St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
St. Cyran
Luis Haranburu Altuna
Euskaltzaindia, 1992

 

LAUGARREN JOKALDIA

 

(Argiak piztean jansenio eta st. cyran lanean ari dira. Bata irakurtzen eta idazten beste).

 

JANSENIO: Aizu!... Jean.

ST. CYRAN: (jansenioren hitzetan arreta jarriaz) Esan. Zer duzu?

JANSENIO: Ez dakit nola esan...

 

(jansenio bere tokitik altxa eta paseatzen hasten da antzokiaren zehar).

 

ST. CYRAN: Otoi. Ez ibili jirabiraka. Esaidazu.

JANSENIO: Aspaldidanik ezagutzen gara Jean. Lobainan elkarrekin ihardun genduen ikasketak egiten. Eta orain zure etxean bi urte daramazkit zure kontura bizitzen. Anaiak bezala gara. Ordea bada arazo bat planteatu nahi dizudana

ST. CYRAN: Aurrera. Esan.

JANSENIO: Begira... Batzuetan nolabaiteko bikoiztasuna nabari dut zuregan. Adibidez, hemen ari gara etengabeko lanean Eleizaren eritasuna nola sendatu asmatzen. Gauzak oso garbi dituzu teorian baina zure bizimoduan bada zenbait kontraesan...

 

(st. cyran jarlekua utzirik mahainaren hertz batetan eseritzen da).

 

ST. CYRAN: Ez dakit nora heldu nahi duzun.

JANSENIO: Begira, Jean, zu ez zara apez. Subdiakono zara soilik, baina hala ere Itsasuko erretoretzaren benefizioak eta errentak jasotzen dituzu. Aberatsa zara. Gainera, Baionako katedraleko kalonje zara eta handik ere baduzu etekenik naiz eta kasik inoiz handik ez agertu.

 

(Isilunea. st. cyran zerbait aztoraturik ageri da).

 

ST. CYRAN: Arrazoin duzu... Inoiz pentsatu dut horretaz. Gertatzen dena zera da ordea, gu biok hemen isolaturik jarraitu ahal izateko beharrezkoa dugu dirua eta nahiz nire familia aberatsa izan ez nuke nahi nik inorrentzat zama bat izan. Aske nahi dut izan nire denbora nahi dudan moduan enplegatu ahal izateko... Hala ere arrazoina duzu, Jansenio, eta agian orain ditudan bi erretaetarik bat bederen saldu egin beharko nuke. Behar bada Itsasuko benefizioak salduko ditut. Zer derizkiozu Jansenio?

JANSENIO: Ez zait gaizki iruditzen. Besteengan salatzen duguna geuregan hasi behar dugu osatzen.

ST. CYRAN: Hala ere, Jansenio... (Isilunea) Arrazoina duzu eta zenbaitetan bikoiztasun moduko bat nabari dut nire baitan. Batetik nire xede altuak daude eta bestetik nire izaera arrunta. Etenik bezala nabari dut inoiz nire baita.

JANSENIO: Ulertzen zaitut ongi. Bizitza osoa da tentsio bat. Izan nahi duguna eta garenaren arteko tira-bira bat besterik ez da gure bizia.

ST. CYRAN: Garbi nabari dut Jainkoarekiko desira eta badakit zein deseinu handietara de'itua naizen, baina gizon arrunt bat izatearen karga ere esnaurtzen dut halaber.

JANSENIO: Hori da Jean, Jainkoak deitu dituenak nabari duten larritasuna. Eleiza berari ere beste hainbat gertatzen zaio.

ST. CYRAN: Ez. Eleiza ez dago larriturik. Lozorroan datza eleiza. Duela bi gizaldiaz gero ez dago iadanik eleizarik. Zuk eleiza deitzen duzuna gorpu pozoindu bat baino ez da.

JANSENIO: Agian, Jean... agian.

ST. CYRAN: (Zutik jarriaz eta fier) Horrela da Jansenio ! Hilik datza eleiza. (Ahots altuaz) Guk behar dugu iratzarri. Zuk, nik eta beste zenbait aukeratuak berbiztu behar dugu Erromako Eleiza.

JANSENIO: Ixo, Jean! Ixo! Zuk diozun bezala da baina ez genezake horrelakorik eguzki argitan esan. Zuk eta nik badakigu horrela dela baina ezkutuan egin behar dugu lana gure helburuak kunpli daitezen eta gure xedeak bete.

ST. CYRAN: Duela seirehun urteaz gero eleiza amiltegian behera doa. Trentoko kontzilioak geldi zezakeen erorketa hori, baina okasio eta parada galdu bat baino ez zen izan Trento.

JANSENIO: Jesuiten kulpa da hori.

ST. CYRAN: Egia diozu. Haserako jesuitak eta nire herrikide dudan Loiolako Inazio onik hasi ziren. Moldatu egin ziren. Egokitu. Orain, jesuitak dira Erroman eta Parisen agintzen dutenak. Zu eta ni jesuiten eskuetatik iraganak gara, beren eskoletan ikasi dugu, eta ezagutzen ditugu ongi beren tranpa guztiak. Ministrarien ganbaretan eta Erregeen belarrian aurkitu dute boterea.

JANSENIO: Ministrarien ganbaretan eta Erregeen belarrian aurkitu dute boterea.

 

(Isilunea).

 

ST. CYRAN: Jansenio ...

JANSENIO: Zer?

ST. CYRAN: Nire bikoiztasuna salatu duzu lehen eta arrazoina duzu. Oraintxe bertan Loiolaren salbuespena egin dut Jesuitetaz mintzatzean baina agian... euskaldun guztiak gara bikoitzak. Loiola ere euskalduna zen ni bezala eta bera ere etenik bizi izandu zen berebaitan. “Ad maioren dei gloriam” zen bere lema. Eta xede horren kabuz mundu honetako botereen atzetik aitzinatu zen. Agian Loiola beraren salbuespena ere ez dezaket egin. Loiolaren izaeraren baitan datza Jesuiten joko bikoitzaren arrastoa.