Euriaren esperoan
Xabier Lopez Askasibar
Euriaren esperoan
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
Euriaren esperoan
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
[aurkibidea]

 

III

 

KONTALARIA: Aintzira batean gaude orain, baina aintzira... aintzira beltza da, dena petrolioz zikindutako aintzira. Bai zikina, hau nazka. Begira, Mieltxo korrika dator, ez da oso ohikoa Mielek korrika egitea, baina beti egiten du zerbait lortu nahi duenean, eta azkar gainera.

MIELTXO: (Oihuka.) Uda! Begida! Azkenean! (Motxilatik kantinplora aterako du eta aintzirako urarekin betetzera joango da.) Puf!

KONTALARIA: Zer egiten ari da? Ura usainduko du eta probatzera doanean...

MANUEL: (mieltxo zertan ari den ikusita.) Ez!

MIELTXO: Zed?

MANUEL: Ur hori kutsatuta zagok. Ez duk ikusten? Ez duk usaintzen? Ezin duk edan.

MIELTXO: Ez nauk tontoa, kontudatu nauk, nazkagadia duk. Puf!

KONTALARIA: Manueli bat-batean haizea faltako zaio, bien artean helduko dute asma atakea baitu. Paperezko poltsa batean arnas egin ondoren hobeto sentituko da, baina kristoren sustoa eman die besteei.

MALEN: Ongi al hago?

MANUEL: (maleni.) Baietz uste dinat, Malen. Usain nazkagarri honekin ezin ninan apenas arnasarik egin. (biei.) Eskerrik asko.

MALEN: Ez da ezer.

MIELTXO: Hau sustoa eman diguana, Manuel.

KONTALARIA: Miel eta Manuel txantxetan hasiko dira borrokan, badirudi hobe sentitzen dela Manuel. Malenek bitartean ingurua begiratuko du, harridura eta nazka aurpegiaz.

MALEN: Baina, zer da hau? Ur gardeneko aintzira bat izango zuan garai batean eta orain dena petrolioz gainezka zagok.

MANUEL: (Jolasteari utziz.) Ziur izurritea hemendik pasa dela.

MICHAEL: Bai eta ez!

HIRURAK: E? Nor zara zu?

KONTALARIA: Hara! Aintziraren ertzetik Michael agertu da. Hau ezustekoa hartu dutena denek. Michael ikertzaile ingelesa da, bere bata zuri ingelesarekin eta bere mikroskopio ingelesarekin. Munduko ikertzaileen artean ospe handienetakoa duen ikertzaile ingelesa da. Baina berak aurkeztuko du bere burua. A, Arkansasen jaio zen. Edo hori ez dago Ingalaterran?

MICHAEL: O, good heavens! Ez nauzue ezagutzen? (Harro.) I’m Michael Mcqueen, ikertzailea naiz. Munduko ikertzaileen artean garrantzitsuenetakoa.

MIELTXO: (Kuriositatez.) Ez al zada gadanzizuena? Lastima.

MICHAEL: (Marmarti bere buruari hitz egingo balio bezala.) Jende guztiak esaten du ez naizela garrantzitsuena. Honaino ere iritsi da Mcdonalds ikerlariaren fama. Shit.

MALEN: (Egoeraz ohartuta.) Barkatu, jauna, ez egin kasurik gure lagunari. Nahiko tontoa da.

MIELTXO: E!

MICHAEL: Ez da ezer gertatzen. Agerian da ume moko ezjakina besterik ez dela.

MIELTXO: E!

MALEN: Ixo! Gero hitz egingo diagu! (miel bazter batera joango da haserre.) Jauna, lehen esan dugu ur gardeneko aintzira bat izango zela garai batean.

MANUEL: Eta ziur izurritea hemendik pasa dela.

MALEN: Eta zuk bai eta ez esan duzu?

MICHAEL: Egia da: “Bai eta ez” esan dut. Zientifiko bikaina naiz, ezta?

MALEN: Ze esan nahi zenuen horrekin?

MICHAEL: Oso erraza da. Bai, ur gardeneko aintzira bat izan zen hau garai batean. Eta, ez, hemendik ez da izurriterik pasa.

MANUEL: Eta orduan?

MIELTXO: (Bere bazterretik hizketan hasiko da.) Ziur gizon talde bat hemendik paza dela eta bede bidean ainzira zikindu dutela.

MALEN: Mieltxo!

MICHAEL: Oh, amazing! Zuen laguna ez da horren tontoa. Gizonezkoak ziren, bai, soldaduak, hain zuzen ere. Izurritearen bila joaten ziren suntsitzeko, baina bidean dena deuseztatzen ari dira.

BESTEAK: O!

MICHAEL: Ni hemen ari naiz, ea hau garbitzeko moduren bat dagoen. Zaila izango da, hala ere!

KONTALARIA: O, malkotxo bat isuri du, bat bakarrik, tipoa ingelesa da eta! Baina guztiak hunkitzeko moduko malko ingelesa.

MICHAEL: Baina aintzira maite dut... lana utzi dut hau salbatzeko... (Berriz serio jarriz.) ... Eta zuek? Nora zoazte zuek?

MALEN: Euriaren bila goaz, duela urtebete alde egin zuela gure herritik. Ez zenuen ikusiko?

MICHAEL: Oh, my God! Interesgarria benetan! Baina, hemen ere aspaldi ez duela euririk egin. Hori ikertzen hasiko naiz, aintzira garbitzeko beharrezkoa genuke euri pixka bat. Lan handia benetan!

MANUEL: Joan beharra dugu lagunok.

MALEN: Egia da.

KONTALARIA: Aintziratik arraintxo bat salto egiten ikus daiteke. Salto bat! Bi salto! Michael oso modu ingelesean poztu egin da.

MICHAEL: Wow, ikusi duzue hori? Badago esperantzarik. Egunen batean aintzira hau berriz garbi-garbia egongo da. (Bere buruari serio.) Lan handia egiteko oraindik! Come on, come on!

MALEN: Ziur naiz zure laguntzari esker, berehala izango dela.

KONTALARIA: Malenek musu ematen dio eta agurtu ondoren Manuelekin badoa. Ja, lotsagorritu da Michael.

MIELTXO: (michaeli.) Ez egin kazurik, jendeari. Igual Mcdonals hori zu baino ikerladi gadanzizuagoa izango da. Baina zu perzona hobea zara, ziur naiz.

MALENEN AHOTSA: Mieltxo!

MIELTXO: Joan beharra daukat. Zorte ona aintzirarekin.

MALENEN AHOTSA: miel!

KONTALARIA: Mieltxok ere musu emango dio masailean ikerlariari eta korrika alde egingo du. Hau oraindik gorriago jarriko da.

MICHAEL: (Oihu ingelesa botaz.) Zorte ona euriarekin! (Berekiko.) Eta orain lanera.