Antso erregea
Hasier Etxeberria
Antso erregea
Hasier Etxeberria
Egilea editore, 2004

 

13. agerraldia:
AMETSALDIA

 

 

—13A—

 

emakumeek gogoeta egiten dute suari buruz, laister ondorengoek dutela sua ezagutuko eta abar. Inkisizioa eta garai beltz berriak datozela. Ondoren, antsoren figurari heltzen diote berriro, maitasunaren bidea ibili beharrean (antsarekin), politikarenak ibili izanean (muniarekin) ote du akats? Ala, bihotzaren gogorra eta erabakiaren tinkotasunean? Zuzena da antso, baina bortitza. Agian gainera irauli zaio bere indarraren zama.

 

1 EMAKUMEA: Denboraren poderioz emakumentzat ere sua aginduko dute.

2 EMAKUMEA: Zigorrik zigorrena.

3 EMAKUMEA: Garai berriak hasiak dira.

4 EMAKUMEA: Garai berrien seinalea da sua.

5 EMAKUMEA: Gu bezalakoentzat Erromak ekarria.

6 EMAKUMEA: Etorriko da eguna, hauts bihurtuko gaituztena.

7 EMAKUMEA: Non da, baina, Antso?

1 EMAKUMEA: Ezabatu ote zaio begietako zera?

2 EMAKUMEA: Ez, handitu egin zaio jaiotzez zekarrena.

3 EMAKUMEA: Bakarrik dago.

4 EMAKUMEA: Akiturik dago.

5 EMAKUMEA: Gaskoņako Dukearen hiletetan.

6 EMAKUMEA: Osaba zuen Gaskoņakoa.

7 EMAKUMEA: Lagun mina zuen Gaskoņakoa.

1 EMAKUMEA: Zerraldoan datzana hilotz.

 

 

—13B—

 

bere gizonez inguratuta ageri da antso, dorre baten barneko gelan.

 

ANTSO: (Hilketa kanpaia(?) jotzearen errepikapena). Sanctus Seberus Baskoniae Capite dorre honetan, biltzera dei egin dizuet Hegoaldeko eta Iparraldeko ordezkariak, Iruņeko Erresumaren bihotzaren taupadak tristura eta itxaropenaren artean jotzen duten une honetan. Atzo hilobiratu genuen Antso Gilen gure osaba, Duke maitea, hainbeste urtetan Iparraldeko lurretan buru izan duguna. Haren bizitza luzetik, bihotzaren beroa zer den eta buruaren argiak nolakoa behar duen izan dugu ikasia. Bego, Jainkoaren altzoan (Kanpai-hotsa ixildu egiten da).

            Malkoen gainean, baina, ezin da etxerik eraiki eta guk, etxea behar dugu zutik. Inori berea kendu gabe, inor hil gabe, inor zapaldu gabe... geurea eusten asmatu dugu orain arte. Gaur, eta neu naizenez ahaiderik hurbilena, neuri dagokit Konterri honetako lurren jabetza. Hala ere zuek denok nahi zaituztet ene ondoan egun honetan. Iruņeko Erresumaren oinarria zeuok zarete eta zuok gabe ez da deus.

            Ez naiz oraindik hain zaharra, ez nago akiturik oraino, baina 28 urte badira Altsasuko Done Petro zelaian zin egin nuenetik hona. Ez dut beste xederik izan Erresuma zaintzea eta indartzea baino. Gaur ere ez dut besterik buruan. Horregatik, Baskoniako Dukerriaren buruzagitza jaso behar dudan honetan, zuek, lagunok, euskaldun ororen ordezkariok, nahi zaituztet lekuko. Eta egindako hitzarmena neurekin batera berregiteko eskatzen dizuet.

 

Jeiki egiten da eta ordezakarien aurrean eta ezkerreko eskuz bularretan gurutzatua, ezpatari eutsiz, aurrera (ez gora) eramaten du eskuina, zin egiten duen bitartean.

 

ARTZAPEZPIKUAK: . Ama lurrak eman digu bizitza, bizitzak odola, odolak hizkuntza, hizkuntzak dio...

ANTSO: (Eskua jaso eta zin eginez) Odolak lotu duena inork ez dezala eten.

PREGOILARIAK: Lupus Sancius Lapurdungo kontea! Gilen Azkarra Zuberoako kontea....Forte Fortun Arberoako bizkontea...Gartzea Lupus Baigorriko bizkontea, Gartzea Azenariz Ipuzkoako kontea, Eneko Lupiz Bizkaiko kontea...

 

denak agertzen dira erregearen aurrera, izendatuak izan ahala.

 

ANTSO: Ama lurrak eman digu bizitza, bizitzak odola, odolak hizkuntza, hizkuntzak dio:

DENAK: (Zin eginez) Odolak lotu duena inork ez dezala eten!

 

 

—13C—

 

emakumeak ageri dira euren lekuan. Hizketa-gogoeta egiten dute.

 

1 EMAKUMEA: Sokak luze ala motz behar du Erresumako eremuei eusteko?

2 EMAKUMEA: Hara hor Errege guztien galdera.

4 EMAKUMEA: Hara hor inork oraindik erabaki ez duen kontua.

5 EMAKUMEA: Uzten duzu lokarria motz, eta ito egiten duzu azeria.

6 EMAKUMEA: Uzten duzu luze, eta ihesi doa piztia.

1 EMAKUMEA: Gaskuņako Dukearen lurrekin, handiena da Iruņeako Erresuma.

2 EMAKUMEA: Indartsuena.

4 EMAKUMEA: Ahaltsuena.

5 EMAKUMEA: Pozik behar luke hori lortu duen Erregeak.

6 EMAKUMEA: Hori lortu duen gizonak...

1 EMAKUMEA: Zoriona behar luke altzoan.

 

 

—13D—

 

emakumeak euren lekutik desagertu gabe, antso ageri da bere mahaian gogoeta egiten. Bere parean iraganeko eszenak zaizkio bistaratzen. emakumeek, eszenak agertu ahala, dituzte aditzera ematen.

 

 

—13D1—

 

antso txikia ezpataz ageri da jolasean.

 

1 EMAKUMEA: Gizon handiak beti du bihotz txiki bat barrenean.

2 EMAKUMEA: Bihotz txiki txiki bat

4 EMAKUMEA: Intxaur baten antzekoa...

 

 

—13D2—

 

antsa ageri da ramiro txikia besoetan duela.

 

5 EMAKUMEA: Eta joaten zaio intxaurra handitzen.

6 EMAKUMEA: Handitzen eta handitzen.

1 EMAKUMEA: Eta batzuetan asmatzen du leku egokian jartzen.

 

 

—13D3—

 

munia ageri da, gizonezko batekin lizun jolasetan.

 

2 EMAKUMEA: Beste batzuetan, du okerreko bidea ibiltzen.

4 EMAKUMEA: Gizonaren gainetik dago Erregea!

5 EMAKUMEA: Bizitzaren gainetik Erresuma!

 

 

—13D3—

 

Antsoren lau semetxoak ageri dira ezpatekin jolasean. ramirori ez diote jolas egiten utzi nahi.

 

6 EMAKUMEA: Eta fruitu onak eta ustelak

1 EMAKUMEA: Denak dira elkarrekin nahasten.

2 EMAKUMEA: Otarra bakarrean.

 

 

—13D4—

 

Urkatutakoaren irudia agertzen da harresietan. Eta mairu eskuadra bat pasatzen da zalapartaka. Haien ondotik, fortun doa bere gizonekin borrokara. Zaragozara.

 

4 EMAKUMEA: Erregeak dena ahal duela uste du.

5 EMAKUMEA: Jainko txiki bat munduan.

6 EMAKUMEA: Patua duela mendean hartuko.

1 EMAKUMEA: Etorkizuna antolatuko.

 

 

—13D5—

 

Itzali egiten da antsorengan zegoen argia, desagertzeraino. emakumeek jarraitu egiten dute.

 

2 EMAKUMEA: Ixo, baina, ixo!

4 EMAKUMEA: Non da Erregea?

5 EMAKUMEA: Non da gizona.

6 EMAKUMEA: Hil egin da...

1 EMAKUMEA: ...ala hil egin dute?

2 EMAKUMEA: Ez zen zaharra.

4 EMAKUMEA: Gaztea ere ez.

5 EMAKUMEA: 43 urte baino ez.

6 EMAKUMEA: Hil egin da.

1 EMAKUMEA: Hil egin dute.

2 EMAKUMEA: Amildegitik bota du burua.

3 EMAKUMEA: Ito egin da ibaian.

4 EMAKUMEA: Pozoia eman diote.

5 EMAKUMEA: Ezpataz zauritu dute.

6 EMAKUMEA: Historiak ez du hori argituko..

7 EMAKUMEA: Pasatu arren hamar mende.

1 EMAKUMEA: Pasatu arren mila urte.

2 EMAKUMEA: Historiak ez du hori argitzen.