Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
Dena da gezurra
Xabier Lopez Askasibar
Booktegi, 2018
[aurkibidea]

Aurkibidea

atarikoak

II

III

IV

V

VI

Aurkibidea

atarikoak

II

III

IV

V

VI

 

I

 

(Eszenatokia ilunpetan dago, pantaila erraldoian proiektatutako pelikula modukoa bakarrik dago ikusgai. Bertan, telebistako imajinak abiadura bizian ikus daitezke; baina, ez dira zehatz-mehatz zentzuzko segida duten irudiak ageri, telebistan egunero gure begien aurrean, azaltzen zaizkigun milaka irudi zorabiagarri horien nahasketa bortitza baizik. Aldi berean, irudiekin bat ez datorren musika karrakari eta errepikakorra entzun daiteke, musika elektronikoren bat izango litzateke egokiena, fabrika baten soinu astuna gogora ekar lezakeena.

Pixkanaka-pixkanaka fluoreszenteen argi hotzak hasiko du taula argitzen, pantailako imajinak desagertuko dira, oihal beteko planoan aurrez aurre azalduko den neskato baten aurpegi erraldoiari lekua uzteko. Hamahiru bat urteko neska pinpirina da, aurpegi atsegina duten horietakoa, baina janzkera eta orrazkera oso bereziak ditu, etorkizuneko garai batekoak dirudite baina arrotzak suertatu gabe. Ezin dugu neskaren ahotsa entzun musikak ozen jarraitzen du eta; hala ere, egiten dituen keinu adierazkorrengatik, badirudi norbaitekin hizketan ari dela. Musikaren bolumena gradualki jaisten joango da, eta hori gertatzearekin batera, argi fluoreszenteek eszenatokia erabat argituko dute eta non gauden ikusi ahal izango da.

julen, gure protagonistaren, logela da. Gela berezia dugu honako hau: ospitalea bezain aseptikoa; ez du apenas dekoraziorik, diseinu bitxiko ohea, aulkia eta mahaia baino ez; kolore zuriz eta metalikoz hornitua dago dena; izarrez betetako estaturen bateko bandera ohe ondoko paretan eskegirik. Hamahiru bat urteko mutikoa ohean etzanda dago alferkerian; zuri eta metal koloreko kirol arropaz, inguruko espazioarekin bat egiten du kameleoi gisa. Bera da, noski, pantailako neskarekin hizketan ari dena, horretarako buruari atxikita kamara ia ikusezina du bere aurpegira bideratua, neskak julenen aurpegia ikus dezan.

Gela osoa esfera erdi baten barruan kokatuta dago, erabat gardena; alabaina, ez du kalera ematen eta erabat isolatua dago. Oraintxe ohar gaitezke, imajinatzen genuen pantaila ez dela existitzen, irudiak kristal moduko pareta obalatu horietan islatzen direlarik. gazteak hizketan baino, eztabaida sutsuan ari dira.)

 

MADDI: Esna hadi, txotxolo hori, tontotuta al hago? Ez al haiz konturatu oraindik? Joko birtualaren azkeneko fasean akats mordoa zagok, bai? Ulertu al duk? (mutikoak bere burugogorkerian kasu handirik egiten ez dionez, hasperen egingo du eta bere buruari hitz eginez.) Ez zakiat nik ba. (juleni adiskidetsu azaltzen saiatu nahian.) Entzun, Julen, beharrezkoa duk jokoaren hutsune horiek salbatzea. Ze, ezin duk irabazi androideen mugimendu motelengatik. Barraskiloak ziruditek!

JULEN: Dorpea haiz eta ez dakin erabiltzen.

MADDI: Bai, zera! Egoskorra haiz gero, e! (juleni koipea emanez.) Bideojokoen istorioa originala duk, bai... titaniozko androideak Marte konkistatu nahian, tope, txo, ez duk nolanahiko abentura, ez. (maddi sasijakintsua izango da bere hainbat esalditan.) O, benetan bitxia! Jokalariak txunditzeko moduko denbora-pasa. Klasikoa baina berritzailea aldi berean, nahiko “vintage” edo.

JULEN: A ze pasada, bai, ezta?

MADDI: (Diplomatiko.) Dena dela, onartu beharko, gauza asko hobetzeke daudela: koloreak motelegiak dituk; jokoaren maila bakoitzeko usain ezberdinak ez dituk ongi antzematen; ezinezkoa duk pantaila barruan jokatu, eta horrela puntuak galtzen ditiagu beste proiektuekin alderatuta... Gainera, odol isuri etengabe hori nazkagarria duk. Puf! Odola eta odola eta odola alde guztietatik, zipriztintzen duen bakoitzean blai uzten hau, gero ezinezkoa duk arropatik orbainak kentzea. (Nazka aurpegia jarriz.) Gurasoak sutan jartzeko modukoa! Bai? (julenekin atsegin izan nahian.) Sarean salgai jarri aurretik nire moldaketak begiratu, mese, mese... (Emozioaz hitz egiten hasiko da.) Grafiko berrituak ditiat, pasada txo, ze 3 dimentsioak zaharkituak geratu dituk eta...

JULEN: (Eten egingo du, maddiren ahotsa imitatuz.) “Bai, grafikoak, moldaketak, isuria, orbainak... Mese, mese...”. Pedante hutsa haiz!

MADDI: (Haserre eta harritua era berean.) Pedantea, ni? Pedantea, ni? Bai zera! Baina, baina, ba al dakik zer esan nahi duen hitz horrek?

JULEN: Ideiarik ez, telebistan entzun ninan.

MADDI: A! Esaten nian ba nik... babalorea.

JULEN: (Burlati.) Hik azalduko al didan mooa?

MADDI: (Erdeinu keinuaz.) Baita zera ere, ez diat hirekin denborarik galduko. (Lasaitu nahian, julenekin helduen arteko elkarrizketa bat izaten saiatuko da.) Begira, txo, bion artean lana egin eta nota hobea lor zezakeagu klaseko proiektuan. Esan, ez al huen proiektu onenaren saria irabazi nahi? Ez al huen eskolako ospetsu eta ezagunena izan nahi? Bion artean lor zezakeagu.

JULEN: Et, et, et... ez dinat horrelakorik sekula esan. Noiz esan dut nik ba klaseko ospetsuena izan nahi dudanik?

MADDI: Hara, bestea. (Haserre.) Ba, nik bai esan nian. Oraingo honetan nota bikaina lortzen badiat, goi mailako unibertsitate batean sartzeko aukera izango diat. Nire bizitzako ametsa duk Millennium unibertsitatera joatea.

JULEN: Unibertsitatea? Eta zer ikusirik du horrek nirekin?

MADDI: (Marmarrean.) Gure adinean puntuazio gorenenak lortzeko, taldeka egindako lana izan behar dik. Banakakoek ez ditek apenas kontatzen... orain duk aukera, bestela 18 urte bete arte itxaron beharko diat. Jende arruntarekin batera. (Bere golkorako.) Ez diat ulertzen, gaur egun ez dik inork taldeka lan egiten, eta hori eskatzea ere.

JULEN: (Berekiko.) Jende arrunta... (Harriduraz ahoa zabal-zabalik duela.) A, gibelandi halakoa! Jokoa hiretzat nahi dun, e? Argi zagon dena, orain ulertzen dinat, benetan maltzurra haiz... (Tragiko jarriz, ahotsa nabarmen aldatuko du eta imintzioka hasiko da txantxetan.) Neure ideia bikainak erabili nahi ditun kurtsoa gainditzeko... O! ... goi mailako unibertsitate batean sartzeko... O! O! ... eskolako ospetsuena izateko... manipulazioaren menpe bizi naun... emakume baten

MADDI: Etzak txotxolokeriarik esan, babo halakoa! Akats horiekin ikasgaia gaindituko duala uste al duk? Jai daukak!

JULEN: Baboa, e? (maddi haserretu nahian.) Ba, hi txolina, marijakintsu, “printzesita”. (Bat-batean, erreka baten ur jarioa entzun daiteke, logelan bertan ur-jauzia balego bezala. maddik errieta egin behar dionean julenek geldiarazi egingo du.) A! Barkatu, Maddi, utzi egin behar haut. Deika ari zaizkidan.

MADDI: Hau kasualidadea! Justu orain! Ez dakik hik ezer... (Atseginago, zirikatzea haien eguneroko jolasa izango balitz bezala.) Ados, kontuan izan esandakoa eta hitz egingo diagu. Aio, txotxolo.

JULEN: Bai, aio, printzesa.

MADDI: Emango diat bat...

JULEN: Aio pelaio! itzali.

 

(julenen barreen artean maddiren irudia desagertu egingo da, pantailako argia itzaliz. julenek kamara deskonektatu egingo du, baina mikrofono txikia aho ondoan erantsita mantenduko du. Aparatu teknologikoak bere gorputz atalen parte dira, ciborg baten moduan. Dena dela, agertzen diren aparatuak ez dira une horretan dagoen puntapuntako teknologia, egunerokotasunean bizitzan normaltasunez maneiatzen direnak baizik.)

 

JULEN: (Ozen.) ama.

 

(Erreka soinua eten egin da eta logelan zerutik eroritako argi irreala ageri da, batbatean argi horren barruan amaren holograma antzeman daiteke; julenek ama ikus dezake, baina amak bera ez. Hala eta guztiz ere, julen ohetik jaiki egingo da eta ilea eskuaz orraztuko du, ia oharkabean, amaren errietaren beldur edo.

amak exekutibo arropa dotorea darama, baina azken modako jantzian; nahiko “kursia” da bere hitz egiteko modua eta, bere jarrera ikusita, patxaran pare bat hartu dituela ematen du. Telefono aparatuak ez ditugu ikusiko, garai honetan gorputzarekin bat egin dutelako dagoeneko teknologia guztiek.)

 

JULEN: Kaixo, ama.

AMA: Julentxo, maitea. Zer moduz dena?

JULEN: Hementxe.

AMA: Non zaude orain, txiki? (Miopea balitz bezala begiak ireki eta itxiz.) Zein arraro, ezin zaitut ongi ikusi. Ai ene, ez ote nintzen itsutuko? (Gehiegikerian hasiko dela.) Ai, zergatik niri? Zergatik niri?

JULEN: (Pazientziaz.) Ama... zure telefonoa modelo zaharra da, ezin nauzu ikusi, ez du funtzio hori instalatua.

AMA: (Alai.) A, egia da. Ez nuen gogoratzen! Berria erosi beharko dut.

JULEN: Ama... aspaldi erosi zenuen, baina oraindik ez duzu estreinatu. Tramankulu berrien gelan dago. (Bere buruari.) Beste hainbat tramankulu eta traste bezalaxe, kotoizko hodei artifizialak sortzeko makina eta amaierarik ez duen eskailera eramangarriarekin batera egongo da.

AMA: (Azken esaldia entzun ez duela.) A, bai? Bai, bai... hori ere egia da, aspaldi erosi nuen. (Barre egingo du.) Bueno, ba orduan... (Eskua begien gainean jarriko du, bisera moduan, urrutira begiratuko balu bezala.) ... non zaudeee... eoooo... non zaudeee... maiteaaa?

JULEN: (Asper-asper eginda.) Logelan, oheratzear.

AMA: (Normaltasunera bueltatuz.) Ongi da, potxoli. Barkatu, maitea, berandutu egin zaigu gaur ere. Hau aztoramena! Kar, kar, kar! Afaltzen geratu behar izan dut laneko nagusiekin, badakizu nolakoak diren enpresari berritsu hauek. Beti txutxumutxuka! Beti kuxkuxeatzen! Kar, kar, kar! Zelako txisteak kontatzen dituzten! Kar, kar, kar! Zer esaten dio arrain batek beste bati?

            (Ahoaz arrainek egiten duten keinua egingo du komikoki eta barrez lehertzen hasiko da.) Beste bat, beste bat kontatuko dizut. Zergatik dute ipurdian zuloa txerriek? Zuloa bizkarrean izango balute itsulapikoak izango liratekeelako. Ulertu al duzu? Kar, kar, kar!

            (Gehiegizko keinuak eginez.)

            Zuloa... txerria... itsulapikoa... Kar, kar, kar!

            (Inork erantzuten ez duela ikusita, bere ingurura begiratzen hasiko da; despistatuta ez daki non dagoen eta azkenean aztoratuta bere buruarekin izutuko da.) ai! (semearekin hizketan ari dela gogoratuko du bat-batean. Lasaitu ondoren, serioago jarriz.) Zerbait afalduko zenuen ala, zerutxo?

JULEN: Bai, hozkailuan bazegoen zerbait eta hura berotu dut.

AMA: Ongi da, aingerutxo, oi, oi, oi, maitea, zein guapoa den nire semetxoa, munduko semerik guapoena.

JULEN: (Bere buruari, haserre.) Baina ezin nau ikusi eta. (Ilea berriz amorruz endredatzen du, amarekin haserre.)

AMA: (Ezertaz ohartu gabe.) Eta etxeko lanak?

JULEN: Denak eginda. Mateko eragiketak zailak ziren... irakasleari galdetu beharko diot... ez dakit zuzen bukatu ditudan baina...

AMA: (Kasu handirik egiten ari ez zaiola agerian utziko du; izan ere, ispilu txiki batean bere burua begiratzen duen bitartean hitz egiten hasiko da, azken finean, makillajea eta orrazkera behar bezala dituela begiratzeaz arduratuagoa baitago, bere semearekin hitz egiteaz baino.) Bai, bai. Hobe duzu ulertzen ez dituzun fisikako ariketa horiek irakasleari galdetzea, bai.

JULEN: Baina ama, fisikakoak ez...

AMA: (semearen hitzak etenez.) Bai, bai, fisikakoak... (Ispilu gorde ondoren, erlojua begiratuko du.) Ai, utzi egin behar zaitut, polita. Komunera joateko aitzakiarekin altxatu naiz mahaitik eta txiza gainean egin dudala usteko dute dagoeneko. (ama barrezka hasi da, barre txolinaz, baina bera bakarrik ari dela konturatzean, utzi egin dio barre egiteari. Apur bat aztoratuta.) Beno... e... ez dut uste oso berandu bueltatuko naizenik, deskantsatu, bai maitea? Agur.

JULEN: Ama.

AMA: Bai, maitea?

JULEN: Eta, aita?

AMA: (Eguraldiaren iragarpena egiten egongo balitz bezala, mapa ikusezin batean gora eta behera Shangai seinalatuz.) Ai, laztana, laztantxo, badakizu Shangain dagoela, ezta? Eta Shan-ga-i, hemendik oso urruti kokatuta dago...

JULEN: (amaren txorakeriei muzin eginez.) Ama, bai, jakina... badakit Shangain dagoela... nola ez dut jakingo ba... baina, noiz itzuliko da?

AMA: (julenek xelebrekeriaren bat esan izan balu bezala.) Ui, ui, ui, ui... auskalo... ui, ui, ui, ui... negozio ugari ditu han, badakizu. Zure aita enpresari garrantzitsua da! sona handiko gizona! Kar, kar, kar! (Horrenbeste barre egin eta gero eztulka hasiko da eta ia itoko da; dibertigarria izango da ikuslearentzat bere mugimenduak eta jartzen dituen gehiegizko aurpegiak, julenentzat ez bezala.) Ai, ai! Ene ama maitea! Itotzear egon naiz ia! Heriotzatik gertu!

            Zure aita... bai, bai... zure aita hurrengo hilabeterako hemen izango dela uste dut... ez badu lehenago New Yorketik pasa behar, noski. (Supituki zerbait bururatuko zaio eta askatasunaren estatuaren itxura hartuko du.) Nor naiz? Nor naiz? (Bere semeak erantzuten ez duela ikusita.) Benga, asmatu, asmatu.

 

(semea galdetu diona bat-batean gogoratuz.)

 

JULEN: Jo, ez dakidala, ama.

AMA: Begiratu ongi, oso argi dago. (Seinalatuz begi-bistakoa dena ageriago utziz.) Saia zaitez, oso erraza da eta!

JULEN: (Hasperen eginez.) Askatasunaren estatua?

AMA: Bai! (Txalo txiki eta azkarrak emanez saltoka hasiko da pozaren pozez.) Ongi, ongi, asmatu duzu! (Argi irrealaren barruan jira eta bira hasiko da, besoak igotzen eta jaisten dituela.) Nire semetxoa azkarrena da! Nire semetxoa azkarrena da! (Telebistako aurkezle baten ahotsa jarriz mikrofono ikusezina eskuetan duela.) Eta gure gaurko irabazlea: (Danbor hotsa eginez.) Julen da. Pozik al zaude?

JULEN: (Zer esan ez dakiela.) Bai?

AMA: (Bere irudimenean soilik existitzen den ikusleria xaxatuz, neurriz gaineko mugimenduak egiten hasiko da.)

            txaloak, txaloak. Oe, oe, oe, oe... (Bere onera etorriz, nahiko despistatua.) Zeri buruz ari ginen hizketan?

JULEN: (Nazka-nazka eginda.) Aitaz.

AMA: A, egia da! Zure aita horren lanpetuta dabil! Hots egingo diot, nahi baduzu. (Bere poltsikoak arakatzen hasiko da eta telefonoa topatzen ez duenez urduritu egingo da.) Non utzi dut telefonoa? Ez al zidaten lapurtuko! Jakina. Nola ez? Beti, beti esaten diet jatetxe honetan oso tipo arraroak daudela, baina ez didate kasu zipitzik ere egiten. Azkenean horrelakoak gerta...tu... (Barre tontoaz, aurpegian duen mikroa seinalatuz.) A, zurekin ari naiz! Kar, kar, kar! (Kantatzen hitz egingo du.) Ez didate lapurtu, kar, kar, kar, zurekin ari naiz eta... lapurtu ez... zurekin...

JULEN: (Ezer lortuko ez duelakoan.) Ez, ez, utzi, ez deitu, mesedez. Atzo bere mezua jaso nuen e-postan. Opari izugarria erosi omen dit, igual itzuli aurretik bidaliko du. (Ahopeka.) Gainera zure zain egongo dira mahaian.

AMA: (Bere abesti inprobisatuan galduta zirudien arren, semeak esandakoa entzun duela.) Ui! Arrazoia daukazu! Egia da, bai, komuneko papera agortu egin dela usteko dute eta horregatik ez naizela bueltatu... (Barrezka hasi da berriz ere, baina julenek ez duenez barrerik egiten, isildu egin da.) Beno... e... bihar arte, polita. (Komikoki eskuekin muxuak bidaltzen hasiko da telefonotik, hori egin eta gero, soinekoa berriz dotore jarri eta ama serioaren papera egiten saiatuko da.) Ez badugu gosarian elkar ikusten, zereal guztiak jan itzazu, bai Julentxo? Hartz itxura duten zereal horiek guztiak, bai? Txokolatezko hartzatxo superbitaminadunak.

JULEN: Bai, ama. Agur.

AMA: Agur, bai, bestela zera pentsatuko dute ez banaiz berehala bueltatzen... (Barre egiten hastera doa, baina semea ikusten ez duen arren, nabaritu du berari ez diola grazia izpirik egiten.) Agur, maitea.

JULEN: Agur. itzali. (Azkeneko hitz hau esaten duenean, argia amaren irudiarekin desagertuko da.) (Burlati ama imitatzen.) “Gainean egin dudala usteko dute dagoeneko”. Egia izango balitz sikiera, orduan barre egingo genikek, bai. Beti kontu bera. “Zereal guztiak jan itzazu”. Aspaldi utzi nioan zerealak jateari, kafe kikara erraldoiak hartzen ditiat, (Orro egiten hasiko da.) Sutan jartzen nauten katilukada erraldoiak... baina bera ez duk konturatu ere egin, beti zabilek horren lanpetuta. Buff. (julenek, orain arte konturatu ez bagara ere, kable antzeko batzuk daramatza erantsita eskuetan, eta inolako teklaturik erabili gabe idatz dezake. Hasperen egin eta gero.) egunerokoa. (Kristalezko horman argia piztuko da berriro ere, julenek bere Egunerokoa idatz dezan. Hatzei eragiten dien heinean testua pantailan agertuko da; hala ere, ozen esango ditu bere hitzok, izan ere, dena telefonozko mezuen antzera idatzita egongo da, ) Martxoarn 3a, astarta.

                        EguNroko maita:

                        Gaur oso gun asprgarria izan duk. Gobrnuak astan 2tan zarritako prsntziazko klasak oso astunak egitn zaizkidak: (nahiago nikk dnak txtik jasoko bagnitu. Erosoagoa baduk, bhintzt. Gainra, irakaslk ztitk skolan egon nahi izatn, irttko gogoa nabari zaiek bti. KKnarruak! Bst ikaskidkin egon naitkk, bhintzt. Koadrila 2kaina osatzn diagu: goiztn dnok logura aurpgiz joatn gaituk -_- ta barr gitn diagu horrn kontura :[) ; builaka hastn gaituk glara sartzan ta lkarri kontatzn zioagu zr nolako trsna brria rosi dugun sarean. Baina lagun lagunk z gaituk, agian Maddi _ ta biok bakarrik.

                        Bakik klas barruan ezin ditugula makinak izan, sarrran konfisktzn zizkigutk aparatu lktroniko ghienak, bti bzala. Ikaskid 1ek tlfnaz ikaskta-burua mhatxatu zuentik oso zorrotzak dituk “arazo” honkin. Ze pasada! Alukria galanta! :P Horrgatik ztiat ia ezr eramatn, bidan muska entzutkoa ta ezr gutxi ghiago. Antzinako kontuetara bueltatu nahi izata ere! (Sututa bat-batean ohe gainean zutik jarriko da salto eginez, idazteari utziz segundo batez.) Gu geu gaituk teknologia, gure baitan zaudek! Etorkizuna geure esku zagok! Bai! (Bere buruaz barre egingo du, ondoren lasaituko da eta, ohean eseriz, idazteari ekingo dio berriro.)

                        MatMtkakoa pasa gin duk etxko lankin, ingniaritza aerospaziala ikasi nahi nuela san niontik, bst inori baino arikta ghiago bidaltzn zizkidak niri. Baleki, galdtutakoan, burura torritako aurrnko gauza san niola! Puf! O_o Dantzaria izan nahi nuela san izan banio, egunro luzatz-ariktak gitn egongo ninduan... 1, 2, 1, 2... Eskuekin bhatz puntak ukitu art! Nekea ez da existitzen! Auskl, heldu hauek zoratuta zaudk. @_@

                        Horrz gain, Maddi nahiko astun zabilk 2dojken kontua dla ta, etzakiat zrgtk duen horrnbst intrs klasan 2dalitako proiektuan laguntzko, unibrtsitatkoa aitzakia galanta duk... egia duk bra ni baino trbagoa dela gauza hauetan, baina... ztzioat skula onartuko!

 

(Bat-batean pantailako irudia distortsionatzen hasiko da; julen idazten saiatuko den arren, ez du ezer lortuko, argiak bere intentsitatea galduko du eta fluoreszenteak dirdir etengabean hasiko dira.)

 

JULEN: Zer demontre gertatzen ari da? (Argien dir-dir hori gero eta bortitzagoa izango da, azkenean itzalaldia etortzen den arte.) (julen lasaitasuna galdu gabe, pertsona heldu bat balitz bezala.) Kaka putza, gaur falta genuena! (Aginte tonuan.) emergentziazko argia. (Argi urdin motel batzuk piztuko dira logela osoan, hala ere, logela dezente argituko dutenak. julen ahoan duen mikrofono-telefono berezitik deitzen saiatuko da.) 24 ORDUKO ZERBITZU TEKNIKOA (Seinalearen zain egongo da julen, baina ez du ezer entzungo.) Ze gauza arraroa, honek ere ez dik funtzionatzen. Hau duk marka hau! Etxera etorri naizenean ez zirudian ekaitz elektrikorik zegoenik. (Berriro saiatuz.) 24 ORDUKO ZERBITZU TEKNIKOA (Zain geratuko da baina ez da ezer entzungo.) Alferrik. Ez zakiat zertarako ordaintzen diogun dirutza estatu globalari, gero energiak ez badu behar bezala funtzionatzen. Imajinatzen diat urbanizazioko zaindariak berehala mezu bat bidaliko duela barneko saretik, minutu batzuk barru dena konponduko dela esanez. Hau desastrea! Lotara joan beharko diat ezertan jokatu gabe... karreratan errekorra gainditu gabe gaur. Demontre!

 

(Une horretan burrunba izugarria entzungo da, eta mutikoa altxatu egingo da zarata horiek nondik datozen ikusi nahian. Baina ez dauka batere argi; hori dela eta, izutzen hasiko da. Ez dago ohituta kontrolatzen ez dituen egoeretara, suertatzen diren arazo guztiei patxadatsu aurre egiteko gai izan da beti, txikitatik bere kabuz arazoak konpontzeko ardura izan du.)

 

JULEN: Zer arraio gertatzen da hemen? (Zarataren intentsitateak gora egingo du. julen bere burua lasaitu nahian.) Eskerrak gela hau erabat isolatua dagoen, kanpotik euli bat bera ere sartu ezin dela, bestela... bestela, pastela... kakati hutsa nauk... hiltzaile maltzurra ni akabatzera noiz etorriko den zain dagoen kakontzia. Ulu, ulu, ulu! Otsoa, otsoa datorrela! Azkar, ihes egin txanogorritxo!

 

(Gogorik gabe barre egingo du. Berehala eztanda izugarria entzungo da eta ke artean lurrean zuloa egin dela deskubrituko dugu. julen ohe azpian ezkutatuko da izututa eta belarrian erantsitako telefonoa erabiltzen saiatuko da.)

 

JULEN: polizia. polizia. Ez zabilek, kontxo, benetan behar ditugunean... ez zagok modurik...

 

(Zulotik, ke artean, itzalak eta hotsak sumatuko dira; julen ohe azpitik aterako da uzkur, eta erdi esfera itxi horretan dagoen ate ikusezinera gerturatuko da.)

 

JULEN: ireki.

 

(Baina atea ez da irekiko. Soinuak ozenago bihurtu ahala julenen urduritasuna areagotuz joango da eta paretako material garden hura ukabilekin kolpatzen hasiko da bortizki.)

 

JULEN: ireki. Kakazaharra. Ireki hadi behingoz, kontxo!

ZAHARRA: Alferrik, hautsiezina duk.

 

(Zulo barnetik bi tipo aterako dira, aurpegiak marrazki bizidunetako pertsonaien maskara deigarri batzuez estalita eta arropa zarpailak jantzita. Hitz egiten duenak “Nagusi” itxura edukiko du; izan ere, aginduak berak emango ditu. Gainera, atera den bigarren tipoa baino zaharragoa izango da, eta horrek nabarmen baldintzatuko ditu pertsonaien arteko erlazioak.

julen paretaren kontra zur eta lur geratu da, mugitu ezinik estatua gisa. Horrelako gauzak telebistan bakarrik ikusi ditu, ez zekien benetakoak izan zitezkeenik, biolentzia zeharka pasatzen da bere bizitzatik, gehienetan pantaila atzean.)

 

ZAHARRA: Gabon, mutiko. (gazteari agindua emanez.) Hartu!

 

(gaztea, zalantzati hasieran, segurtasunez joango da gero julenengana. Azken honek, ihes egitekoa egin duen arren, ez du aukerarik izango; izan ere, gazteak berehala harrapatuko du julen, lurraren kontra botaz. gaztea indarrez eusten ari zaio, juleni min ez ematen saiatuko den arren.)

 

ZAHARRA: Lotuzak behingoz.

 

(gazteak gelan aurkitzen dituen kable batzuekin lotuko dizkio juleni hankak eta eskumuturrak; ohe gaineko bandera izardunaz estaliko dio ahoa, julenek oihu egin ez dezan. Nahiz eta julen orain arte paralizatua egon den, une horretan urduri mugitzen hasiko da, bat-batean esnatu izan balitz bezala; ongi lotu dizkiote gorputz-adarrak, ordea, eta apenas arrastaka ibil daiteke. gaztearen atzaparretatik ihes egin nahian dabil, baina gaztea indartsuagoa dela konturatzen denean, ezinean negarrez hasiko da.)

 

GAZTEA: (Jatorra.) Egon hadi geldi, osterantzean zauriak egingo dituk eskumuturretan. (Bere buruari marmarrean.) Beste zerbait ekarri behar genuenn eskuak lotzeko, ezin gara beti inprobisatzen ibili.

ZAHARRA: (Gela trankil-trankil begiratzen ari dela. juleni.) Mukizu, isil hadi. (julenek negar egiteari uzten ez dionez, haserre itxurak egingo ditu.) Kagoen, ume txiki bat dirudik. Isil hadi, dedion! (gazteari aginduz.) Hi, emaiok isiltzeko botika. (gaztea juleni eskuez eusten ari zaiola, badirudi ez dituela bere nagusiaren aginduak ulertu. Orain bai zaharrak haserre hitz egingo dio.) Gorra al hago? Ai, ze pattala haizen! Beti berdin... Ezin diagu denborarik galdu! (Nazkatuta.) Neuk egin behar dena, jo!

 

(zaharra gerturatuko zaie haserre eta mutikoa begiekin lastima transmititzen saiatuko da; ez du zaharra kikilduko baina, julenen beldur aurpegiak. Azkenean mutikoari indar gutxiko ukabilkada emango dio aurpegian, gaztearen harridura keinuaren aurrean. julenek konortea galduko du gaztearen besoetan.)

 

GAZTEA: (julen kontu handiz lurrean utziko du. Haserre ahotsaz zaharrari.) Ez zen beharrezkoa.

ZAHARRA: Agian ez, baina gorroto ditiat ume negartiak. Ai, ez hintzateke horren inuzentea izan behar! Gainera, lasai, suabe-suabe eman zioat. Mengel hutsa! Ez dik markarik izango, konortea galdu besterik ez. Kar, kar, kar!

GAZTEA: Ez zen beharrezkoa, hala ere.

ZAHARRA: En fin, utzi berriketak, lana diagu oraindik.

 

(zaharrak marrazki bizidunetako maskara kenduko du. Horren azpian goizegi zaharkitutako gizon bizarduna agertuko da, garai batean gizartearen eskubideen alde borrokatzen ziren horietakoa. Begitartean keinu zakarra duen arren, behin guapoa izan zela nabari zaio bere aurpegieran. Gela guztia arakatzen hasiko da, alde batetik bestera mugituko da, txakurra gaizkilearen arrastoak usnatzen dabilenean bezala.)

 

ZAHARRA: Etxebizitza hauek gero eta itsusiagoak dituk, gero eta inpertsonalagoa dena. Ez zakiat ziur etxea edo psikiatrikoa den, ero koadrila bat bizitzeko moduko saloi higuingarria duk.

 

(gaztea ohean eseri eta maskara kenduko du hasperen eginez. Maskara atzean julenen adin bertsuko mutiko gaztea dugu, aurpegi tristea du eta bizitza gogorra izan duela antzematen zaio bere keinu apaletan. Baina, hala ere, jatorra dirudi.)

 

GAZTEA: (Bere buruari.) Erosoa da, bai, benetan erosoa.

ZAHARRA: Ez gaituk deskantsatzera etorri, ezin gaituk lo gelditu. Azken finean, ez zakiagu zenbat denbora funtzionatuko duen seinale eta frekuentzia guztiak inhibitzen dituen aparatuak. (Serio antzean.) Por tzierto, heuk programatu huen, ezta? Zenbat denbora, e? Hik jakin beharko huke, ala? Zenbat denbora funtzionatuko du gailu zikin horrek? (gazteak naturaltasunez altxatu ditu sorbaldak, ez dakiela adierazteko. zaharrak ukabilkada emateko besoa altxatuko du, baina barrezka hasiko da azkenean.) Txoratzen egongo dituk urbanizazioko zaindari tentelak, dedion... (Telebistako aurkezlearen ahotsa imitatuz.) “Munduko etxerik inteligenteenak, seguruenak, modernoenak.” Etxebizitza inteligente hauek ez dituk uste bezain perfektuak... eskerrak... eskerrak guretzat. Paretak eta teilatuak hautsiezinak diren arren, zoruak ez ditiztek horren ongi diseinatu, etxean egindako bonba txiki batez erraz suntsi daitezkek. Hik egindakoa, noski. (gazteari keinu atseginez.) Zein azkarra haizen, txikito!

GAZTEA: (zaharra hitz egiten ari zela, lasaitasunez gela arakatzeari ekin dio gazteak, bestearen lausenguei kasu handirik egiten ez diolarik.) Diseinua paregabea da eta, harmonia eta modernotasuna aldi berean uztartzea lortu du diseinatzaileak. Zeinen estruktura ederrak!

ZAHARRA: (Berriz haserre.) Zer arraiotan habil? Entzun, utziok handiusteko tipo horietako batek bezala hitz egiteari, dedion! Kriston nazka ematen duk! Txikito bat besterik ez haiz-eta!

GAZTEA: Horrelako logela bat nahi izan dut beti.

ZAHARRA: Etzak pitokeriarik esan! Hemen dauden tramankulu teknologiko hauetatik, baliotsua dena hartu eta lehenbailehen beste geletara jo behar diagu lur azpian egindako pasabidetik. (Logela arretaz begiratuz, lehenengo aldiz ikusiko balu bezala behatuko du dena.) Egia esan, gauza gutxi ditik agerian... ez, ez, ez... ezer gutxi gurekin eramateko; amaren logelan egongo duk baliozko materiala. Hori espero diat behintzat, bai, bestela... (Berriz baikorra izan nahian, jarrera abegikorraz, gazteari sorbaldan zapladatxoak emango dizkio.) Ideia bikaina izan zuan urbanizazioko bazter ilun horretan kanpatzea, horren lur eremu zabalekin ia ezinezko duk zaindariek inor topatzea. Aberatsak beti bizi izan dituk fantasiaren erreinuan, ametsen paradisuan...

GAZTEA: Bai, egia.

ZAHARRA: (Kopetako izerdi tanta beroak lehortuz.) Hau lan nekosoa, txikito! Etxea hilabete kontrolatzen, hemen bizi direnen ordutegi guztiak aise ikasi ahal izateko, haien mugimendu oro xehetasunez idatziz... A, ze esfortzua! Jo, urbanizazio modernoetan leihorik ez dagoen arren, eskerrak mila aparatu asmatzen dituala, txikito. Nori bururatuko litzaiokek bestela, (ahotsa aldatuz.) “pareten bestaldean gertatzen dena ikusteko gai den aparatua” Bikaina!

GAZTEA: Ez da horrenbesterainoko meritua, komertzializatu gabeko milaka prototipo daude. Ideia ostu eta aldaketatxo batzuk besterik ez dizkiot egin. Sarean denetarik topa daiteke gaur egun, bilatzen jakin behar, besterik ez.

ZAHARRA: Posible duk, bai. (Harroputz, ahoberokeriak esanez hasiko da, benetan meritua berea dela argi utzi nahian.) Argi zagok neuk ongi aukeratu nuela unea, bestela akabo; okasio egokia hautatzea, hori duk garrantzitsuena garaipena lortzeko, mutikoa etxean bakarrik...

GAZTEA: (Bestearen dibagazioak oharkabean etenez bera bakarrik egongo balitz bezala.) Erraza izan da.

ZAHARRA: Zer diok?

 

(zaharra haserretuko zaio meritua kendu nahi diola uste baitu. gaztea, zaharraren aurpegi oldarkorraz ohartu gabe, agenda digitala aterako du eta irakurtzen hasiko da, esku artean duena informe bat izango balitz bezala.)

 

GAZTEA: Ama apenas egoten da etxean, lo egitera oso berandu etortzen da eta goizeko seiak inguruan alde egiten du kafe hutsa hartu eta gero. Etxea kontrolatzen gaudenetik aitarik ez da agertu. Agian ez du izango, auskalo, puntu hori aztertzeke geratzen da. Egunero goizeko bederatzietan, igandeetan izan ezik, noski, ziberneskame partikularra etorri ohi da otorduak prestatzera eta etxea garbitzera, egunero ordu biak inguruan alde eginez. Hamabost egunean behin musika irakaslea eta psikologoa etortzen dira. Ordubetez. Mutikoa astearte eta ostegunetan eskolara goizeko zortzietan abiatzen da eta bostak aldera bueltatzen. Bestela etxean egoten da beti. Bakarrik. Ez du bisitarik izaten. Inoiz ez. (Agenda digitala itxiz eta atera duen barruko poltsikoan gordez, bere buruari esaten dio.) Oso erraza. Errazegia.

ZAHARRA: (Lasaituta gaztearen esaldia ulertu ondoren.) Egia duk, bai, ez zaik arrazoirik falta. Etxe honetan ohiturak nahiko errotuak ditiztek.

 

(Une horretan zarata ozenaz lurra mugitzen hasiko da.)

 

ZAHARRA: Zer duk hau, dena kontrolatua genuela uste nian.

GAZTEA: Eta, hola dela... uste dut. (Beste aparatu txikia poltsikotik atereaz urduri begiratuko du.) Seinale eragozleak funtzionamenduan jarraitzen du, ikusten duzu argi gorria, ezta? Ba, hori da seinale eragozlea, argi gorria. (Botoi batzuk etengabe sakatuz.) Ez dut ulertzen, alarma guztiak itzaliak daude. (Aparatutxoa gordez zalantzati.) Lurrikara izan daiteke?

ZAHARRA: Etzak alukeriarik esan, estatuek aspaldi debekatu zitiztean lurrikarak.

 

(Ezustean lurrean egindako zuloa itxiko da, bien harridurarako.)