Herio heroi
Oier Guillan
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
Herio heroi
Oier Guillan
Artezblai, 2010
[aurkibidea]

 

4. agerraldia

 

snifst azaldu da hildakoa gurdi batean duelarik. zprist eta gelnst gelaren bazter batean daude elkarri helduta, zain eta urduri.

 

snifst: Hementxe duzue paketea. Sinatu orri hau mesedez. (zpristek sinatzen du) Biok mesedez. (gelnstek ere sinatzen du, baina gogorik gabe)

snifst: Hauxe duzue paketearen currikulum-a:

            Ilea.— gutxi.

            Pisua.— eztabaidaezina.

            Tatuajeak.— bost.

            Azazkalak.— bi zentimetroko zikintasuna.

            Azken janaria.— odolkia tipula eta piper gorriekin.

gelnst: Kaka zaharra!

snifst: (Haserre begiratzen dio, eta irakurtzen jarraitzen du) Hil aurreko azken keinua...

zprist: (Ahapeka) Ez dadila izan larrua jotzen zegoenekoa...!

snifst: Definiezina.

 

zprist eta gelnsten harridura.

 

gelnst: Nola?

zprist: Definiezina?

snifst: Bai, definiezina. Ez dago katalogatua azken keinu hau...

 

Buelta ematen dio gurdiari.

 

gelnst: Hara!

zprist: O!

snifst: Ez da oso atsegina ezta?

gelnst: Tira...

zprist: Ez dakit, begiak erdi itxita begiratuz gero... ez dago horren gaizki...

gelnst: Ezin da aldatu?

snifst: Baina zer ari zara esaten! Lege homeopatikoarekin txantxarik ez gero! Ezin da aldatu! Hori bai, plus bat ordaintzen baduzue garantia ere badu, hildakoarentzat ile apaindegi zerbitzua opari.

gelnst: Ezta pentsatu ere! Hogeita hamar urte ikusi gabe egon eta gero apaintzera eraman behar al dugu ba!

zprist: Gelnst, bizarra luzatzen uzten badiogu badakigu armiarmek non jarriko duten sarea, eta jakin ere badakizu gustukoa dudala etxea garbi edukitzea! Bestela ere badugu nahiko lan hautsa kentzen, pentsa zahia ateratzen hasten bazaio!

 

hildakoari so gelditzen dira, pentsakor.

 

gelnst: Aurpegi hori...

gelnst: Hori.

snifst: Zalantzarik gabe, bai.

zprist: Zalantzarik gabe, zer?

snifst: Zalantzarik gabe hori, hau da, diot, zera, horia dagoela.

zprist: Bai, hori esango nuke nik.

gelnst: Hori bai, falta zitzaiguna, hori!

snifst: Kolorearekin ez, baina keinuarekin egin genezake zerbait.

gelnst: Zer?

snifst: Ni masajista psikologikoa naiz.

zprist: Zer da hori? Terapia berri bat? Nik nahi dut...!

snifst: Aurpegian masajeak emanez jendearen keinuak aldatzea lortzen dut.

zprist: (gelnsteri begira) Baita bizirik daudenei ere?

gelnst: Aizu...!

snifst: Hilik daudenei.

zprist: Saia gaitezen.

gelnst: Baina... zoratu al zara?!

snifst: Et-et-et! Bortizkeria da hori? Isuna jarriko dizut!

zprist: Ez-ez-ez... zoratu al zara... zera... maitasunez diot... noski.

snifst: Tira ba, ekin diezaiogun lanari.

 

snifst hildakoaren aurrean jartzen da publikoari bizkarra emanez eta lanean sumatzen dugu. Buelta emango du hiru-lau aldiz, hildakoaren aurpegi keinu ezberdinak erakutsiz bi anaiei. Laugarrenean edo gustura geldituko dira harekin.

 

zprist: Nigatik hau ondo dago. Zuri zer iruditzen zaizu Gelnst?

gelnst: Bai... tira... ez badago besterik... nik zera esango nuke...

zprist: Zer?

gelnst: Zerbaiten antza hartzen diot nik ba...

snifst: Hara! Konturatu zara!

zprist: Zerbaiten antza... ez dakit nik...

gelnst: Zerbaiten edo norbaiten...

 

zpristek hildakoaren keinu berdina jarri duela ikusten dugu, eta gelnstek zeharka begiratzen duela.

 

snifst: Nik esango dizuet zeren edo noren antza duen, are gehiago, nik esango dizuet! Harro nago eta, egindako lanarekin!

gelnst: Esan ezazu, bada.

snifst: Demokraziaren aurpegiera jarri diot, hau da, alegia, demokratikoki hil den pertsona baten keinua, are gehiago, nik esango nuke ezbairik gabe, zera, hau da, alegia, demokrazian demokratikoki hil den pertsona baten keinu eztabaidaezina dela.

gelnst: (Etsiturik) Hau da hau...

zprist: O... bai! Baina... heriotza demokratikoa ote da?

snifst: Heriotza da mundu demokratikoan gauzarik demokratikoena!

gelnst: (Maltzurki) Hara... bai? Denok hiltzen gara baldintza berdinetan? xx. mendean heriotza gauzarik antidemokratikoena zen. Heriotza ez zen denontzat berdina. Gogoratu gosea, emakumeen kontrako bortxakeria, lan istripuak, polizia komisarietako torturak, lehergailuak...

snifst: Iraganeko kontuak denak! Nik zera esango nuke, esango dudanez, egun modu baketsuan hiltzen garela denok, hau da, diot, bakeak hiltzen gaituela!

zprist: Bakea? Ba... kea ateratzen zaio honi!

snifst: (hildakoari ahoa ireki eta hatzak barruan sartuz) Hara, zigarroa ondo itzali nuelakoan nengoen, hau da, tira, esan nahi nuke...

gelnst: Bai, bai, ulertu dut...

zprist: Bakeari kea, bakea sutan ote dago barrutik...

snifst: Txingarrak asko jota. Zailak dira horiek itzaltzen...