Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 1993
Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 1993
[aurkibidea]

 

3. ekitaldia

 

IDA: (txokoan, gainerakoa ilun) Bueno, ikusi duzue martxan dagoela Garai. Bidean dela Euskadi askatua. Hor ere izango da zer kritikatua, zalantzarik ez, nik ere izan dut neure esperientzia koxkorra, ikusi ahal izan duzuenez. Baina txikikeria guzti horien gainetik, herriaren ilusioa azpimarratu behar da, horrexek erakusten baitu zenbateraino nahi duen Euskal Herriak bere askatasuna, bere buruaren eta geroaren jabe izan. Hala bada, ahantz ditzagun gure errezelo eta kritikatxoak, eta egin dezagun bat, momentu honetan, Garaiko herrian, Euskadi askatuaren etorkizuna eraikitzen ari diren gizaseme saiatu hauekin.

 

(Txokoa ilundu, ezkerraldea argitu eta ikurrinaren pean biribilean eserita—modu informalean baina— ikusi ditzakegu MUTILAK 1, 2, 3, 4— eta EUXEBIO)

 

MU 1: Askatu dugu Garai. Orain zer egin erabaki behar dugu, eta zuek zaretenez nire Gobernua, zeuena da hitza.

MU 2: Lehenengo eta behin, herriaren defentsa prestatzeko, hamazortzi eta berrogei urte bitarteko gizon guztiak erreklutatu behar dira.

EUX: Ez, ez, aurrena, herriko falangista eta karlisten juizioa da.

MU 2: Defentsa!

EUX: Juizioa!

MU 2: Defentsa!

EUX: Juizioa!! (biak gero eta haserreago)

MU 1: (biak lasaitu nahiz) Ixo!! Ikus dezagun lehenik zein den egoera. Herriko karlistak omen direnak Udaletxean dauzkagu preso.

EUX: Sakristaua ez, sakristauak ihes egin digu.

MU 1: Hori ere harrapatuko dugu, nik uste. (MU 2ri) Bideak itxi hituen hik, ezta?

MU 2: B ai, bota nituen txintxetak eta besteak, baina ez dakit aurretik inork ihes egin ote zuen.

EUX: Sakristauak, seguru sakristauak aldegin duela.

MU 1: Ez dakigu. Dena dela, herriko sarreran zaindari batzuk zelatan jartzea izango da onena, badaezpada.

MU 2: Eta soldadutza?

MU 1: Oraingoz hartu gazte batzuk, zaindari egoteko. Berrogei urte arteko guztiak hartzea gehiegi izan liteke.

MU 2: Joan naiteke erreklutak aukeratzera?

MU 1: Hoa, bai, Hoa!

 

(Agur militarra eginez doa MU 2)

 

EUX: Eta juizioa?, juizioa egin behar dugu lehenbailehen.

MU 1: Egin dezagun juizioa ba.

MU 3: Epaiketa.

MU 1: Hori, epaiketa. Zoaz eta ekar itzazu akusatuak.

EUX: Nik bakarrik ezin dut, menderatu egingo naute.

MU 1: Eskatu orduan laguntzaile parea defentsa ministroari.

EUX: Horixe egingo dut. Zu bai gizon handia, ia-ia Agirre adinakoa... (agur militarra egin eta ilunean ezkutatu)

MU 1: Eta zuek, zer asmo duzue?

MU 3: Ba, propaganda oraindik hemen dago eta...

MU 1: Hor egongo duk gero ere. Oraingoz gu geu gara propagandarik onena.

MU 3: Orduan, alfabetatze kanpaina bat nahi nuke antolatu, garaitarrek euskaraz irakurri eta idazten ikas ahal dezaten.

MU 1: Ba al duk materialik?

MU 3: Bai, bai. Motxilan badaukat Axularren Gero bat, eta gero gerokoak.

 

(MU 2 eta ZENBAIT GAZTE igarotzen dira aurretik, makilak, aitzurrak eta enparauak bizkarrean dituztela, trostan)

 

MU 2: Un-dos, un-dos, iskierda-deretxa, iskierda-deretxa...

MU 1: (pasatu eta gero) Horra hor non lanegina. Hoa ba, hoa.

MU 3: B anoa ba (badoala).

MU 1: Eta euskara garbia hitz egin dezatela (ezkutatu da MU 3; zutitu eta boza goratuz) Puru-purua!! (berriz eseri; arnasa sakon hartu eta bota ondoren MU 4ri) Eta hi?

MU 4: Ni?

MU 1: Bai, hi.

MU 4: Zer?

MU 1: Zer asmotan ote haizen.

MU 4: Ba... nik, egia esan... ez dut ekonomi ministroa izan nahi.

MU 1: Ez duala zer?

MU 4: Hori, ekonomi ministro baino, beste edozer nahiago nukeela...

MU 1: Adibidez...

MU 4: Adibidez, festetako antolatzaile, herriarekiko harremanetako arduraduna...

MU 1: Edo tabernetako inspektorea...?

MU 4: Bai, bai: horixe.

MU 1: Horixe, horixe... Burutik beherako bat emango diat nik: horixe. Nork ikasten dik hemen ekonomikas?

MU 4: Nik, baina nota txarrekin.

MU 1: Zer edo zer ikasiko huen hala ere...

MU 4: Eta gainera, gurasoek behartuta hasi nintzen...

MU 1: Zer egingo ziaten ba bestela?

MU 4: Ez dakit. Lagunekin ateratzen utzi ez edo...

MU 1: Gizarajoa! (orain arteko ironia gozoa utzi eta gogor) Ba oraintxe bertan heure ministro lanetan hasten ez bahaiz, gerra-kontseilua egingo diat eta afusilatu! Gero nahi baduk, hoa lagunekin parrandan edo amatxorengana negar egitera.

MU 4: Baina...

MU 1: Zer baina eta baina ondoko?

MU 4: Ez dakidala zer egin.

MU 1: Zer egin? Ba, argi zegok... Zera, ba, edozein Gobernuk egingo lukeena... Ba, (zer esan ez dakiela) adibidez...

 

(MU 2 eta GAZTEAK pasatzen dira lehen bezala)

 

MU 2: Ba-bi, bat-bi, ezker-eskuin, ezker-eskuin...

MU 3: (atzetik, liburu bat eskutan, arnasestuka eta ezinean) Mugagabea erabiltzeko kasu nagusiak hiru dira. Lehena, aurretik galdetzaile bat...

MU 1: E!, zer egin behar dik edozein Gobernutako ekonomi ministroak?

MU 3: E, nola? (gelditu; arnasa bere onera datorkiola pixkanaka) Ekonomiakoak? Zergak bildu.

MU 1: Ez, ez, hori ezta inola ere... oraingoz behintzat. Zerbait popularragoa behar diagu.

MU 3: Herrikoia?

MU 1: Horixe. Zer egingo luke Gobernu reboluzionario batek?

MU 3: Iraultzaileak? Ba... lurrak banatu.

MU 1: Lurrak banatu, bai horixe! (MU 4ri) Aditu al duk? Lurrak banatu behar dituk jende artean, partitu.

MU 4: A, hori reforma agraria izango da...

MU 1: Bai, halako zerbait. Ea, hoa ba heure lanera eta plana eginda etorri. (MU 4 badoa; MU 3ri) Eta hi zertan hago hor begira?

MU 3: Oso azkar dabiltza eta.

MU 1: Segi ezak ba hik atzetik, ez dik kalterik egingo eta.

 

(3 eta 4 desagertzen direnean, MU 1 neke aurpegiz begiak igurtzi eta atzerantz etzaten da)

 

IDA: (Txokoan ageri da) Ikusten duzue nola ari diren gure agintariak, atsedenik ere hartu gabe herriaren aldeko lanean? Gogorra izan arren, nekea gainditu eta herri askatuaren helburuak eskatzen dituen eginbeharrei ekingo diete, sekula amore eman gabe, ikusiko duzue.

MU 1: Txistu! Nonhago? Txistu!

TXI: Hemen nago, hemen. (sartzen dela)

MU 1: (eskua sorbaldan jartzen diola) Txistu, hi haiz nire laguntzaile finena, nire konfidantzazko gizona, nire...

TXI: E-eskerrik asko, jauna.

MU 1: Ez horregatik. Hara: lehen ezpata-dantzari haiek bezala, ez al duzue beste dantzarik, beste...

TXI: Bai noski. Asko, adibidez...

MU 1: Ez, ez, baina, entzun ezazu. Nik nahi nuke, zera, emakumeek dantzatzen duten zerbait, ulertzen didazu, e?

TXI: Bueno, zera, ba... Badugu poxpolin talde bat baina...

MU 1: Goazen ba, goazen ikustera... (ilunean ezkutatuko dira)

IDA: (larri) Bueno, ez dakit hori ote den juxtu-juxtu nik nioena, baina ulertuko duzue, agintaririk saiatuenak ere behar du atseden pixka bat, gorputzaren lasaigarri eta begiaren gozagarri eta...

 

(Orain artean garrantzitsua, eta aurrerakoan areago argiaren erabilera: momentuan protagonista direnak argitu beharko ditu soilik, gainerakoa ilun utziz, eta irudi batetik bestera azkar eramanez, mugimendu itxura emateko)

(Ezkerraldean EUXEBIO eta EPAITUAK datoz. EPAITUAK sokaz loturik, EUXEBIO aurretik tiraka, eta GAZTE bat edo beste EPAITUAK zaintzen. Itxura eta hitz egiteko era, barregarriak —bestela tragikoa litzateke eta—)

 

EUX: Iritsi da zuen ordua. Orain izango dira odolkiak ordainetan, zuen odolez egindako odolkiak gainera, ez da hala?

EP 1: Aizu, Euxebio, ni alkatea naiz eta ze eskubiderekin...

EUX: Alkate? Ze alkate klase gero? Alkate frankista, gobernadoreak jarria. Baina orain abertzaleak etorri dira, eta gauzak erabat aldatu dira.

EP 2: Beharko aldatu, moxkor bat juez jartzeko.

EUX: Ixil zazu mutur zikin hori, laster gogoraraziko dizut eta zenbat jende afusilarazi zenuen gerraostean, karlista beltz horrek.

EP 2: (larri; aztoratuta) Nik afusilatu? Nik? Jendea salbatzen ibili nintzen eta. Galdetu bestela Etxebarriko Manueli, edo Errekaldeko Anton Mariri edo...

EUX: Edo Elizetxeko Joakini? Hura lurpean dugu ordea.

EP 2: Ez nik aginduta.

EUX: Zuk eta beste guztiok. Baina ikusiko duzue. Oraintxe dator azken juizioa.

APA: (APAIZA agertzen da) Hago isilik pekatari hori! Ez al dakik azken juizioa Jainkoak bakarrik egin lezakeela? Ez juzkatu, juzkatuak izan nahi ez duzuenok!

EUX: Baina faxista guzti hauei...

APA: Ze faxista eta ze demontre? Alkatea epaitu nahi duk, herriari on besterik egin ez dion alkatea?

EUX: Frankista galanta.

APA: Estankoko Joxe, inorekin sartu gabe bake-bakean bizi dena?

EUX: Garai batean bereak eta bi eginda gero.

APA: Eta aguazila, agindutakoa zintzo bete beste asmorik ez duena?

EUX: Eta nor zen lehen herriko aguazila? Nor zen, e? Ni, ni nintzen aguazil eta bota egin ninduten, kale gorrira bota...

 

(Negarrez hasten da EUXEBIO. Iluna)

(Argiek POXPOLINAK agertarazten dizkigute, dantzan, TXISTULARIA joka eta MU 1 atzetik txaloka, nesken erritmoa segitu nahiz)

 

MU 1: Hori, hori, holaxe...

MU 3: (handik pixka batera datorrela) Aizu, aizu...

MU 1: Zer?

MU 3: Zera, zaindariek ez dutela Nor-Nori-Nork ikasi nahi.

MU 1: Eta zer nahi duk nik egitea?

MU 3: Neska hauei irakatsiko diet?

MU 1: Dantzariei? Ezta pentsatu ere. Hauei nik neuk erakutsi behar zieat. Pertsonalki!

MU 3: Eta nik...?

MU 2: (bapatean) Eutsi horri! Aurrera, lurrera, eup!

 

(Ariketa militarrak eginez sartu dira MU 2 eta GAZTEAK, zalapartaka, armak eskuan dituztela; POXPOLINEN artean saltoz lurrera jausi eta neskek izututa eta garrasika ihesari ematen diote. MU 2 eta GAZTEAK ere berehala desagertzen dira beti bezalako garrasi eta jauziez)

 

MU 1: Baina... zer da hau? Zer...? (oraindik joka diharduen TXISTULARIAri) E, e!!!

TXI: (harrituta) E, Zer?

MU 1: Uztak txistua behingoz. Ez al haiz konturatu poxpolinek alde egin dutela?

TXI: Alde? Baina... nora?

MU 1: Hor nonbait... Baina ez geratu hor. Hoa atzetik, ihes egin baino lehen (badoa Txistularia). Eta ekar itzak bueltan.

MU 3: Eta nik nori irakatsiko diot orain Nor-NoriNork?

MU 1: Berdin zaidak. Bost axola, baina niri behintzat ez e, niri ez! (badoa; iluna)

 

(Argiak berriro eta MU 4 agertzen da JENDE artean, denak hizketan)

 

MU 4: Hara, entzun. Mesedez, isildu pixka batean eta entzun... (haserre) Bost tiro isiltzen ez denari!!! (isiltasuna) Ea ba. Orain bai. Hara: Garai independentearen lege berriak egin behar direla eta, ekonomian neurri batzuk hartzea pentsatu dugu; atrebentzia ez bada, denon onerako izango direlakoan...

JE 1: Errealak hogerlekotan trukatu behar dituzue? (DENEK barrerari eman)

MU 4: Ez, bueno, hori... Ahal balitz bai, noski, baina oraingoz, ba, zera: gauza xeheagoak egin beharko ditugula, eta hasteko lehenengo gauza lurren banaketarena izango da (isiltasun osoa bapatean).

JE 2: (errezeloz) Banaketa? Ze banaketa?

MU 4: Ba, bueno... Nola batzuek lur asko izango dituzten eta dena lantzeko modurik ez, eta beste batzuek berriz batere lurrik ez, ba... denentzako egokiena zera litzatekeela: dena batu, zenbat zareten kontatu eta gero hainbana, denentzako berdin...

 

(Ez diote segitzen uzten. Izugarrizko iskanbila eratu da, denak aldi berean hizketan eta oihuka, oso haserre. Adibide gisako esaldi batzuk:)

 

JE 2: Denontzat berdin? Nola berdin? Alferrak eta langileak berdin?

JE 3: Bai, bai, denontzat berdin. Akabo aberatsak.

JE 1: Nire aitaren lurrak ez dizkiot inori emango.

JE 4: Eman beharko dituzu ba, legea da eta.

JE 2: Ze lege eta ze lege ondoko! Nire lurrak nireak dira, eta ez dago hori aldatuko duen legerik.

JE 4: Kartzelara joango zarete ba.

JE 1: Kartzelara? Ni kartzelara? Emango dizut...

MU 4: (batetik bestera jendea baretu nahiz) Lasai, lasai, hitz eginaz konponduko gara eta. Lasai...

JE 2: Zeu zara guzti honen erruduna, zeuk hasi duzu istilua...

 

(Makila altxaturik MU 4renganantz; honek izututa ihesari eman eta beste guztiak atzetik, oihuka eta euren artean ere borrokan. Iluna)

(Argiak berriro eta epaiketa ageri da beste behin. EUXEBIO, HIRU EPAITUAK eta APAIZA)

 

APA: Askatuko al dituk behingoz gizon hauek?

EUX: Ez!

APA: Lokarriak lasatu behintzat.

EUX: Ez.

APA: Baina... Zergatik?

EUX: Ihes egingo dutelako.

APA: Ihes... nora?

EUX: Edonora, sakristauak egin duen bezala.

APA: Sakristau gizarajoa, tiro hotsek izutu eta nonbait izango da gordeta.

EUX: Nik topatzen dudanean ikusiko duzue, hesteak eguzkitan dituela.

EP 1: Zer zara zu: epailea ala berdugoa?

MU 3: (agertu berria) Berdugoa ez: borreroa.

EUX: Ospa hemendik (MU 3 izutua badoa). Ni dena: epailea, fiskala, borreroa eta behar den guztia.

EP 2: Eta defenditzailea? Nor da gure defenditzailea?

EUX: Zertarako behar duzue, argi dago errudunak zaretela-eta?

EP 2: Baina zer epaiketa klase da hau? Nork eman dizu gu epaitzeko baimena.

EUX: Herriko agintari berriek, Garaiko askatzaileek, Eusko gudariek.

EP 1: Euren herria aska dezatela ba.

EP 3: Eta gu bakean utzi.

APA: Nahikoa duk, Euxebio, aska itzak berehala.

EUX: Nork esanda?

APA: Nik esanda (EPAITUEI lokarriak askatzen hasten da)

EUX: Geldi, geldi (galerazi nahi diola). Geldirik egoteko!

APA: Ez diat nahi.

EUX: Geldi edo atxilotu egingo zaitut bestela.

APA: Ausartu hadi, lotsagabea!

 

(MU 2 eta GAZTEAK igarotzen dira ohi bezala)

 

EUX: Mutilak, eutsi apaizari, atxilotuta dago.

APA: Nola?

MU 2: Bai, bai, eutsi gogor!

 

(GAZTEEK lotu egiten dute APAIZA)

 

APA: (kontra egin nahiz) Damutuko zaik, Euxebio, ez daukak eskubiderik...

EUX: Nola ez dudala? Agintariek eman didatena.

APA: Ikusiko duk honen berri dutenean.

EUX: Zuk bai ikusiko duzula. Ea, goazen hemendik (argi eremutik ateratzen dira; iluna)

 

(Argia. POXPOLINAK berriro dantzan, MU 1 tartean haien dantza saioa imitatuz eta TXISTULARIA txistu eta tuntunez joka)

 

MU 1: Nola, nola da? Orain ezkerreko oina, gero eskuina, gero jira...

DA 1: (nola dantzatu azaltzen diola) Ez, ez: ezkerreko oina aurreratu eta aldi berean besoekin hola egin.

MU 1: Hola?

 

(POXPOLINEK barre egiten dute, MU 1ek ere bai, ezagun dute aldarte onean daudela. Dantzen xehetasun hauek puxka batean luza daitezke, jolas giroan. Gero bapatean GAZTE BATZUK ageri dira, eta POXPOLINEK ihesari ematen diote, garrasi histerikoz, TXISTULARIA ere atzetik doakiela. GAZTEEK ere NESKEN bideari jarraituko diote, eta EUXEBIO eta APAIZA geratzen dira, MU 1ekin batera)

 

MU 1: E? Zer? Ez joan, ez, ez aldegin, arren.

EUX: Hemen dakarkizut atxilotu arriskutsuena, eta zigor galanta eman behar diogu...

APA: (MU 1-i) Zuk agindu al diozu astakilo txoro honi ni atxilotzeko?

EUX: Kontra egin dit, niri, Garaiko Epaile Nagusi jaunari!

MU 1: Zer dela eta?

APA: Herritar zintzoak torturatzen ari zen moxkor lotsagabe hau.

EUX: Torturatzen ez, epaitzen!

APA: Ardiak bezala lotuta.

MU 1: Zerba?

EUX: Karlistak dira, arriskutsuak.

APA: Eta kalabozo beltz batean eduki ditu.

EUX: Bai zera: Udaletxeko trasteroan. Kalabozorik egon balitz...

MU 1: Bueno, orduan ez da horrenbesterako.

APA: Eta gero ni harrapatu nau, ni, erretore jauna.

EUX: Karlisten laguna.

APA: Ikusiko duzu Obispoari esaten diodanean.

MU 3: (agertu berria) Obispoa ez: Gotzaina edo Apezpikua.

MU 1: (MU 3ri) Hoa pikutara, sasiletrau hori (MU 3k alde egiten du; APAIZAri) Obispoari?

APA: Eta Aita Santuari. Akabo Euskadi eta Vaticanoaren arteko harremanak.

MU 1: A, ez, hori ez; askatu, aska ezazu berehala.

APA: Eta beste atxilotuak?

MU 1: Bueno, faxistak direla frogatzen bada...

APA: Nik esaten dizut, kristau zintzoak direla.

MU 1: Eta abertzaleak?

APA: Bueno... euskaldunak behintzat bai. Eta alkatea gainera, bertsozalea da.

MU 1: A, ba, bertsozalea bada, orduan...

 

(JENDE ZENBAIT sartzen da bapatean, MU 4 aurrean bultzaka daramatela. Oso azkar, ia batak bestearen atzetik hitz egingo dute, iskanbila galantak eraginez)

 

MU 4: Lagundu, lagundu, lintxatu egin nahi naute.

MU 1: Zer istilu da hau?

JE 1: Istilua? Morroi honek ekarri diguna.

JE 2: Lotsagabe, pikaroa.

JE 3: Ez, ez, jator askoa.

MU 1: Baina zer...?

MU 4: Nik lurrak banatu nahi nituen...

JE 1: Banatu? Lapurtu esan beharko duzu.

JE 4: Ez, ez, banatu.

JE 2: Lapurtu.

JE 3: Ez dutenei emateko.

MU 1: Ixo! (kasurik ez diote egiten)

APA: Ixiltzeko! (orain bai)

MU 1: Horixe! Eta orain, nork azalduko dit, poliki-poliki, zer gertatzen den?

 

(Denak batera hizketan berriro, betiko leloaz: banatu, lapurtu...)

 

MU 1: Ixo!

APA: Ixiltzeko!

MU 1: Eskerrik asko. Orain nik agindutakoak bakarrik hitz egingo du. Ea: (MU 4ri) zer gertatu duk?

MU 4: Nik egin dut, agindu bezala, lurrak denen artean banatzeko plan bat eta...

JE 1: Hori ez da banatzea...

MU 1: Ixo, ixilik!

 

(Denak batera hasi dira hizketan, lehen baino zaratatsuagoa, elkar joka hasteko zorian, APAIZAk berak ere lasaitu ezin dituela.

(MU 1 jende artetik ixilka-mixilka ateratzen da, eta inor konturatu gabe eskuineko txokorantz doala ikusten dugu. Ezkerraldean ahotsak amatatuz eta argia itzaliz doaz. Txokoan MU 1 eta IDAZLEA)

 

MU 1: (esertzen dela, etsita, Hola ez dago, ez dago ezer egiterik. Ez, ez dago.

IDA: Baina... zer duzu?

MU 1: Ez dago. Ezin da, ez. Ezin liteke.

IDA: Zer esan nahi duzu?

MU 1: Hau, guzti hau... Garai, askapena... Honela ez dago ezer egiterik.

IDA: Bueno, zeu zara lehendakaria, ezta? Zeure esku dago.

MU 1: Baina nik ez, ez daukat ezer egiterik: ez al zara konturatzen? Alde guztietatik arazoak besterik ez datoz.

IDA: Zeuk konpondu beharko dituzu, hori da zure lana eta.

MU 1: Herriak ez du askatzeko benetako gogorik.

IDA: Berak aukeratu zaitu.

MU 1: Nire mutilek ez dute Gobernurako balio.

IDA: Zeuk ekarri dituzu.

MU 1: Baina nik ezin dut dena egin!

IDA: Nork egingo du ba?

MU 1: Zuk, zuk alda dezakezu dena.

IDA: Nik? Nor naiz ba ni?

MU 1: Idazlea. Ez al zara antzerki honen idazlea?

IDA: Bai. Ni nauzu.

MU 1: Orduan zure esku dago dena aldatzea: arazoak, herria, mutilak...

IDA: Idazleak ezin du hori egin. Tranpa egitea litzateke. Daukagun herria daukagu, bere arazo eta jendearekin. Ez hobea eta ez okerragoa.

MU 1: Baina horrela segituz gero...

IDA: Zer?

MU 1: (ahapeka, konfidentzia gisa ia) Uste dut ez duela gehiegi iraungo, Garairen askatasunak.

IDA: Zergatik?

MU 1: Goardia Zibila... Honez gero jakinaren gainean dago, eta laster azalduko da.

IDA: Baina ez al duzue defentsa prestatu?

MU 1: Hori ez da denborapasa baizik. Zer egingo dugu atxurrez eta makilaz, ejerzito baten aurrean?

IDA: Zeuk jakingo duzu. Ni ez naiz militarra.

MU 1: Baina idazlea zara, eta obra osoa alda dezakezu.

IDA: Nola?

MU 1: Alda ezazu etorkizuna. Alda ezazu amaiera.

IDA: Baina ni ez naiz Jainkoa.

MU 1: Obraren sortzailea bai ordea.

IDA: Ni naiz sortzailea, baina zuek zarete egileak.

 

(Zutitu egiten da IDAZLEA, eztabaida amaitutzat emanez bezala. Hemendik aurrera geldotu egiten da erabat hizketaren erritmoa, eta era berean luzatu esaldien arteko etenak)

 

MU 1: Eta zer egingo dugu guk?

IDA: Nork aki.

MU 1: Goardia zibila...

IDA: Ez da azaldu.

MU 1: Baina azalduko da.

IDA: Pena da.

MU 1: B ai. Lastima. Ederra izango zen ba Garai izatea Euskadi Askatua.

IDA: Hala da oraindik.

MU 1: Bai, hala da.

IDA: Eta zu zara oraindik bertako lehendakari.

MU 1: Bai, ni nauzu... oraindik ere. (Zutitu egiten da, nekearen nekez) Eta zain edukiko ditut.

IDA: Bai.

MU 1: Joan egin beharko dut.

IDA: Zoaz ba, zoaz.

MU 1: (pentsakor) Bitxia da.

IDA: Zer?

MU 1: Zoaz ba, zoaz... Horixe esaten diet nik ere nire mutilei: zoaz ba, zoaz.

IDA: Nik jartzen baitizkizut hitzak ahoan.

MU 1: Eta nork jartzen dizkizu zuri buruan?

 

(Isiltasuna. MU 1 atera egiten da, astiro, argi-eremutik. IDAZLEA zutik, geldirik bere txokoan. Argia itzaliz doa)

(Argia ezkerraldean. MU 1 inguratzen dute bapatean POXPOLIN BATZUEK, MU 3 atzean dutela)

 

DA 1: Honek ez gaitu bakean uzten.

DA 2: Pelma hutsa da.

MU 3: Nik zuen euskara hobetu besterik ez dut nahi.

DA 1: Besterik ez?

MU 1: Zer egin dizue ba?

DA 2: Hor ari zaigu, txarto esaten dugula eta errepikatzeko: “Badakizu zein izan zen Sanson? Sanson zein izan zen badakizu”

 

(NESKA GUZTIEK batera esan lezakete; nolanahi ere, “z” guztiak “s” eginez)

 

MU 3: Ikusten? Ikusten? Nahastu egiten dituzte ese eta zeta, eta horiek bereizten irakatsi nahi nien.

DA 1: Aitzakia horrekin ipurdia ikutu nahi zigun honek.

DA 2: Zerria.

DA 1: Zikina.

DA 2: Urdea.

 

(Kolpeka erasotzen diote MU 3ri eta MU 1 urrundu egiten da)

(MU 1ek ustekabean APAIZArekin egiten du topo: liburuxka batetik irakurtzen, erdi otoitzean ari da hau)

 

MU 1: (elkar jo eta gero) Ui, barkatu.

APA: Ez da bekatu, seme, ez da bekatu. Eta, zer moduz mundu hau konpondu nahian? (paseatzen hasten dira)

MU 1: Hola-hola. Eta zu beste munduarekin?

APA: Hori ere hortxe-hortxe. Zer, presaz al habil?

MU 1: Bueno, ez, ez. Istilu bat izan dut hor, gure kultura ministroak neska gazteei euskara garbia erakutsi nahi ziela eta.

APA: Neska horiek katekesia behar dute, bestela ere nahiko malezia badakite eta.

MU 1: Baina kultura ere behar da.

APA: Bai noski, baina ez gehiegi.

 

(Une horretan MU 2 eta GAZTEAK igarotzen dira, korrika eta saltoka, ohizko oihuez, eta berehala aienatu)

 

MU 2: Eutsi, bat-bi, aurrera, salto, segi...

 

(Pasaeran bultzatu eta ia bota dituzte MU 1 eta APAIZA)

 

MU 1: (Apaizari zutik egoten lagunduz) Eta soldaduak ere behar dira.

APA: Bai noski, baina ez elizako aulkietan horiek egin dituzten txikizioak egingo dituztenak.

MU 1: Hori egin al dizute? Sentitzen dut ba...

 

(Hauengana datoz MU 4 eta Jendea, lehen bezalako istiluez: banatu, lapurtu eta abar)

 

MU 1: Oraindik hola?

MU 4: Ez dute banatu nahi.

JE 1: Ez dugu lapurtzerik nahi.

JE 3: Zuek, aberatsak zarete lapurrak.

JE 2: Eta zuek alferrak, gosekilak eta narrasak.

MU 1: (denen oihuen artean) Ixo, ixo! (ez diote kasurik egiten)

APA: Ixiltzeko! (honi bai)

MU 1: Eskerrik asko. Mundu honetako kontuetarako ere ondo moldatzen zara zu. (Denei) Entzun, entzun pixka batean, mesedez. Ea konpontzen garen. Lur hau, Garaiko lurra, Euskadi da, ezta? (JENDEAK baietz marmarka) Horraino konforme...? Bueno, orain beste galdera bat egingo dizuet: norena da Euskadi? Zurea, nirea, harena... ala denona? Denona, ezta? (marmar gehiago) Orduan argi dago: denon artean banatu beharko genuke. Ez da hala?

JE 1: Ez!

JE 3: Bai!

 

(Lehen baino ere istilu gorriagoa eratzen da, denak builaka eta elkar joka. MU 1 eta APAIZA denen artetik ezkutuan bezala ateratzen dira, eta argia hauekin doa, besteen irudia eta hotsak amatatzen diren bitartean)

 

APA: Baina... hori ezin da egin!

MU 1: Zu ere kontra?

APA: Jabetza sakratua da.

MU 1: Elizarena batez ere, ezta?

APA: Txantxa gutxiago gero, e!, txantxa gutxiago.

 

(MU 2ren GAZTEAK igarotzen dira, ohi baino zoroago. APAIZA eta MU 1 ozta-ozta bazterreratzen dira)

 

MU 1: Erotuta zaudete ala?

GA 1: Badatoz, badatoz...

MU 1: Zer?

MU 2: (agertu berria, herrenka) Badatozela... Goardia zibilak.

APA: Nola?

MU 2: Beheko bidetik... Tiroka ekin diet, baina asko dira, gu baino gehiago.

MU 1: Erretirada prestatu behar diagu.

MU 2: Baina defentsa antolatuz gero...

MU 1: Zertarako: denok bertan hiltzeko? Gogoratu berriro mendiz joateko plana dugula. Badakik zeregin. Aio! (MU 2 badoa)

MU 3: (agertu berria, liburu bat eskutan) Inork ez du Axularren Gero irakurri nahi...

MU 1: Uztak hori orain. Goardia Zibila dator eta gu bagoaz.

MU 3: Eta propaganda? Zer egingo dugu propagandarekin?

MU 1: Egin ezak nahi duana.

 

(MU 3, bere kasa, motxila batetik propagandako paperak hartu eta botatzen ariko da, jokaleku osoan zehar, dena zurituta utzi arte —nahi bada ikusleen artean ere bota daitezke paperok—. Honetan jardungo du MU 1ekin batera alde egin arte)

 

APA: Eta orain...?

MU 1: Orain bagoaz.

APA: Eta horretarako hainbat istilu...?

MU 1: Erakusgarri bat izan da. Euskadi osoak jakin dezan posible dela askatasuna.

APA: Garain bezala?

MU 1: Bada garaia, Euskadi osoa Garai izateko.

 

(EUXEBIO eta EPAITUAK datoz hauengana; tiro-hotsak hasten dira aditzen, aldian aldian)

 

EUX: (sokatik tiraka, pistola eskuan duela) Aprobetxatu apaiza hemen dela zuen belzkeriak aitortzeko, berehalaxe afusilatuko zaituztegu eta.

EP 1: Ez, mesedez, ez.

EP 2: Aitor ezak hik mozkortuta hagoela, bestela ez huke hola hitz egingo.

EUX: Itxi ezak aho zikin hori. Hi akabatuko haut lehena, hementxe bertan.

MU 1: Euxebio!

EUX: Zer?

MU 1: Aska itzak gizon hauek.

EUX: Zer???

MU 1: Askatzeko, Goardia Zibila dator eta.

EUX: Baina... Baina Euskadi... Gudariak... Agirre lehendakaria...

EP 2: Hi akabatuko haute orain, zerri hori.

EP 1: Orain ikasiko duk nork agintzen duen hemen.

APA: Ixo! Mendekua ez da kristauen jokabidea eta.

EP 2: (EUXEBIOri) Etorri gurekin nahi baduk, Euxebio, hemen arazoak izan ditzakek.

EUX: (uzkur) Ez. Ni hemen geratuko naiz.

 

(metraileta hotsa aditzen da)

 

MU 1: Gu bagoaz ba, ezin gara gehiago geratu. (MU 3ri) Ea, goazen. Aio. Gora Euskadi.

 

(MU 3k geratzen zaizkion paperak hustutzen ditu )

 

APA: Kontuz ibili.

MU 1: Zure bedeinkazioarekin?

APA: Jainkoak denak bedeinkatzen ditu.

 

(MU 1 eta 3 badoaz, besteak ere argi eremutik kanpo geratu eta EUXEBIO baizik ez da geratzen, arestian lurretik jaso duen paperari begira. Metraileta hots gehiago aditzen da. EUXEBIOren diskurtsoa tragikoa izango da, geldialdi ugariz, beharbada malko eta guzti. Aurrena irakurtzen, nekez)

 

EUX: “Euskadi, esna zaitez zure lozorrotik. Egin diezaiogun aurre Espainiako diktadurari, langileen Euskadi askatua eraikitzeko” ... Kaka. Traizioa egin diguzue. Traizioa. Garai askatzera etorri eta berehala aldegin duzue. Koldarrak. Ez al zuen honek izan behar Euskadi askatuaren hasiera? Ez al duzue odolik Euskadiren alde emateko? Lehen bezala. Lehen Santoņan, orain Garain... Euskadi ez da ametsa baino. Noiz ikusiko dugu ikurrina Euskal Herri osoan zabalik? (ikurrina hartzen duela, pauso baldarrez) Zatozte, zatozte Espainia osoko reketeak, goardia zibilak! Hemen duzue gizon bat zain, beldurrik ez duen gizon bat, redios! (botila azken tragoz hustu eta jaurti etsaiei) Ez zarete Garain sartuko. Garai Euskadi delako. Gora... (metrailetakada entzun eta erori egiten da EUXEBIO. Lurretik, azken aieneak) Gora Euskadi askatuta! (hil da. TXISTULARIA adi daiteke, joka)

IDA: (Txokotik ateratzen dela) Ez, hau ezin da, ezin da honela bukatu. Nola, nola gera liteke ikurrina mozkor baten eskuetan? (ikurrina hartuz) Euskadiren askatasuna ez da mozkor osteko ametsa, ez. Garai behin Euskadi izan zen bezala, garaia da bai, Euskadi osoa Garai izateko. (metraileta-hotsa; IDAZLEA zerraldo erortzen da; Txistu-soinua; argia itzaliz doala.

 

oihala

 

1990eko Maiatzak 1