Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
Antso Azkarra edo Miramamolilnen esmeralda
Antton Luku
Kutxa Fundazioa, 1997
[aurkibidea]

 

LAUGARREN ZATIA

 

(Tuterako konbentu edo eliza batean gaude. Ezkerrean harrizko pilare bat eskaler bat inguruan. Gaina ez zaio ageri. Zolan belaunikaturik antso ageriko da penitente-jauntzi arrunt batez bezti. Hotzez daldarka dago eta iduriz otoitzetan. javier erdi ilunean hari so. Argia eskuinera joanen da eta erregea ilunean utziko. Agertuko dira bibian, iņigo, aiguebelle, gilhem. javier haietara jinen da.

 

JAVIER: Harenak egin du.

BIBIAN: Hila?

JAVIER: Ez, baina biziaz asea.

GILHEM: Iup, akzione titulu guziak saldu behar ditiat, mutilari erran behar zioat, deflazione ikaragarria izanen dela balore mairuetan.

AIGUEBELLE: Hago hemen, denen beharra izanen diagu. (taldeari) Eritasun bat kontraktatua zukeen, badakizue kolonietan ibiltzen ziren soldado horiek, zer nahi biltzen zuten buņulsa horiekin etzatean.

GILHEM: Honen eskomikatzea segidarendako praktikoago liteke behar bada, infidelekin izan dituen hurbilketengatik.

AIGUEBELLE: Ez duk ideia txarra, nahi baduzue Aita Sainduari...

BIBIAN: Birkonkistaren izen haundiena izanen da.

AIGUEBELLE: Bai gehiegi duk ba Gilhem...

BIBIAN: Navaseko garailea, zaldun izpirituaren joaia, Jainkoaren ezpata. Baina historiak urratsa dagi Nafarroan. Gurutzatua dugu Errege izanen.

IŅIGO: Nor duk hori?

JAVIER: Xanpaņako Teobalto, Zuriņeren semea, Nafarroako legearen arabera.

IŅIGO: Gabatxo kiskil hori Nafarroan, baduk burutik.

JAVIER: Legea duk eta berantegi.

IŅIGO: Ez duk berantegi, har Iruņeko apezpikua eta tanpon bat ipurdian haren amari eta errege bihurtzen duk. Antsoren bastarta duk nahi duguna egiten diagu, ez garea etxen?

BIBIAN: Nafartar egon nahi baduk berantegi duk.

AIGUEBELLE: Eta kasu! Frantzia Xanpaņa erresuma haundia da, biziki pollita ez duzue bisitatu? Berdin laketuko gara. Eta Aita Saindua biziki kontent izanen da. Administrazioa errexten zaio ere

GILHEM: Merkataritzako lehen lehena, muga pasatzeak hobetuak izanen...

BIBIAN: Hi zergatik ez hintzen Frantzian egon? Teobaltok hango legea ekarriko duelarik uste duk iraunen dutela Iruņeko auzo horietan dituzuen hautsi-mautsiek. Forua arraiskiriatu behar duk frantsesa jin aitzin eta harekin kanpoko legea.

 

(pergaminoa eskutan hartzen du)

 

AIGUEBELLE: Aita Sainduak...

 

(denak paper horien inguruan dira saiak bezala)

 

BIBIAN: Javier hire gain duk pitili honek bere coachingarekin Nafarroako legean ezarri nahasketa zuzentzea. Hire baitan konfiantxa badiat. Deabrua izan balitz ere arima salduko baihion Nafarroari. (gilhemi) Hire patxaran botoilen zergak eni dizkidak pagatuko Baionarako bidean. (Pergaminoa hedatu eta ezpataz zati bat mozten dio) Justizia, Aturriko haran guzian, ene! (aiguebellei) Eta itsasotik pasatzen diren beilari guziko doblea pagatuko ditek hemengoek. (aiguebellei potta ematen dio ahoan, bestea ikaran delarik) Buruan har ezak haizen tokian atzemanen haudala eta ezpata hau ukanen duala gerrena. (eta badoa iņigori paperra emanez) Hire partea har’ak.

JAVIER: Bazekiat Agaramonte, hau deabruarekilako ituna dela.

 

(Argia antsoren gana badoa)

 

ANTSO: Zer hotza! Ezin dut ulertu nondik naizen hain hozpera orain, iduri odol guzia aldatu didatela, bizi naizela beste baten odol eta sendimendu-pairamen guziekin. Lorik ez hartzeak ematen duke hori, akidurak, eta ezin mintza: hitzak ez ditu pasatzera uzten zintzurrean dudan borobil lodi horrek, gogor, hamar aldetarik xorrotx, odola joaten (tu egiten du) gorraila... Hotza. Harriak du ematen. Eta besterik ezin jasan, guri diren gauza guziek usteldura. gogoarazten didate eta higuinez orroaz hasten naiz. Hezeegi da hemen. Jainkoak zigortzen nau, haren alde borrokatu naizela...

JAVIER: Jainkoa ala Aita Sainduaren?

ANTSO: Hor haiza Javier? Ez baita berdin?

JAVIER: Erregea eta Nafarroa berak zirena?

ANTSO: Bizi naizeno iduritzen zaidak baietz. Gero Teobalto izanen duk. Ez nauk biziki oroitzen hartaz. Zuriņez bai, neska ona zuan, ene odolekoa duk.

JAVIER: Gelditzen denetik. Erregea ezpata duzu. Harena frantsesa duzu.

ANTSO: Sinpleago izanen duk behar bada populuarentzat, politika han nonbeit egitea eta hemen kulturalagoa, ekonomia gehienbat, banketxe zenbait, fandangoa, besta berri, uno de enero, farandole qui s’envole. Latin kotsia, frantsesa. Ha!

JAVIER: Zer duzu?

ANTSO: Hoztua nauk karroindua. Gauaz, egunaz nire buruan zakurren xanpak, eta gatu basa, horien iduriko pitotx aihartuen ņauka, marraka mehea. Beira karrakatuak bezala zainak airatzen zizkidatek. Hezurretaraino sartzen zaidak humitasun madarikatu hau, iduritzen zaidak, larrua hantzen, horitzen, mardotzen eta usteltzen zaidala. Ustelez blai naizela. Ez dezakeat hau baizik beste beztimenik sofri.

JAVIER: Euria maite zenuen lehen, Baztango bortu berdeen euri gozo haiek.

ANTSO: Ixil hadi! bazekiat! Bizia laburregi duk.

JAVIER: Erregerentzat laburrago.

ANTSO: Iduri zaidak euria entzuten dudala orain. Nahiago nikek elurra egin baleza, ingura banintza geriza garbi batez, hemen harri sano eta garbi honetan. Min diat. Egun guziz erakarria nauk pilare pe honetara, tripa, gibeletik arrano baten aztaparrek tiratua nauk eta erraiak xintxikatzen zizkiat moko-erpez.

JAVIER: Erregeen erantzunkizuna erraldoia duk Santxo.

ANTSO: Toka ari hatzaik hi orai? Hori zidak erraten besteak.

JAVIER: Nork?

ANTSO: Ez zekiat zer den butiga hura... (Erakusten du ilunpean dagon pilare gaina) Gero hemen egoten nauk daldarka, gohainditurik, eta patitzen. Hortxetan, eskaler horren kantonean finkatzen duk, eta morala egiten zidak hegalak pleatuta eta kokotza gora. Erraten zidak Nafarroari behar diodala Navas pagatu

 

(Gainetik dutxan jinen diren fokuek zutabe berdeak eginen dituzte eta hilak agertuko dira)

 

BUFOIA: Irria ahantzi duk Santxo: zuhurren ezpata.

TODA: Jende xeheen bizia ttipi, haundiena labur, heriotza eta usteldura denena.

ARABIAR TTIPIA: (Hatsarreko bera) Uste duk ontsa dela zangartekoak ttipiagoei egitea beren sakelako sosa ebasteko gainera?

 

(Ez du bere gorputza soportatzen eta jeikitzen da)

 

AIXA: Amodioz hire gana Santxo, eta harri zikinezko kaiola batean hire morroi zikinen jostagailu.

ANTSO: Javier, Jainkoa Aixaren jainkoa zena?

MARISANTZ: (Dolu mantalinaz jauntzirik den emaztea)

                        Haltzak ez du bihotzik

                        ez gaztanberak hezurrik

                        ez nian uste erraten ziela

                        Aitunen semeek gezurrik.

ANTSO: Javier ez diat pagatuko egin ez ditudanengatik.

JAVIER: Errege baten erantzunkizunak ikaragarriak dituk Santxo. (beretzat) Jinen dituk hadi, fusilak esku eroan... (antsori) Pagatuko duk Agaramonten geroko krimenentzat ere.

ANTSO: Hoztua nauk, bustidura, karroindua nauk hezur muinaraino.

 

(Erdira badoa eta etzaten da harrizko mahain batean)

 

ANTSO: Ondarrean, irabazi bakarra: Miramamolinen esmeralda?

 

(Argia altxatzen da eta eskalerren gainean gizon potolo gozoa ageri da, aingeruz edo ez)

 

AINGERUA: Javier, ez dik behar bada balio horiek guziak kondatuak izan daitezen. Historia geldi daitekek lehenago. Nafarroak eta Euskal-Herriak geroan ere denen beharra ukanen baitute.

JAVIER: Bai Narbaiz jauna.

 

(biak itzalera sartzen dira berriz. eskultorea sartuko da, antsoren izariak hartuko ditu eta luzeran zabaleran bezala hogeita hamar zentimetro gehiago ezarriko ditu. Dena notatua ukanen duelarik zango gorputzak ezarriko dizkio Orreagako hobian bezala. Joanen da.

Foku batek proiektatuko du Navaseko beiratea kaperako zolara. Aire ahizpen boza altxatuko da jokolari guziak penitente-lagunez sartuko direlarik, fraile arropa, kaputxa eta gurutzea bizkarrean. Txakun taldearen kantua izigarri azkar emanen da.)

 

                        Santxo Azkarra etzana dago

                        Ibaņetako elizan

                        Santxo Azkarra beti hitsago

                        elurtearen gerizan

 

                        Santxo Azkarra gure errege

                        Zer huen bada ekarri

                        Gudu latzetik kanpoko lege

                        zaukutelarik ezarri

                        Ubeltzen doaz minak oraino

                        Nafarroako gainetan

                        Zelai erreak errekak baino

                        Dabiltzalarik zainetan

 

                        Santxo laguna iratzar hadi

                        Begiratzeko geroan.

                        Azkarragoak jein dituk hadi

                        Fusillak esku eroan

                        Santxo kuttuna gero berezi

                        Gintuzten eta apaldu

                        Arbol idorrak mendiak hezi

                        Arranoak merke saldu

 

                        santxo azkarra

                        etzana dago

                        santxo azkarra

                        iratzar hadi

 

                        Santxo azkena dator hegoan

                        Artoak gorri direla

                        Urarekilan has balego han

                        gatzaren lore fidela

                        Santxo Azkarra eresten gau

                        Hormatuaren luzean

                        Hirekin doak aire ezti hau

                        Mugetako gurutzean.

 

                        santxo azkarra

                        etzana dago

                        santxo azkarra

                        iratzar hadi

 

Hitzak: Itxaro Borda