St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

BIGARREN JOKALDIA

 

(Argiak piztutzean jarlekuaz gain mahain luze eta baju bat ageri da eszenan, soldaduak sartzen dira eta beraiekin ama eta laurence. emakume biak kataiatuak dituzte eskuak).

 

AMA: Non gaude? Zergatik ekarri gaituzute hunat?

SOLDADU BAT: St. Peeko gazteluan zaudete eta zuek badakizute zergatik hartu zaituztegun preso.

LAURENCE: Guk ez dakigu zergatik gauden hemen. Guk ez dugu ezer txarrik egin.

 

(soldaduek farre egiten dute).

 

AMA: Zergatik egiten duzute farre. Nire alaba eta ni, jende hondratuak gara. Baionako familiarik ezagunenetakoa da geurea. Jende prinzipala gara gu. Ni Hauranneko Agnes naiz Duvergier jaunaren emaztea.

SOLDADU BAT: Sorginak zaretelako zaudete hemen.

LAURENCE-AMA: Sorginak gu?

 

(Isilunea).

 

            Hemen erruren bat dago. Hori ez daiteke.

SOLDADU BAT: Beno guk ez dakigu ezer, hori Lancre jaunaren gauza da. Guztitara ere, errugabeak zaretela beharko duzute frogatu.

 

(soldadu bat irtetzen da).

 

LAURENCE: Baina nolatan frogatu gezurra dena!

LANCRE: Sorginak zaretenez deabruaren marka duzute. Aski dugu marka hori aurkitzea zuen benetako izaera frogatzeko. Begian ez bada gorputzean izanen duzute marka.

AMA: Baina zein marka?

LANCRE: Deabruarena. Badakigu deabruak bere marka ezartzen duen tokia sentikabea bilakatzen dela. Marka horretan nahiz eta orratzarik zorrotzena sartu, ez duzute sorginak ezer sentitzen. Erraza da beraz. Haurren joko bat dirudi.

 

(soldadua eta murgi sartzen dira).

 

LANCRE: Hauek al dira Hauranneko Andrea eta bere alaba Laurence Akelarrean zuk ikusiak?

 

(Isilunea. murgik duda egiten du. Beldur da. Bere begirada lancrerengandik emakumeengana doa uzkur).

 

LANCRE: Hitzegin beldurrik gabe. Sorginak badira eta hori berehala frogatuko dugu, ez dira hemendik bizirik aterako.

MURGI: Bai, Lancre jauna. Hauranneko Andrea eta bere alaba Laurence, aurrean ditudan bi emakume hauek Akelarrean ikusi nituen. Neska honek dioena gezurra hutsa da. Gu ez gara sorginak. Kristauak gara eta onak gainera. Seme bat ere badut. Jean izena duena. Baionako katedraleko kalongea da bera. Galde iezaiozute Etxauz Baionako apezpiku jaunari. Gu kristauak gara. Betidaniko kristauak.

LANCRE: (Koleriko) Eta zer axola zait neri seme kalonge bat. Lapurdiko hogeitazazpi parrokietan ez dago apez bat ere susmagarri ez denik. Apezak berak dira okerrenak. Aski dugu hitz alferrez. (soldaduei) Ekin dezagun.

 

(soldadu bakoitzak emakume bat presatzen du bere besoaz).

 

LANCRE: Murgi! Begira beren begietan.

MURGI: Bai Lancre jauna.

 

(murgik kandela bat piztutzen du eta berau eskuetan harturik amari eta gero laurenceri arretaz miatzen dizkie begiak. Minuturen bat iraun dezake azterketa honek. lancre jarlekuan jarri da eta handik jarraitzen du guztia).

 

MURGI: (lancreri) Ez dut ezer nabari. Begietan behintzat ez dute markarik. Gorputzean izanen dute.

LANCRE: Oraindik garaia duzute aitortzeko.

AMA: Ez dugu ezer aitortzekorik. Ez gara sorginak.

LANCRE: (laurenceri) Umilduko zara laister. (soldaduei) Alabarekin hasiko gara. Eraman dezazutela atso zahar hori. Sar dezazutela zulorik beltzenean.

 

(soldaduak ama daramate. Hauranneko andrea negarrez hasi da eta arrastaka ateratzen dute bi soldaduen artean).

 

LAURENCE: (Negar zotinka) Ama!

LANCRE: (laurenceri) Isilik zu! Hurbil zaitez!

 

(Isilunea. lancrek goitik behera begiratzen dio laurenceri. murgi eszenaren albo batetan dago).

 

LANCRE: (murgiri) Murgi, ekarri zure orratza!

 

(murgi ateratzen da. laurencek ihes egin nahi du eta aterantz presaka hasten denean handik datozten soldaduekin egiten du topo. Hauek, bortxaz dakarte ostera lancreren aurrera. murgi sartzen da eskuan orratz luze eta fin bat ekarriaz).

 

LANCRE: (laurenceri) Biluztu zaitez!

LAURENCE: Zer?

LANCRE: Biluzteko esan dizut! Edo Akelarrean bakarrik egiten duzu hori.

 

(Negarrez hasten da laurence. Soldaduak, sorbaldan kataiaturik dituen eskuak askatzen dizkiote laurenceri. Besoak libre dituenean berarekin estali nahi luke gorputza, baina soldaduak besoetatik hartzen dute).

 

LANCRE: Etzan mahain gainean!

 

(soldaduak mahain gainean etzaten dute laurence, hankaz eta besoz mahainari lotuaz. Argia guttitzen da).

 

LANCRE: Biluzik!

 

(Erropak puskatzen dizkiote soldaduek).

 

LANCRE: Has gaitezen Murgi. (soldaduei) Kanpora zuek eta ez dedila inor sar.

 

(soldaduak irtetzen dira. Bitartean murgik orratza kandelaren suaz berotzen dihardu).

 

MURGI: Nondik hasiko naiz Lancre jauna?

LANCRE: Hasi bularretatik baina joan astiro, hain gorputz liraina pena litzake bat-batean akabatzea.

 

(lancre bere jaurlekutik altxa eta laurence dagoen tokirantz hurbiltzen da. murgik orratza sartzen du neskaren bularretan eta honek orru egiten du. Iluna).