Ostiralero afaria
Enkarni Genua
Ostiralero afaria
Enkarni Genua
Kutxa Fundazioa, 2001
Ostiralero afaria
Enkarni Genua
Kutxa Fundazioa, 2001
[aurkibidea]

 

BIGARREN EKITALDIA

 

(Teloia irikitzen denean. familia osoa dago bildurik gelan. Afaria bukatu da eta mahai gainean hondarrak besterik ez dira gelditzen. Kafea eta kopa hartzen ari dira. Denak nahiko animaturik ari dira hitz egiten. gorka ez, kopeta iluna du eta aulki batean esperen ondoan dago erdi etzanda. Babesaren bila)

 

AMA: Baina gehien gustatzen zitzaizuena aitarekin arrantza egitera joatea zen.

IÑAKI: Ez pentsa. Niri xomorroak amuan jartzeak nazka ematen zidan.

KOLDO: Eta nik jartzen nizkizuen.

IÑAKI: Bai horixe. Xomorro bakoitza sos baten truke.

ESPE: Txarrena gero zetorren. Arrain ñimiño horiek, arantzaz beterik, jatea. Nik gorrotatzen nituen.

AMA: Nik ez. Asko gustatzen zitzaizkidan.

HIRURAK: (amaren planta eginez. Hainbeste aldiz errepikatutako gauza buruz errezitatzen)

            “Merkeak direlako,

            fresku-freskuak direlako

            eta bitamina asko dituztelako”

 

(denek, gorka izan ezik, far egiten dute)

 

ESPE: Beno ama, zer? Bada garaia. Bizilagun guztiei errepasoa eman diegu, txikitan gertatutakoa gogoratu dugu, Goenkaleko azkeneko gora-beherak komentatu ditugu... Hori al da dena?

AMA: Arrazoia duzu. Ez, ez dut horretarako antolatu afari hau. Familia guztiarentzat enkargu bat dudalako baizik, eta benetan, denak hemen egotea eskertzekoa da. Denok gaude hemen, beno Lutxi ez. (iñakiri begira) Lutxik tamalez ez zuen gaur etortzerik. Beraz biltzeko arrazoia...

ESPE: (ama mozten) Une bat mesedez. Orduan, gaizki ez badut ulertzen, Lutxik ere etorri behar zuen. Hau da, gonbidatuta zegoen.

AMA: Noski! Gaizki iruditzen al zaizu ala?

ESPE: Ez! Niri primeran iruditzen zait! Eta Dani zer? Dani abisatu al duzu? (Haserre) A, Dani ez. Dani ez da gure familiakoa noski!

AMA: Espe, ez niri ahotsa altxa, mesedez. Hori gure artean aspaldi garbi geratu zen.

ESPE: (Haserre) Gure artean? Noren artean? Zuk garbi edukiko duzu, baina nik ez. Dirudinez, hemen, familiakoa nor den edo ez den, zuk erabakitzen duzu.

KOLDO: (Txantxetan) Espe polit hori! Ez konparatu! Ama, Lutxi eta Iñaki egun batean ezkonduko direla ziur dago. Denok dotore-dotore, eskontzara joango gara. Ama batez ere, amabitxi izango da eta. Eta gure Lutxi... txuriz jantzita... Zoragarria egongo da. Ta txan ta txan!... Ta txan ta txan!... (Martxa nupziala abestuz) (gorkak bere lekutik mugitu gabe, telebista pizten du, altu xamar. koldok hitz egiten jarraitzen du.) Eta urte batzuk pasa ondoren...

AMA: Koldo, nahikoa da.

KOLDO: Urte batzuk pasa ondoren ume pare bat ibiliko da hemendik saltoka. (Kantatzen eta salto egiten hasten da) Saltoka, saltoka txibiribiltoka, salto ta salto...

AMA: Koldo, geldik egon. Ez du batere graziarik. Gorka, telebista itzali mesedez.

KOLDO: Bai ama, eseriko naiz. Baina telebista itzali ez. Hori ez. Ez al duzu esan bilera hau familiarra zela? (Txantxetan) Eta gure telebista maitagarri hau? Kanpoan utzi behar al dugu ala?

AMA: Nahikoa dela esan dut.

KOLDO: (gorkak duen mandoa hartzen du) Gure telebista, ama, etxe honetan konpainia gehien egiten dizuna da. Eta baita kasu gehien egiten dizuna ere. (amaren planta egiten) “Telebista, isilik egon”. Klin! Eta isiltzen da. “Telebista, zerbait kontatu” eta klink! zerbait esaten hasten da.

IÑAKI: Beno ama. Ni banoa. Koldok pailazoena egiten oso ondo dakiela badakit, baina bihar oso goiz esnatu behar naiz.

ESPE: Nahi duzuna egin, baina Iñaki joan baino lehen, nik hau garbi utzi nahi dut. Lutxi familiakoa bada, Dani ere bai.

IÑAKI: (Modu txarrean) Aizu niri hori ez esan! Zuk zeure bizitzarekin egiten duzuna edo egiten ez duzuna niri berdin zait. Ezkonduta dago eta banatzeko asmorik ez duen tipo batekin enroilatuta egon nahi baduzu niri bost ajola. Zuk jakingo duzu.

ESPE: (Haserre) Bai horixe! Nik Dani maite dut. Danik maite nau. Hori da niretzat familiakoa izatea. Ezkonduta dagoen ala ez, banatzeko asmorik duen ala ez, hori gure arteko gauza da, eta inork ez du eskubiderik hor sartzeko.

IÑAKI: Ez dut asmorik arreba.

ESPE: Batzuetan ez du hori ematen.

KOLDO: (Txiskeroa pizten du, musikako jaialdietan egiten den bezala, eta abesten hasten da.)

            Hator, hator mutil etxera gaztainak ximelak jatera...

IÑAKI: Beno, afaria oso goxua zegoen. Eskerrik asko ama. Hurren arte denoi.

AMA: Une bat Iñaki. Berehala bukatuko dugu. (Solemneki) Izeba Felisa hil da.

IÑAKI: (Harrituta) Izeba Felisa? Aitaren izeba?

AMA: Bai.

IÑAKI: Baina ama, hori aspaldiko kontua da . Eta horregatik bildu al gara?

AMA: Bai, hori izan da arrazoia.

GORKA: (Lasaitasun ederra hartuta, zutik jartzen da.) Hori? Hori zen dena? Ziur al zaude ama?

AMA: Noski ziur nagoela.

GORKA: Txalo bero bat gure izeba maitagarriarentzat! Biba izeba Felisa! Gora! (Kuxinak hartzen ditu eta airera botatzen ditu. espe farrez hasten da, gorka pozik egoteko arrazoia ulertzen duelako)

AMA: Gorka geldirik egon. Zerbait puskatuko duzu, kontxo!

GORKA: (Abesten)

            Hil da, hil da,

            gure katue,

            egin dau, egin dau

            testamendue

 

(espe gerritik hartzen du eta berarekin dantza egiten hasten da. espek ondo ulertzen du gorkaren poza eta gauza bera egiten du. koldok ez du tutik ere ez ulertzen, baina txantxa jarraitzen du. ama harrituta dago, baina irribarrez. iñaki serio.)

 

IÑAKI: Ama, ume hau ez dago burutik sano. Sendagilearengana eraman behar duzu. Afari guztia momia bat bezala egon da eta orain dantzan hasten da Izeba Felisaren heriotzea ospatzeko. (gorkari) Txikito zuk buruan kiskurrik besterik ez duzu.

GORKA: (Pozik, espe besarkatzen) Izeba Felisa hil da. Gora izeba, gora gure izeba maitea!

AMA: Jesus ume! Geldik egon!

IÑAKI: Beno ama, ea ulertzen dudan. Izeba Felisa hil da. 84 urte zituen. Beraz berri hau ez da saltokan hasteko, e Gorka!, baina trajedia bat ere ez da. Hiletara joan ginen, beno zu eta biok... Orduan horrenbeste komeria zergatik? Ez dut ulertzen.

AMA: Bai, Gorkak zerbaitetan arrazoia du. Atzo izebaren testamentua ireki zuten.

GORKA: (Kantarekin jarraitzen du, saltoka eta dantza egiten) Amunarentzako, amunarentzako hankak eta burue, aittittarentzako, aittittarentzako abarkak egiteko narrue, Mantxonirentzako, Mantxonirentzako tripa-barrue, horixe dela, horixe dela katuaren testamendue.

IÑAKI: Mesedez eskatzen dizut Gorka. Geldik egon, eta eser zaitez. (espek ere, besotik heltzen du eta bere ondoan eseriarazten du) Ama, jarraitu mesedez. Atzo testamentua ireki zutela esan duzu.

AMA: Bai. Notaritzatik deitu ninduten eta joan nintzen. Notarioa, eskribaua eta ni bildu ginen eta...

KOLDO: Joder! Dirudinez interesantea orain hasten da.

AMA: Notarioak testamentua irakurri zuen

ESPE, GORKA, IÑAKI: Eta?

AMA: Diru asko utzi du.

IÑAKI: Eta noretzat?

KOLDO: Elizako sakristauentzat, baietz?

AMA: Ez Koldo, guretzat.

IÑAKI: Baina asko... Zer da diru asko?

AMA: 40 milioi gutxi gora-behera.

GORKA: Ostia! Berrogei kilo!

IÑAKI: Eta dena guretzat?

AMA: Dena, bai.

GORKA: Ostia!

IÑAKI: Ez nekien nik izeba Felisak horrenbeste diru zuenik.

AMA: Ezta nik ere. Baina dirudienez bere aitak etxe batzuk zituen, eta aukera on bat edukita, saldu zituen. Izebak diru gutxi behar baitzuen bizitzeko, ia-ia diru guztia banku batean gordeta zuen.

KOLDO: Eta orain dirua guretzat. Noiz jasoko dugu?

AMA: Testamentuan bete behar dugun baldintza bat azaltzen da. Eta horretarako ere, epe bat dugu. Urte bat.

KOLDO: Ja! Baldintzak! Erraz imajina ditzaket eliz-zulo sorgin horrek jarritako baldintzak. (Amona zaharraren ahotsa imitatuz) “Nire iloba guztiek bide zuzenetik sartu behar dute, Koldo borrokalari hori batez ere, egunero mezetara joan beharko dute, hileko lehen ostiraletan aitortzera eta jaunartzera...” Bada ez! Ba al dakizu gauza bat ama? Bere dirua, sartzen zaion lekutik sar dezala. Nik ez dut nahi. Pobrea naiz, eta pobre jarraitzeko asmotan nago.

GORKA: Ez kasorik egin ama! Ni ados nago. Errosario santua egunero errezatzeko behartuta banago, ondo! Problemarik gabe. Egunero mezetara joan behar badut, mundiala! Poltsikoa bero-bero edukiz gero berehala egiten dut plana. Eguerdiko 12etan elizara, eta gero, paseo bat eman ondoren... bazkaltzera! Egundokoa! Ikasketak berehala pikutara bidaliko ditut. Ama, nirekin kontatu. Eta zu ere Espe, ados egongo zara ezta? Hemen duzu zure ileapandegia jartzeko aukera ezin hobea. Ikusten ari naiz, margoz distiratsuz apainduta, hormirudi haundi bat: espe: ileapandegia.

ESPE: Aizue ez bazaizue axola, zergatik ez diogu amari uzten “baldintza” delako hori zein den esaten?

IÑAKI: Horixe! Arrazoia duzu Espe. Esan ama, esan.

AMA: Koldok zerbait asmatu du, baina ez gehiegi.

KOLDO: Ikusten? Nik sikologia egin beharko nuke. Zer da asmatu dudana?

AMA: Ostiralekoa.

KOLDO: Konfesatzera eta jaunartzera joan behar dugula?

AMA: Ez gure izeba elizazale zen baina ez sinplea. Uzten badidazue, heredentzia kobratzeko baldintza irakurriko dizuet.

            “Urte batez, ostiralero, gurasoen etxean, familia osoak elkarrekin afaldu behar du.

            Afari horietan denetaz hitz egi behar dute, elkarri mina egin gabe, gorroto gabe.”

 

(Isiltasuna)

 

ESPE: Eta zer gehiago?

AMA: Ezer ere ez . Hori da dena.

IÑAKI: (Larrituta) Dena? Ziur al zaude ama?

AMA: Ziur nago. Nahi baduzu, zeuk irakur dezakezu. Begira, zati hori hemen dago. (Papera luzatzen)

KOLDO: Joe! Izeba burutik jota zegoen! Baldintza hori jartzea... Hau xelebrekeria!

ESPE: Guretzat hobe.

AMA: Zure izeba ez zegoen burutik jota. Emakume zentzuduna zen.

KOLDO: Ez du horrela ematen.

IÑAKI: Baina nola bururatu zitzaion ideia hori?

AMA: Ez dakit. Baina izebak zuen aita asko maite zuen. Ez zuen seme-alabarik eta berarentzat bere iloba, semea izango balitz bezala zen. Berak bazekien, eta ondo gainera, zer zen zuen aitak gehien atsegin zuena.

ESPE: Bai ama. Hamaika aldiz esan diguzu. Elkar ikustea.

AMA: Eta berak asko sentitu zuen aita joan zenean gertatutakoa...

 

(Azkeneko esaldi hori amak doinu baxuan esaten du. Inor begiratu gabe. Dirudinez gai “hori” tabua da. denok isilik geratzen dira. Pentsakor)

 

IÑAKI: (Bere baitan) Bai. Egun triste horretan, etxean, bat falta zen. Betikoa! Oporretan, Karabantxelen baitzegoen .

KOLDO: (Minduta. Ironiaz) Fuerteago hitz egin al dezakezu Iñaki? Ez zaitut ondo entzun.

 

(Isiltasuna)

 

KOLDO: (Haserre) Esan berriro! Ez, horixe. Hori da hain zuzen ere zuregandik gehien izorratzen nauena. Ez duzu potrorik pentsatzen duzuna aurpegira argi eta garbi esateko. Beti ama zirikatzen. Beti Esperi nitaz gaizki hitz egiten...

IÑAKI: Nahi baduzu...

KOLDO: Ez, ez dut nahi. Buruz dakit esan duzuna, eta begira, gauza pare bat esan nahi dizut. Bai, arrazoia duzu. Aita hil zenean ni Karabantxelen nengoen, zuk esaten duzun bezala, “oporretan”. Baina ba al dakizu nork ordaintzen zizkidan opor zoragarri horiek? Ez? Esango dizut ba. Zuen lagunek.

IÑAKI: Hasi gara! Nire lagunek!...

KOLDO: Bai, zure lagunek, edo zure lagunen lagunek, edo zure lagunen lagunen lagunek. Berdin zait. Dana gauza bera da. Ni ez nengoen hor sartuta nahi nuelako. Hotel horren atea itxita zegoen eta giltzak ba al dakizu nork zituen?

IÑAKI: (Ironiaz) Jakina! Nire lagunek. Horrekin lasai geratzen bazara, ongi. Baina oso ondo dakizu Karabantxeleko bidea aspaldi hartuta zenuela. Eta ez zen abisatu ez zintudalako. Baina suarekin dabilena... azkenean erre egiten da.

KOLDO: Edo ohean pixa egiten du. Bada begira, nahiago dut erretzea , pixatia edo kakatia izan baino. Nik gutxienez, Herriari nire lana eskaini diot, Herriaren alde lan egin dut eta lana egiten jarraituko dut. Ez naiz koldartu. Ez beste batzuk bezala.

IÑAKI: A bai! Hitza sakratua atera da! “Herriari nire lana eskaini diot, Herriaren alde lan egin dut”, Herria gora, Herria behera. Herria... Hitz polita, baina hainbeste erabili ondoren, nahiko agortuta dago, ez al duzu uste? Herria... Herria... Baina zuk ba al dakizu hori zer den? Herria hitza erabiltzen duzunean, zeri buruz ari zara hitz egiten? Dirudinez Herriaren salbatzailea zara, ezta? Ba begira, nik ez dut salbatua izan nahi. Utz nazazu pakean, nire bizitzaz neu arduratuko naiz.

KOLDO: Ez dago zalantzarik , Iñaki! Hori da zure bizia osoan egin duzun bakarra. Zeure buruaz arduratu. Ez dakizu besterik egiten. Oso ondo adierazi duzu.

IÑAKI: Oker zaude. Ba al dakizu zuk zure ekintza “inuxente” horiek egiten zenituenean zer egiten ari nintzen ni? Bai “inuxente” deitzen diot zerbait esateagatik. (amari) Ama, zuk beti zuritu duzu zure semea. (ama imitatzen) “Bada Koldok ez du gauza graberik egin. Informazioa bilatzen ari zen harrapatu zutenean. Besterik ez”. Besterik ez! Noski, informazioa. Tipo baten informazioa bere urtebetetzea noiz zen jakiteko. Lore sorta bidaltzeko, bai horixe!

KOLDO: (Ironiaz) Haria galdu duzu Iñaki. Zure bizi sakrifikatu honetan zer egin duzun esaten ari zinen.

IÑAKI: (Haserre) Badakit zertaz ari nintzen. Ez dut zure laguntza behar. Bai, zu suarekin jolasten ari zinen bitartean, herri salbatzailearen papera egiten ni... ikasten nengoen. Egunero, astero, igandero. Eta zertarako? Bai, ez dut ukatzen nire etorkizuna prestatzeko zenik, baina baita beste batzuena ere. Ba al dakizu gaur egun nire lantegian zenbat lagun ari diren lan egiten? Hori ez al da “Herriaren alde” lan egitea? Ez, hemen heroia zu zara. Besteak kaka zaharra.

KOLDO: Kaka zaharra, kaka zaharra... agian bai. Haurra nintzenean zu Iñaki, zu zinen niretzat eredu bakarra Hor goian zinen, aldare batean jarrita. Jakin nahi al duzu bat-batean noiz erori zinen? Gaur jakin behar duzu . Zuk “Karabantxelekoa” aipatzen duzun bakoitzean badirudi ni hor parranda nenbilenean, edo gerrilarietara jolasten. Ba ez... Asko sufritu nuen leku madarikatu horretan, batez ere aita hil zenean. Izugarrizko pena naukan bihotzaren barruan. Baina zuk hori nola jakingo duzu? Zenbat aldiz joan zinen Madrilera bisita bat egitera? Zenbat? Ez al zara gogoratzen? Txistean bezala gertatzen zaizu. Ez dakizu hamar aldiz edo sekula ez. Ba nik bai, nik badakit. Eta oso ondo gainera. Behin ere ez. Bi urte pasa nituen hor barruan eta nire anaia maitea, aldarean nuen anaia, ez zen azaldu. Beraz, bi urte luze horietan, zu... buruz behera erori zinen.

 

(Elkarrizketa honen bitartean, ama izkina batean eserita dago. gorka etzanda. Telebista pizten du, soinurik gabe eta zaping egiten hasten da. espe zutik dago bi anaiek esaten dutena entzuten, eta elkarrizketa hori mozteko gogoz)

 

ESPE: Beno... utz dezagun hau beste egun baterako, ez al zaizue iruditzen? Amak bildu gaitu proposamen zehatz batekin eta ia-ia ez diogu kasurik egin. Lasai eta patxadan hau dena kontuan hartu behar dugu.

KOLDO: Bada ni banoa... Kokoteraino nago! (Zutik jartzen da)

ESPE: Koldo ez izan horrela.

 

(koldo berriro esertzen da. iñaki zutik jartzen da eta batere esan gabe, eszenatik ateratzen hasten da)

 

ESPE: Iñaki, nora zoaz?

IÑAKI: Komunera. Zer, baimena eskatu behar al da, ala? (Ateratzen da)

 

(Etenaldia)

 

(Tentsio haundia dago gelan. gorkak telebistarekin jolasten jarraitzen du. ama eta koldo, bakoitza bere lekuan eserita. Aurpegi iluna dute. espe alde batetik bestera gauzak jasotzen dabil, kirioak lasaitzeko asmoz)

 

AMA: Ikusten den bezala, jarritako baldintza ez zen erraza, ez.

ESPE: Baina ama, saiatu behar dugu. Benga Gorka. Utzi pakean telebista madarikatu hori eta hona etorri. Plan bat egin behar dugu.

GORKA: Nik... paso.

ESPE: Ezin dugu leihotik behera bota dugun aukera . Koldo, zuri zer iruditzen zaizu?

KOLDO: (Keinu bat egiten du, besterik ez)

ESPE: Ea ama; zu eta biok; beti bezala. Etxe honetan emakumeak gara fundamentu gehien duguna. Ea nondik hartzen dugun zezen hau.

 

(amaren ondoan esertzen da)

 

            Hariarekin jarraituz, baldintza argi eta garbi dago jarrita.

AMA: Bai Espe. Nahi al duzu berriro irakurtzea?

ESPE: Ez ama. Buruz dakit. Orduan baldintza betetzen badugu dirua geurea izango da, eta ez badugu betetzen? Zer?

AMA: Hori ere idatzita dago. Horrela gertatuz gero, diru guztia Elizara joango da. Hori da gure izebaren azken nahia.

KOLDO: (Ironiaz) Banenkien nik... Elizara!

ESPE: (Konbentzitzeko nahiean) Baina gu gara lehenengoak.

            Koldo, 40 kilo! Zergatik ez gara saiatzen?

KOLDO: (Animatzen) Ideia bat dut.

ESPE: Aupa Koldo!

KOLDO: Komeria txiki bat egin dezakegu. Gu horretarako primeran moldatzen gara, e Gorka? Etorri hona. Ensaio bat egingo dugu, ea nola ateratzen zaigun frogatzeko.

GORKA: Ez nago txantxetarako.

KOLDO: Etorri Espe. Zu ta biok elkarrizketa moldatuko dugu. Ejem! Ejem!

 

(koldo eta espe antzerkia egiten hasten dira. Mugitzeko eta hitz egiteko era, guztiz artifiziala da. gorka pixkanaka kasu egiten hasten da. amari, noizean behin, irrifar txiki bat ateratzen zaio.

 

KOLDO: O arreba maitea. Zer moduz zaude?

ESPE: Oso ondo anaia maitea. Eta zu?

KOLDO: Primeran! Ezin hobe. Atzo kontzertu batera joan nitzen. Orkestra sinfonikoa entzun nuen eta... Zoragarria benetan! Oso ederra etorri zara maitea.

ESPE: Eskerrik asko. Gustatzen al zaizu nire jantz/ berria (Buelta pare bat ematen du, modeloa izango balitz bezala) Erosi berria da.

KOLDO: Oso ondo geratzen zaizu Espe. Eta nire prakak, zer? (espe bezala, modeloak ibiltzen diren bezala mugitzen da)

ESPE: Polita benetan!

KOLDO: Eguraldi txarra egiten du.

ESPE: Oso txarra. Baina aurreko urtean askoz txarragoa egin zuen. Aurten gutxienez ez du horrenbeste euririk egin.

KOLDO: Horretan arrazoia duzu Espe. Ni katarroarekin nabil. Ez da harritzekoa egiten duen hezetasun honekin. Hezurretaraino sartzen da.

ESPE: Horregatik dabil horrenbeste gripe.

KOLDO: Beno Espe. Datorren ostiralean berriro elkartuko gara ezta?

ESPE: Bai Koldo. Txintxoa izan!

KOLDO: Saiatuko naiz. Agur.

 

(Muxu pare hat, guztiz artifizialak, ematen dizkiote elkarri)

 

KOLDO, ESPE: (Antzerkiko agurra egiten dute) Txalo! Txalo bero bat.

KOLDO: Zer moduz ama? Ondo atera zaigu. Baietz? Eta entsaiorik egin gabe. Ikusten? Ez da hain zaila izan.

 

(Txaloak entzuterakoan iñaki berriro sartzen da. Txaloen arrazoia ez du ulertzen, eta keinu bat egiten du.

Lehen zegoen lekuan esertzen da)

 

AMA: Beti gauza bera esaten dizuet. Komeria egiten, zu eta zure arreba, txikitatik primeran moldatu zarete. Baina hau ez da antzerkia. Baldintza garbi dago jarrita (Berriro irakurtzen du, gauza batzuk azpimarratzen)

            Ostiralero elkarrekin afaldu. Denetaz hitz egin elkarri mina egin gabe, gorroto gabe”

            Eta dirudinez, hori ez da guretzat hain erraza izango.

ESPE: (Pentsakor) Baina ama. Beste gauza bat. Nork esan behar du baldintza delako hori betetzen dugun edo ez dugun betetzen? Epailea nor izango da?

AMA: Neu. Urte bat pasa ondoren erabakia nire eskuetan dago.

KOLDO: Eta zergatik ez duzu hori lehenago esan. Dana konponduta dago. Ez dituzu ama zure seme-alabak herendentzia hori kobratu gabe utziko, ezta?

AMA: (Begirada zorrotza botatzen dio) Nik ere Koldo neure printzipioak ditut. Izeba Felisa emakume ona zen, nirekin beti oso ondo portatu zen, eta hau garbi gera dadila. Bere borondatea beteko dut. Guk heredentzia hori lortzeko lan sakon bat egin behar dugula begi-bistan dago. Ez badugu egiten... sentitzen dut, baina dirua haizeak eramango du, edo hobeto esanda beste esku batzuetan, akaso guk baino gehiago merezi dutenen eskutan, eroriko da. Horretan ziur egon zaitezke.

 

(Isiltasuna)

 

IÑAKI: Beno, beste egun batean jarraituko dugu. Sentitzen dut ama, baina berandu da eta etxera joan behar dut. Lutxi oso kezkatuta dago. (anai-arrebari begira) Zueri ez dizuet esan baina bere aitak, oso desatsegina den “eskutitza” jaso du.

AMA: Bere aitak? (Kezkatuta) Lehen aitaren lagun batek jaso zuela esan didazu.

IÑAKI: Bai, gehiegi ez kezkatzeagatik. Baina zoritxarrez, aldi honetan mehatxatua aita izan da.

KOLDO: Sentitzen dut Iñaki.

IÑAKI: (Ahotsa altxa gabe. Triste) Agian hori egia izango da. Sentituko duzu, baina ez zaizu gaizki iruditzen.

KOLDO: Antzekoa da...

IÑAKI: Ez, ez da gauza bera. Benetan sentituko bazenu, zure bilera horretara joango zinateke eta ozen eta tinko, hori astakeria bat dela esango zenuke.

KOLDO: Iñaki, ulertu behar duzu hau gerra bat dela. Batzuetan sufrimendua batzuei tokatzen zaie, beste batzuetan besteei.

IÑAKI: (Nekatuta) Ez dut berriro eztabaidetan sartu nahi. Sentitzen dut ama. Izebaren eskaintza eskertzen dut, eta baita zure borondatea ere. Baina ez, hau niretzat gehiegi da. Astean zehar egunero hamabi ordu lanean sartzen ditut. Astea lehertuta bukatzen dut, eta hemendik aurrera ostiralero hona etorri behar badugu, malaletxearekin aste bukaera hasteko... Ba ez zait interesatzen. Nire osasunak diru hori baino askoz gehiago balio du. Aio! Ikusiko dugu elkar.

KOLDO: (Zutik jartzen da) Behingoan ados gaude. Lehen esan dudan bezala, diru hori ez zait interesatzen. (amarengana hurbiltzen da, eta muxu bat ematen dio). Ama... beti bezala entsaladila, oso oso oso ona atera zaizu.

 

(bi anaiak bere gauzak jasotzen hasten dira etxetik ateratzeko asmoz. Une horretan gorka zutik jartzen da. Ikusi dugun bezala bigarren ekitaldi honetan ez du ia-ia hitzik esan. Baina orain tinko eta ozen, hasieran nerabe bezala hasten da hitz egiten. Bakarrizketa bukatzen duenean gizon bat dirudi)

 

GORKA: Itxoin pixka bat. Nik ere zerbait esan nahi dut.

IÑAKI: Hobe da zu honetan ez sartzea.

GORKA: Nola ez? Zuen iritzi guztiak irentsi ditut eta orain nire txanda da. Hitz egin behar dut, eta azkeneko aldiz bada ere, hitz egingo dut. Badakit Iñaki zuri diru miserable hori ez zaizula interesgarria iruditzen. Eta zer? Pentsatu al duzu, minutu bat gutxienez, ia guri interesatzen zaigun? Ez noski! Zuk lanpostu finkoa duzu, Iñaki Goytisolo: Gerente. Bai, badakit inork ez dizula batere oparitu, hamaika aldiz entzun dizut eta. Badakit duzun guztia, zure ahaleginekin lortu duzula. Etxe polita baduzu baita ere, Lutxiren aitak oparituta, dena esan behar da, eta noski, izeba Felisaren diru hori... Zertarako? Galdetu, galdetu Esperi kilo horiek ondo etorriko zaizkion ala ez? Agian ez duzu jakingo Espek ileapindegi bat jarri nahi duela. Hori, hori dela berari atsegin zaiona, ez da horrela Espe? Baina jakina! Hori ez da hitz politekin lortzen. Horretarako zoritxarrez dirua behar da. Bai xoxak, pasta, soja, ulertzen duzu? Eta milioi horiek... milioi horiek loteria izango balitz bezala etorriko litzaizkioke. Baina ez... (Ironiaz) Egin behar dugun ahalegina hain haundia da! Ikaragarria! Elkarrekin hitz egin. Ezinezkoa!

 

(koldori zuzentzen)

 

            Eta zuri Koldo, zuri gertatzen zaizu zenbait Udalari gertatzen zaiona. Modan jarri da, Teguzigalpa , edo Kontxintxinako herri batekin anaikidetzea. Hori bai erraza! Hain urruti daude!... Baina, jakina, bada-ezpada ere, ez dira aldameneko herriarekin anaikidetzen. Horiekin ez. Zuk aurten zenbat bilera egin duzu? Eta hilabete honetan? Eta aste honetan? Zenbatu ezina. Baina zure anai-arrebarekin ez. Berehala urduri jartzen zara eta burutik pasatzen zaizuna, gehiegi pentsatu gabe, zas!... esaten duzu.

 

(Isiltasuna)

 

            Beraz, nahi duzuena egin. Nire berdin zait. Baina gauza bat garbi esan nahi dizuet. Hemendik aurrera mesedez, ez niregana etorri aholkuak ematera. “Gorka, gehiago ikasi behar duzu”; “Gorka, ez eseri horrela” ; “Gorka, ez duzu etxera oso berandu etorri behar”; “Gorka, hau!; “Gorka, beste hori”. Ez, eskerrik asko. Aholku guztiak zuentzat gorde. Nik hamar urte pasa ondoren ez dakit zer izango naizen. Ez dakit injeniero edo garbitzaile izango naizen, okupa edo misiolaria. Baina hau garbi dut. Nire anaiekin, gorrotorik gabe, hitz egiteko gauza izan nahi dut. Besterik ez.

 

(gorka lurrean etzanda jartzen da. Hankak, mahai gainean jartzen ditu eta telebista martxan jartzen du, zaping egiten. Soinurik gabe. beste guztiak isilik geratzen dira. iñaki eta koldo pentsakor. ama, bere seme txikia miresten. espe hunkituta gorkarengana hurbiltzen da eta buruan laztan bat egiten dio)

 

ESPE: Aupa Gorka! Bai, zu izan zara gaur anaia nagusia. Ikasgai ederra eman diguzu.

 

(Gelatik atera baino lehen)

 

ESPE: Ni ohera noa. Nekatuta nago. Gorkak esandakoarekin ados nago. Zerbait erabakitzen duzuenean nirekin kontatu. Abisatu. Hauxe, besterik ez dizuet esan nahi. Ostiralero zuekin afaltzeko prest nago. Atzo ikusitako pelikula komentatzeko, nire bizitzaren pelikulari buruz hitz egiteko, gertatu zitzaigun, pentsatzen dugun eta egingo dugunari buruz berba egiteko, gure inguruan gertatzen dena aztertzeko. Zuek nahi duzuenean, zuek nahi duzuenerako. Eta prest nago ez gure izeba Felisaren dirua lortzeko, interesatzen zaidala aitortu behar dut, baina hori ez da arrazoirik haundiena. Prest nago... askotan zuekin egoteko eta hitz egiteko behartu dudalako, nire anaiak zaretelako. Azken finean maite zaituztedalako.

 

(Gelatik ateratzen da. ama tutik ere esan gabe eserita jarraitzen da. gorka etzanda. Keinu xamurra egiten dio bere arrebari. iñaki eta koldo zutik daude. Bere anaia-arrebak esandakoak ikuitu dute. gorka telebistari soinua ematen dio. Pantailan ohiko “tertulia” bat azaltzen da. Hasieran inork ez dio kasu egiten, baina pixkanaka, batez ere iñakik eta koldok arretaz entzuten dute.)

 

TERTULIANO 1: La línea tiene que estar bien marcada. Bien definida. A este lado estamos nosotros. En el otro ellos.

TERTULIANO 2: ¿Pero no crees que esa separación tan radical no lleva a ninguna parte?

TERTULIANO 1: ¡Pues claro que lleva!

TERTULIANO 3: ¿A dónde? Yo no lo veo así.

TERTULIANO 1: A dejar las cosas bien claras. A saber quiénes son de nuestro bando y quiénes son del otro.

TERTULIANO 4: Por supuesto que sí. La línea bien definida. Esa es la única manera de superar el conflicto...

 

(Jenio txarrean iñakik, gorkak duen mandoa hartzen du eta telebista itzaltzen du. Pentsakor geratzen da. koldori begira. biek batera pauso bat ematen dute hurbiltzeko)

 

IÑAKI: Koldo...

KOLDO: Zer ari zara pentsatzen?

IÑAKI: Agian zuk uste duzuna...

KOLDO: Nazkante horieri arrazoia ez emateagatik edozer gauza egiteko prest egongo nintzateke.

 

(Isiltasuna)

 

KOLDO: Gurea ez da batere erraza izango.

IÑAKI: Horretan ziur nago. Baina gauza asko dago jokuan.

KOLDO: Bai, berrogei milioi baino askoz gehiago.

IÑAKI: Bai, askoz gehiago.

 

(Isiltasuna)

 

KOLDO: Ez da ondo aterako. Ziur naiz.

IÑAKI: Nik ere, ez dut gauza haundirik espero.

 

(Isiltasuna)

 

KOLDO: Tripako minarekin bukatuko dugu.

IÑAKI: Edo orain gauden baino okerrago geratuko gara.

KOLDO: Dena dela, aproba egiten badugu zer?

IÑAKI: Egia esan ez dugu ezertxo ere galtzen. Aproba egiteagatik... Beraz... datorren ostiralean?

KOLDO: Beno... ados! Gutxi iraungo dugu Iñaki.

IÑAKI: Auskalo! Badakizu ama, hasi ostiralerako afaria prestatzen.

AMA: (Zutik jartzen da. Pozik, gustoa emateko asmoz) Zer nahiago duzue, arroza almejekin edo solomoa?

 

(biek aldi berean erantzuten dute)

 

IÑAKI: Arroza.

KOLDO: Solomoa.

IÑAKI: Ikusten?

KOLDO: Ikusten?

 

(biak farrez hasten dira eta etxetik elkarrekin ateratzen dira. gorka ere zutik jartzen da eta gelatik ateratzen da)

 

IÑAKI: Agur ama!

KOLDO: Aio! Ostiralarte.

 

(amak mahai gainean dagoen mantelarekin, telebista estaltzen du. Bere gainean, muxu bat eman ondoren, izeba Felisaren argazkia jartzen du eta kandela pizten dio. Eszenatokiko argiak poliki-poliki itzaltzen doaz, eta kandelaren argia bakar-bakarrik geratzen da piztuta)

 

AMA: (Itxaropenez beterik) Ostiralero... afaria! Ea ba!

 

teloia