Agur betiko
Aizpea Goenaga
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
Agur betiko
Aizpea Goenaga
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

II. ekitaldia

 

Argiak pizten doaz. Eszenatokia hutsik ikusiko dugu. Egongelarantz, doan atetik, joantxo eta julio sukaldera sartuko dira, joantxok julio sorbaldatik helduta darama, eta kontu kontari datoz, oso umoretsu.

 

JOANTXO: Gure elkarteko bazkide izan behar zenuke. Juntan nagoela jakingo duzu, ezta?

JULIO: Ez, ez nenkien, ez.

JOANTXO: Ba joan den irailetik. Hara, nik pare bati hitz egin, eta sartzeko inolako arazorik ez. Lehengo egunean ere, hantxe ibili ginen goizeko seiak arte, kantu bizian, diskutitzen eta... denetik egin genuen baita bapo jan ere.

JULIO: Bai, baina ni ez naiz elkarte gizona, gainera ez dut zuen elkarteko inor ezagutzen eta gainera... diru asko izango da.

JOANTXO: Zer izango da diru asko! Hileroko kuota? Gurea merkeenetako bat da eta! Gure elkartea antolatuta dagoen moduan egonik, oso merkea. Tira, gizona, zatoz larunbatean, gainera Jose Antoniorekin apustua egin nuen.

JULIO: Irabazteko moduko apustua egin al zenuen?

JOANTXO: Nik baietz uste dut, baina oraindik ez dakit. Ba al dakizu zer esaten zuen? Athletic-eko entrenadoreak denboraldia bukatu egingo zuela, eta nik dagoen egoeran egonik eta joan den igandeko partidua egin ondoren, aste honetan bertan kendu egingo dutela.

JULIO: Ez dut uste kenduko dutenik.

JOANTXO: Ikusiko duzu...

JULIO: Eta apustu potoloa egin al zenuen?

JOANTXO: Hamar mila duro.

JULIO: Joņo, seguru zabiltza!

JOANTXO: Pua!...

JULIO: Edo asko samar edanda?

JOANTXO: (Algara bat botako du, eta gero ahotsa jaitsiz kanpotik entzun ez dezaten) Badakizu, bapo afaldu, bapo edan eta kantatuz puroa erre, berotu eta...

 

joantxo hau esaten ari den bitartean armarioak ireki eta edari baten bila dabil.

 

JULIO: Eta Edurne? Goxoa jarriko zen, ezta?

JOANTXO: Kontuz gero! Horrek zerbait jakingo balu ederra genuke. Horri... ezer ez! (Isilik egoteko keinua eginez)

JULIO: Ez, ez... nik hitz erdirik ere ez.

JOANTXO: (Lasaiago) Kopatxo bat hartu beharko dugu ba, hemengo panorama hau samurtzeko, ezta?

JULIO: Ez niri badakizu kalte egiten didala.

JOANTXO: Tira, gizona, gaurkoagatik... Bai?

JULIO: Atera ba! (joantxok, pozik, basoa beteko dio) Tanta bat besterik ez dut nahi.

JOANTXO: Hartu, hau nahi gabe edaten da eta. Bueno, eta? Etxean zer moduz?

JULIO: Bua...

JOANTXO: Ui, ui, ui... egunen batean, edo “gau batean” aterperik behar bazenu... Joantxoren etxeko bidea badakizu, ezta?

JULIO: (Irribarre behartu batez) Eskerrik asko.

 

Itogin bat dago, julio horretaz konturatuko da.

 

JULIO: Aiba lio, itogin bat! (Sukalde gainetik eltze bat hartu eta putzua egiten ari den lekuan jarriko du) Etxe hau zaharraren zaharrez eroriko da.

JOANTXO: Bai, motel, zuen amari ere makina bat aldiz esan diogu sukalde berria jartzeko baina, bai zera! Bere sukaldearekin gustura zegoela... eta gustura zegoela, eta...

JULIO: Ia.

JOANTXO: Hoberena etxe hau lehen bai lehen saltzea izango da. Arazo gutxiago eta denetarako garbiago. Ezta?

JULIO: (Zer esan jakin gabe) Beno, ikusi behar. Ez dakit amak nola utziko duen testamentua...

JOANTXO: Hiru anaia-arrebentzat heren bana izango da, noski.

JULIO: Ez dakit... gainera etxea salduko bagenu, izeba kale gorrian geratuko litzateke. Eta ezin diogu izebari...

JOANTXO: (Moztuz) Izeba, izeba. Hobe egongo da egoitza batean, hemen etxe zahar honetan bakarrik baino. Eta inoren etxean baino... zer esanik ez! Nik hala uste behintzat, ezta? (Gehiegi estutu duela konturatuz gaia aldatuko du) Tori beste pixka bat. (Txantxetan) Pixka-pixka bat! Ttantta bat!

 

Tragoxka bat hartu eta zer esan jakin gabe geratuko dira. joantxok egoera eroso bat lortu nahi duela antzemango da, eta julio oso gustora ez dagoela ere igerriko da.

 

JOANTXO: (Normaltasunez) Orain gutxi, izeba Anttoni etorri da hona, Edurne eta biok berriketan ari ginela. Herentziaren zerbaitekin hasi zaigu, ez dakit zer nahi zuen, baina niri gauza horiek... badakizu ez zaizkidala batere gustatzen.

JULIO: Ezta niri ere.

JOANTXO: Eta zer dago ba, istiluren bat? Izan ere, lehentxeago Aliziari gastuetarako edo diru bat jarri beharko genukeela aipatu besterik ez diot egin, eta sekulako muturra jarri dit. Ez dakit, gu ezertaz enteratzen ez garenez, akaso... zerbait gertatzen da, eta ni nire borondaterik hoberenarekin laguntzeagatik ari naiz, eta igual sekulako hanka sartzea egin dut.

JULIO: Kia, gizona! Ez da hori izango, nik behintzat ez dakit ezer, eta ez jakitea hobe gainera. Aliziari gainera, badakizu ez zaizkiola gauzak gehiegi kontatzea gustatzen. Uf, sekulakoa harrapatzen ari naiz.

 

juliok bere esaldia bukatu aurretik, egongelara doan atetik edurne eta izeba anttoni sartuko dira, edurne erdi negarrez, dator, eta izeba kontsolatzen ari zaio.

 

IZEBA: Lasai, maitea, lasai. Ez zenuke amaren aurrean negarrik egin behar.

JOANTXO: Baina ez da ezertaz konturatzen eta.

IZEBA: Zer ote dakizu? Eta hala balitz ere... (Alde egin dezatenaren keinua egingo die) Zoazte, mesedez, egongelan dauden guztiei kasu pixka bat egitera.

 

joantxo gogo txarrez jaikiko da, eta badoanean juliori laguntzeko keinua egingo dio. juliok, ordea, buruarekin ezezkoa erantzungo dio.

 

JULIO: Segi, segi, nik ez dut nire burua oso ondo aurkitzen eta.

JOANTXO: Zuk bai, zuk beti baduzu aitzakia! (Buruarekin ezezkoa eginez alde egingo du)

JULIO: Ze tonbolatan tokatu zitzaizun “txoilo” hau? (Alde egin duen joantxori buruz) Jode, orain elkartean sartu nahi nau. Zerbait nahiko du nigandik, seguru...

IZEBA: Ez ezazu horrelakorik esan.

JULIO: Orain arte ez zidan ia hitz egiten eta. Eta bat-batean... lagun minak! A zer mauka!

 

edurneren negar korapiloa gehituz joango da. izebak pakean uzteko adieraziko dio juliori eta izebak egiten dio keinua harrapatuz juliok izeba heldu, eta mimoak egiten hasiko zaio.

 

JULIO: Eskerrak zu zaitugun, izeba, zu zara famili honetako normal bakarra. (Musu emango dio) Ze gu...

IZEBA: Tira, Julio, ez daukat gaur umorerik, ez dago egoera txantxetarako. Hobe zenuke amaren ondora joango bazina. Gainera, orain izeba maitea deitzen didazue, baina... zuekin hitz egin beharra daukat.

JULIO: Ui... ze beldurra!!! Zer? Herentziarekin ez zara ba hasiko, ezta?

IZEBA: Bai hasi eta baita bukatu ere. Alizia etorri orduko, eseri eta zuekin hitz egin beharra dut, oso serio gainera. Gauzak garbi utzi nahi ditut (izebari hau esatea asko kosta izan zaio). Baina hiruekin.

EDURNE: Izeba, lehen ere esan dizut, guk ez dugu zurekin ezer argitu behar. Eta nahikoa triste gaude, gainetik...

JULIO: (Moztuz) Lasai, guk ez dugu zurekin diru kontuetaz eztabaidarik edukiko. Edozeinek esango luke hainbeste dagoenik ere! Zuk, zurea dena hartu, eta guztia behar baduzu ere... hartu dena! Eta etxean zu geratuko zara, noski! Eta ez dago horretaz ezer gehiago hitz egin beharrik.

IZEBA: Bai, baina...

JULIO: Izeba...

IZEBA: (Bere hitzak janez) Ondo da, ondo da, behar bada beste momentu batean...

JULIO: Zerbait jan behar dut. (edurneri) Zure senar horrek ez dakit zer eman didan edateko, baina...

EDURNE: Eta zuk bada ezpada hartu, ezta? Txarrerako bakarrik egiten diozue kasu Joantxori.

JULIO: Txarrerako? Ba al du onik, ala?

EDURNE: Hara, Julio, ez zaitez hasi. Eta nire senarra ez bazaizue gustatzen, gutxienez itxurak egin, eta ondo portatu berarekin, niri ere zuen lagun asko gustatzen ez bazaizkit ere, isildu egiten naiz eta. Besterik ez bada, egin ezazue niregatik.

JULIO: Tira, tira, ez zaitez melodrama egiten hasi.

EDURNE: Eta zu ez zaitez adarra jotzen hasi! Besterik ez dakizu egiten. Fabore bat eskatu dizut, zure bizitza osoan eskatu dizudan fabore bakarra, eta hori betetzeko ere ez al zara gauza? Zure pareko guztiek, muturra kaka barruan murgilduta dutela ikusterakoan zaude lasai, ezta? Orduan bakarrik! Eta beste inorekin sartu ezin duzunez, beti ni txikitu behar nauzu? Ba nik ez dut muturra kaketan, aditu? Lepo hezurreraino naukazue, bai zuk eta baita Aliziak ere. Ezin duzue jasan ni Joantxorekin ondo moldatzea...

JULIO: Ondo moldatu? Noiztik?

IZEBA: Aizue, amarengatik besterik ez bada, ez iezaiozue elkarri errespeturik galdu...

EDURNE: Ez, izeba, ez. Utz iezadazu, izeba, utzi. Behingoagatik gauzak argi eta garbi esango ditut eta, izan ere, asko usteko “jauntxo” hau, gizajo bat besterik ez da, eskaleen menekotasuna duen miserablea. Aspaldian belarrondoko bat jaso behar izan zuen gizajo mimatua, horixe zara!

IZEBA: Ez dut uste honela jarri behar zenukeenik.

EDURNE: Defendatu ezazu zuk ere, bai: “mutil gaixoak ez dezala sufritu...”

JULIO: Guzti hori ez dut uste niri esan behar zenidakeenik, pertsonaz nahastu zarela iruditzen zait.

EDURNE: Ez, ez naiz nahastu, ondo asko dakit zertaz ari naizen. Ederki asko zainduta, babestuta, bizi izan zara zu. Inoiz ez duzu errespontsabilitate izpirik eduki, dena eginda eman izan zaizu, “gizajoa, bestela galdu egingo baita!”, eta ez zara ezertarako gauza, arlote bat horixe zara, laguntzen zaituztenengatik barre egiten besterik ez dakien arlote bat.

JULIO: Tira, tira, tira... ahaztu nazazu!

IZEBA: Isildu denak! Gogor jarriko naiz, eta hemendik aurrera, ama horrela dagoen bitartean eta etxe honen teilatupean, ez zarete elkarren artean liskarrean hasiko. Anai-arrebak zarete eta helduak. Hori uste nuen behintzat, baina umetan jostailu batengatik amorratzen zinetenean bezalaxe zabiltzate. Ez al zaituzte zuen buruak lotsatzen? Ba hemen behintzat, elkarri ondo hitz egingo diozue, haserretu gabe. Eta bestelakorik gertatzen bada, neroni belarrondokoka hasiko naiz, baina bai bati eta bai besteari. Hemendik kanpo egiten duzuena zuen kontua da, niri bost axola, baina hemen horrelakorik ez. Entzun duzue?

 

izebak hitz hauek bukatu baino lehen, edurne erabat minduta, alde egiten hasiko da. izebak ordea, lehen erabilitako tonu erabakiorrean, geldiarazi egingo du.

 

IZEBA: Aditu al didazu, Edurne?

EDURNE: (Une batez isilik egon ondoren, buruarekin baietz egingo du) Amarengana noa.

 

izeba mahaiaren inguruan dagoen aulki batean eseriko da, eskuez burua eutsiz. julio, zegoen lekuan, zer egin jakin gabe geratuko da. Isilune luze bat gertatuko da.

 

JULIO: Ez dabil batere santu, egunetik egunera okerrago dabil gainera. Normala da, etxeko panorama ere hala moduzkoa du eta...

IZEBA: Ez zaitez zure ahizpari buruz gaizki esaka hasi, ez dizuet ezer gehiago entzun nahi. Orain, inoiz baino gehiago, elkarturik egon behar zenukete, eta hor zabiltzate mutur joka. Horretarako arrazoiren bat izango bazenute sikiera... Ziur naiz, haserre ibiltzeko aitzaki sendoagoak etorriko zaizkizuela. Bai, hobe zenukete indarrak ordurako gordetzea.

 

Kalera doan atetik, alizia sartuko da, eskuetan bi plastikozko poltsa ekarriko ditu, kafea, gailetak eta horrelakoekin. Bien mutur beltzak ikusita, zerbait gertatu denaren susmoa hartuko du.

 

ALIZIA: Zer gertatzen da? Amak okerrera egin al du?

JULIO: Ez, berdin dago. Baina animuak berotu egin dira.

ALIZIA: Joantxorekin?

JULIO: Edurnerekin.

 

aliziak juliori hitzik esan gabe, izeba konturatu ez dadin, keinuka, ea eztabaida izeba eta edurneren artean gertatu den galdetuko dio. juliok buruarekin ezetz, berarekin izan dela adieraziko dio.

 

ALIZIA: (Ekarri dituen gauzak bere lekuan jarriz) Zuk zer egin diozu, ba?

JULIO: Nik ezer ez!

ALIZIA: Bai, hori ere sinesten dizut.

IZEBA: Beno, ez zaitezte hasi. Ez duzue gero asko behar sesioan hasteko! Kito!

 

aliziak erosketak sukalde gainean utziko ditu eta izebaren ondoan eseriko da orain. juliok alde egin nahiko luke baina ez daki nola ihes egin.

 

ALIZIA: Tira, izeba, gure arteko haserreak ordu erdi besterik ez du irauten. Ez zenituzke hain serio hartu behar.

IZEBA: Ezin zaituztet horrela ikusi. Zuen ama eta biok, oso ezberdinak ginen, baina beti lagundu diogu elkarri. Beti. Eta zuek? Nondik atera zarete? Hoberena eman dizuegu. Dena. Eta, hara! Amorratuta bizi zarete, ikusezinak diren arazoz itota. Ozpinduta.

ALIZIA: (Txantxetan) Hala suertatzen omen da, hamarkada bat zuzen atera eta hurrengoa... geurea! Desastre hutsa!

IZEBA: (Bere pentsamenduetan jarraituz) Sukalde honetara sartzen naizen bakoitzean, norbait haserre aurkitzen dut. Eta zuen ama dagoen moduan egonik... ez zait inondik inora gustatzen, eta badakit zuen amari ere ez litzaiokeela gustatuko. Horretaz ziur naiz. Gainera orain horrela baldin bazabiltzate, bera falta denean, zer ez ote diozue elkarri esango eta egingo!

ALIZIA: Baina izeba ohituta egon behar zenuke, horrelaxe ibili izan gara beti, eta gero, inork baino gehiago maite dugu elkar. Ezta, laztana? (Txantxetan laztan bat egitera joango zaio)

JULIO: (Purrustaka laztana saihestuko du) Tira, tira... Haize pixka bat hartu beharra daukat. (Kalerako bidea hartuko du)

ALIZIA: Ez ezazu alde egin. Haizea behar baduzu zoaz balkoira, baina geratu etxean. (Tartea) Bada ezpada ere.

 

juliok, zerbait esatearen keinua besterik ez du egingo, hitzik esan gabe ordea, eta oso gogo txarrez gelditu, eta beste alderantz abiatuko da. Irten baino lehen estropezu egingo du itokinagatik erortzen den ura jasotzeko lurrean dagoen ontziarekin.

 

JULIO: Kaka! (Alde egingo du)

IZEBA: Alizia, aspaldidanik nabil zuekin hitz egin beharrean, hirurokin batera hitz egin nahi nuen, baina ez dut momentu aproposik aurkitzen, beraz hobe izango dut banan-banan hitz egitea...

ALIZIA: Seguru etxea eta diruak, eta horrelako kontuak izango dituzula. Guk ordea, ez dugu horretaz zurekin ezer argitu beharrik. Amak, gaixotu aurretik, dena ondo lotuta utzi zuen. Nahiz eta denok diruz larri ibili ez gaude amaren diruaren zain. Ezta etxe hau saltzeko asmotan. Eta nahiz eta gure artean mokoka aritu, horretan hirurok ados gaude. Alde horretatik behintzat, lasai, izeba. Bere gogoa bete, besterik ez da geratzen ez dakit zer kontatu nahi diguzun horretaz gain.

IZEBA: Zuen amak ez zuen gauza handirik zuei uzteko.

ALIZIA: (Irribarrez) Bai, izeba, badakit.

IZEBA: Diru pixka bat banketxean, eta...

ALIZIA: Eta, etxe hau.

IZEBA: Ez. (Isiltasuna) Etxe hau hipotekapean dago.

ALIZIA: (Une batez sinetsi ezinik isilik geratuko da) Zer? (Barrez hasiko da. Eta etenaldi baten ondoren jarraituko du) Hipotekapean, etxe hau? (Sinistu ezinaren irribarrea aterako zaio) Ez da posible.

IZEBA: Ba, hala da, ...

ALIZIA: Itxoin, baina hipoteka, nola? Etxe hau amarena da eta... amak ez zuen diru beharrik, nik dakidala behintzat...

IZEBA: Ez, amak ez. Baina osabari laguntzeagatik egin zuen. Osaba oso larri zebilen, bere negozio horietako batek ez zituen behar bezalako emaitzak jaso, eta hura estali eta aurrera egiteko dirua behar zuen. Urtebeteko kontua zen, edo gutxiago hilabete batzuen gora-behera, hipoteka ordaindu eta dena bere onera etorriko zen. Baina, ezbeharrez osaba uste baino lehenago joan egin zen. Eta nik bakarrik ezin izan diot hipoteka horri aurre egin.

ALIZIA: (Batera eta bestera dabil, entzun duena sinistu ezinik) Baina... nola da posible? ...Etxe hau hipotekatuta? Eta zergatik ez zenuen zure etxea hipotekatu? Zergatik gurea?

IZEBA: Zergatik uste duzu osaba hil zenean zuen amarekin bizitzera etorri nintzela?

ALIZIA: Zuen etxea ere hipotekatuta zegoen?

IZEBA: Bai.

ALIZIA: (Haserretzen hasita) Baina... nola da posible? Zuen etxea hipotekapean edukita, nola sartu zineten amarena ere hipotekatzen? Baina horrek ez dauka ez hanka eta ez buru.

IZEBA: Hilabete batzuetako kontua zen.

ALIZIA: Bai, ikusten dut.

IZEBA: Dena okertu zen, baina berez, osabaren asmoa lehen bai lehen amaren etxearen hipoteka garbitzea zen.

ALIZIA: Eta nolatan ez zeniguten inoiz ezer esan? Ez dut ulertzen? Nolatan ez zigun amak ezer aitatu?

IZEBA: Ba... hasieran berehala konponduko zelako. Berez tramite hutsa zen. Eta gero, osabarena gertatu zenean, ba... ez zintuztegun larritu nahi, eta...

ALIZIA: Ene, larritu!?

IZEBA: Nik zuen amari behin baino gehiagotan esan nion hobe zuela zuekin hitz egitea. Baina berak ezetz. Ez zizuen ezer esan nahi.

ALIZIA: Barkatu izeba, baina ezin dizut sinistu. Ezin dizut sinistu! Ez, ez eta ez!

IZEBA: Sinistu ala ez, paper guztiak hor daude, begiratu itzazu.

ALIZIA: (Bere buruari) Ederra panorama.

IZEBA: Ia.

ALIZIA: (Haserre) Eta orain, zer? E? Zer?

IZEBA: Ba, orain... zuen ama lurperatu orduko, banketxekoak atean izango ditugu. (Larritzen hasiz) Barkatu iezadazue, barkatu... lehenago esan behar nizuen. Nahiz eta zuen amari kontrakoa agindu nion, zuei esan behar nizuen.

ALIZIA: Ba... bai, izeba. Bai! Egia esan, hau ez da momenturik egokiena xentimorik gabe geratu garela jakiteko.

IZEBA: Zuek zentimorik gabe, eta ni... kale gorrian.

ALIZIA: (Gogor) Egia esan behar badizut, oraintxe bertan, bost axola niri, zu kale gorrian ala non arraio geratzen zaren! (Atea zabaldu eta sukaldetik alde egingo du)

 

izeba bakarrik geratuko da, minduta. Argia itzaliko da.