIKE: Ez nuen gutxiagorik espero! Zein da problema, horri dagokionez?

NEKANE: Anonimo horrek salatutako beste kasu horietako bat da.

HENRIKE: Zer?

AXIER: Bai, ez duzu gogoratzen zer dioen aurreneko artikuluak?

HENRIKE: Ez... A, bai! Zera: urte birik behin, Iparraldeko batek irabazten duela, eta beste bi urterik behin, probintzia honetako batek.

BEATRIZ: Bi urtean behin emakume batek...

AXIER: Eta hurrengo urtean gizonezkoak...

HENRIKE: Eta? Gizona ez bada, emakumea izan beharko. Eta gure probintziakoa izateari dagokionez, zer dago horretan harrigarri?

NEKANE: Horrelako lehiaketak antolatzeaz arduratzeko, nahiko inozo umegorri gertatzen ari zara, Henrike jauna.

BEATRIZ: Kanpotik eta hotz-hotzean begiratuta, literatur lehiaketen inguruko gauza asko susmagarriak dira, oso.

AXIER: Batez ere euskarazkoei gagozkiela. Gaztelaniazko sariekin ez duzue hainbesterainoko endredorik izaten inguru hauetan, ezta?

HENRIKE: Ez, nik dakidala, baina ni ez nauzue gaztelaniazkoez arduratzen.

AXIER: Barkatuko didazue unetxo batean? Bakartokira joan behar dut.

 

axier ateratzeaz batera, nekane zuzenean mintzatuko zaio henrike jaunari.

 

NEKANE: Saltsa ederra, ezta?

HENRIKE: Horren susmorik izan banu, sekulan ez nuen onartuko aurtengo ardura hau!

BEATRIZ: Letren negozioa...

NEKANE: Letren mundua esan nahiko dun, ezta?

BEATRIZ: Horixe, letren munduko negozioa, munduko beste negozio guztien antzera, odolezkoa da, odolez elikatzen da.

NEKANE: Ez da, ez, bihotz hilekoentzat egokia.

BEATRIZ: Gure Axier maiteak, esaterako, mendebaldeko filmetako pistoladun horietako bat balitz, pistolaren ipurdia hozkaz beterik edukiko luke.

HENRIKE: Zer diozue? Adarra jotzen?

NEKANE: Bera, izan ere, marrazo odolgabe eta gupidagabea duzula.

BEATRIZ: Gure laguntxoak noizbait zelan edo hala kalte egindako idazleak elkartuko balira, hauteskundeak irabaz litzakete herriren batean baino gehiagotan.

HENRIKE: Nik ez nekien, editore ospetsu eta akatsik gabekotzat nuen.

NEKANE: Barkatu, baina ezin dizut sinetsi.

HENRIKE: Zergatik?, nik ez nuen inondik inora ezagutzen aurreneko bilera izan genuen arte. Eta zuek ere ez zintuztedan ezagutzen aurretik. Banuen, jakina zuen aditzea, baina besterik ez.

BEATRIZ: Dena dela, ez zaitu harritu zuen sariak plazaratzen dituen argitaletxea beti-beti harena izateak? Eta bera epaimahaian izan denetan, huts egin gabe, haren argitaletxeko idazleren batek irabazi izanak?

HENRIKE: Ohartu gabe nengoen...

NEKANE: Eta epaimahaikide izangaien zerrenda guztietan hiru hautagai egon arren, zergatik bat bakarrik argitaletxeen zerrendan?

HENRIKE: Ni ez naiz horretaz arduratzen, zerrendak Harreman Publikoetakoek eta Euskara Zerbitzuak prestatzen dituzte. Nik zuen izendapena besterik ez dut bideratu.

NEKANE: Argitaletxearena izan ezik.

BEATRIZ: Horixe!

HENRIKE: Orain hobeto ulertzen dut aurreneko salaketako lerroalde hori, zera dioena: “Bizitzak literatura imitatzen du. Eta antzezlan honetan, denak dira errudun, baina benetako hiltzaile bakarra dago: editorea”. Guztiarekin ere, ni ezin nahas nazakete ezertan ere.

 

axier berriro sartuko da, burumakur.

 

AXIER: Zer, Zesar hiltzeko prest? Barkatuko didazue lizentzia teatral hau. Gauza bat diotsuet, denoi: ez naiz ni, itxura batean, anonimoak lumatzen duen bakarra, ezta? Arrantza gure astoak, erantzun auzokoak!

NEKANE: Ez, gutxi-asko, denak larrutzen gaitu.

BEATRIZ: Jakina, erantzukizuna ez litzateke maila berekoa izango guztiontzat.

HENRIKE: Gauza okerbidetik Zuzenbidearen bide zuzenaren alorrera pasatzen ez bada. Baina, zergatik heldu behar dute gauzek halako txarto jartzeraino? Zuek ez duzue zikin jokatu ezta?

 

Isiltasun luze eta ezerosoa. Mahaikide bakoitza bere pantailari edo eskuko telefonoari begira egongo da. henrike haien zain eta haiei begira geratuko da, serio demonio.

 

BEATRIZ: Ez dugu deliturik egin, behintzat.

NEKANE: Hala da, bai. Azken batean, nork jo gaitzake erruduntzat idazleen estiloak eta abarrak ezagutzegatik? Horixe da gure alorra...

HENRIKE: Alor atsegina, ezta? Gustuko tokian, aldaparik ez.

AXIER: Hain suertez! Enologo onak bagina, ez genuke erraz askoan asmatuko ardo bakoitza zein den, begiak estalita izan arren?

BEATRIZ: Zergatik ez?

HENRIKE: Gatozen harira, orduan! Laster helduko da notario andrea eta plikak zabaltzen hasiko. Accesitik bai ala ez?

NEKANE: Jakina!

AXIER: Ez!

HENRIKE: Zergatik ez?

AXIER: Besteak ez direlako ailegatzen hautatu dugun lehenengoaren mailaraino.

NEKANE: Nik ez nuke hainbeste esango.

BEATRIZ: Nire ustez, ez legoke arazorik tratu txarren inguruko antzezlan horri accesita emateko.

AXIER: Ezetz, bada!, lerdo horri ezin zaio saririk eman. Ez, behintzat, ni hemen nagoen artean.

NEKANE: Eta hi ez bahengo?

AXIER: Zer?

NEKANE: Argi eta garbi zagon: abstenitu bozketan...

BEATRIZ: ... edo dimisioa eman epaimahaitik!

AXIER: Zoratzen hasita zaudete, ala?

BEATRIZ: Azken batean, hi haiz arazo bide nagusia.

NEKANE: Bai horixe! Hi, gainera, eskuak garbirik aterako hintzateke.

AXIER: Potroak! Barkatu... Koldar huts eta errudun bete-betekoa irtengo nuke dimisioa emanez gero.

HENRIKE: Eta abstentziora jotzen baduzu?

AXIER: Eta pepelerdo horri garaile ateratzen utzi?

HENRIKE: Baina ez dakizue nor diren beste horiek biak, ezta?

 

Isiltasuna.

 

HENRIKE: Ezta?

 

beatrizi telefonoz deituko diote. Kanpora doa.

 

HENRIKE: Denbora arinegi doakigu, eta erabakirik ez. Zerbait hartu nahi duzue? Ni egarritzen hasita nago...

AXIER: Ez, eskerrik asko! Hau dena bideratu ondoren ospatzeko moduan izango gara, baina oraingoz hobe ezer ez edatea.

NEKANE: Estimatuta dago, baina Axierrekin ados nago. Gatozen harira!

HENRIKE: Sariketa eman gabe uzteko prest zaudete?

AXIER: Ni ez! Salaketak salaketa, ados gaude aurkeztutakoen artean lanik onena dela.

NEKANE: Ni zalantza egiten hasi naiz...

 

axierrek nekaneri besotik eutsiko dio, zakar samar. Elkarri gorroto puntu batez begiratuko diote. Azkenean, askatu egingo du.

 

AXIER: Ez dun ikusten eman gabe uztea ulertuko dutela erruduntasun aitorpen ageriko moduan?

NEKANE: Zergatik?

AXIER: Azken urteetako euskal literaturaren sisteman izan diren traidorerik handienak ginateke, hedabide guztientzako euskal errudunik handienak, barregarri ederrak. Eta kaltedun sentituko diren izangaiak? Aurtengoak eta beste urte batzuetakoak? Ia idazle guztiak berdin-berdinak dira, jende arrunta... eta arriskutsua.

NEKANE: Hi ere bai?

AXIER: Jende arrunta, baina nahi ez duena beste inork jakiterik haiek benetan zer uste eta sentitzen duten. Exhibizionista hutsak dira, histrioi frustratuak. Benetan potrorik edo obariorik balute, parkeetatik lebilzke neskatxei edo mutikoei lotsariak erakusten, lorez lore, tximeletak nola. Baina ez dira ausartzen bakarka, eta horrelako eskandaluak baliatzen dituzte bestela egingo ez luketena egiteko.

NEKANE: Hi ere ez?

AXIER: Ez dira azartzen, eta idatzi egiten dute baten bat seduzitzeko asmoz.

NEKANE: Polita esana..., polita bezain hutsala. Zer esan nahi duk, auzitegietara eramango gaituela Euskal Idazleen Sindikatuak?

AXIER: Hik ez ditun ondo ezagutzen.

NEKANE: Hik beste bai, behintzat.

 

henrikeri mintzatuko zaio.

 

            Sedukzioa... Nork ez dihardu bizitzan ingurukoak seduzitu nahian?

 

Dei bat jasoko du.

 

            Barkatu, euskaltzainburua da!

 

nekane kanpora doa.

 

HENRIKE: Sedukzioa? Sentitzen dut, baina burokrata hits honek ezin lagun diezazuket horretan... Sedukzioaz berba egin, orain eta hemen? Zein sedukzio motaz? Diruaren sedukzioaz? Boterearen sedukzioaz? Horien gainean, zer edo zertxo esan nezake..., artearen sedukzioaz?, edertasunaren sedukzioaz? Gutxiago, jakina, ni ez nagoelako zuen mailan. Pertsona adimentsuek, azkarrek seduzitzen naute, arimari eraso egiten dion arinkeriaren eta arrunkeriaren minbizia erauzteko hitzak eta pentsamenduak bisturiaren antzera darabiltzaten lagunek... Horrexegatik onartu nuen lan mota hau, zuen modukoengandik hurbil egotearren.

AXIER: Eta gutako baten batek liluratu egiten zaitu? Niri egia esan diezadakezu. Badakizu, gizonen artean gaude. Ala nik neuk erakartzen zaitut, beharbada? Jakitun egongo zara bisexuala naizela. Behar den moduan eskatuz gero, beharbada ez nizuke ezetzik botako.

HENRIKE: (Ez dio zirikadari erantzungo)

            Batzuek besteek baino areago erakartzen nauzue, bai, ezin ukatu. Denok omen dugu edertasunen bat; ordea, guztiak ez gara aurrean dugunaren bertuteak ikusteko gauza.

AXIER: Ez zara nitaz ariko, ezta? Nik, zer gerta ere, ezpata, urrea, kopa eta bastoia azpiko ditudala jokatzen dut.

HENRIKE: Zergatik uste duzu zutaz ari naizela? Gainera, ez ahaztu zure aurka zer edo zer banu ez zinatekeela epaimahaian izango.

 

nekane berriro sartuko da.

 

NEKANE: Barkatuko didazue gizontxoen arteko hitzezko eskrima ariketa hori etetea, baina Beatriz kanpoan dago oraindik, komunean itxita. Denbora aurrera doa eta ez dugu ezertxo ere konpondu. Eta nik dimisioa ematea gero eta tentagarriago, erakargarriago ikusten dut...

HENRIKE: Hara, dimisioa ematea beti izango duzu eskura, ez presatu. Zer esan dizu euskaltzainburuak?

NEKANE: Beharrezko izanez gero, lehiaketaren ospearen alde zernahi egiteko gertu dagoela, Akademiaren izen ona babestea dela helburu nagusia, jakina.

 

sms bat helduko zaio henrikeri.

 

NEKANE: Bestelako albiste txarrik?

HENRIKE: Zuentzat ez, lasai

NEKANE: Baina albiste txarrak dira?

AXIER: Gurekin zerikusia ez duela esan din, egon hadi trankil, beraz!

NEKANE: Ez, ez nagok lasai; baina nik erabakiko diat noiz eta zelan lasaitu...

AXIER: Gorde itzan atzaparrak sagu hobe batentzat!

HENRIKE: Urduriago egoteak ez digu ezertan ere lagunduko...

NEKANE: Utz iezadazu gauza bat galdetzen, Henrike... Auzibidera helduz gero, zuen erakundearen babes juridikorik izango dugu?

HENRIKE: Jakina, sariketako prozeduran behar bezala eta legeen arabera egindako guztietan ez duzue faltan izango geure legelarien babesa. Eta oso talde zaildu eta ona da! Azken buruan, denon izen ona dago jokoan...

AXIER: Baina zergatik diozu “ondo eta legeen arabera egindako guztietan”?

NEKANE: Argi zagok, buruargi hori, erakunde guztien antzera, euren burua besterik ez ditek aterpetuko zerbait okerreko bidetik abiatuz gero...

AXIER: (henrikeren aurrean jarrita) Guztiarekin ere, ez duzue utziko ezer okerreko bidetik joaterik, ezta?

HENRIKE: Mehatxua da?

AXIER: Ez, egiaztapena...

HENRIKE: Nik ez nuke nahi zuentzat zeuek niretzat nahi ez duzuenik...

AXIER: Beraz...

HENRIKE: Ez dago zertan gehiago esan. Kontua da ataka estuan sartuta gaudela, eta gehienez ere ordu laurden barru sariduna nor den iragarri beharko dugula!

AXIER: Ala eman gabe uzteko?

NEKANE: Konforme, utz dezagun emateke eta goazen etxera!

AXIER: Mesedez, orain ezin egin zezakenagu atzera. Eta hik beste inork baino hobeto dakin!

NEKANE: Nik zer galdu txikia zeukaat hire aldean...

AXIER: Seguru? Gutxien galduko dudana neu naun, garailea edonor izanda ere geuk plazaratuko dugulako idazlana. Baina hire bikotekidea irabazle ateratzen ez bada...

NEKANE: Ez dela neure bikotekidea! Zer pentsatuko du Henrike jaunak honetaz, bada?

AXIER: Bost axola niri jaun honek zer pentsatzen duen. Gainera, bera ere ez da pertsona garbia.

HENRIKE: Zer? Zertaz ari zara, Axier “jaun hori”?

NEKANE: Bai, zertaz ari haiz?

AXIER: Gizon honek baduela zerbait ezkutatuta...

NEKANE: Berriro ibili haiz heure harremanak dantzatzen kuxkuxean jarduteko?

AXIER: Ene lepoa zaindu beharrean nago. Eta, bide nabar, zuena ere bai... Azken buruan, uztarri berean lotuta goaz hirurak, heure Beatriz maitea ere bai.

HENRIKE: Nik ez dut ezkutatu beharrekorik.

AXIER: Ezetz? Ez duzu egia osoa esan sariketa honen ardura izateari dagokionez.

NEKANE: Zer esan gura duk?

AXIER: Psikiatrikoan sartuta egon dela luzaro...

HENRIKE: Eta zer dio horrek?

AXIER: Ezer ere ez..., hasi bidez...

HENRIKE: Kontu erabat pertsonala da. Baina ez diot inori inoiz ezkutatu. Nahi baduzue, dendena azalduko dizuet.

AXIER: Depresio luze horrena? Hainbat denboran biderik aurkitu ezinik, gaina ezin hartuta egon zinela?

HENRIKE: Hainbeste ere badakizu? Beraz, ez dizut gauza handirik azaldu behar. Familian arazo handi-handi bat izan...

NEKANE: Hara, Henrike jauna, denboraz estu ere estu gabiltza, eta zinez estimatzen dizut gurekiko konfiantza, den-dena azaldu nahi izate hori. Baina ez dakit hauek unerik eta lekurik egokienak diren... Depresioa? Nork ez du bizitzan halako ilunaldiren bat jasan behar izan? Oso gertutik ezagutu behar izan dut nik ere. Depresioa bidaiari moduan datorkigu, bisita egiten digu apopilo moduan eta, azkenean, geure etxearen ugazaba bihurtzen da.

AXIER: (Zakar. Pare bat txalo egin du) Hobe orain geure miseriak kontatzen ez hastea.

HENRIKE: Eta zergatik aipatu duzu?

AXIER: Zure erakundeak hau ondo kudeatzen ez badu, beharbada zerorrek ere jasango duzulako bestelako kalteren bat. Horrexegatik baino ez.

HENRIKE: Lasai, neure minak eta erruak bakarrik lepoan hartzeko guztiz gauza nauzu. Baina, bai, hobe denok elkar hartuta konpontzea...

NEKANE: (Besotik oratuko dio, maitasunez)

            Ez jaramonik egin basapiztia honi...

AXIER: Hik ondo egin ohi didan “kasu”, gero!

 

Keinu lizun bat egingo du.

 

NEKANE: Zeinen ergel eta ezdeusa haizen! Nazka ikaragarria eta lotsa mugagabe halako bat sentiarazten zizkidak hirekin inoiz hartu-eman hurbiletan egon izanak.

AXIER: (Txantxa doinuz) Zergatik berba egin dun lehenaldian? Dena amaitu ote da gure artean?

 

Begi kliska egin eta musua bidali dio keinu batez.

 

NEKANE: (Jaramonik egin gabe. henrikeri mintzatuko zaio)

            Akta betetzen hasiko gara?

 

Mahaira jarriko dira.

 

HENRIKE: Bete daitekeena bai, baina garrantzizkoena falta da: zuen erabakia. Eta laster notario andrea sartuko da. Non da Beatriz, baina?

AXIER: Bila joango naiz?

HENRIKE: Badakizue debekatuta dagoela zuek hemendik ateratzea, ez bada komunera bakarka joateko.

AXIER: Berdin dio. Joan egingo naiz!

HENRIKE: Ez!

 

Alferrik, atera egingo delako. Beste biak elkarri begira geratuko dira. nekane atzetik joateko imintzioan hasiko da, baina henrikek eskuz geldiaraziko du.

 

NEKANE: Ergel halakoa! Utzi joaten, ea hemendik alde egiten duen eta betiko bistatik galtzen dugun! Kaka zaharra, benetan damutzen hasita nago epaimahaikide izatea onartu izanaz!

HENRIKE: Ez da oso urrun joango, lasai. Eta Beatriz ere ez da apartegi ibiliko. Neuk agindu ezik, komunak eta itxaron gela besterik ez dago eskuragarri guretzat. Inor ezin da sartu, ezta atera ere, jakina. Eta ez dut aginduak aldatzeko asmorik, oraingoz!

NEKANE: Orain, bakarrik utzi gaituztenez gero, utziko didazu itauntxo bat egiten?

HENRIKE: Jakina, dena popatik hartzera joan daiteke laster batean zuek azken erabakia hartu ezik. Beraz, zergatik ez minutu bat eman zeure itaunari erantzuten?

NEKANE: Zer gertatzen ari da hemen?

HENRIKE: Zer esan gura duzu?

NEKANE: Sariketa honetan, esan nahi dut. Salaketa horiek... Eta zure jarrera...

HENRIKE: Nire jarrera?

NEKANE: Bai, zerbait ezkutatzen duzulakoan nago. Ez zaitut ia ezagutzen, dena deia zure jokabidean zerbaitek artega jartzen nau. Ez dakit zer den, baina ardatz herdoilduaren moduko marrua ateratzen du zugandiko zerk edo zerk. Eta ez naiz ari Axierrek berbabidera ekarritako zeure gaixotasun horretaz, ezta hurrik eman ere!

HENRIKE: Ez dakit zer esan, bada. Baina hemen marru gehiago aditu ditut nik zuen arteko zirikadetan zeuek ene jokabidean baino...

 

Altxatu eta leihora doa.

 

            Etorriko zara unetxo batean, mesedez?

 

nekane harengana doa.

 

            Ikuspegi ederra, ezta?

NEKANE: Bai, boteretsu bezain lasai sentitzen zara hemendik goitik. Hiriko giza inurriak, autoak, autobusak... Eta zaratarik ez...

HENRIKE: Boterea. Bai, ezin uka dezaket. Areto hauek gure erakundearen aginpidearen handia eta sendotasun ekonomikoa agerian jartzeko berariaz daude diseinatuta. Eta ahaltasun hori guztia —bide batez, nirea txikia da, bigarren lerroan egoten naizelako—, benetan, gustura trukatuko nuke ondoan zure moduko alaba bat edukitzearen truk. Den-dena emango nuke bera hemen... Ezinezkoa da, ordea.

NEKANE: Aita zaitugu, orduan?

HENRIKE: Bai, eta ez...

NEKANE: Zer esan nahi duzu?

HENRIKE: Orain zure adinekoa litzakeen seme bat nuela...

NEKANE: Eta?

HENRIKE: Orain ez dudala...

NEKANE: Haserretuta zaudete?

HENRIKE: Ez, galduta gaude elkarrentzat...

NEKANE: Galduta?, ez dut aditzen...

HENRIKE: Ez dago zer ulerturik.

NEKANE: Hilda ote duzu?

HENRIKE: Bai, baina ez zen berez zendu.

NEKANE: Baten batek hil zuen?

HENRIKE: Bai eta ez...

NEKANE: Berriro esaldi lausoak?

HENRIKE: Egia batzuk ezin dira bestela azaldu, ez direlako aurpegi bakarrekoak, ez dira diamante landuak, barruan karbono jorratu gabearen edertasun osoa dute, baten batek noiz aterako zain.

 

Isilik geratuko dira.

 

NEKANE: Nik, aukeran, zure antzera, diamante landugabearen edertasuna gurago...

HENRIKE: Hori ez da egia. Ez, behintzat, hizkuntzari dagokionez ez, ezta? Akademian hitz “garbixak” dituzue gurago. Barkatu, ez dator harira hori den hori orain. Sentipenek gainez egiten digutenean, edozeri eusten diogu, zeinahi gai ateratzen dugu ahora barruko ezinegona uxatzearren...

NEKANE: Ez dago zer barkaturik. Neuk ere ihes egiten dut edozer esanda edo eginda, nahi baino gehiagotan egin ere, egiari aurpegi ez ematearren...

HENRIKE: Axier lerdo horri aurre egiten ausartzen ez zarenean, esaterako?

NEKANE: Ez eta bai...

HENRIKE: ...

NEKANE: Aurre egiten diot, zuk uste baino maizago; baina oraindik ere lotsarazten nauen zerbait badaki nire gainean, eta alor horretan guztiz harrapatuta nau, ezin dut azaldu, beldur edo ezintasun moduko bat da, ez dakit argiago azaltzen. Ezin dut hobeki esplikatu.

HENRIKE: Ez dizut honenbeste eskatzen ere, lasai. Dimisioa emateko gogoaz hitz egin duzu lehen. Eutsi egiten diozu, oraindik ere, tentazioari?

NEKANE: Bai.

HENRIKE: Proposamen bat egin nahi nizuke.

NEKANE: Bota, bada!

HENRIKE: Lehen esaten hasi zara ez zarela nitaz fio.

NEKANE: Ez, ez dut halakorik esan, zugan zerbaitek karranka dagiela, ez zarela tolesik gabe agertzen, zaren zarenean...

HENRIKE: Segi, mesedez... Zer ikusten duzu nigan?

NEKANE: Ez dakit, bada, tristura sakon halako bat. Eta erabakimen are sendoagoa, irmoagoa. Eta hori ez dator bat gure aurrean agertzen duzun irudiarekin. Eta zer kontzeptu duzu nitaz zuk?

HENRIKE: Nik, Pepe Carvalhoren antzera, ez dut kontzepturik buruan erabiltzen. Dena dela, zugan salbaziorako bide bat ikusten dut, behintzat, ez baitzara beste horiek biak bezain eramanerraza.

NEKANE: Nire prezioa ordaintzen ez duten bitartean, ez, jakina.

HENRIKE: Handia ote?

NEKANE: Inork ez du lortu orain arte ordaintzerik!

HENRIKE: Beste gizaki baten bizitzaren adinakoa ez da izango salneurria, ezta?

NEKANE: Hori niretzat ere enigma hutsa da. Halere, nork daki?

HENRIKE: Gordeko dugu, bada, askatu gabeko korapiloen kutxan. Azken batean, egia argi baino enigma gehiago gorde ohi ditugu gizakiek, are kalekumerik arruntenak ere.

NEKANE: Eta zer proposatu nahi didazu?

HENRIKE: Beste horiek notarioaren aurrean salatzea...

NEKANE: Zer?

 

Leiho paretik alde egin du, henrike kristalen ondoan utzita.

 

            Salatu, zer salatu?

HENRIKE: Lehiaketa hau ez dela garbia izan, irabazlea berbatu duzuela hasiera-hasieratik.

NEKANE: Ezin dut halakorik esan!

HENRIKE: Zergatik?

NEKANE: Egia ez delako!

HENRIKE: Ez?

NEKANE: Ez! Eta balitz ere, den-dena hondatuko nuke betiko... neure karrera, neure ospea, izen ona... Ezin dut ezta irudikatu ere... Irudituko zaizu honi ustel kiratsa dariola, ezta?

HENRIKE: Hara, Vázquez Montalbán, Shakespeare..., diodana, enigma literario ugariko pertsona zaitugu. Baina zer diozu salaketaz?

AXIER: Zer salaketaz?

 

Haiek konturatu gabe, kanpoan ziren biak sartu dira. beatriz zurbil, burumakur, axierrek besarkatuta. Ezer esateke, mahaira jesarri eta negarrez hasiko da, burua mahai gainean etzanda. nekane hurbilduko zaio, eta besarkatu egingo du. bi gizonak begira daude, ezer egiteke.

 

NEKANE: Artikuluetan agerturikoaz. Zer gertatu da, bada?

AXIER: Ez dakit, hor topatu dut, komuneko atearen aurka bermatuta, lurrean jesarrita, negar batean...

HENRIKE: Berri txarrik?

BEATRIZ: Mehatxua jaso dut.

HENRIKE: Telefonoz ala sms batez?

BEATRIZ: Telefonoz, hitzez.

NEKANE: Zelako mehatxua, baina?

BEATRIZ: Alabatxo adoptatuaren kontura...

AXIER: Txantxetan?

BEATRIZ: Ez...

NEKANE: Eta nor zen?

BEATRIZ: Ez dakit! Mezuak aurretik grabatuta zirudien, eta ahotsa desitxuratuta zegoen baliabide elektronikoren batez...

AXIER: Eta seriotan hartzeko modukoa iruditu zaizu?

NEKANE: Zer esan du? Botako ote dun behingoan?

BEATRIZ: Gomutan Agurtzane Zumardirena?

 

nekanek eta axierrek elkarri begiratu diote, urduri, eta beatrizen negarrak berretu egingo dira. henrikek azalpen baten esperoan balego bezala begiratuko die.

 

HENRIKE: Nor zen Agurtzane hori? Eta zer gertatu zitzaion?

AXIER: Idazle baten ezizena, benetan gizonezkoa baitzen, gerora jakin genuenez. Eta zer gertatu? Bere buruaz beste egin zuela...

HENRIKE: Eta horrek zertan erasaten zaituzte? Eta zergatik du zerikusia zure alabatxoarekin?

NEKANE: Ohar bat utzi zuen.

AXIER: Eta hartan zioenez, geure erruagatik egin zuen bere buruaz beste.

BEATRIZ: Literatur sariketa batean saria “ostu” eta beste bati eman geniolako, “ezbidez”.

HENRIKE: Eta egia zen?

AXIER: Ez!

NEKANE: Aldez baino ez!

BEATRIZ: Bai!

 

Sendoago ekin dio negarrari.

 

HENRIKE: Zertan da auzia? Bai, ez... ala baliteke? Ez dut gauza handirik ulertzen, egia esan.

NEKANE: Erraz ulertzen da gauza.

AXIER: Bai, ezin hobeto...

BEATRIZ: Nekane eta biok sariketa berean geunden, eleberrien alorreko epaimahaian.

HENRIKE: Eta zu ere, Axier?

AXIER: Ez, ni ez.

BEATRIZ: Sariduna izen hintzelako!

HENRIKE: Zer?

NEKANE: Bai, hari eman genion saria...

BEATRIZ: Nire nahiaren aurka. Nik hildakoaren alde bozkatu nuen.

NEKANE: Guztiarekin ere, denaren jakitun izan hintzen, eta ez huen ezer esan.

BEATRIZ: Ni ez nintzen inor garai hartan zuen ondoan, beste epaimahaikide ospetsu eta zuon lauron aurka...

NEKANE: Gu bezain errudun gertatu hintzen plikak zabaldu aurretik saridunaren izena jakin arren isiltzea erabaki huenean.

BEATRIZ: Nik ez nekinan... Zelan aurre egin beste lauroi, halako jende ospetsuari? Ohikoa zela iruditu zitzaidanan...

HENRIKE: Ohiko bihurtu duzue, antza denez...

AXIER: Zer esan nahi duzu?

HENRIKE: Orain ulertzen dudala hobeto zergatik duzun harrapatuta Nekane halako moduan.

AXIER: (nekaneri mintzatuko) Zer kontatu dion gu biok kanpoan geunden bitartean, sorgin halakoak?

NEKANE: Hoa popatik hartzera potroak tatarrez!

BEATRIZ: Lasaituko zarete zuek biok? Gauzak okertu besterik ez duzue egiten!

AXIER: Hi hobe isiltzen bahaiz, moñoña!

 

Mahai gainean joko du henrikek.

 

HENRIKE: Hara! Hau dena urrunegi heldu da! Lehiaketa bertan behera geratuko dela iragartzera noa...

NEKANE: Ez!

BEATRIZ: Egon!

AXIER: Utz gaitzazu bost minutuan bakarrik, mesedez, eta konponbide bat emango dizuegu, ados?

HENRIKE: Bost minutu, besterik ez.

 

Mugikorrez hitz egiten hasiko da, irteteaz batera.

 

            Elene? Arazotxo bat sortu zaigu. Ekitaldia atzeratu edo bertan behera...

AXIER: Lasai gaitezen! Trankil egon, bai, zerbait egin beharra dago...

 

Mahaiaren inguruan jiraka dihardu.

 

NEKANE: Hik duk aurrenik baretu beharra, txo!

BEATRIZ: Alaba, alabatxoa... Baten batek gaitz egiten badio, zuen errua izango da!

AXIER: Zeuek zarete kulpadunak, zuek biak, antolamenduko beste sasikume horren aurrean geure lotsaizunak agerian jartzeagatik.

BEATRIZ: Baina, burutik eginda hago, ala? Hire erruagatik hasi gaituk denak elkarri mokoka!

NEKANE: Bai, ez zarete oso zuhurrak izan.

AXIER: Niri ez didan ziria sartuko, Nekane bihotzekoak... Zer esan dion horri bakarka geratu zaretenean? Eta gu agertu aurretik? Eta komunera atera naizenean, zer kontatu diozue?

NEKANE: Eta ni kanpoan izan naizen eretitxoan, harekin bakarka geratu zarenean?

BEATRIZ: Ni zuek baino luzaroago izan naiz kanpoan.

AXIER: Ezer ez dugu irabaziko elkarren mesfidati izanez gero.

NEKANE: Bai, beharbada horixe lortu nahi du esku beltz ezkutu horrek...

AXIER: Laster amaituko da denbora.

NEKANE: Zer proposatuko diogu Henrike jaunari, beraz?

BEATRIZ: Saria eman gabe uztea, besterik ez dut ikusten.

NEKANE: Horrela, salaketek arrozoi puntu bat dutela onartuko genuke. Ez, hori ez!

AXIER: Gainera hire “adiskide” hurkoa penatuta geratuko luken!

BEATRIZ: Bestela, zer?

AXIER: Badakit, saria hiruren artean banatuko dugu!

BEATRIZ: Ez da burutazio txarra..

NEKANE: Konforme; dena dela, bi accesit emanda. Bestea, guk proposatu eta filtrazioan aipatua, lehen sari moduan. Bestela, ez!

AXIER: Barkatu, baina ez hago baldintzak jartzeko moduan.

BEATRIZ: Izan ere, ez da susmagarria izango hori dena?

NEKANE: Edozer eginda ere, susmoak piztuko ditugu.

BEATRIZ: Ez dakit, ez dut argi ikusten.

AXIER: Guk, ordea, bai, lasai.

BEATRIZ: Zuek ez zaituztete mehatxatu, ordea, eta ni bai!

AXIER: Denak gaude mehatxupean!

NEKANE: Kaka zaharra! Hau nahastea... Ondo damu izango dugu honetan parte hartu izana...

BEATRIZ: Ez duzue ikusten istilu hau beste horren guztiaren ondorena baino ez dela? Zigorra...

AXIER: Zigorra? Hara kaikukeria!

BEATRIZ: Hemen lerdo bakarra zegok: heu!

NEKANE: Konforme, orduan, neure proposamenarekin?

AXIER: Ez, hobe hirurak maila berean saritzea. Sentitzen dinat heure lagunagatik, baina...

BEATRIZ: Eta onartzen ez hituen beste horiek saritzeko gertu hago? Lehen ez hengoen prest...

AXIER: Lehen ez dun orain. Eta gainera, orain lehentasuna larrua salbatzea dinagu!

NEKANE: Beldur haiz?

AXIER: Zuek ez, ala? Hi, batez ere, Beatriz bihotzekoa...

BEATRIZ: Nik amore emango dut. Ez dut aurrera jarraituko, epaimahaia utzi egingo dut.

AXIER: Eta zer esango dien antolatzaileei?

NEKANE: Eta notarioari?

BEATRIZ: Hori zuen kontua dun, geratzen zaretenona. Ni banoa...

 

nekanek beatriz besarkatu eta geraraziko du.

 

NEKANE: Itxaron, laztana, hobe elkar babestea nork bere aldetik jardutea baino. Ez dun uste?

BEATRIZ: (Oihuka) Zuek defendatuko duzue ene alaba, ala? Ez, ez, ni banoa. Henrike jauna! Henrike jauna!

AXIER: Ixo! Baldin bahoa, erruduna hi haizela pentsatuko diten!

BEATRIZ: (Zalantzati) Zergatik? Komunikatu bat egingo dut...

NEKANE: Bai horixe! Erakunde antolatzaileak geure alde egingo din, ez dun ikusten?

AXIER: Bai, hobe handien magalean goxo-goxo geratzea.

BEATRIZ: Ez dakit, ez dakit... Ni banoa!

 

Negarrez, irteten ahaleginduko da. nekane eta axier gerarazten saiatuko dira, baina ahakarrean, desesperoaren desesperoaz, nekane eta axier lurrera botako ditu beatrizek. Etzanda geratu dira, harrituta. beatrizek atea zabaldu eta tupustean irtetean, muturrez egingo du henrikerekin.

 

HENRIKE: Zer gertatu da? Nora zoaz, Beatriz? Eta zuek, zer ari zarete lurrean?

AXIER: Gure kontuak!

NEKANE: Istriputxo bat!

AXIER: Aizue! Ez utzi Beatrizi joaten, alde egin nahi du eta.

HENRIKE: Beatriz, gera zaitez apurtxo batean, mesedez. Hitz egin dezagun unetxo batean. Gero, nahiz baduzu, joan zaitez, inork ez dizu galaraziko.

 

Alboz besarkatu eta mahairaino lagunduko dio beatrizi.

 

            Zerbait adostu duzue?

BEATRIZ: Ez!

AXIER: Bai!

NEKANE: Jakina!

HENRIKE: Eta, zein da kontua?

BEATRIZ: Nik lehiaketa eman gabe utzi nahi dut.

AXIER: Nik saria hiruri batera eman!

NEKANE: Nik, ordea, sari nagusia eta bi accesit.

HENRIKE: Nik zuek diostazuena idatziko dut aktan, baina ezer baino lehen, hau irakurri behar duzuelakoan nago. Begira jaso dudan mezu anonimo honi!

 

beatriz, henrikeri eskutik telefonoa kenduta, irakurtzen hasiko da.

 

BEATRIZ: “Epaimahaikideetako bat duzue filtrazioen eta mehatxuen erruduna. Hau dena konpontzeko modu bakarra kulpadunak bere kabuz aitortzea duzue. Hamar minutu barru mezu honek erantzunik ez badu, hedabideek eta agintariek areto horretan esan eta egin duzuen guztiaren grabazioa jasoko dute”.

AXIER: Ez diogu jaramon handiagoa egin behar errekadu horri aurrekoei baino, ez duzue uste? Jarrai dezagun aurrera...

HENRIKE: Egon, egon! Bideo artxibo bat dakar erantsita.

NEKANE: Zer?

 

laurak saiatuko dira bideoa eskuko telefonoan ikusten.

 

AXIER: Ez, ni ez.

BEATRIZ: Sariduna izen hintzelako!

HENRIKE: Zer?

NEKANE: Bai, hari eman genion saria...

BEATRIZ: Nire nahiaren aurka. Nik hildakoaren alde bozkatu nuen.

NEKANE: Baina denaren jakitun izan hintzen, eta ez huen ezer esan...

BEATRIZ: Ni ez nintzen inor garai hartan zuen ondoan, beste epaimahaikide ospetsu eta zuon lauron aurka.

NEKANE: Gu bezain errudun gertatu hintzen plikak zabaldu aurretik saridunaren izena jakinda isiltzea erabaki huenean...

BEATRIZ: Nik ez nekinan. Zelan aurre egin beste lauroi, halako jende ospetsuari? Ohikoa zela iruditu zitzaidanan...

 

Entzuteaz batera, henrike ez beste guztiak hasiko dira gela arakatzen, kamera ezkutuaren bila. Ez dute ezer topatuko, jakina. Dena lardaskatu ondoren, lur jota geratuko dira. Elkarri mesfidati begiratzen hasiko dira.

 

AXIER: Nigatik, lasai egon zaitezkete. Ni ez nauzue erruduna: zer dela eta geure aurka baino ez doan horrelako festa bat antolatu?

BEATRIZ: Berdin dio. Gainera, ezinezkoa zen guretzat gela honetan kamera bat ezkutatzea.

NEKANE: Eta are gutxiago irudiak editatu, artxibo bihurtu eta Henrikeri bidaltzea.

AXIER: Nork du, Henrike jauna, gela honetara sartzeko aukera, normalean?

HENRIKE: Nitaz gain?

NEKANE: Bai, zutaz gain!

HENRIKE: Jende gutxik! Dena dela, lasai, zirkuitu itxia dugu hogeita lau orduotan piztuta, eta dendena grabatuta edukiko dute segurtasunekoek. Beraz, erruduna erraz harrapatuko dugu hau dena prestatzen. Bihar arte zain egon beharko dugu irudiok ikusteko, dena den.

BEATRIZ: Eta ikusi dugun grabazio zatia kamera horiek hartua da?

HENRIKE: Zoritxarrez, ez... Angelu hori ez da gure kamerek erakusten dutena. Ikusten dituzue sabaiko lanpara berezi horiek? Eta bi akuarelak? Hortxe dituzue gureak.

NEKANE: (Irribarre faltsu samar batez) Hara, beraz, baliteke erruduna zu zeu izatea, kamerez hainbeste dakizun hori.

HENRIKE: Zergatik ez?

BEATRIZ: Ez dakit, bideo horretako irudiak mahaitik jasota dirudite, ordenagailu eramangarriak dauden lekutik. Horietako batek hartuko zituen, piztuta daudenetako batek...

 

Itzali egingo dituzte. Isilik diraute.

 

NEKANE: Ederto izorratuta gaude! Kito hau dena!

BEATRIZ: Ikusten? Utz dezagun hau dena bertan behera!

AXIER: Ezta zoratuta ere. Iraul dezagun guztia hankaz gora!

HENRIKE: Zer esan nahi duzu?

AXIER: Eman diezaiogun lehen saria guk hasieran proposatuari, eta saria iragartzeaz batera, salatu dezagun epaimahai honi ezezagun anonimo batek xantaia egin nahi izan diola!

BEATRIZ: Ez eta ez! Eta nire alaba? Ez nago prest...

AXIER: Eta benetan uste duzu horrek geraraziko duela dena delako kabroi edo urdanga hori? Jendaurrera agertzen ez bada —eta ez da azalduko—, ekimena geurea izango da, ez duzue ulertzen? Zer deritzozu, Henrike?

HENRIKE: Guk, antolatzaile moduan, erakunderako nahiz sarirako onena besterik ez dugu gura.

BEATRIZ: Eta gure ongizatea?

HENRIKE: Jakina, hori ere bai. Baina...

NEKANE: Baina..., zer?

HENRIKE: Entzun dizkizuedanetako batzuk adituta, eta bideo zati horretan ikusten dena ikusita, zalantzaren bat edo beste badut zuen gainean.

AXIER: Zalantzak zalantza, hala ere, babestu egingo gaituzu, ezta? Zuen epaimahaia gara, zeuek izendatuak...

HENRIKE: Jakina, zuen ondoan izango gara gauzak okerbidetik joan ez daitezen.

BEATRIZ: Zidor bihurriagorik ote hau baino? Ezetzean nago!

NEKANE: Hara, Beatriz, dena bertan behera utzita edo lehiaketa indargabetuz gero, arrazoi teknikoak aldezten baditugu ere, xantaiagilearen eskuetan geratuko gara! Txarragoa izan daiteke are zuretzat ere!

BEATRIZ: Ez, aitortu dezagun errudunak garela!

AXIER: Zeren errudun, ordea?

NEKANE: Bai, zer kulpa onartu behar dugu?

BEATRIZ: Zer? Agurtzane Zumardik, Jonek esan nahi dut, gure erruagatik egin zuela bere buruaz beste! Eta lehiaketa honetan ez dugula argi jokatu!

NEKANE: Burutik eginda hago? Zelan demontre demostra dezake inork, ezta epailerik zorrotzenak ere, idazle koldar eta desorekatu baten suizidioa geure errua dela?

NEKANE: Bai horixe! Hainbat idazlek eta artistak ez dute lortzen saririk eta horregatik ez diten euren buruaz beste egiten.

AXIER: Izan ere!

BEATRIZ: Txapelketa garbiak izaten direlako. Hura ez, hura ez genuen txukuna izan, eta saria kendu egin genion...

AXIER: Egon, egon... Gauzatxo batek kezkatu nau idazle hark bere buruaz beste egin zuenetik. Nondik nora jakin zuen berak kontu hori guztia, zer gertatu zen?

NEKANE: Neuk esan niolako!

AXIER: Zer?

BEATRIZ: Ezin dut sinetsi! Baina...

HENRIKE: Egia da! Neu naiz horren lekuko!

 

henrike jaunari begira geratuko dira, ezin harrituago.

 

AXIER: Nondik nora?

NEKANE: Ezinezkoa da, bakarka esan nion!

BEATRIZ: Zoratu beharrean nago... Zer da komedia txar hau?

HENRIKE: Biok biotara esango zenion; zergatik uste duzu, ordea, Agurtzane ezizeneko idazle horrek, Jonek, ez zuela inorekin berba egin bere burua hil aurretik?

AXIER: Lekukoa zarela esan duzu, ezta?

HENRIKE: Bai, eta ez da gezurra!

BEATRIZ: Zaudete, zaudete... Nekane, hik esan hion? Benetan? Zergatik?

AXIER: Opari ederra egin hidan, txolin horrek!

NEKANE: (Guztiz etsiak hartuta) Ez nuen apropos egin, sinetsi! Jon lankidea nuen garai hartan, eta behin, Axier, hirekin hizketan ari nintzela harrapatu ninduen, eta Zumardi izeneko horrekikoak eta sariduna hi izango hintzela esaten entzun zidaan.

BEATRIZ: Eta?

NEKANE: Jonek, lasai antzean, itaun egin zidala ea nor zen Agurtzane Zumardi izeneko idazle hori, ez zuela ezagutzen. Euskal Literatura irakasten zuen eta normaltzat jo nuen. Zera esan nion, beraz, lehiaketa batera aurkezturiko idazlea zela, ez nekiela nor zen —eta egun hartan artean ere ez nekien—; guztiarekin ere, saria, merezi bazuen ere, azkenean ez geniola hari emango, Axierri baino.

BEATRIZ: Laprastada ederra egin huen, ño!

NEKANE: Horrek konponbiderik ez du dagoeneko. Baina, zergatik diozu, Henrike, zu lekuko izan zinela?

HENRIKE: jjonek den-dena azaldu zidalako!

AXIER: Zer?

BEATRIZ: Baina...

NEKANE: Ezin liteke...

AXIER: Dena dela, hori ez da lekuko izatea.

HENRIKE: Nolako harremana duzun zer edo zer kontatzen dizunarekin. Eta sinesgarri iruditzen zaizun ala ez...

BEATRIZ: Eta egia iruditu zitzaizun?

HENRIKE: Sinestekoak iruditzen zaizkizu zuri alabak kontatzen dizkizunak?

BEATRIZ: Jakina, nola ez sinetsi alaba bati?

HENRIKE: Bai horixe! Zerorrek esan duzu: nolatan ez sinestatu etsiak hartutako seme bati?

AXIER: E? Hara, hara... Ea ondo ulertu dudan...

NEKANE: Bai, zer esan nahi diguzu? Jon Martinez Otxoa semea zenuela?

BEATRIZ: Zure deitura eta harena..

HENRIKE: Semea nuen, bai. Eta izenari dagokionez, zer uste duzue dela H.M. Agirre neure izeneko M hori, semearen Martinez bera ez bada?

AXIER: Kabroi halakoa’

HENRIKE: Kabroia? Neu? Zer dela eta?

AXIER: Gurekin jolasean jardun dualako...

HENRIKE: Jolasa iruditu zaizue orain artekoa?

NEKANE: Baina, baina... erabili egin gaituzu!

BEATRIZ: Esan zeure konplizeari neure alabari ezer ez egiteko!

HENRIKE: Egon lasai, ez baitiot zure alabari ezer egingo. Bakarrik nago honetan, ez dago ezelako konplizerik, teknikaren laguntza besterik ez baitut alde. Emaztea eroetxean dago, buruko osasuna erabat galduta, osabiderik gabe, iluntasunaren bihotzean harrapatuta, ni egon nintzen moduan.

AXIER: Eta zer lortu nahi duk gugandik, esan, zer espero duk?

 

Aurrez aurre jarri zaio, ia jotzekotan.

 

HENRIKE: Eta zuek, zer erdietsi nahi duzue bizitzan, zer, idazlea izan beste ametsik ez zuen gazte bat hil izanaren errua ahaztuta jainko ankerren antzera jokatzen duzuen horiek?

NEKANE: Guk zer gura dugun? Amesgaizto hau amaitzea...

BEATRIZ: Alaba onik ikusi nahi dut, mesedez! Arren eta arren!

AXIER: Hik ez duk ezer esan oraindik. Erantzun, zer nahi duzu guk egitea?

HENRIKE: Ezin duzue irudikatu, ala?

AXIER: Ez, idazteko besterik ez zerabileat nik irudimena.

HENRIKE: Eta lehiaketetan azpijokoak antolatzeko, edo hedabideetan betoak jartzeko...

AXIER: Hoa popatik hartzera! Antzerki merke hau guztia antolatu duk gu hirurak hona erakartzeko?

HENRIKE: Bai, urteak eman ditut damutzeko bide hau antolatzen zuentzat, une egokiaren zain!

AXIER: Hara, ez didak sinestarazi nahiko urteak eman dituala gu eta laurok hemen elkartzeko saioetan?

HENRIKE: Zergatik ez? Semeari hainbeste ere zor nion. Eta zuei ere zor nizuen damutu eta bekatua garbitzeko azken aukera bat. Eta idazle errugabeen aldra horrekin ere zorretan nintzen, zuen modukoek gobernaturiko epaimahaien esku egoterik merezi ez dutelako.

NEKANE: Barkatu, barkatu!

HENRIKE: Zer dela eta barkatu?

NEKANE: Zeure semearen suizidioaren erruduntzat jotzen gaituzu, eta ulertzen dut.

HENRIKE: Ez da hori nik entzun nahi dudan barkazio eskea!

BEATRIZ: (henrikeren aurrean belaunikatuta, etsi-etsi eginda, negar batean) Barka iezadazu, mesedez. Nik ez nekien... ez nion inori minik eman nahi!

NEKANE: Eta nolako barka eskea entzun nahi duzu?

HENRIKE: Egiazko bakarra! Zuek hemendik atera eta hedabideen aurrean egin dituzuenak azaltzea, zehatz-mehatz! Semearen izenari bere ona itzultzea! Euskal gizarteari barkamena eskatzea, horixe nahi dut!

NEKANE: Gehiegi eskatzen duzu!

BEATRIZ: Ni prest nago!

AXIER: Ezta zoratuta ere!

 

axierrek ukabilkada joko dio henrikeri eta lurrera botako.

 

BEATRIZ: Zer egin duk, ero horrek? Ez ote daude gauzak nahikoa txarto, batez ere hiretzat?

 

nekanek eta beatrizek jaikitzen lagunduko diote henrikeri.

 

AXIER: Gauzak txarto? Zer txarto eta zer txarto ondo! Guk ez dugu atera behar hedabideen aurrera ezer aitortzera. Ez, berak irten beharko du, berak, sariketa arrazoi teknikoak direla medio, datorren astea arte ez dela ebatziko iragartzera!

HENRIKE: Txantxetan?

 

Masailekoa gorabehera, lasai dirudi ahotik darion odola garbitu artean.

 

AXIER: Ez! Edonola ere, hi ez haiz besteak behartzeko bidea duan bakarra!

NEKANE: Zer dion?

BEATRIZ: Ni prest nago zernahi ere jendaurrean aitortzeko. Goazen, Henrike, eta buka bedi hau dena behin eta betiko!

AXIER: Egon, egon! Utziko didazue dei bat egiten? Gero, nahi duzuena egingo dugu, Nekane eta Beatriz maiteak.

HENRIKE: Jakina, dei egizu!

 

axierrek erakunde antolatzailearen lehendakariari deituko dio.

 

AXIER: Mario, aspaldiko, zer moduz bizi haiz? Hara begira, arazotxo bat sortu zaiguk lehiaketako epaimahaian. Orain luzeegi joko likek dena azaltzeak... Kontua da hire enplegatu horrek, Henrike M. Agirrek, lehiaketa hau errekara bota nahi due... Zer? Zer diok? Ezin diat sinetsi... Eskerrik asko, bai. Egongo gaituk! Goraintziak izekori! Bihar joango nauk zuenera! Bai, ondo segi!

 

Amore emanda bezala eta isilik jesarriko da.

 

NEKANE: Zer gertatu da?

BEATRIZ: Bai, zer esan dizute?

HENRIKE: Horixe, zer berri Mariorenean?

AXIER: Hik esan! Zera azaldu dit, ez duela inolako Henrike Agirrerik lanean hemen. Bat izan zela, baina erakundetik joan zela, dirutza ederra hartuta, buru arazoak-edo izan zituelako, eta lehiaketaz arduratzen den laguna berarekin dagoela Kultur Aretoan, notarioarekin batera, geure zain!

NEKANE: Zer?

BEATRIZ: Hara... ezin da, hau erakundearen egoitza ofiziala da!, nolatan antola lezake arrotz batek fartsa hau guztia segurtasun zerbitzuek jakiteke?

HENRIKE: Tira, fartsa baino, tragikomedia dela esango nuke nik. Bakarrik nagoela esan dudanean, zergatik sinetsi didazue? Hamaikatxori egin diozue kalte zuen erabaki eta azpijokoekin... Zinez uste izan duzue inork ez lidakeela lagunduko zuei horrelako zigorra ematen?

 

Alboko ate bat zabalduko du, ordura arte itxita egonikoa. Bi kazetari ikusten dira, kamerak eta mikroak eskuan dituztela.

 

Den-dena grabatu duzue? Eta Internetez hedatzen hasi ere? Ondo, ondo; eskerrik asko! Orain, axola ez badizue, beste kazetariei sartzeko esango diet, epaimahaikide “begiragarri” hauek jendaurrean azalduko dutelako zeuek jaso duzuen guztia egia dela eta eginiko kaltea ondo damu dutela.

 

Kanpora doa, beste kazetariei sartzeko esatera. Atea gainerako kazetariei zabaldu ondoren, eta lehengo biak galdezka hasten diren bitartean, leiho bat zabaldu eta bere burua botako du henrikek.

 

amaiera