Egia
Arrate Egaņa
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
[aurkibidea]

 

LEHEN EKITALDIA

 

Agertokiko oihala zabaltzen denean egongela ikusten da; ilun egon arren, arratseko argi gorrixka edo morea sartzen da leihotik. Gainera, tximinian su apala dago eta horrek ere tokia apur bat argitzen du. Saloiko altzariak sumatzen dira. Leihotik jendea algaraka pasatzen nabaritzen da, ezkerretik eskuinerantz. Musika entzuten da, musika alaia, “txunda-txunda” musika, eta motelduz doa pertsonaiak agertokian sartu ahala.

 

mirelur eta joxan sartzen dira, barrez, dantzan eta arnasestuka.

 

MIRELUR: Zertarako eskatu digu Adelak hona etortzeko?

JOXAN (sofan esertzen da, nekatuta): Ez dakit; berak jakingo du.

MIRELUR: Oso laguna duzu Adela?

JOXAN: Ez. Ia ez dut ezagutzen.

MIRELUR: Nik ere apenas. Gonbidapenak harritu ninduen, hona etortzea, bere etxera, eta mozorro festa batera...

JOXAN: Nik gauza bera pentsatu nuen, baina ni etortzea ezinbestekoa zela esan zidan, temati samar jarri zen.

MIRELUR: Bai, nirekin berdin. Oso festa jendetsua beharko zuen agian, eta lagunez gain ezagun guztiak ere erakarri ditu!

JOXAN: Jendea badabil behintzat!

MIRELUR: Bai, eta animoso! Baina ez dut inor ezagutzen... Horren harira, Mirelur dut izena. Elkar ezagutzen dugu baina...

JOXAN (sofatik altxatuz): Joxan.

 

Isilune bat. mirelurrek gela miatzen du; joxanek gora begiratzen du, eta gero ingurura.

 

MIRELUR: Bi ume ditut, koskortzen hasiak; senarrarekin utzi ditut. (Isiltasuna.) Turismo bulegoan egiten dut lan.

JOXAN: Nik hiru neska ditut; kanpoan dira emaztearekin, eskiatzera joanak. Eta egur enpresa bat daukat.

MIRELUR: Enpresarioa zara!

JOXAN: Beno, enpresa txiki bat da, Ginean dago. Urte erdia han ematen dut...

MIRELUR: Polita al da Ginea? Inoiz ez naiz han egon.

JOXAN: Bai, oso polita. Eta festara itzuliko bagina? Ederki ari ginen pasatzen...

 

mirelurrek sofan amaitzen du, joxanen ondoan, eta sofako besoan esertzen da.

 

MIRELUR (eskua burutik eta lepotik pasatzen dio joxani): Tira, hemen ere ondo pasa dezakegu... Joxan (burua mirelurrengana zuzenduz): Jakina.

 

Ezpainak elkartzeko puntuan daude, baina musuaren keinua airean zintzilik geratzen da adela sartzen denean; aurpegiak aldentzen dira eta musua emateke geratzen da. adela irmo sartzen da gelan. Argia pizten du eta saloia argitzen da. Hitz egiten duen bitartean, gauza batzuk mahai gainean utziko ditu: ordenagailu eramangarri bat, botila bat eta kolore banako bost edalontzi. Kanpoan festa-giroak jarraitzen du, nahiz eta motel iristen den zarata; horrela, elkarrizketa garbi entzun daiteke.

 

ADELA (hitz egiten duen bitartean, edari-altzarira doa eta botila eta edalontziak ateratzen ditu; mahai gainean uzten ditu. Doinu lasai eta alaia erabiltzen du): Beno lagunok, ongi etorriak nire festara, eta nire etxola kuttun honetara. Zuek garaiz heldu zarete behintzat, eta ongi mozorroturik, eskatu nizuen bezala. Eta olgeta gogoz, antza...

JOXAN (eztarria garbitzen du, adelak egindako komentarioagatik lotsatuta): Kristoren festa da, egia esateko.

ADELA: Nire urtebetetze festak ospetsuak dira; jendea mozorroturik etorri behar da, eta egunsentia arte ibiltzen gara dantzan. Egin dezakegu, etxea bakartua baitago, ez dugu inongo bizilagunik gogaituko.

MIRELUR (sofatik altxatuz): Eskertzen da gonbidapena, baina, zer dela eta eskatu diguzu etortzeko? Elkar ezagutzen dugu, baina...

JOXAN: Niri ere arraroa iruditu zitzaidan zure mozorro-festara gonbidatzea, baina telefonoz oso ni agertzea oso garrantzitsua zela esan zenidanez...

ADELA (beste apalategi batetik ordenagailu eramangarri bat hartu eta mahai gainean kokatu du. Ordenagailu ona da, Apple bat edo. Irekitzen du baina ez du pizten): Bai, bai, bai. Bitxia egingo zitzaizuen, noski. Eta hala da. Ez dugu larregi elkar ezagutzen, baina ezinbesteko betebehar batek elkartu gaitu gaur hemen.

MIRELUR: Gaur hain zuzen, zure urtebetetze egunez?

ADELA: Guztia azal dezaket.

JOXAN: Eta zer da funtsezko betebehar hori?

ADELA: Jakingo duzue behin inplikatu guztiak heldutakoan. Bien bitartean, saiatu ahal bezain ederki pasatzen. (Hiru edalontzi betetzen ditu: bat berarentzat eta besteak mirelur eta joxanentzat; hau sofatik altxatzen da edalontzia hartzera.) Topa egin dezagun: Hasi bezain zoriontsu amaitu dadila gaua! (Topa egiten dute).

JOXAN (berriro esertzen da sofan): Etxean ez ginateke hobeto egongo, beste guztiekin batera?

MIRELUR (entzuten den musikak bultzatuta, joxan hartzen du eta dantzan hasten dira): Etxean primeran geunden, bai!

ADELA: Ez, lagunok. Esan beharrekoa ospakizunetik at esan beharra dago; horretarako ekarri zaituztet etxolara, hemen lasai hitz egin dezakegu.

 

Besteek dantzatzeari uzten diote. joxanek edan egiten du; adelak mirelurren basoa berriro betetzen du; baita berea ere. Biek edaten dute.

 

MIRELUR: Jakin-minez nago, arraioa.

JOXAN: Neu ere bai.

ADELA: Dena argituko da; bi lagun baino ez dira falta.

 

adelaren azkeneko hitzekin batera atean deitzen dute, sendo.

 

ADELA: Hara, badator bat!

 

lurdes sartzen da. Besoak gurutzatuta ditu eta haserre aurpegia.

 

LURDES: Zer komeria da hau, ordea? Festa bat dago ondoko etxean!

ADELA: Ondoko etxea nire etxea da, eta bai, mozorro-festa da, nire urtebetetzea dela eta. Eta zure mozorroa?

LURDES: Ez zaizkit mozorroak gustatzen. Gainera, kontu larri bati buruz arituko ginelakoan etorri naiz, eta ez festa batera. Ni ez noa horrelako festetara. Hortaz, argi dezagun azkar ditxosozko kontu hori, nik familia daukat eta...

ADELA: Lasai, emakumea; zure familiaren onerako gaude hemen, zalantzarik ez izan. Mila datorren bitartean bi lagun hauek aurkeztuko dizkizut.

LURDES: Ezagutzen zaituztet, kontsultatik. Kaixo.

ADELA: Joxan eta Mirelur. Hau Lurdes da, erlijio irakaslea.

MIRELUR (lurdesi): Bai, gabon. (adelari:) Zer gertatzen da hemen? Esango diguzu behingoz?

JOXAN: Zein da egoera larri hori?

 

lurdesek, agurrarekin batera, eskua eman die, bizkor, eta ondoren berriro besoak gurutzatzen ditu. Zutik geratzen da, ezkerreko partean, atetik hurbil.

 

ADELA (edaten du): Inuzente gizajoak, zuek! Festa batera etorriak zaretela uste duzue eta... (barre egiten du). Barkatu; egoera ez da brometan hartzekoa.

 

Leihotik auto baten argia barneratzen da, eta garbi entzuten da nola aparkatzen duen.

 

LURDES: Zer egoera baina?

JOXAN: Ikaratzen hasi naiz!

 

adelak atea irekitzen du, dei dezaten baino lehen. mila sartzen da, uzkur, eta gainerakoak agurtzen ditu.

 

ADELA: Hau Mila da, kontsultatik ezagutuko duzue. Kazetaritza du ogibide, eta horri esker gaude gaur hemen. Ni ere ezagutzen nauzue, jakina, ez gure terapiatik bakarrik; politikari ezaguna naizelako ere bai. Benetan diotsuet, asko jokatzen dut asunto honetan. Mila eta bion artean azalduko dizuegu zertan datzan gure pastela.

MILA: Ez dakite deus?

ADELA: Ez; nahiago dut beren begiez ikustea; beraz, bilatu webgune madarikatua, mesedez.

 

adelak beste bi edalontziak betetzen ditu; mahai gainean geratzen dira. lurdesek besoak gurutzatuta ditu oraindik, deseroso sentitzen dela adieraziz. milak ordenagailuko teklak jotzen dituen bitartean, adela apur bat aparte kokatzen da, edalontzia eskuan, eta hitz egiten die. milak noiz edo noiz trago bat ematen dio edalontziari.

 

ADELA: Duela hamar egun inguru, Milak deitu zidan, Elsaren blogari begirada bat emateko. Honezkero konturako zineten, gure elkarketa hau Elsa gure terapeuta estimatuaren inguruan ondu dela...

JOXAN: Terapeuta ohia.

MIRELUR: Horixe; ezustean utzi gintuen, inongo azalpenik gabe.

LURDES: Eta?

ADELA: Terapeuta ohia, hain zuzen ere. Elsa aspaldidanik bestelako terapia eta filosofietan murgilduta ibili da, eta udan, Indiatik itzuli bezain laster, dena pikutara bidali zuen: gu, bere terapia, dena. Baina hori guztia bazenekiten jada.

MIRELUR: Nik ez! Indian egon al da? Horregatik utzi gaitu?

ADELA (mirelurri kasurik egin gabe): Hau da arazoa. Begira zer topatu zuen Milak Elsaren web orrian.

 

milaren ingurura hurbiltzen dira denak, pantaila behar bezala ikusteko. Egongelako argia motelduz joan da pixkanaka, eta milak tekleatzen duena horman proiektatzen da; milak, bitartean, hitz egiten jarraitzen du. Ordenagailutik indiar musika irteten da, leunki, baina festako musika estaltzeko adina. elsaren bloga da. Blogak itxura hippya du; elsaren irudiak ikusten dira, meditatzen eta yoga-jarrerak saiatzen. Ondoren, Indiako irudi batzuk ere agertzen dira: Ganges ibaia, behiak kalez kale, eta abar. Guztiek begiratzen dute tinko, liluraturik, edalontzia eskuan; lurdesek ez ordea: honek ez du edaten, eta besteak baino atzerago geratzen da.

 

MILA (tekleatzen duen bitartean, hitz egiten du): Adelak dioen bezala, Elsak mugimendu alternatiboetan gero eta interes handiagoa erakutsi du: yoga, txi-kun, meditazioa...; Indian ibilia zen, baina uda honetako egonaldia erabakigarria izan da. “Egia” izeneko elkarte handiaren partaide egin da eta bere aurreko bizimodua eten egin du.

LURDES: Sekta batean sartu al da?

MIRELUR (bere buruari bezala): Sekta asko daude inguruan, batzuk legalak izan arren...

ADELA: Ez dut uste sekta bat denik. Doktrina global bat da, izugarri zabaldu omen dena, nahiz eta nik ez nuen haren berri.

MILA: “Egia” praktikatzen dute: egia esan behar dute. Beraiena bai, jakina, baina beste inorena ezagutuz gero, hori ere bai.

ADELA: Dena kontatu, dena plazaratu... Gure sekretutxoak barne! Erotu egin zaigu gure Elsa!

MILA: Hona hemen adibide batzuk.

 

Indiako irudi hippyak baztertuta, beste irudi batzuk agertuko dira orain. Testuak dira batez ere. Izena agertzen da garbi (abizenak ez, ordea), eta gainerako informazioa, behetik gorantz eta astiro. Proiekzioak dirauen bitartean, pertsonaiek hitz egiten dute; adieraziko da noiz amaitzen den proiekzioa. Hauxe izango da ordenagailua itzali arte proiektatzen den testua:

 

                        koldo. Gizon sentibera da; ezin dio laneko jendeari aurre egin. Berak eman zion lantokiari sua, ezintasunak eta amorruak bultzatuta. Egia jakin behar da.

                        adolfo: Gizon handi eta prestua; harroa. Bulegoko langileak tiranizatzen ditu, tratu txarra ematen die, eta dena zakila oso txikia duelako. Bulegoko martirioa amai dadin, egia atera behar da.

                        miren. Amaren gonapean egon da beti. Ama asko maite bazuen ere, berak hil zuen, nahigabe, pilulak nahastuta, medikuak konturatu ere egin ez ziren arren. Egia kanporatu behar da, Miren bera hobeto sentituko baita.

                        ibon. Ezkontzear dago eta ez da ausartzen familiari esaten homosexuala dela. Gaizki pasatzen du eta gaizki pasarazi die ingurukoei: egia zor die.

                        asun. Unibertsitateko irakaslea. Institutuko notak faltsifikatu zituen espedientea hobetzeko asmoz. Inor ez da oraindik ohartu, baina Asunek egiari aurre egin beharko dio...”.

MIRELUR (une horretan egokitzen den testua irakurtzen du; adibidez, Adolforena): “adolfo: Gizon handi eta prestua; harroa. Bulegoko langileak tiranizatzen ditu, tratu txarra ematen die, eta...”. Benetako kasuak dira hauek? Adolfo hau ezagutzen dugun Adolfo al da?

MILA: Bai. Denak ezagutzen ditugu, kontsultan behin edo behin topatuta!

LURDES (irakurtzen, Ibonena, esaterako): “ibon. Ezkontzear dago eta ez da ausartzen familiari esaten homosexuala dela...”. Ibon hau ez da izango... Adela (mozten dio): Joan den astean bere buruaz beste egin zuen berbera da, bai. Seguru aski albistea entzungo zenuten...

MIRELUR: Nik ez.

 

lurdesek burua astintzen du, mirelurren erantzuna entzunda.

 

JOXAN: Nik bai, noski. Eta argazkietan ezagutu egin nuen. Beraz, horregatik...?

 

Kasuak amaitu dira eta milak ordenagailua itzali eta itxi egin du. Proiekzioak geldika-geldika desagertu dira eta argitasun osoa itzuli da gelara. joxan sofan esertzen da; adela gela erdian gelditzen da, mahaian bermaturik. milak ordenagailuaren aurrean jarraitzen du, eserita, eta mirelur bere ondoan esertzen da. Denek edaten dute, lurdesek izan ezik.

 

ADELA (serioski eta sakonki hitz egiten du): Gu zerrenda horretan gaude. Oraindik ez ditu gure kasuak blogean eskegi, baina agertu egingo gara, zalantzarik ez.

MIRELUR: Abizenak ez dira aipatzen, behintzat...

LURDES: Eta? Ergela dirudizu. Guztiz nabarmena da. Erakusten dituen datu guztiekin bistan gelditzen da zeharo nor den nor!

MIRELUR: Niri ez deitu ergela, mojatxo ez bestea!

ADELA: Tira, ez haserretu. Elkarrekin gaude arazo honetan eta denon artean topatu behar diogu irtenbideren bat.

 

Leihoan zehar jendea ikusten da, ondoko etxetik pixkanaka irteten. Musika gero eta ozenagoa bilakatuko da.

 

JOXAN (sofan tente jarriz): Ziur al zaude gure aferak aterako dituela?

ADELA (edalontzia bete du eta berriro ekin dio edateari): Oraingoz hamar kasu erakutsi ditu, baina bertan dio kasu guzti-guztiak agerian geratuko direla, eragindako kalteak zuzentzen hasteko. Gu zerrenda horretan gaude, eta hurrengo bostak gara hain zuzen.

 

Kanpoko musika gero eta ozenago eta gero eta hurbilago entzuten da. Leihotik jende gehiago irten dela sumatzen du, baina pertsonaiek ez dute horretan erreparatzen; pentsakor gelditzen dira, isilik.

 

JOXAN: Eta zer egin behar dugu?

ADELA: Horretarako gaude hemen: horretan pentsatzeko.

LURDES: Eta ezin zenuen beste data bat hautatu? Horrela ezin da pentsatu.

ADELA: Ez zaigu komeni jendeak elkarrekin ikus gaitzan; ez dugu gure taldetxoa nabarmendu behar; gainera...

JOXAN: Gainera zer?

 

Denak adelari so jartzen dira.

 

ADELA: Ezer ez.

 

Musika gero eta ozenago entzuten da. Atea irekitzen da, eta mozorrotutako jende-ilara bat agertzen da, dantzan, konfeti botatzen, turutak eta panderoak jotzen, musika oso ozen entzuten den bitartean. lurdesek atzera egin du, ezkerreko txokoan ezkutatzeko. Mahai azpian babestu da mila, eta inork ez du beregan erreparatu. adelak dantza egiteari ekiten dio gogotsu; mirelurrek eta joxanek ere bai, nahiz eta oso animoso ez. Mozorrotuak sartu bezala irten egin dira; azkeneko biek adela eramaten dute. bi lagunek hitz egiten dute.

 

LAGUN 1 (gelan oihuka eta dantzan dabil, LAGUN 2ri atzetik oratzen diola): Hemen zegoen, ezkutuan!

LAGUN 2 (barreka): Tira, neska, zure festa zain duzu! Adela (azkeneko hiru hauek irten direnez, adelaren azkeneko hitza offean entzuten da): Goazen ba! (off:) Festaaa!

LAGUN 1 eta 2 (offean): Goazen! Jai-jai!

 

mila mahai azpitik irten eta lehengo esertokian esertzen da. Edaten du. lurdesek aurrerantz egiten du apur bat, baina zutik jarraitzen du. joxan berriro esertzen da sofan eta edan egiten du. Mozorroa irekitzen du, azpian daraman alkandora agerraraziz. mirelur ere mahaian jartzen da; buruan daraman uztaia kentzen du, eta mahaigainean uzten du. Berak ere edan egiten du.

 

JOXAN (pentsakor): Ongi izorratuta gaude.

MILA: Zerbait pentsatu behar dugu, eta azkar.

LURDES: Zuek duela hamar egun jakin zenuten; ez al duzue ezer egin?

MILA: Egin zer? Dirudienez, sendoa da hartu duen erabakia, ez du atzera egingo...

LURDES: Bai, baina aurkituko dugu Elsaren jarrera aldarazteko moduren bat. Ikaragarria litzateke gure kasuak denon bistan agertzea, niretzat bai bederen.

JOXAN: Baita niretzat ere.

MILA: Hori ezin da gertatu...

MIRELUR: Agian, Ibonen suizidioak hobeto pentsaraziko dio egiten ari denari buruz...

MILA: Auskalo; hoberena itxarotea izango da. Agian, Adelak zerbait pentsatua izango du honezkero.

LURDES: Hau ez da serioa.

 

Kanpoko festa-zarata entzuten da. mirelurrek uztaiarekin jolasten du, buruan birkokatzen du, altxatu eta leihorantz begiratzen du. Ondoren joxanengana doa.

 

MIRELUR (joxani, eskutik helduz): Oso usain txarra hartzen diot honi, baina konpontzen den bitartean...

JOXAN (animatuta, sofatik altxatzen da, eta mozorroa ondo lotzen du berriro): Festara?

MIRELUR (pozik): Festaraaa!

 

joxan eta mirelur dantzan hasten dira, ez oso bortizki.

 

LURDES: Erotuta al zaudete? Arazo ikaragarri honek itota gauzkan arren zuek dantzan eta festan? Ze jende mota zarete?

MIRELUR (dantzatzeari utzi gabe): Horrexegatik hain zuzen; zuk gauza bera egin beharko zenuke. Baliteke egun bakar batzuk baino ez geratzea gure oraingo bizimoduaz gozatu ahal izateko...

JOXAN: Goazen, Mirelur.

MIRELUR: Bai, goazen!

 

joxan eta mirelur kanpora irteten dira. lurdes milaren ondoan esertzen da.

 

LURDES (negar egiteko zorian): Hori da arazoari aurre egiteko bururatzen zaiena? A zelako ganora!

MILA: Itzuliko dira. Guztion artean konpondu behar dugu hau.

LURDES: Ai ene! Hau koadrila! Nola moldatuko gara? Hain gara desberdinak! Zu eta biok, esaterako, ezin arrotzagoak gara. Ni fededuna, zintzoa... Eta zu berriz...

MILA: Ni zer?

LURDES: Deus ez; kontrakoa ematen duzula, besterik ez.

MILA: Eta hala naiz. Bai, oso desberdinak gara denok, ez gara lagunak, ez gaitu ezerk lotzen, Elsak baino ez. Barku berean gaude ordea, zoritxarrez. Lurdes (bere buruari bezala): Barku berean, bai. (Ironiaz.) Elsa, zergatik egin diguzu hau?!

 

milak lurdesen bizkarra laztantzen du, kontsolatu nahian baina zuhur, ausarkeriatzat har lezakeela sentituko balu bezala. Agertokia pixkanaka iluntzen doa. Festa-musika ozenki entzuten da.

 

iluna