Bi ahoko ezpata
Imanol Elias
Bi ahoko ezpata
Imanol Elias
Antzerti, 1985
Bi ahoko ezpata
Imanol Elias
Antzerti, 1985
[aurkibidea]

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

Belzunzetarren gaztelua 1.392 gn. urtean. Gela handia garaiko eran apaindua. Mahai luze baten inguruan eseriak izango dira aurrenengo agerraldian agertzen direnak. Mahai gainean edariak, fruituak eta abar.

Gaua da. Kanpoan trumoiak entzungo dira eta leiho zulotik tximistaren argia sartuko da tarteka ia aurrenengo bi agerraldi osoetan.

 

 

Aurrengo agerraldia

 

m. pierres, kosme, ustarroz, garralda, maria eta kattalin

 

KOSME: Nolatan igarotzen diren urteak! Edozeinek esan dezake atzo bertan etxeko nagusiaren jaiotza ospatzen ginela eta gaur bera, aitona egina dugu berriro ere. Okerrena ordea guretzat, Belzunzeren adar berria eta gaztea zer eratan haziko den ikusi ezina izango da.

M. PIERRES: Izan ere hainbeste bider egin du elurra gure bizkarrera... Oraintxe herioren hotza sentitzen hasia naiz... Nik hala ere, ezin dezaket ezertxo esan, hilobiratuko naizelako, nere arraza gehitzen ikusi ondoren. Belzunzetar bat gehiago izateak pozten nau benetan.

GARRALDA: Eta gainera, orain arte bitartean arraza hori benetan garbia jarraitzen du. Sortzean bezalako odolak jarraitzen bai du Belzunzetarren zainetan.

USTARROZ: Oraingo bideari jarraitzen badiogu, berehala alferrik galduko da ordea. On Karlos IIIa tronura iritsi den ezkeroz, Nafarroan zehar zarata beldurgarriak entzuten dira.

GARRALDA: Mendiak... Gure amaren sabelak diren ezkeroz eta bertan otsoak eta hartzak diren bitartean, nafartarrak ausartiak jarraituko dugu. Nafarroak bizirik jarraituko du.

USTARROZ: Ikusten da bai ez duzula gogozko gudarako tronpeta soinua entzutea. Zuk duzun trebetasuna, bai aizkora eta bai dardoak erabiltzeko eta... Basapiztien aurka beldurtzen ez denak, begira gudarako zer gogo duen...

GARRALDA: (Zutituaz bapatean). Ustarroz! Aezkoako semeak ez dik beldurrik ezagutzen, baina kristau bezala gogozkoagoa duk nere belarrientzat otsoaren orroa, hilzorian den gizon, emakume edo umetxoena baino.

USTARROZ: Emakumezkoen belarriak ditukelako izango duk noski.

KOSME: (Zutituko da). Norbaitek atea jo du... Nolako giroa den jakinda egokia litzake atea irikitzea.

USTARROZ: Haizea izango da noski.

M. PIERRES: Ez dio axolarik. Benetan negargarria litzake, orbaiten atea jo eta gaurko gaua ikusita, atea ez irikitzea. Joan bada eta iriki. Gainera, nahikoa da horrela nahi izatea nere biloba Mariak. (Alde egiten du kattalin-ek atea irikitera).

GARRALDA: Gaurko eguraldia ikusita kanpoan denak, zerbait beharrezkoa egin behar duelako izango da.

USTARROZ: Galdua ez bada behintzat.

GARRALDA: Nolanahi ere, ez du eguraidi ederra... (Eseriko da).

USTARROZ: Ez ote da behintzat lapurretara etorria izango, bestela josiko dut paretan!

GARRALDA: Indarreko haiz behintzat gaurkoan.

USTARROZ: Egunero bezala!

 

 

Bigarren agerraldia

 

lehengoak, kattalin eta erromesa

 

ERROMESA: (Agertuko da kanpoko atetik, ondoren kattalin duela. Agure bizar zuria, nekatua eta euriak buztia). Gabon Jaunak, guztiori! (m. pierres-en ingurua hurreratuko da). Etxeko jauna... Benetan gau hotza dugu gaurkoa eta bideak berriz inor gabe. Baina, ikusten dudanez, zure gaztelua ordea benetan alaia eta fendetzaz betea duzu. Ematen didazun ostatuaren ordez, Jaunari erregutzen diot urrutiratu ditzan gaitz guztiak, bai zugandik eta bai zure sendi eta lagun guztiengandik.

M. PIERRES: Eseri zaitez eta har zazu nahi duzuna. Inork ez du bide luzean jarraitzerik janari gabe.

ERROMESA: (Eseriaz). Eskerrik asko. (Zerbait mahai gainetik hartuaz, jaten hasiko da hitzegiten duen bitartean). Baina, zer ospakizunek biltzen zaituzte gaur hemen? Nafartarrak burrukaren bat irabazi ote duzue? Iņigo Aristaren pendoiak bere itzalarekin beldurra darama Kastilako lurretara?

M. PIERRES: Ez, ez. Bakea iritsia dugu On Karlos IIIa. tronoan den ezkeroztik. Gure aurpegietan ikusi dezakezun alaitasuna, askoz ere gauza txikiagoak dakar. Nere biloba, Belzunzetar Gaston-en jaiotza ospatzen ari gera, bide batez alaba bat galdu badut ere.

ERROMESA: Bedeinkatua izan dadila eguna, gizon ospetsuen kimu berriak sortzen direnekoa!

GARRALDA: Baina, erromes jauna, urrutitik al zatoz?

ERROMESA: Hainbeste ibilia naiz lur gogorraren gainean... Behin baino gehiagotan nere izatea, Ahaberus judutarra bezala Jaungoikoarengandik ihesi ibilia naiz.

USTARROZ: Orduan, zeharo nekatua ez bazara behintzat, egin dituzun ibilaldi hoietan gertatutako zerbait esan zaiguzu. Hemen, mendi handien tartean sartuta bizi garenok, munduko berri jakiteko erarik ez dugu...

ERROMESA: Makinabat herrialdetako haizeak jo dute nere aurpegia. Oraintxe nere ibilaldi izugarriak ihes egiten hasiak ditut burutik, nere aurpegiak hartu izan dituen hainbat eguzkiaren beroak kiskalduta bezala. Gaztea,nintzen benetan, herritik irten nuenean, nere amaren begiak malkoz beteta utzirik. Arratsalde batez, pasatu zen gure etxeko ate aurrean Nafarroako Erregea eta beraren jendearen luxuak eta oinetako dotoreak, nik nituenakin parekatzean... Narraz, oinetako gabe... Nere arrebak berriz, oraindik okerrago... Nere behartsutasunak, benetan loisatu ninduen! Gogozko nuela, ez ospetsu izatea, baizik eta urrea, Kastilako lurretan aurrera sartu nintzen Alfonso XIaren banderapean jarririk gudari bezala, bitartean zerbait eskuratzeko asmoz. Navas-en garaile izatean, aberastasun handia eskuratu nuen. Irati mendian haritzak diren bezala, aberastasunak geneuzkan eskuetan eta nere lagunak otoitz egiten ziren bitartean Jaunari eskerrak emanaz, nere eskuak dardaka gozatzen zituzten aberastasun haiek. Geroago, Erregeak Algeciras-era eraman gintuen... Gau batez, zentila bezala nintzela, ileak astindu zizkidan haize beroak eta gogoratu nintzen aurrez aurre nuela Afrika lurraldea. Beraren deia entzun nuen... Berehala, eskuratuta nituen aberastasunak alde batera utzi eta buruan nituen beste gauza batuk lortzeko gogoa sentitu nuen. Zergatik ez, bertara joan? Ez ote nuen, bertan zerbait gehiago eskuratuko? (Isilduko da une batetan). Arrantzale batzuk ikustean hurrean, berekin joatea erabaki nuen, alde batera utzirik nere sinismena eta bandera. Afrikara iristean ordea, itsasoaren ertzean bertan, preso egin nituen Oran-go pirata famatuak. Baina, nere leialtasunak, nere maltzurkeriak, nere indarrak, beraren konfidantza lehenbizi eta beraren laguntza ondoren irabazi zituen. Hiltzean, eskuratuta zituen aberastasunik gehienak nereganatu nituen. Ai! zer zoriontsua izan nintzen orduan. Izugarrizko lorategiak eta zuhazti ikaragarriak, sekula eguzkiari bere printzak sartzen uzten ez ziotela... Lurralde urrutienetako era guztietako txoriak... Usain gozoak... Marmoiezko gazteluak... Basamortuari kendutako zaldirik azkarrenak... Tapiz ederrak... Gizon esklaboekin osatutako artaide handiak nere gogaren mende... Baita ere, emakumezko artaldeak, edertasuna nagusi zen tokietan erosita... (Isil unea egin ondoren). Behin itsasoan, abordaia baten bidez, itsazontzi bat harrapatu nuen. Nere ustetan, beste itsazontzi gehienak bezala, aberastasun handiak izango zituelakoan. Bertan ordea, Lurralde Santura zihoazen erromes behartsuak besterik ez nuen aurkitu. lkusirik itsazontzian ezer lapurtzekorik ez zela, nere nahikeriak zoratu ninduen eta bertan ziren erromes guztiak hiltzeko agindu nuen. Beren artean aurkitzen zen erlijioso zahar bat... Oso zaharra... Ia bizirik iraun ezinean zen hoietako bat... Eta hilzorian, halako begirakun nahigabetsu bat egin zidan... Haurtxo batek, gurasorik gabe, galdutako herrialde batetan egin dezaken begirakunaren antzekoa... Ur tanta batek, beti jarioka dela harririk gogorrena zulatzen duen bezala dut ordu ezkeroz bere irudia! Agure zaharraren aurpegia! Beraren begirakun nahigabetsuak nere arima lehertu dit. Egunez eta gauez, nere esklaboak ingurun nituela, edo berdin bakardean nintzala, ezin izandu dut neregandik bidali beraren begirakuna. Bestaldez, bera izan da argitasun izpi bat nere iluntasunean, berriro ere sinismen bidea hartu dezadan. Nere Aberriaren dei bat eta amaren oihua... Zenbat bider, ordu ezkeroz gogoratu ote dut nere terziopelozko ohean naizela, hemen, mendi tartean izan nuen ohe arlotea! Burruka dut... Ahaztu nahi izan dut... Guztia alferrik! Hainbeste esklaboren nagusia, pentsamendu baten esklaboa. Kontzientzia, berriro ere bere bidera iritsi zitzaidan eta beraren ahots indartsu eta etengabekoari erantzunez, utzi nituen bapatean nere gaztelu handi eta aberastasunak eta Aita Santuaren barkamena iritsi bitartean ez dut nere egarria ase. (Isil unea eginaz, malkoak kentzen ditu). Ordu ezkeroz, ez dut egun bakar bat ere atsedenarako hartu. (Zutituko da). Nere erru handia ezkutatzearren izandu naiz sandutegi, baseliza eta mirari handiak egin diren tokietan, beti oinez eta bakardadean bide luzeetan zehar, limosna bidez bizirik eta Jaungoikoaren egiak zabalduaz. Baina, zahartua naiz. Ondo dakit, laster hil behar dudala eta ez dut nahi izan nere begiak betirako istea jaio nintzen lurraldera berriro bihurtu gabe. Rhin ibaiaren ingurutik hasi eta Frantzia guztia zeharkatu dut saio luzeak eginez, nekea alde batera utzirik Aberrira iristeko gogoaren truk. (Isilunea egin ondoren). Gaur goizean, azkenean, mendi baten gailurrera iritsi naiz... Lainoak, aranaldea ezkutatua zuten, zilarrezko zapi bat gainean bazuen bezala... Inguruna, herri txikiak ikusten nituen, zerualdea gorritzen zela... Zuhazti handiak... Elizetako kanpaiak deika ziren mezetara... Ni berriz, ia itorik! Milaka irudi ahaztuak, berriro zatozkidan burura eta begien aurrean... Bai, hura zen nere lurraldea! Hura, nik gazterik utzi nuen ingurua! Hura, nik utzi nuen sinismenaren oihartzuna! Ezinean nintzen... Itolarri benetakoan... (Belaunikatuko da). Gogoratu ere egin gabe, lurrean belaunikaturik, zeruetako Jauna gurtzen nintzen eta musuka negarrez Nafarroako lur jatorrari!

M. PIERRES: (Une batetan isilik egon ondoren). Altxatu, erromes jauna. Eskerrik asko. Zure historia, gizonen bihotzat piztu edo indarberritzen dituen hoietakoa da. Bera izango da guztiok gure birtute eta Aberriari behar diogun maitetasuna lortzeko bide egokia. Baina, gaua aurrera doa eta oraindik ez dugu sendiak duen ohitura bete. (kattalin-i). Ekarri zazu haurra... (erromesa-ri). Eta zuk bitartean, jarrai zazu indarra izateko zerbait jaten. (kattalin joango da).

ERROMESA: (Eseriaz). Eskerrik asko, jauna.

GARRALDA: Egia esan behar badut benetan bihotz barneraino iritsi zait erromesaren hitza.

USTARROZ: Baita neri ere. Bere bizitzan erruak izan baditu ere, guztiok izan ohi ditugun bezala, ongi ordainduak dituela esan behar...

KOSME: Horrelako gauzak ere neurtzen hasi behar ote dute?

USTARROZ: Hori ere, gaizkitzakotzat hartu behar al duzu?

KOSME: Ez, ez. Baina, hortik aurrera jarraitzen baduzute, nork jakin nun bukatuko duzuen? Egilea ez ote da nahikoa guztiori neurriak hartzeko?

KATTALIN: (Agertuko da etxe barrutik, eskuetan haurtxoa lo duela). Hemen aurkezten dizuet nere nagusiaren bilobatxoa, Belzunzetar Gaston. (Guztiak zutituko dira).

GUZTIAK: Bedeinka dezala Jaungoikoak!

ERROMESA: (Zutituko da eta haurrari begira egon ondoren hitzegiten du). Jaungoikoak bedeinkatua da. Haurtxo hau, lan handiak egitera deitua da. Denbora gutxiren barruan Jaungoikoa ikusi behar duten nere begi hauekin ikusten dut bere ospe handia. Argi bizia duen koroi batek inguratzen du, lo den haurtxo honen burutxoa.

MARIA: (Pozik). Santu bat izango ote da?

ERROMESA: Ez. Heroe bat izango da eta euskaldunak bizi diren bitartean bere izena gogoan izango dute. (Malkoak ditu eta kenduko ditu).

M. PIERRES: Jarrai zaiozu... Zerbait gehiago jakin nahi dut...

ERROMESA: (Nahigabez, m. pierres-i). Hortik aurrera jarraitzea ezinezkoa dut. Nahikoa esan dut... Etorkizuna, Egilearen eskuetan da eta beraren berri jakitea nahi duen gizona, benetan ausartia da.

M. PIERRES: Hobe zenuen orduan ezer esan gabe gelditzea...

ERROMESA: Barkatu zaidazu, jauna.

M. PIERRES: Nahikoa dugu orduan. Nekatuak ere izango zarete guztiok honuzkero eta zoazte atsedena hartzera.

USTARROZ: Bai, bai. Garaia ere bada. Gabon ondo igaro, jauna! (Alde egiten du etxe barrura).

GARRALDA: Gabon, jauna! (Alde egiten du etxe barrura).

KOSME: Gabon! (Alde egiten du baita ere etxe barrura).

MARIA: (Aurpegian musu emanaz m. pierres-i). Gabon, aitona!

M. PIERRES: (maria-i bizkarretik heldurik hitzegiten du). Zoaz zu ere atsedena hartzera erromes jauna. Nere etxean zaren ezkeroz, sendiko zati bat zara... Maria, lagundu zaiozu.

ERROMESA: Eskerrik asko, jauna. Bizitzeko urte asko ez baditut ere, sekula ez zait ahaztuko zugandik hartu dudan laguntza. (mariak lagundurik, etxe barrura joango dira).

M. PIERRES: (kattalin-ena joanaz). Pozgarria izan bazait ere etxekoekin eta ditudan lagun handiekin gaurko afaria egitea, alaitsuagoa dut orain dudan unea nere bilobatxoa eskuetan hartzeko. (Haurtxoa hartuko du besoetan). Utzi zaidazu mesedez... Haurtxo hau nere esku zimeletan dudanean, iruditzen zait mundu guztia nerekin dudala. Munduko aberastasun guztiak eskuetan ditudala! Bai ote da une honetan ni baina zoriontsuagorik? Pozaren pozez, nere bihotz nekatua lehertu behar zait! (Haurtxoa eskuetan duela joango da etxe barrura).

KATTALIN: (Bakarrik gelditzean). Zenbat gozatzen duen nagusiak! Bere bilobarentzat ditu eguneko hogeitalau orduak! Noiz esnatuko den itxoiten, berarekin jolas egiteko... Lo denean, berari begira lerdela dariola eta askotan baita ere iribarrez... Umetxoari begirik kendu gabe...

 

 

Hirugarren agerraldia

 

kattalin eta andre madalen

 

A. MADALEN: (Agertuaz etxe barrutik kezkati). Baina, nun duzu nere bilobatxoa? Nori utzi diozu?

KATTALIN: Lasaitu zaitez, etxekoandrea...

A. MADALEN: Lasaitu? Ederra naiz bada lasai egoteko, bera nun den ez dakidala. Gainera, erromes zahar horrek esan dituenak entzun ondoren...

KATTALIN: Berari entzuten egon ote zara?

A. MADALEN: Bai horixe! Baina oraindik ere ezin dut ulertu bapatean zergatik isildu den. Nere Gaston maitea, lan handiak egitera deitua dela esan du... Ospe handikoa izango dela... Baina, beste zerbait esateko asmoa zuen garaian, isilik gelditu da mutututa bezala. Zer ote zuen esateko? Zergatik isildu da? Zer ikusi ote du Gaston-en bizitzan?

KATTALIN: Zer ikusi behar du bada horrek? Txorakeriak! Itxura ederrean da bada, norbaiten bizitzako berri asmatzeko! Zerbait antzematekotan, igarri behar zion aurrez zer eguraldi egin behar zuen gaur gauean.

A. MADALEN: Bere isiltasunak benetako kezka sortu dit...

KATTALIN: Tira, tira! Beti buruan gauza hori izan gabe, lasaitu zaitez.

A. MADALEN: (Alde guztietara begiratu ondoren). Nun da nere bilobatxoa? Nun?

KATTALIN: Lasaitu zaitez. Ez du bera inork harrapatuko...

A. MADALEN: Harrapatu? Erromesari entzun diotenetik...

KATTALIN: Nagusiaren besoetan ederki asko lo izango da oraindik ere!

A. MADALEN: Zer? Nagusiak?

KATTALIN: Bai, bai. Nagusiak eraman du, ziur asko beti bezala bere gelara.

A. MADALEN: Gaixoa! Denbora luzea baino lehen gertatu behar zaio zerbait! Nere umetxo maitea! (Alde egiten du etxe barrura).

KATTALIN: (Bakarrik gelditzean, mahai gaina txukuntzen hasiko da). Orainartean kezkati izan bada, hemendik aurrera izango da berriz ona etxekoandrea! Gauza guztiak izan ere zeharo eztu hartzen ditu... Haurtxoa jaiotzean bere alaba hil zen ezkeroztik, esango nuke zeharo aldatua dela bere egite guztietan. Egiten dituen galderak entzun da eta ikusirik nolatan ahazten zaizkion gauza asko une batetik bestera, burua zerbait arintzen hasia duela esango nuke. Gaur, erromes horrek esan duena entzutea besterik ez zuen behar! Mesede ederra egingo dio...

 

 

Laugarren agerraldia

 

kattalin eta m. pierres

 

M. PIERRES: (Agertzen da bakarrik etxe barrutik). Oraindik ere hemen? Gaur, lan asko izan duzu eta joan zaitez atseden hartzera. Bihar ere, eguna zabalduko du lanari jarraitzeko.

KATTALIN: Etxekoandrea oraintxe zen hemen zure bila.

M. PIERRES: Nerekin egon nahirik? Ez dut bada ikusi.

KATTALIN: (Beldurti). Hogei urte luzeak eginak ditut, jauna, zure etxean... Egia esan behar badut, etxeko bat gehiago bezala sentitzen naiz... Belzunzetar bat izango banintz bezala...

M. PIERRES: Baina, zer esateko asmotan zara? Etxetik alde egiteko asmotan edo...

KATTALIN: Ez jauna, ez. Ez dut alde egiteko asmorik bidaltzen ez nauzun bitartean...

M. PIERRES: Baina, esango ote didazu orduan, zer gertatzen zaizun?

KATTALIN: Jakingo banuk aurrez, gaizkitzat ez didazula hartuko...

M. PIERRES: Tira, tira! Esan zaidazu agudo esan behar didazuna! Oraintxe kezkaz beterik naiz...

KATTALIN: Gaston jaio ezkeroztik etxe honetan bizitza aldatua da. Batez ere etxekoandrea... Lehenik, Gaston-en aita ezbeharrez hiltzean... Gero berriz, Gaston-en ama... Zure alaba hiltzean...

M. PIERRES: (Eseriko da). Ulertzen dizut zer esateko asmoan zaren. Alde batetik pozez beterik banaiz ere nere bilobatxoakin, bestaldez, bera jaiotzeak gure etxera ekarri duen nahigabea ez da nolanahikoa. Nere alaba galtzeak utzi zidan nahigabea ordea, bere semetxoak baztertu dit. Baina, berdin ez zaio gertatu nere emazteari. Egunetik egunera beraren burua arintzen dijoala esan behar... Amets batetan sartua dela dirudi. Ikusten denez, zuk ere antzeman diozu...

KATTALIN: Bai jauna. Gainera, geroago eta kezkatiago dela esango nuke.

M. PIERRES: Bi ahoko ezpata bat dela esan behar gure etxean. Alde batetik nahigabea eta bestetik berriz poza. Gaston-en gurasoak galdu eta guk beren tokia bete behar dugun garaian... Zahartzarora, Egileak eman digun oparia zaindu behar dugun garaian... Nere emaztea gauza ez eta ni ere berriz zeharo ahaldua naiz...

 

 

Bosgarren agerraldia

 

kattalin, m. pierres eta andre madalen

 

A. MADALEN: (Agertzen da kezkati etxe barrutik eta m. pierres-ena joango da). Nun da Gaston? Nun duzu nere bilobatxoa? Zer egin diozu berari?

M. PIERRES: Tira, lasaitu zaitez...

A. MADALEN: Ez da bere seaskan... Zer egin diozu berari?

M. PIERRES: (Zutituaz). Baina, zer egin dezaketela iruditzen zaizu? Mariak eraman du jiratxo bat egitera. Zerbait esnatu egin da nere gelara iristean eta Mariak eraman du, begiak zabal-zabal dituela.

A. MADALEN: (kattalin-i). Zoaz berarekin. Kezkak jan behar nau...

KATTALIN: Banua... (Alde egiten du etxe barrura).

M. PIERRES: Lasaitu zaitez, emakumea.

A. MADALEN: Lasaitu? Lasaitu diozu, gaur gauen etxeratu zaigun erromesari hori hemen izan da? Zergatik ez duzu bidali etxetik zerbait jan duenean?

            (Eseriaz). Pentsatzen nuen bai, zure belarriak zerbait entzungo zutela. Gauzak, lasaiago hartu behar dituzu. Azkenaldian zeharo urduri zara eta horrela izateak ez dizu batere onik egingo. Gainera, nork jakin dezake aurrez, Gastonen bizitza zer eratakoa izango den? Jaungoikoak bakarrik eta erromes horrek berak esan duen bezala, zeharo ausartia beharko du izan horrelakoaren berri jakin nahi duena.

A. MADALEN: Gauza handiak egitera deitua dela eta ospetsua izango dela esan duen bezala, zergatik ez du jarraitu isildu beharrean? Zergatik?

M. PIERRES: (Zutituko da eta a. madalen-i besotik heldurik gozo hitzegiten dio). Gu jaiotzean, nork aurreratu zezaken gure bizitzaren berri? Zu eta ni, biok Nafarroako lurretan jaioak izanik, egun batez ezkonduko ginela... Maitetasuna sortuko zela gure bihotzetan eta egun batez ezkondu... Ondorenean, gure maitasunaren fruituak emango zizkigula Egileak... Nork aurreratu zezaken hori guztia? Nor ausartu? Lasaitu zaitez, emakumea. Gainera, oheratzeko garaia ere bada...

A. MADALEN: Kezkarik ez banu oheratzeko...

M. PIERRES: Gauzak estuegi hartzen dituzu emakumea. Nire ere, bihotzeko ederra hartu nuen, Gaston-en ama, zurea bezalaxe nere alaba galdu nuenean, baina ez dugu egon behar beti gauza bera burutik kendu ezinean. Beraren fruitua, gure fruitua baita ere, etxean dugu. Bera zaintzen saiatu behar dugu. Berarekin gizon egoki bat osatu behar dugu, gurasoen maitetasunaren ordez gurea eskainiaz.

A. MADALEN: Nere alaba maitea...

M. PIERRES: Beregan behin eta berriz pentsatzen egoteak ez du piztuko. Zahartuak gara, baina Egileak bere ondora deitzen ez digun bitartean, oinak lurrean behar ditugu. Ahaztu ezbeharrak eta eskuartean duguna zuzendu behar dugu erarik egokienean.

A. MADALEN: Ahaztu? Ahaztu diozu?

M. PIERRES: Ahaztu, bai. Ahaztu. Zer egiten duzu bada, ezbeharrak gogoratuta? Nik ere, ez ditut egun ederrak igaro, baina saiatu naiz eskuartean ditudan gauzen bitartez nere bihotzari behar zuen alaitasuna ematen. Sinistarazi diot neronen buruari, alaberetzaz ez dudala ezer egiterik otoitz ez bada. Zuk ere maite, berdin egitea hobe zenduke... Guk ditugun urteekin eta gainera nekatuak, ez digu batere onik egingo burutik bidali ezin da beti gauza bat ibiltzea.

A. MADALEN: (Erdi negarrez). Baina, gazte gazterik...

M. PIERRES: Tira... Joan zaitez ohera eta lasaitu zaitez. (Laguntzen dio a. madalen-i bizkarretik heldurik etxe barrura). Bilobatxoari ikustaldi bat egin zaiozu eta zoaz ohera. Berehala naiz zurekin.

A. MADALEN: Banuan, bai. (Joaten da etxe barrura).

M. PIERRES: (Bakarrik gelditzean). Nere emazte maitea benetan kezkati da. (Eseriko da). Eta neroni ere, zerbait kezkatua utzi nau erromesak isilikatu duenak. Zergatik ez ote du jarraitu nahi izan? (Isil unea egin ondoren). Baina, zer jakin dezake erromes behartsu batek? Berak lan duen bizitza gogorrak burua nahastu izango dio noski. Gaurko giroa aukeratu duenak alde batetik bestera ibiltzeko, garbi agertzen duela esango nuke zeharo kaskarina dela- Agure horrek ekarri behar ote digu bada madarikazioren bat etxera?

 

 

Seigarren agerraldia

 

m. pierres eta ojer

 

OJER: (Agertuko da etxe barrutik). Jauna... Mahaia jasotzeko baimena ematen al didazu?

M. PIERRES: (Zutituaz). Bai, bai. Baina, nekatua bazara, bihar goizean egin ezinik ez duzu.

OJER: Biharko ustea baino orain egitea hobe izango dut. Oraindik gainera, guztiak oheratu bitartean, nahiko denbora dut.

M. PIERRES: Nahi duzun bezala. Ni behintzat oraintxe zutik egon ezinean naiz eta hobe dut ohean luze-luze etzatea... Bihar goizean, eguzkia ez da nere zain izango bere disdirak zabaltzeko. Gainera, goiz jaiki behar dut, pentsatzen ditudan gauza guztiak egitea nahi badut... (Alde eginaz etxe barrura, ojer mahaia jasotzen hasten den bitartean). Bihar arte bada. Gaua ongi igaro!

OJER: Berdin, nagusia... (Mahai gaineko gauzak jasotzen dela, bukatzen da lehen ekitaldia).