Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Artezblai, 2004
Heroien gaua
Xabier Mendiguren
Artezblai, 2004
[aurkibidea]

 

            Lau dira pertsonaiak, laurak ere 45 eta 50 urte artean dabiltzanak. Bi bikote osatzen dituzte: Joseba eta Mila, Arantxa eta Xabier. Bakoitzaren izaera eta beraien arteko harremanak antzerkian zehar ikusiko dira. Dena dela, bi zertzelada emango ditugu bakoitzari buruz: Joseba, petrala eta erretxindua; Mila, gozoa eta harmonia dariona, inozotasun-punttu batekin; Xabier, jatorra baina ahula, eta sakonean frustratua; Arantxa, handinahia eta manipulatzailea.

            Lau horiek dira taula gaineko jokalari bakarrak. Hala ere, tarteka oholtzako antzezpena eten egingo da, eta pantaila handi batean ikusiko ditugu irudi grabatu batzuk. Hiru gazte agertuko dira hor, txandaka: Irati (17 urte), Julen (19 urte), Anartz (17 urte).

            Jokalekua, soila; sobera daude dekorazioak. Hasieran bi bikoteen etxeak irudikatuko dira; jokalekua behar bezain zabala balitz, haren bi muturrak erabil litezke horretarako. Ondoren, Arantxa eta Xabierren etxeko jangelan gertatuko da obra osoa: aski da mahai bat eta lau aulki, ikusleek laurak begipean edukitzeko moduan jarrita. Azkeneko agerraldirako sofa bat erabil liteke, nahi bada.